Komikia leku bila dabil Durangon, baina asuntua ez dago oso erraz. Bi problema nagusi ditu, nik uste: lehenbizikoa, genero gutxietsia izan dela, zenbaiten begietan bineta eta bunbuiloak irakurtzea kasik ez irakurtzearen pareko zerbait izateraino. Eta bigarrena, gure egoera zehatza: hizkuntza biziberritzeko premia; horrek hitzari ematen dion zentraltasuna, irudiaren kaltetan. Hala ere, zerbait mugitzen ari da: titulu-kopuru majo bat, apustu ausart eta askotarikoak. Jarraian hautatu ditugunak bezalakoak, adibidez.
Sei esku –eta ez nolanahikoak– elkartu dira Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikia gauzatzeko: Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Joseba Larratxe. Lauzpabost urteko lanaren emaitza aurtengo azaroan aurkeztu dute eta hasieratik deituko du irakurlearen arreta, izan ere, istorioaren lehenbiziko orrialdeak western baten moduan kontatuta daude.
Irudiei dagokienez, hiruzpalau Laboa desberdin agertzen dira liburuan, artistaren garai desberdinei egokituta. Haiekin batera, Antigua auzoko abeslariak izan zituen bidelagunak: Ez Dok Amairu, Jose Luis Zumeta... Transmisio kulturalerako baliagarria den komiki baten bila bazabiltza, aukera ona da honako hau.
Dagoeneko gure musikaren klasikotzat jo behar dugun artista batetik, komikiaren klasiko batera: Art Spiegelmanek 1991n argitaratu zuen Maus, eta Julen Gabiriak itzulita, euskaraz irakurtzeko aukera daukagu orain, Astiberri argitaletxe nekaezinak publikatuta. Bi istorio paralelo kontatzen ditu komikiak: Spiegelmanek bere aitarekin daukan harremana, batetik; eta aitak nazien kontzentrazio-esparru batean bizi izandakoak, bestetik.
II. Mundu Gerrako basakeriak kontatzeko modu originala aukeratu zuen Spiegelmanek: pertsonaia guztiak giza-itxurako animaliak balira bezala irudikatzea. Juduak sagu gisa agertzen zaizkigu obra honetan; alemaniarrak berriz, katu gisa; poloniarrak txerriak dira; frantziarrak igelak; britainiarrak arrainak... eta abar. Baliabide horrekin, Holokaustoa gauzatu ahal izateko ezinbestekoa izan zen desindibidualizazioa islatzen asmatu zuen Spiegelmanek, bide batez komikia genero autonomo gisa aldarrikatuz, berezkoak dituen konbentzio grafikoei muzin egin gabe historiarik lazgarrienak kontatzeko gai dela erakutsi baitzuen.
Konfinamendu garaian, autoezagutza-ariketa gisa hasi zen Usue Egia egunean bost orduz marrazten, lan hori publikatzeko asmo berezirik gabe. Baina lan horiek forma konkretuagoa hartzen joan ziren eta Ura leporaino (Denonartean) komikia izaten bukatu dute, Durangoko Sor(tzaileen)leku bekaren laguntzarekin.
Konfinamendu garaian eta deskonfinamenduan sortua izan arren, honakoa ez da pandemiari buruzko komikia: geldialdi hark eragindakoaren bidez, 30 urte inguruko emakume baten bizipenak aurkituko ditu irakurleak, erreferentzia kultural ugarik zeharkatzen duten lan honetan. Frustrazioak, umorea eta fantasia, besteak beste Chavela Vargasen, Henry Purcellen edo Nacho Vegasen kantekin gatz-ozpinduta.
Komiki autofikzionatuen generoaz ari garenez, azken urteotan ildo hori jorratu duen autore italiar bat ere aipa dezakegu: Zerocalcare (Michele Rech). No sleep till Shengal (Farmazia Beltza) haren azken lana Italian argitaratu eta gutxira publikatu da euskaraz, Koldo Izagirreren itzulpenari esker. Baina oraingoan, euskaraz irakurri ahal izan dizkiogun beste komiki batzuetan ez bezala –Hondamuinean edo Armadiloaren igarkizuna, kasu–, protagonismoa ez du Zerok edukiko, Kurdistango herriak baizik.
2014an ISISen genozidiotik ihes egitea lortu zuten ezidiarrei buruzko kronika baita komiki hau, neurri batean egile beraren Kobane Calling-ekin lotura daukana. Infernuko zulotik atera bakarrik ez, ezerezaren erdian antolaketa sozial berri bat asmatzeko gai den herriari eman dio protagonismo osoa komikilari italiarrak, kontakizun gogor eta epikoa osatuz, eta hala ere umoreari eta hausnarketari ere tartea utziz.
Gai politikoekin jarraituz, EsCarolota ilustratzaile madrildarraren Holakoak dira gure hilekoak (Txalaparta) liburua ere ezin aipatu gabe utzi. Itziar Diez de Ultzurrun Sagalàk itzuli duen liburu honetan, zenbait lagunekin izandako elkarrizketak abiapuntu gisa hartuta, hilekoari buruzko bizipenak eta mota askotako ikuspuntuak jasotzen dira, umore handiz eta perspektiba feministarekin.
Liburuaren oinarrian dauden ahotsen ugaritasuna medio, gaia gorputz ugaritan eta askotariko esperientzien bidez islatzen da: zer gertatzen da hilekorik etortzen ez denean? Mundu guztiak modu berean bizi du? Oraindik ere gizartearentzat tabu samarra den gaiari naturaltasunez eta irreberentziaz heldu dio egileak.
Adur Larreak berriz, bertso zahar batean aurkitu zuen Lurbinttoko ohoinak (Elkar) komikia izaten bukatu duen historia: XVIII. Mendeko Konbentzio Gerra amaitu berri da eta galtzaile suertatu direnetako batzuek, beren herrietara itzultzean, panorama samingarria aurkitu dute: etxeak erreta edo okupatuta, haien lurrak besteen esku... Baina armak dauzkate. Eta badakite nola erabili.
Gure historiaren alderdi ez oso ezagun baten berri eman digu komikigile bizkaitar-lapurtarrak bere azkeneko obra honetan. Nola porrot bikoitz hori –guda-zelaikoa eta etxera itzuli ostekoa– jasan zuten zenbait soldadu ohi elkartu ziren mendeku-gosez. Frantziako errepublikak erabat kontrolatzen ez duen eremu batean, kasik gauero ekintzak egiten hasiko dira.
Bertsoak izan ditu abiapuntu, halaber, Ainara Azpiazu Adurizek Utzi azalari (Dobera) komikian. Baina kasu honetan, 2017ko Bertsolari Txalpelketa Nagusiko Irungo saioko kartzelakoan Maialen Lujanbiok kantatu zituenetatik abiatu da. Oso ezagunak egin ziren bertso haiek kantatu eta berehala, sekulako indarrez jarri zuelako Lujanbiok publikoa pertsona trans ez-bitar baten azalean.
Errima haietatik nobela grafiko hau: bertsoen protagonista Elene bihurtu da Azpiazuren komikian eta Iker izeneko mutil batekin pasatzen duen gaua da istorioaren abiapuntua. Komikigile hernaniarrak, gainera, Lujanbioren bertsoei beste zenbait osagai gehitu dizkie, trantsizioan dauden gorputzez eta bizitzez hausnartzeko aukera ematen digun lan honetan.
Laboaren bizitza western baten modura kontatzen hasten den komiki batekin hasi dugu artikulua. Zergatik ez bukatu fake-western batekin? Bruno Duhamelen Aztarna faltsuak (Harriet) komikiak Jake Johnson du protagonista. Hamabost urtez AEBetako mendebaleko ikuskizun batean Johnson Marshallaren rola jokatu du, baina lana serioegi hartzen bukatu du: turista baten aurrean bere arma atera zuen eta orain langabezian dago.
Dena galdu ondoren abiatzen duen bidaiaren kontakizun hau komikigile frantziar zailduaren azkenaurreko emaitza da. Baina haren orain arteko azken lana ere –Inoiz ez, bi albumetan banatua– eskura dauka irakurleak Durangon. Denak argitaratu dira Miel Angel Elustondok itzulita eta Harriet argitaletxearen konpromiso eskergaitza medio: euskal komikigintzan pisu espezifiko handia dauka editorial honek, bai bolumenari, bai kalitateari dagokionez.
Aurten, gainera, manga japoniarra euskaraz publikatzen hasi da argitaletxea. Ezin errepaso hau amaitu, beraz, Tomomi Usuiren Cube Arts gomendatu gabe: batxilergoko ikasle batek errealitate birtualeko joko bat testeatzen hasten denean abiatuko den abenturak, seguru harrapatuko dituela irakurle gazte eta ez hain gazteak.
Balorazio positiboa egun dute Durangoko Azokaren antolatzaileek: giroaz eta bisitari zein salmenta kopuruaz kontent agertu dira. Hurrengo azokari jarri diote data jada: 2023ko abenduaren 6tik 10era gauzatuko da 58. edizioa.
Zer da zailagoa, irakurlea adi mantentzea 300 orrialdeko luzera daukan istorio bakarrean ala lauzpabost orrialdetan zerbait gogoangarria kontatzea? Nobela ala ipuina, ipuina ala nobela: hau irakurtzen duzunerako Durangoko Azokan irabazteko ezer gutxi geratzen denez,... [+]
Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.
Garai nahasiak, tentsio soziala, krisi pertsonal eta kolektiboak, birpentsatzeko kontu asko: euskal liburugintza ez da bizi inguratzen duen gizartetik aparte. Horren isla izan liteke azken urteotan saiakerek eta, oro har, ez-fikziozko liburuek hartu duten protagonismoa. Mota... [+]
Gorpua hor zegoen ni iritsi naizenerako, benetan. Ez, ez, nik ez dut zerikusirik. Bai noski, kontatuko dizut dakidana, baina ez da asko: Landako guneko parkingean sartu, aparkatu eta parez pare aurkitu dut, bi autoren artean, patata-zaku bat bezala lurrean botata. Ez dirudi... [+]
Lur hartu dugu. Planeta: Durango. Sentsazioak: arraroak. Oxigenoa: bost egunerako adina. Oharrak: martziano samarra da hau. Zibilizazio oso bat aurkitu dugu, gizaki arrunten antzekoa, baina paperaz elikatzen dena. Euskaraz idazten diren liburuak interesatzen zaizkiela dirudi... [+]
Asteazkenetik igandera bitarte Durangoko Azokak ateak irekita izango ditu, eta egun horietan ARGIAk, urtero bezala, bere txokoa izango du Landako gunean, baita Andra Mari elizapean ere. Hemen gure standetan aurkituko duzun guztia.
Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]
Antolatzaileek argi zuten bi urte ilunen ostean Azokak eztanda egingo zuela. Abenduaren 7tik 11ra, 176 parte hartzailek jarriko dituzte beren lanak kulturzaleen eskura, eta horietatik 34k estreinakoz. Ez dira berritasun bakarrak izango: abenduaren 9a “Gazte... [+]
15 urte beteko ditu aurten Ahotseneak, eta hori ospatzeko bost eguneko egitarau oparoa izango da Durangoko Azokan. Askotariko 47 talde igoko dira taula gainera haien lanak aurkeztera.