Bertsolariak: Igor Elortza (722); Iñigo Mantzizidor "Mantxi" (667,5); Unai Iturriaga (649); Etxahun Lekue (649); Jexux Mari Irazu (638,5); Amaia Agirre (638).
Tolosako Usabal jendez gainezka. Gozoa da kanturako, bertsolaria oholtza gainean bere lekua aurkitzeko tenorean jartzen du. Dena dela, guztia ez da lekua, momentuak ere badu garrantzia: eta hau finalaurrekoa zen. Saioa hasi aurretxoan sartu nintzen barrura, eta oholtzaren alde batera aurkitu eserlekua. Plaza osoaren perspektiba aurrean, giroan tentsioa nabarmena zen. Baina bertsolariak oholtzara igo eta lan puntuagarriekin hasi ahala asko lasaitu zen giroa; sanotu, esango nuke.
Gure alabak, oherakoan, afizio latza du buru ondoan geratzen zaion argiarekin piztu-itzalian ibiltzeko. Tolosako saioan gozatu ederra hartuko zukeen.
Ofiziotako ariketan, interruptorea klik-klik. Bertso oso onak entzun genituen, baina ariketa oso-osorik entzun gabe geratu ginela iruditzen zait. Oraintxe argia piztu, oraintxe itzali. Azpimarragarria zortziko handian Igor Elortzak egin zuen lana, ufa. Iñigo Mantzizidor "Mantxi"k ez zion bidea gehiegi erraztu elkarrizketarako, nire iritziz, baina Igorrek putzu agorretik ura atera zuen. Nik aurten txapelketan entzun dudan ofiziotako lanik onena urruti gabe izango zen.
Bestalde, parentesia irekiz, Unai Iturriagaren zortziko handiko lanak niri ere bonbilla piztu zidan. Epai-irizpideetan 3.4 puntuak dio: Etena doinuaren arabera egin behar da. Batzuetan nahitaezkoa izango den bezala, zenbait doinutan ez da beharrezkoa izango. Unaik eten asko utzi zituen hankaz gora. Epai-irizpideen arabera zilegi dena, portzierto. Baina nago, etenik behar ez duen doinua aukeratzen duenak erraztasun tekniko bat eskaintzen dionez bere buruari, hau ere baloratzen al dute epaileek? Alegia, abiapuntu diferentetatik hasten direla bertsolariak. Tira, beste klik bat eta gatozen saio-saiora.
Zortziko txikiko ariketetan beste fenomeno kurioso bat. Etxahun Lekuek Igorrekin egindako ofizioan, azken honek aurretik Mantxirekin egindakoaren erreferentzia erabili zuen. Erabili eta nola. Gauza bera egin zuen Jexux Mari Irazuk Iturriagarekin, oso ondo baliatuta. Mantxik ere bai, Amaia Agirrerekin, baina ez zuen bete-betean asmatu. Badirudi, saioan zehar erreferentziak sartzea baloratzen ari ote diren txapelketa honetan. Zortziko txikian erreferentzia-epidemiatxo bat bizi izan genuen. Ondo dago; baina bertsolari maiteok, argi, ez zaitezte pasa. Etenik gabe, baina gauza guztiak bere neurrian.
Puntu erantzunetan denetarik, puntu erantzun onak, onak baina potodunak, txarrak baina akatsik gabeak... enfin. Puntuak eurak, aurreko egunean Gernikan baino hobeak, dena esaten hasita.
Seiko motzean ere fin bertsolari guztiak. Mantxi eta Irazurena gustatu zitzaidan, aitona-biloben paperetik errealismoz heldu baitzioten gaiari, errazagoak ziruditen potolokeriatan erori gabe.
Eta azkenik, kartzelan bakarka. Guztiak ere ondo, zer nahi duzue esatea. Entzun itzazue eta gozatu. Gaiak zion: "korridoreko argia itzalita lokartzeak beldurra ematen dizu". Atzo zenbaitek aurrera begirako pasilloa luzatu du majo, eta iluntasuna espero zuen tokian argia aurkitu. Besteren batzuk oraindik interruptorea non den bilaka jarraitu beharko dute.
SAILKAPEN NAGUSIA
24tik 18 pasako dira finalaurrekoetako bigarren itzulira.
1. Igor Elortza 722
2. Amets Arzallus 717
3. Iñigo Mantzizidor "Mantxi" 667,5
4. Jokin Uranga 657,5
5. Jone Uria 653
6. Etxahun Lekue 649
7. Unai Iturriaga 649
8. Jon Martin 640,5
9. Julio Soto 639,5
10. Jexux Mari Irazu 638,5
11. Amaia Agirre 638
12. Nerea Elustondo 633,5
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.
Amets Arzallus Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapelduna elkarrizketatu du Euskal Irratiak. Elkarrizketako pasarte esanguratsuenak laburbildu ditugu ARGIAn.
Ez naiz ni hitz zurietan gehiegi luzatu zale, baina dagokionari berea ematea lege denez eta, bihotz-bihotzez horrela sentitzen dudalako, eskerrik asko ezer baino lehen BEC-eko oholtza gainera igo zineten zortzi bertsolarioi. Egiatan diot aspaldian hartu dudan gozaturik... [+]
Juanito Dorronsoro bertsolaritza lantzen ibili da bizitza osoan eta 80ko hamarkadan buru-belarri jardun zen bertso eskolak sortzeko lanean. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean berak jantziko dio txapela irabazleari, horren harira Urola Kostako Hitza berarekin mintzatu da.
Abenduaren 15eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute eta hainbat informazio praktiko eskaini dituzte antolatzaileek finalera doazen bertsozaleek plana antolatzeko arazorik izan ez dezaten.
Hitzordu berezia genuen Maulekoa. Gure saioa genuen nunbait... Gure lehen aldia eta ez genuen ezertan hutsegin nahi. Bertsolariak: Sustrai Colina (695,5 puntu), Unai Agirre (691,5), Jexux Mari Irazu (689,5), Aitor Mendiluze (688,5), Jone Uria (666,5), Agin Laburu (648).
Bertsolariak: Igor Elortza (703 puntu), Alaia Martin (674,5), Aitor Sarriegi (674), Jon Martin (641,5), Etxahun Lekue (639,5) eta Fredi Paia (617,5).