“Klima aldaketari begira, susmoa dugu badirela antzinako zereal barietate batzuk erresilienteagoak direnak”

  • Laborariek lehen lerrotik bizi dute klima aldaketa, haren eraginak zuzenean jasaten baitituzte. Zer aldaketa sumatu dituzte Nafarroa hegoaldean eta zer dilema planteatu dizkiete ura eskas izan diren azken urteek? Hazialdeko kooperatibako Lorea Lizarreta langilea elkarrizketatu du Eli Pagolak Egonarria saioan.


2024ko urtarrilaren 25ean - 06:00
Azken eguneraketa: 08:31

"Azken urteetan izan dira fenomeno meterologiko batzuk uztan anitz eragin dutenak. Azken urteetan lehorte edo klima aldaketaren bilakaera honekin, ia-ia dependiente bihurtu gara ureztapen sistemak izatearekiko, esaterako lekaleen ekoizpenerako. Duela urte batzuk udan bakarrik erabiltzen ziren ureztapen sistema hauek eta iaz, neguan bertan eta udaberrian ureztatu behar izan ziren, bestela landareak ez ziren haziko. Horren ondorio dira urtegiak zein maila baxuetan egon ziren uztailerako. Bai, ikaragarrizko dependentzia sortzen ari da ureztapen sistemekiko eta zalantzan jartzen ea eredua aldatu beharko genukeen. Esate baterako, hasi gara pentsatzen beste barietate batzuetara jo beharko dela, edo ezingo ditugula hektareako 5.000 kilo bildu. Hori errealitate bat da". Hazialdeko kooperatibako langile gaztea den Leire Lizarretaren hitzak dira, Egonarria saioan Eli Pagolaren galderei erantzunez jaulkitakoak.

Joan den uzta "arras arraroa" izan zela ere azaldu du: "Ekainean ikaragarrizko ekaitzak izan ziren, eta kazkabarra egin zuen. Horrek gogor eragin zuen, batetik, uzta asko galdu zelako eta bestetik, atera zen uzta horretan onddo ugari izan zirelako, haziak ilun zeudelako... Honek guztiak elikagai katean eragina du: okinek azaldu beharko diete kontsumitzaileei aurten zergatik den irina ilunxeagoa... Produktu hauek ez dira uniformeak, ez dira estandar batzuetan sartzen, zergatik? Beste arrazoi hauek guztiak gainean daramatzagulako".

Ba al dira zereal barietate erresilienteago batzuk ur eskasiaren aurrean?

Eli Pagolak luzatu dio barietate berriei buruzko galdera, eta Lizarretak justu barietate zaharretan aurkitu du erantzuna: "Badugu susmoa badirela antzinagoko barietate batzuk agian lurzoruan sustraiak sakonago botatzen dituztenak eta ura hobeki xurgatzen ahal dutenak". Hazialdeko kooperatibak Biolur elkartearekin eta Biharko Lurraren Elkartearekin (BLE) hasi duen proiektua azaldu du. Okintzarako garai batean Euskal Herrian ereiten ziren gari barietateak berreskuratzea da honen helburua: "Iraultza Berdea baino lehenagoko barietateak izanik, glutena ez dute hain garatua eta ondorioz, osasunarentzako hobeak izan daitezke; hainbat iturritatik informazio hori jaso dugu. Bestetik, iruditzen zaigu datozen klima baldintzetara hobeki egokituko direla, lurraldekoak direlako eta dagoeneko izan dutelako hautapen natural bat".

Hemen ikusentzun daiteke elkarrizketa osorik:

Hazialdeko: merkatu globalean kotizatzen duten zerealei alternatiba

Klima larrialdiaren gaia jorratzeaz gain, oso gai interesgarriak ekarri ditu Lizarretak. Zerealak merkatu globalean mugitzen direla azaldu du: "Prezioak munduko lonjetan jartzen dira, burtsan kotizatzen du eta prezio justuen tira-bira horretan jokatzeko aukera mugatua dago. Horrek nekazariari bere askatasun eta autonomia arras mugatua uzten dio eta mundu global honetan zerealak dira inportatu eta esportatzen diren lehengai garrantzitsuenetakoak".

Herritarrok gure eguneroko ogiaz dugun ezagutza eskasa agerian jartzen duen galdera soil hau egin digu: "Denok jaten dugu ogia. Baina jaten dugun ogi horren irina nongoa da?". "Ideiarik ere ez", aitortu du Pagola aurkezleak. Lizarretaren eranzuna: "Ba posible da Kanadatik ekarria izatea, Egiptotik edo dena delakotik. Nahi horretatik ere sortzen da Hazialdeko, batetik, birkokatzeko edo kontsumoa eta ekoizpena hurbiltzeko".

Zergatik Hazialdeko?

Lizarretak arrazoi gehiago eman ditu duela 5 urte Nafarroa hegoaldeko zereal, bazka eta lekale ekoizle ekologikoek Hazialdeko sortu izateko: ekoizleei autonomia handiagoa ematea, hobe ordainduak izatea, eta  "labore estentsiboak giza kontsumorako izan daitezen. Izan ere, gaur egun Nafarroan ekoizten den zereal eta labore estentsibo hauen %60-75 artean animalien elikadurarako da: pentsuetarako, bazketarako...". Egun 15 ekoizlek osatzen dute kooperatiba.

Azaldu du zerealak eta lekaleak lantzeak makina handi eta garestiak eskatzen dituela: "Ez zara hasiko 50 tonelada gari eskuz bahetzen! Ikaragarrizko inbertsioak dira, horrelako makinek dirutza balio dute eta norberak ezin du halakorik planteatu. Ekoizpena biltzen duzunetik hainbat fase pasatu behar ditu: lehenbizi garbitu, lekaleen kasuan izoztu egin behar dira xomorroak ez ateratzeko, ontziratu... Hori guztia bakarka egitea, bolumen handi horietan, ia ezinezkoa da. Kooperatibek zituzten azpiegitura horiek guztiak eta ez zegoen aukerarik prozesu guztia ekologikoan egiteko. Hazialdekok joko-eremu bat ematen du, zerbitzu bat, gure ekoizpen ekologikoak hautatu, izoztu eta ontziratzeko. Eta taldean makinaria hori pixkanaka lortzeko eta auzolanean egiteko ontziratzea, saskiratzea...".

Hazialdekoz gehiago jakiteko, Garazi Zabaletaren artikulua gomendatzen dugu: Nafarroako zereal, bazka eta lekale ekoizle ekologikoak bat eginik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egonarria
2024-06-19 | Estitxu Eizagirre
Nola biziberritu herriko azoka? Bergarako esperientzia

Bergaran Elikadura Mahaia martxan dute eta bertatik hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten herriko azoka indartzeko eta baserritarren erreleboa lantzeko. Elikadura Mahaiko kide dira Jon Ruiz de Egino baratzezaina, Eskubaratz proiektuko kidea. Eta Aitziber Plazaola dendaria,... [+]


2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
Manuela Jauregi, eguneko arrantzalea
“Urtez urte olagarroa gutxitu egin da, zerbait gertatzen da itsasoko urarekin, hori argi da”

Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu da ontzi barrutik, eta azken urteetan sumatu dituen aldaketak azaldu ditu.


2024-05-31 | Estitxu Eizagirre
Europako laborantza politika ulertzeko klase magistrala Iker Elosegiren eskutik

Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako... [+]


2024-05-23 | Estitxu Eizagirre
“Presen erruz ibaiak guztiz zatituta daude”

Arturo Elosegi biologian katedraduna da, Ibai Ekologia ikerketa taldeko kidea eta unibertsitateko irakaslea. Egonarria saioan Eli Pagolarekin mintzatu da ibaiek duten garrantziaz, izan ere, ura garbitzeko gaitasun handia dute eta mundu mailan ekosistema dibertsoenetakoak dira... [+]


2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?

Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta, pestizida eta ongarri kimikorik gabe geratu zen Karibeko irla, eta kimiko horien ondorioz, lur oso... [+]


2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
“40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko”

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude