Komunitateak eta bizi eredu berriak ehunduz jardunaldia antolatu zuten otsailaren 26an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, UEUk hainbat ikerketa talderekin elkarlanean –AFIT, NOR, Ekopol, Parte-Hartuz–. Hiru mahai-inguru antolatu zituzten, bizi dugun osasun krisialdiak talde eta eragileetan izan duen eragina ezagutzeko asmoz, eta beren artean sortzen diren aliantza eta harremanak azaleratzeko. Bigarren mahai-inguruak sozioekologia ekarri zuen erdigunera eta gonbidatuak Zaldibar Argitu, Bizi! eta Larreko Mahaia izan ziren.
Jarunaldiko lehen mahai-inguruak zaintza izan zuen hizpide. Hemen duzue eskuragarri solasaldiaren inguruan egindako kronika: Komunitateak zaintzatik ehuntzen.
Zalbibar Argitu plataformako Jokin Bergara, Bizi! Mugimenduko Antton Harignordoquy (bideokonferentziaz) eta Larreako Mahaiko Lorea Flores izan ziren mahaian sozioekologiaz hausnartzeko. Andere Ormazabal Politika eta Administrazio Zientza saileko kideak dinamizatu zuen solasaldia.
Ekologismoarekin lotutako esperientziak bildu nahi izan zituzten solasaldi honetan. Ondorengo galdera sortari erantzun behar izan zieten parte-hartzaileek: Aniztasuna al dago zuen talde eta ekimenetan? Zein da sozioekologiari egiten diozuen ekarpena? Aliantzak sortzen al dituzue? Zer eragin izan du pandemiak zuen jardunean? Zeintzuk dira zuen erronkak?
2009an sortu zen Bizi!, Kopenhageko klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren mobilizazioen inguruan. Urgentzia klimatikoa eta justizia soziala lotzen dituzte haien jardunean eta horretarako desobedientzia zibila erabiltzen dute, baina bortizkeriarik gabe, estrategikoki, epe luzean gehiago irabazten dutela uste baitute. Harignordoquyk zioen moduan, "erradikalak eta pragmatikoak" dira legeak urratzen dituztelako eta gauzak aldatzeko neurri zehatzak proposatzen dituztelako. Jendartea eta planeta errespetatzen dituen eredu bat eraiki nahi dute, "beste mundu bat posible dela erakutsi nahi dugu, eta nolabait eraikitzen ari dela, alternatiba anitz abiatuta dira jadanik".
700 kide dira guztira baina horietatik 40 arduratzen dira koordinaketaz, eta zehazten duenez, "hogei gizonezko eta hogei emakumezko egon behar dute beti, parekotasuna errespetatzea arau bat da". Adinari dagokionez, gazteenak 20 urte ditu eta zaharrenak 60 urte pasata. Bestela, "gehiengoa zuria" da. Ipar Euskal Herrian zentratzen dute haien jarduna baina lurralde guztiak ordezkatuta egon daitezen saiatzen dira.
"Barrura begira lan egiteko modua anitz landu dugu", adierazi zuen Harignordoquyk. "Ekintza erakargarriak egiten saiatzen gara, pentsatuak, umoretsuak eta eraginkorrak", komunikabideak mugituko dituzten ekintzak bilatzen dituzte. Gainera, udalei proposamenak egiten dizkiete klima aldaketari dagokionez hartu ditzaketen neurrien inguruko txostenak eginez. Bestaldetik, Bizi!-k zubi-lana ere egiten du kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorri den jendearen eta euskal gizartearen artean: euskara irakatsiz eta abertzaletasuna transmitituz.
Aliantzei dagokionez, "mundializazioari aurre egiteko modurik onena lurraldea dela uste dugu, eta beraz, Euskal Herria burujabea proposatzen dugu", horretarako jende askorekin ari dira proposamen hori osatzen. "Gizarteko zenbait esparrutan oraindik ekologistak gaizki ikusiak gara. Sektore militante batzuetatik etsaigo bat sentitzen dugu batzuetan, batez ere bortizkeria ez erabiltzearen gure hautuagatik", adierazi zuen Bizi!-ko kideak.
"Gipuzkoako mugimendu sozial, politiko, sindikal eta ekologistako kideak gara" azaldu zuen Floresek. Larrialdi ekologikoari aurre egiteko mahaia da, hainbat eragilek osatutako elkargune bat. 2019ko irailean klima aldaketaren aurkako greba orokorrean aurkeztu zuten mahaia. Errauskailuaren aurkako mugimendua indarra galtzen ari zen eta diskurtso ekologista berritzeko, indartzeko eta zabaltzeko beharra zegoen. Gazteengana iristeko espazio gisa ere baliatu nahi zuten. "Gipuzkoan kokatu beharra zegoen, sistema aldatzea beharrezkoa da baina gure auzo, herri eta hirietatik".
Eragileei erreparatuz gero, anitza da Larreako Mahaia. Normalean, "betiko" ekologisten perfila 40 urtetik gorako gizonezkoak izaten dira. Fridays for Future bezalako taldeetan ordea, 30 urtetik beherako neska gazteak daude, eta gainera ez dira euskaldunak, adierazi zuen Floresek.
Maila teorikoan ez dute ekarpen berezirik egin, orain arte egindako lana beste eragile batzuen lehenagoko proposamenetatik egin baitute. Saretze aldetik ordea, ekarpen handia egin dute haien iritziz. Esaterako, eragileen sareak haien proposamenaren zabalpena ekarri du, hain zuzen, Bizkaiara eta Arabara ere iritsi baitira.
Osasun krisialdi hasi zenean, "maila pertsonalean lan karga handitu egin" zela dio Floresek. Ikasleen kasuan adibidez, askok militantzia eremu hau alde batera utzi zutela azaldu zuen. Bestaldetik, osasun krisialdiak oztopoak ere sortu dizkie: "Pandemiak zaildu egin du elkartzea eta konturatu gara ez garela hain eraginkorrak teknologia berrien bidez". Ondoko galdera ere luzatu zuen: "Protestarako eskubidea urratu da, zer egin behar dugu hori bermatzeko?".
Mahai hau bere horretan aliantza bat dela azaldu zuen Floresek. "Diskurtso eta eragile anitzak ditugu" eta horrek zailtasunak ere ekartzen dituela azpimarratu zuen. Zenbait eragilerekin tentsioak sortu dira, batzuetan diskurtsoek bat egiten ez dutelako. Elkarte ekologistak, sindikatuak eta ikasle zein gazte mugimenduak elkartu dira Larrean eta eragile ezberdinak elkartu izanak mobilizazio handiak egiteko aukera handia ematen die.
"Saretzeak, sektore ezberdinak biltzeak, potentzialidade handia dauka diskurtsoak indartzeko". Euskal Herri osorako elkargune baten beharra identifikatzen dute, ikuspegi sozioekologikotik Euskal Herriaz eztabaidatzeko. Beste alde batetik, hondakinen kudeaketa erronka handitzat daukatela azpimarratu zuen. Hala eta guztiz ere, "hondakinen kudeaketaz hitz egitea katearen azken katebegiaz hitz egitea da", gogorarazi zuenez. "Alternatibak proposatu behar dira" eta horretan lan handia dagoela identifikatzen dute. "Argi daukagu askotan proiektuak gelditzera goazela baina hori alternatibak proposatzearekin konbinatu behar da". Nolako Euskal Herria nahi dugun pentsatu beharra dagoela mahaigaineratu zuen ere.
2020ko otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian gertatutako ezbeharraren harira sortu zen plataforma hau. "Koiuntura politikoari erantzuten dion kolektiboa da", gertakari bati erantzuten dio. Bergarak aipatu zuenez, lehendik zegoen ehundura sozial batetik sortu zen eta horrek azkar erantzuteko ahalmena eman zien. Helburua amorrua bideratzen saiatzea zen, bereziki, amorrua mobilizatzea. Hasieran, hamaika puntutako programa bat definitu zuten bertan, eta " kutsu ezkertiar eta ekologista bat" nabaritu daiteke.
Otsailaren 14ean manifestazio bat deitu zuten Eibarren. Mobilizazio jendetsua eta oso anitza izan zen adinari, jatorriari eta ideologiari dagokionez. Pixkanaka asanbladak sortu zirenean, hasierako zalapartarekin jende asko gerturatu zen. Hala ere, euskara "ardatzetako bat" izan zela aipatu zuen plataformako kideak eta horregatik, zenbait pertsonak bertaratzeari utzi ziotela.
Ehuntze komunitarioan eragin handia izan du plataformak. "Kanpo etsaia sortzean barne kohesioa indartzen da", hori oso argi geratu zitzaien. "Garrantzi handia eman diogu sektore sozial desberdinen batura bilatzeari eta batez ere kultura sektorea herri mugimenduaren zentrora ekartzeari". Artearen bidez mezua zabaldu nahi izan dute, eta kulturaren bitartez mezu emozionala ere lantzea izan da asmoa.
Horrez gain, "giza hondamendi eta hondamendi ekologikoa salatzeaz gain, hondakin industrialaren gaia agerian jarri nahi izan dugu eta erantzukizunak eskatu", Bergararen hitzetan.
Plazara ateratzea eta Eusko Jaurlaritzari konfrontazio politikoa egitea zen haien apustua eta horretarako, komunikabideei begirako plangintza eraginkor bat egin zuten: "Mezu berdina emango dugu behin eta berriro eragina izan dezan". Hala ere, morboaren bila etorri direnak ere izan dituztela aipatu zuen Bergarak.
Bestalde, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin eta zeinbait sindikaturekin (ELA, LAB eta CCOO) aliantzak sortu zituzten. Aliantza "interesgarriak eta estrategikoak" direla dio, besteak beste, baliabide eta azpiegiturak dituztelako. Esaterako, martxoak 12rako etenaldi herritarra antolatzeko asmoa zeukaten, baina pandemiaren hasiera zela eta bertan behera geratu zen.
Eusko Jaurlaritzarekin konfrontazio handia daukate eta beraz, hauekin ez dute inolako aliantzarik sortu. Hala ere, "alderdi politikoekin harreman fluido bat izatea beharrezkoa" zela azpimarratu zuen, erantzun efektiboak emateko "ezinbestekotzat" dutelako. "Denbora aurka daukagu eta botere politikoa lortzea ezinbestekoa da". Beste alde batetik, "gutxiagorekin bizitzeko kontzientziazioa" egiteko beharra dagoela azpimarratu zuen.
Amaieran, mahai-ingurua parte hartzaileagoa egiteko asmoz hausnarketarako eta galderak pentsatzeko tartea utzi ziguten entzuleei. Alboko kideekin solasaldia komentatzeari ekin genion eta minutu gutxira gogoetak partekatzen hasi ginen. Fridays for Future-eko neska gazte horiek euskaldunak ez izatearen arrazoiaz galdetu zuen entzule batek. "Gaur egun ekologismoa politikoki zuzena da, euskal ekologismoa ez ordea" aipatu zuen batek. Gazteek, ekologismoan erreferente globalak dituztela ondorioztatu genuen, Greta Thunberg da horren adibide argiena. "Fridays for Future bezalako ekimenetan parte hartzen duten gazteak ez du bere burua euskal herritartzat" ala "balio kontua ere bada", gehitu zuten beste parte hartzaile batzuek. Amaierako hausnarketarako tartea ez zen gehiegi luzatu baina gogoeta interesgarriak eman zion itxiera goizeko saioari.
Bazkaltzeko ordubeteko tartea hartu ondoren, arrsatsaldean jardunaldiko azken mahai-inguruari bide eman genion: Komunitateak autogestiotik ehuntzen. Azken honi buruzko kronika ere plazaratuko dugu ARGIAn.
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
"Ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta aldaketa posible egiteko" helburuarekin antolatu dituzte. Arrasaten burutuko dira, martxoaren 28an eta 29an.
2024ko urriaren 29an epaiketa izan zuen Arabako Mendiak Aske taldeko kide batek, 2022ko otsailean jaso zuen isunaren harira. Isuna ordaintzera zigortu du epaileak Mozal Legea aplikatuta. Iturrietako mendietan oinez zihoazen, lehen mendi martxa antolatzeko prestaketa lanetan,... [+]
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]
Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.
Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]
“Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia... [+]
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Eragile ekologista ezagutzeko edo gai ekosozialetara hurbiltzeko interesa duen edonor gonbidatu dute aurkezpenetara. Aurkezpenak egiteaz gain, hitzaldiak, proiekzioak eta kontzerturen bat ere eskainiko dute zita horietan. Albistearen amaieran egitaraua.