Indiak bere kontrolpean duen Kaxmirreko estatuari autonomia kentzeko eta erabateko integrazio konstituzionalerako bidea hasi du. Indiako Konstituzioaren 370. Artikulua deuseztatuz, Kaxmir eta Jammu izeneko estatu honek zuen autonomia kenduko dio. Pakistanek neurri honi aurre egingo diola baieztatu du.
Kaxmirreko eskualdean tentsioa jaisteko eta hitzartutako erabaki baketsu bat hartzeko pausuak ematen hasi ziren duela aste batzuk India eta Pakistango buruzagiak, baina keinu hauek deuseztatu egin dira Indiaren erabakia dela eta. Dekretu presidentzial bidez, Kaxmirrek eta Jammuk konstituzioan zuten estatus berezia deuseztatu eta integraziorako bide aldebakarra hartu du Indiak.
Erabaki honen aurretik, Indiak tentsioa handitu duen hainbat mugimendu egin du: 25.000 militar gehiago bidali ditu eskualdera, komunikazioak moztu ditu eta turistei, ahal izan ezkero, alde egitea gomendatu die.
“Presidenteak bere oniritzia ematen duen unetik aurrera eta hau kazeta ofizialean publikatu ostean, ezingo da 370. artikuluko xedapenik aplikatu”, baieztatu du Amit Shah Indiako Barne Ministroak parlamentuan. Erabaki honek oposizioko alderdiak asaldatu ditu, eta parlamentari batek konstituzioa puskatu du protesta gisa.
Pakistanek, baina, adierazi du “edozein neurri” hartzeko prest dagoela Kaxmirri laguntzeko. Pakistango gobernuak guztiz gaitzetsi du Indiaren neurria, eta Kaxmir eta Jammurren okupazio ilegalaren legeztatzea ez duela onartuko adierazi du. Pakistango armadak bere egin ditu gobernuaren hitzak, eta “edozein neurri” hartzeko prest dagoela adierazi dute armadako buruzagiek.
“Pakistango Armadak tinko jarraituko du kaxmirtarrekin amaierara arte, haien borroka legitimoa baita”, adierazi du Asif Ghafoor generalak, Pakistango Armadaren bozeramaileak.
Kaxmirren lurralde egoera
Kaxmir, 1971tik hona, bi zatitan banatuta dago. Pakistango aldeak Azad Kaxmir izena du eta Indiaren menpe dagoen aldeak, berriz, Kaxmir eta Jammu. Indiako konstituzioaren arabera, eskualde honi autonomia berezia aitortzen dio, beren sistema legegile propioa barne, nazioarteko harremanak, defentsa eta komunikazio arloetan izan ezik.
Artikulu honetan laburki azaldu genituen gatazka honen nondik norakoak.
Arma nuklearrak uzteko keinua egin du Imran Khan Pakistango lehen ministroak Fox News-ekin izandako elkarrizketan. Donald Trumpekin elkartu da aste honetan Khan, eta India eta Pakistanen arteko gatazka izan dute elkarrizketaren erdigunean.
Indiako Poliziak Kaxmirren independentziaren aldeko hamabi miliziano hil ostean, protesta handiak izan dira herrialdearen hegoaldeko herrietan. Manifestazio hauetan, beste hainbat lagun hil eta 70 zauritu ditu Indiako Poliziak, Open Democracyn jaso dutenez.
Kaxmirren dozenaka milaka lagun atera dira kalera astelehenean, lurraldean Indiak duen agintea salatzeko. Igande gaudean soldadu indiarrek lau zibil eta ustezko bi militante hil dituzte tiroz, errepide kontrol batean Democracy Now gunean jaso dutenez.
70 urte bete dira Indiako deskolonizazio prozesua burutu zela. Kaxmirreko biztanleentzat, ordea, data horrek beste zatiketa bat eragin zuen. Egun Pakistan, Txina eta Indiaren artan banatuta daude.