Kirolean adin txikikoek jasaten dituzten indarkeriak agertu ditu Europako ikerketak

  • Kataluniako Viceko Unibertsitateko kirol karreran irakasle da Montse Martín. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, hitzaldia eskaini du Donostian apirilaren 6an. Europa mailako ikerketa bat egiten ari da, beste bost herrialdetako unibertsitate eta kirol eragilerekin batera. Hauxe du ikerketak izenburu: Kirolean adin txikikoen aurkako indarkeria ezberdinen prebalentzia eta ezaugarriak. Ikerketa honen emaitzak plazaratu ditu. Besteak beste, elkarrizketatuek kirolean kiroletik kanpo baino indarkeria gutxiago jasan dutela, indarkeria psikologikoa dela kirolari gehienek jasaten dutena eta kirol maila igo ahala indarkeria gehiago jasaten dela.


2022ko apirilaren 29an - 05:50
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Europako CASES proiektuan, firolean adin txikikoek jasaten dituzten indarkerien prebalentzia eta ezaugarriak aztertu dituzte, sei estatu hauetan: Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Austria, Espainia eta Errumania. 10.306 pertsonari egin diete galdeketa, 18-30 urte bitartekoak dira denak, baina adin txikikoak zirenean izan zituzten esperientzietatik erantzun behar izan dute. Hauetatik %50 emakumeak dira, %49 gizon, %1 definitu gabeak. %82 heterosexualak, %11 bisexualak, %4,5 homosexualak, %1 lesbianak, %1 bestelako aukerak eta %2 nahiago dutenak ez esatea. %4 talde etniko gutxiagotu bateko kide da. %3ak adierazi du desgaitasun fisiko bat duela eta hauetatik %19k kirol egokituan soilik jardun izan du.

Eskolaz kanpoko kirol jarduerak hartu dira eremu gisa: bai klubak, bai kirol taldeak dituzten eskolak... beraz, ez dira aztertu eskolako soinketa orduetan edo atsedenaldietan gertatutakoak.

Montse Martí Kataluniako unibertsitateko irakasleak aurkeztu ditu Donostian emaitzak. Bideo honetan ikusentzun daiteke hitzaldia osorik.

Indarkeria normalizatuta

Galdekatutakoen %82k kirolean izandako esperientzia “ona” (%41) edo “oso ona” (%41) kalifikatu du. %5ak adierazi du bere esperientzia “txarra” (%4) edo “oso txarra” (%0,7) izan zela. %14ak “neutral” kalifikatu du. Honela baloratu ditu emaitza hauek Montse Martínek: “Oso emaitza onak dira kirolarentzako, baina baita ere adierazi lezake pertsonen arteko indarkeria oso normalizatuta dagoela kirolean. Zeren jarraian ikusiko dugunez, indarkeriaren datuak ere oso altuak dira. Nola ulertzen da indarkeria bizi arren esperientzia ongi baloratzea? Jende horrek indarkeria egoera horiek ez dituelako hain larri ikusten, ‘hau kirola da, kirola egiten hasterako banekien hau egongo zela’ entzutea ohikoa da”.

Bost indarkerien zifrak

Indarkeria psikologikoa da kirolean ohikoena (galdetutakoen %65ek jasan dute). Indarkeria fisikoa dator ondoren, eta ez dira txantxetakoak negligentzia eta indarkeria sexual kopuruak ere. Hona indarkeria mota bakoitzaren kopuruak:

Indarkeria psikologikoa: Europako bataz bestekoa %65. Belgika-Flandrian gutxien (%59) eta Alemanian gehien (%70).

Indarkeria fisikoa: Europako bataz bestekoa %44. Austrian gutxien (%32) eta Belgika-Brusela-Valonian gehien (%52).

Negligentzia: Europan bataz beste %37. Austrian gutxien (%32) eta Alemanian gehien (%42).

Kontakturik gabeko indarkeria sexuala (begirada sexi botatzea bat edo bestearen gorputzari loturiko iruzkinak egitea, adibidez): Europan bataz beste %35. Erresuma Batuan gutxien (%30) eta Belgika-Brusela-Valonian gehien (%41).

Kontaktudun indarkeria sexuala: Europan bataz beste %20. Austrian gutxien (%15) eta Alemanian gehien (%25).

Artikulu honetan xehetu ditugu indarkeria mota horietako bakoitzaren atzean dauden egoera zehatzak eta kopuruak.

Gizartean baino indarkeria gutxiako kirol eremuan

Kirol eremuan eta kirolez kanpo jasan dituzten indarkeriez galdetuta, Espaniako estatuan erantzun duten kirolariek diote handiagoa dela kirolez kanpo jasan behar izan duten indarkeria. Baina ez da horrela bi indarkeria moten kasuetan: indarkeria fisikoa eta negligentzia dira kirolean beste esparruetan baino gehiago jasan dutena. Grafikoan, indarkeria mota bakoitza zein kopurutan jasan duten, kirolean eta kirolaz kanpo:

 

Indarkeria psikologikoa: kirolez kanpo %76 eta kirolean %70.

Indarkeria fisikoa: kirolez kanpo %36 eta kirolean %43.

Negligentzia: kirolez kanpo %33 eta kirolean %34.

Kontakturik gabeko indarkeria sexuaka: kirolez kanpo %55 eta kirolean %36.

Sexu indarkeria kontaktuduna: kirolez kanpo %37 eta kirolean %20.

Datu hauek honela baloratu ditu Montse Martík: “Kirol barruko eta kanpoko indarkerien zenbatekoak ez daude elkarrengandik oso urrun. Horrek erakusten du kirola gizartearen zati dela. Baina indarkeria fisikoaren kopurua kirol barruan gehiago izateak zer pentsa eman digu: gizartean indarkeria fisikoa gaizki ikusia dago, aldiz, kirolean agian ez dago hain gaizki ikusia. Kirolaren indarkeria estrukturalaren zati da pentsatzea exigentzia fisiko gogorrek ekarriko dutela kirolari hobea egitea, ‘fisikoki zenbat eta gehiago estutu, hobe’. Baina non dago muga? Noiz pasatzen da entrenamendua omen den hori indarkeria izatera? Anbiguotasun horiek ikertzen hasi behar dugu”. Martík azaldu du kirol entrenamenduetan kastigu fisikoak jartzea oso ohikoa dela "adibidez, kasurik egiten ez duen gaztetxoa zelaiari hamar buelta korrika ematearekin zigortzea".

Kirol mailaz igo ahala, indarkeria handiagoa

Espainiako estatuko datuak aztertuta, ondorioztatzen da kirol maila zenbat eta handiagoa izan, jasandako indarkeria orduan eta handiagoa dela. Montse Martínek azaldu duenez: “Nazioarte mailan askoz intentsitate handiagoa dago, lan ordu gehiago, kontaktu gehiago, lehiaketa gehiago... eta indarkeria hauek denak askoz modu estrukturalagoan sortzen dira, zeren goi mailako lehiaketan agintzen duen jendeak askoz botere gehiago duelako indarkeria horiek egiteko eta badirudi ez dela ezer gertatzen. Beraz, goi mailako kirolaren eremuan ere egin behar dira prebentzio eta sentsibilizazio lanak”.

Grafikak erakusten ditu datuak:

Indarkeria psikologikoa: Denborapasako taldeetan %62, herriko klubean %71, lurralde mailan %77, estatu mailakoan %82 eta nazioartekoan %91.

Indarkeria fisikoa: Denborapasako taldeetan %34, herriko klubean %46, lurralde mailan %51, estatu mailakoan %51 eta nazioartekoan %82.

Negligentzia: Denborapasako taldeetan %29, herriko klubean %34, lurralde mailan %42, estatu mailakoan %43 eta nazioartekoan %73.

Kontakturik gabeko sexu indarkeria: Denborapasako taldeetan %30, herriko klubean %39, lurralde mailan %41, estatu mailakoan %43 eta nazioartekoan %64.

Sexu indarkeria kontaktuduna: Denborapasako taldeetan %15, herriko klubean %22, lurralde mailan %25, estatu mailakoan %23 eta nazioartekoan %36.

Ikerketa honek azaleratu duen ezusteko datua hauxe da: neskek indarkeria gutxiago jasaten dutela kirolean mutilek baino. Artikulu honetan azaldu dugu ezusteko datu honen nondik norakoa.

Baina, nola lortzen du erasotzaileak kirol eremuan adin txikikoei sexu indarkeria egitea eta isilik pasatzea? Artikulu honetan bildu ditugu Montse Martík emandako azalpenak.

Lau ondorioak

Europako ikerlan honen lau ondorio azpimarratu ditu Montse Martík:

1.-Agian kirolak ez du egozten zaion "ingurune babeslea" eskaintzen. Martík esan du kirola pertsonen balore gorenekin soilik lotzen duen diskurtso onbera alboratu eta begietako benda kendu behar dela: “Kirola oso guaia da, zoragarria, baina ez da esleitzen zaion ingurune babesle hori”.

2.- Ikerketa zientifiko, independente eta sendoak behar dira. Zenbat eta ikerketa gehiago, informazio gehiago, gauza gehiago egin ahalko dira indarkeria gehiago gutxitzeko.

3.-Kiroleko indarkeria lantzeak aldaketa kultural bat eskatzen du. “Begirada aldatzea eskatzen die teknikoei, kirol erakundeei, klubei, eskola kirolean inplikatutako denei... lidergo proaktibo bat behar da, gizartean alarmarik edo gai berorik ez dagoenean ere gaia bultzatzeko”.

4.-"Politika eta ekintzak jarri behar ditugu praktikan, eta utzi behar diogu indarkeria egoeren aurrean ez ikusia egiteari. Goiz detektatu behar dira modu eraginkorrean aurre egiteko. Adin txikikoenganako indarkeriari zenbat eta lehenago aurre egin, honen eragin kaltegarriak txikiagoak izango dira".

CASES proiektuan (ingelesez Adin txikikoen abusua kirolean, Europako estatistika) Europako sei herrialde hauetako unibertsitate eta kirol erakundeek hartzen dute parte: Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Austria, Espainia eta Errumania. Espainiako estatuan egiten den lehen prebalentzia ikerketa dela azaldu du Montse Martínek eta kirolari onberatasunez begiratzeko begietan jarri ohi dugun estalkia kentzeko deia egin zuen: "Prebalentzia ikerketak egin behar ditugu, bestela ez dakigu zenbat kasu diren, ez dugu errealitatea ezagutzen, ez ditugu indarkeria hauek saihestuko, eta egiten den informazio-prebentzio-kontzientziazio lana ezingo dugu ebaluatu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adingabekoen eskubideak
Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Haurren eta nerabeen aurkako sexu-abusu kasuak atzemateko protokolo berriak eskatu ditu Gasteizko Legebiltzarrak

Neurri eta gomendioak biltzen dituen txosten bat aurkeztu du Legebiltzarreko batzordeak; esaterako, Osakidetzan, ikastetxeetan eta Ertzaintzan protokoloak berrikusteko eta eguneratzeko premia.


Indarkeria sufritzen duten hamar adingabeetatik zortzi neskak dira

Save the Children erakundeak adigabeen kontrako sexu erasoei buruzko sententziak aztertu ditu. Datuok soilik “icebergaren punta” direla azpimarratu dute, kasuen %15a baino ez baitira salatzen.


2023-09-20 | Estitxu Eizagirre
Entrenatu gaitezen indarkeria ez erabiltzen

Kirola ahalik eta jende gehienek eta ahalik eta urte gehienetan egitea mesede da gizarte osasuntsu baterako. Baina ikerketen arabera, kirola egiten duten hamarretik ia zortzik indarkeria egoeraren bat jasan du. Izan daitezke irainak, oihuak, kolpeak, zigor fisikoak, arretarik... [+]


2023-09-14 | ARGIA
Adin txikiko kirolariei egindako indarkeria
“Egunean hirutan bortxatzen ninduen Geddes entrenatzaileak”

Frantziako estatuan 600 kirolarik salatu dituzte sexu erasoak: tenislariak, patinatzaileak, judolariak, atletak... Duela 20 urtekoak dira lehen salaketak, baina asko egungoak dira, hain zuzen 107 salaketa dira 2020-2021 denboraldikoak. Horietatik %70 emakumezkoek jasan zituzten... [+]


2023-05-09 | Axier Lopez
12 milioi neska ezkonarazten dituzte urtero munduan

Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (Unicef) maiatzaren 3an argitaratu duen azterketaren arabera, haurren ezkontzak behera egin du munduan, baina oraindik badira munduan haurtzaroan ezkondu diren 640 milioi pertsona. Urtero gurasoek 12 milioi haur ezkontzen dituzte,... [+]


2022-10-04 | ARGIA
Sansoheta auziko sei akusaturentzako zigor eskariak 34 urteraino handitu dituzte

Auzipetutako hamar gizonetatik lauk zigorrak jaistea lortu dute 1 eta 13 urteraino, onartu dutelako adin txikikoei sexu abusuak egin zizkietela, besteak beste. Baina beste seiek errugabetasuna defendatzen jarraitzen dute, eta fiskaltzak 14 eta 34 urte arteko espetxe zigorrak... [+]


2022-09-26 | ARGIA
Adin txikikoei sexu abusuak egin izana onartu dute akusatutako hamar gizonetatik lauk

Hasi da Gasteizko Sansoheta zentroko aldundiaren zaintzapeko adingabeak prostituitu zituzten ustezko kideen aurkako epaiketa. Lehen egunean Fiskaltzarekin akordioa lortu dute auziperatutako lauk, eta hamahiru urterainoko kartzela zigorrak onartu dituzte.


2022-09-21 | ARGIA
Hiru sexu eraso salatu dituzte azken egunetan Euskal Herrian

Sexu erasoengatik salaketa bana jarri dute Gasteizen, Donostian et Iruñean. Horrez gainera, indarkeria matxista kasu gehiago salatu dituzte azken egunotan.


2022-05-04 | Estitxu Eizagirre
Montse Martí, kirolean adin txikikoek jasaten dituzten indarkerien ikerlea
“Kirol munduko sexu erasotzaileak biktima, familia eta kluba denboraz prestatzen ditu”

Kataluniako Viceko Unibertsitateko kirol karreran irakasle da Montse Martín. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, hitzaldia eskaini du Donostian apirilaren 6an. Europa mailako ikerketa bat egiten ari da, beste bost herrialdetako unibertsitate eta kirol eragilerekin... [+]


2022-05-03 | Estitxu Eizagirre
Kirolean indarkeria gehiago jasotzen dute mutilek neskek baino

Kataluniako Viceko Unibertsitateko kirol karreran irakasle da Montse Martín. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, hitzaldia eskaini du Donostian apirilaren 6an. Europa mailako ikerketa bat egiten ari da, beste bost herrialdetako unibertsitate eta kirol eragilerekin... [+]


2022-05-02 | Estitxu Eizagirre
Adin txikikoen aurkako indarkeria kirolean (II)
Kirolean haur eta nerabeek jasaten dituzten indarkerien rankingak

Montse Martín, Viceko (Katalunia) Unibertsitateko kirol karreran irakasle da. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta, apirilaren 6an hitzaldia eman du Donostian eta bertan azaldu ditu Europan sei herrialde egiten ari diren ikerketa honen emaitzak: Kirolean adin... [+]


Eguneraketa berriak daude