Kenyak iazko abenduaren 27ko hauteskundeen ondoren kaosean murgildua dirudi. Mila herritar baino gehiago hil dira poliziaren eskuetan, bi hautagai nagusien jarraitzaileen arteko liskarretan edo tribuen arteko mendekuetan. Nola iritsi da horretara Afrikako paradisutzat saltzen zena?
Zer gertatzen da Kenyan? Film, erreportaje eta dokumentaletatik saltzen zuen irudia –safariak, natura aberats eta salbaia, masaiak bezalako giza talde ikusgarriak...– errealitatea asko apaindurik lortzen zela ezaguna zen. Baina Kenyatik azken hilabeteotan iritsi direnak bezalako irudiak helduko zirenik ez zuen inork esperoko, ez eta justu orain urtebete Nairobira Munduko Gizarte Forora joan eta hango auzo txiroetako mixeria ikusi zutenek ere.
Baina iritsi ziren abenduaren 27ko hauteskundeak, bermerik gabeko hauteskundeak irabazitzat eman zituen Mwai Kibaik, oposizioko Orange Democratic Movement-eko (ODM) Raila Odingak ez zituen onartu emaitzak, liskarrak hasi ziren, poliziaren jazarpena ere bai, oposizioko parlamentari bat hil zuten... eta herrialde osoa sutu zen. Kenyako gertakizun lazgarriak, oraindik baretu ez direnak, esplikatzeko aipatu izan dira tribuen arteko ezinikusiak, sentimenduok manipulatzen dituzten politikarien kalkulu zinikoak, agintarien ustelkeria... Britainia Handiak bere inperialismoarekin utzitako heredentzia ere aipatu izan da.
John Lonsdalek ondo ezagutzen du Kenya. Cambridgeko Trinity College-n irakasle emeritua den honek beste artikulu askoz gain bi liburu dauzka argitaratuak honetaz: Unhappy Valley: conflict in Kenya and Africa (Zorigaiztoko Harana: gatazka Kenyan eta Afrikan) eta Mau-Mau and Nationhood (Mau-Mau eta naziotasuna). Open Democracy aldizkari elektronikoan berrikitan plazaratu du “Kenya: ethnicity, tribe and state”, beste gune aurrerakoi gehiagotan gero erreferentziatu dena. Historiak ez du esplikatzen gaur gertatzen dena, baina gaurkoa ezin ulertu da historiaren argirik gabe.
Lonsdalek gaur Kenya den estatuaren sorreraraino atzeratu du begirada. Herrialde honetan XIX. mendean ez zen estaturik. Herritar gehienak nekazaritzan edo abeltzaintzan ari ziren, ehizetik eta bilketatik bizi ziren gutxiengoak ahaztu gabe. Lonsdalen hitzetan, orduko Kenyan tribuak baino gehiago familia eta leinuak zeuden, eta aginte zentralik ere ez zegoen. Britainiarrek inportatu zuten Estatua XIX. mende bukaeran, eta beren aldean oso ahulak ziren lider afrikarrak berenganatu zituzten.
Estatu kolonialak pixkanaka aberastasunaren araberako piramidean antolatu zituen herritarrak, lehen mosaiko anitzean era dispertsoan antolatuta zeudenak. Bi polo indartu ziren, bata “zuria” eta bestea “beltza” eta periferia marjinalizatu asko eragin.
Kolono zuriek berenganatu zituzten XX. mendean barrena Kenyako lur emankorrenen %20. Baina horiek Inperioa asetzen ez zutenez, gainerako %80an afrikarren nekazaritza sustatzen hasi ziren britainiarrak, kenyarren %20 diren kikuiu jendearen eskualdean, Nairobi ondoan. Afrikarrak kristautzera etorritako misiolarientzako ere eskualde hori zen erakargarriena, eta bertan kokatu ziren eskola gehienak. Kikuiutarrak lehenago hasi ziren modernotzen gainerako herritarrak baino.
Gainerako etnietakoak ere hasi ziren beren leku bila. Batzuetan misiolariek berek eman zieten halako tribu-nazio kontzientzia, Biblia zaharraren irakurketa lokalekin. Txirotasunetik ihesi, ekonomia berriaren bazter auzoetara jo zuten lan bila: trenbideetan, lurjabe zurien morrontzan edo soroetan, polizian, armadan, ganadu tratuan. Ugazabak eta agintariak etnien artean mesfidantza ereiten saiatu ziren.
Kikuiu jendeak –gaur ere kenyarren ia laurdena– giro horretan hartu zuen etniaren kontzientzia. 1945etik aurrera Rift haraneko goialdeetako baserri handietako ugazabak bere soroak mekanizatzen hasi zirenean, urte batzuk lehenago bertara eramandako langile kikuiutarrei bizibaldintza okerragoak ezarri zizkieten. Hauek saiatu ziren beren sorlekuetan berriro nekazaritzan hasten, baina ez zuten lortu, eta Nairobi inguruko txabolategietara jo behar izan zuten, nola edo hala bizimodua ateratzera.
Kikuiutar txiroon egoerak zerikusi gutxi zeukan ordurako lurjabe kontserbadoreagoak bihurtuak ziren beste kikuiutar batzuenarekin. Hauen artekoa zen Jomo Kenyatta, beranduago independentziaren ondorengo Kenya kudeatuko zuena, eta deserrotutako txiro haiek aldiz, kopuru handitan egin zuten borroka Mau-Mau gerrillaren lerroetan britainiarren kontra.
Mau-Mau gerrillak aipamen bat merezi du, behin eta berriro azaltzen da-eta Kenyako bizimoduan. 1952 eta 1960 artean gerrilla hau borrokatu zen ingelesen kontra, eta garai hartan Europa osoak izan zuen bere berri, britainiarren desinformazioaren galbahetik pasata noski. Desmasia guztiak, kanibalismoa barne, egozten zitzaizkion Mau-Mau taldeak urte horietan 600 militar ingeles edo beltz hil zituen. Aldiz, hauek 10.500 gerrillari hil zituzten, 30.000 zauritu eta beste 100.000 susmagarri preso hartu kontzentrazio eremuetan. Zibilen artean, 1.800 afrikarren heriotza dago dokumentatuta, baina beste 50.000 gehiago hil zirela uste da.
Kenyako ekintzaileen kontra trebatu zen Frank Kitson militar gaztea –oraindik bizi da–, gero jeneral bihurtuta Ipar Irlandan IRAren kontrako kontraintsurgentzia antolatu zuena, eta Espainian batzuek ezaguna dutena. Kenyako estatu independientea ere Mau-Mau zanpatuz sortu zen, eta urte luzez gerrilla honen historia tabu izan da bertan. Bizi diren gerrillari beteranoen izenean ari diren abokatuek sustatuta, asteotako batean izatekoa da Londresen gobernu britainiarraren kontrako epaiketa, Kenyan egindako txikizioen kalte-ordainak eskatzeko.
Lonsdaleren analisira itzulita, independentziaz geroztik Estatua bihurtu zaie kenyarrei gizarte mailetan gora egiteko bide ia bakar. Jomo Kenyatta presidentearekin estreina eta hura hildakoan Daniel Arap Moi, herritarren ezinegona baretzeko lurrak banatzen aritu ziren, horretan ere etniekin jokatuz, izan masaiei lagunduz edo kikuiuei edo kalanjin-ei. Presidentetara Daniel Arap Moi agintera iritsi zenerako asko zaildu ziren gauzak. Populazioa asko handitzen ari zen, eta aldiz lehorteak gertatu ziren, gero eta lur txarragoak zeuden banatzeko.
2002an Mwai Kibaki iritsi zenerako, maniobratzeko tarte urriagoa zeukan, oraindik bizi den Kitson jeneralak. Jakina denez, 2007ko abenduko hauteskundeen emaitza ilunak lehertu ditu harresiak, eta Kenyan duela mende erdiko borroka giro krudela berpiztu da, nagusiki kikuiu eta kalenjin jendeen artean, baina etnia gehiagoren artean ere bai.
John Lonsdale ez da ausartu etorkizuna iragartzera. Badirudi etnien arteko haserreak urrutiegi joan direla, eta Estatuak ez duela bere buruaren erreforman asmatzen. Alegia, “Burke-ren ideiei jarraituz, bere burua eraldatzeko adinako tresnarik ez daukan Estatuak, irauteko adinakorik ere ez dauka”. Edozein erakunderentzako balio duen epaia. Kenyakoa espejismoa zen: orain safariak kario pagatuko dira.
Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.
Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.
Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.
Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]