Erorien Monumentua eraistearen aldeko memoria elkarteek manifestazioa deitu dute larunbata honetarako, urtarrilak 18. Monumentutik bertatik abiatuko 18:00ean eta Karlos III. etorbidea zeharkatuta Gaztelu Plazan amaituko da. Bertan egingo den ekitaldian, El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak hartuko dute parte eta antolatzaileek ere sorpresak iragarri dituzte ekitaldian.
Elkarteen aburuz, monumentua iraina da gerrate zibilean eta frankismoan errepresioa jasandako biktima eta familientzat. Frankismoaren gorazarrerako eraiki zen eta han jarraitzeak min egiten diela familiei nabarmendu du Koldo Amatria, manifestazioaren antolatzaileetako bat. “Pazientzia izan beharko dugu, baina uste dut iritsiko dela eguna non ikusiko dugun eraikinaren eraispena”.
Elkarte hauek minduta sentitzen dira, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik sinatutako akordioa haiekin ezer hitz egin gabe sinatu zelako. “Oraindik ere ez gara akordioa sinatutako alderdiekin bildu. Guztiekin batera egin beharko genuke bilera”. Bere momentuan Iruñeko Udalak martxan jarritako proiektu lehiaketa berreskuratzea eta horren inguruan parte hartze prozesua abiatzea hobesten du Koldo Amatriak. “Duela 25 urte eraikinari izena aldatu zioten eta zituen ikur frankista guztiak kendu edo ezkutatu zituzten, baina jendeak oraindik ere Erorien Monumentua deitzen dio eraikinari. Orain alderdien akordioarekin, bestelako elementu batzuk kenduko dira eta izena ere aldatuko zaio, baina memoria kolektiboan Erorien Monumentua bezala ezaguna izaten jarraituko du”.