Kataluniako 74 udalerrik Energia Publikoaren Aldeko Udalen eta Erakundeen Elkartea AMEP (katalanez) sortu dute. Bere helburua argindarraren banaketa sarea arautzea eta udaletatik kudeaketa publikoa lantzea da, egun legez blindatua eta oligopolio handien esku baitago.
Gaia azalduz artikulu mamitsua argitaratu du Guillem Martí kazetariak Directa hedabidean. Hemen irakur daiteke osorik. Guk jarraian, laburtuta ekarri dugu:
AMEPen lehen batzar orokorra otsailaren 23an egin dute Terrassan, modu erdipresentzialean. Ekitaldi horretan sortu zen elkartea, estatutuak onartu ziren eta Komisio Exekutiboa izendatu zen. Batzar horretan izan ziren 74 udalerrietako ordezkariak, Kataluniako Herri Txikien Elkartea, Burujabetza Energetikoko Sarea, Jasangarritasunerako Herrien Sarea, eta Autokontsumitzaileen Elkartea.
AMEPen lehendakari Carlos Caballero (ERC) da, Terrassako udaleko zinegotzia; lehendakari-ordea Tàrregako alkate Alba Pijuan (ERC); idazkaria Eloi Badia (Bartzelonako Común); diruzainak Vilanova i Geltrúko Marta Jofra (CUP).
AMEP sortzeko ideia iragan uztailean sortu zen, energiaren kudeaketa publikoarekin konprometitutako 47 udalerrik, Kataluniako Herri Txikien Elkartearekin eta Burujabetza Energetikoaren Sarearekin batera, protokolo bat sinatu zutenean udalerrien arteko elkarlan markoa arautzeko. AMEPen lehendakari Carlos Caballerok Directa hedabideari azaldu dionez, Terrassako udala hautatu da lehendakaritzarako, 2020an berak eraman duelako lidergoa udalek Endesari aurre egin ziotenean: "Endesak familia zaurgarrien fakturak udalerriei kobratzea exigitu zien, eta pobrezia energetikoaren legearen arabera, ezin zituen faktura horiek erreklamatu". Caballerok azaldu duenez, "beste behin argi geratu da batasunak dakarrela indarra, zeren eta elkartu ginenean, Endesak jada ez zuen ezer erreklamatu".
AMEPen kide diren udalerriek hiru milioi herritar biltzen dituzte. Badira hiri handiak eta oso txikiak dira herriak, 200 biztanletik beherakoak."Bakoitzak ditu bere ezaugarriak, bere arazoak eta bere kolore politikoak" azaldu du lehendakariak, "baina denok batzen gaitu zerbaitek: Endesak kontrolatzen duela praktikan Kataluniako argindarraren banaketaren %95".
Terrassako alkatetza koalizioan gobernatzen dute ERCk eta Todo por Terrassak, azken hau herriko hautagaitza bat da Jordi Ballart buru duena: PSCko militante ohia, alderdiko karneta puskatu zuen 155ari babesa eman izanaren aurrean protesta egiteko. Ballart Terrassako alakte zenean ezagun egin zen bertako uraren kudeaketa birmunizipalizatzeko ahaleginean. Izatez, AMEPek eredutzat dauka Ur Publikoaren Aldeko Udal eta Eragileen Elkartea den AMAP, zeina 2018an sortu zen, ura birmunizipalizatzeko.
Burujabetza Energetikorako Sareak dio egungo energia ereduaren arazoa batez ere argindarraren banaketa dela. "Guk babesten ditugu energia sortzeko eta komertzializatzeko egiten diren aldaketak baina burujabetza energetikoa lortzeko muina banaketa sarearen kontrol demokratikoa berreskuratzea da", azaldu du Irene Gonzálezek.
Kataluniako banaketa sarearen %95 Endesaren jabetzakoa da. Mario Urrea Kataluniako Herri Txikien Elkarteko lehendakaria da eta salatu du barnealdeko herrietan makroparkeak egiten ari direla energia berriztagarriak sortzeko, eta horietako asko Endesa, Naturgy eta Iberdrolaren jabetzakoak direla: "Horrek herrien hustea areaotzen du, ekonomia dibertsifikatzea zailtzen du eta turismoa uxatzen du. Nekazariei lantzekoak diren lurrak alokatzen dizkiote,askoz ere prezio baxuagoan hiriguneko industrialde batean egingo luketena baino. 70 eta 80ko hamarkadetan kostaldean egin zutena errepikatzen ari dira barnealdean orain, eta ez die soilik eragiten energia parkeak dauden zonaldeei soilik, baizik, autopista elektrikoek, eta tentsio altuko lineek zeharkatzen dituzten zelai eta parke naturalei ere bai. Energia hiriguneetara eramatekoan hainbeste kilometroko bidean zati bat galdu egiten da eta ondorioz,behar baino askoz gehiago sortzen dute".
"Arazo honen guztiaren sorburua egungo marko legala da", AMEPen lehendakari Caballeroren hitzetan. "Izan ere, konpainia bati bamientzen dio bere sareari eta honen mantenuari buruzko informazioa gordetzea. Enpresa honen opakotasuna inpunitate bihurtzen da, ez dugulako erreminta publikorik Endesak zer egiten duen eta zer ez kontrolatzeko". Horregatik da AMEPen helburu nagusietako bat "udalek fronte bateratua sortzea Kataluniako Generalitatea presionatzeko", bera denez energiaren konpetentzia duena, Endesari auditoriak egin diezazkion, "behartua egon dadin mantenuan inbertitzera eta zerbitzua hobetzera". Irene Gonzálezek gehitu du auditoriak "ez direla soilik teknikoak izan behar, baizik, herritarrek osatuak".
Egungo ereduari kontrajarriz, AMEPek eta Kataluniako Herri Txikien Elkarteak eskatu dute energira sarbidea izateko eskubide soziala bermatuta egon dadila eta ez dadila pobrezia energetikorik egon, enpresek eta herritarrek libreki eta modu errazean aukera izan dezatela energia berdea sortzeko eta bizilagunekin partekatzeko, energiaren banaketa sareak ez daitezela multinazionalen eskuetan soilik egon, eta herritarrek parte hartu ahal izan dezatela arautzean eta modernizazioan. Gobernantza eredu berriak eskatu dituzte, oinarrituta egongo direnak herrien arteko kooperazioan, bai mankomunitateen bidez, edo kontsortzio eta herrien sareetan. Energia Burujabetzarako Sareko kide den Irene Gonzalezek azpimarratu du "trantsizio energetiko ekofeminista lortzeko beharrezkoa dela herrien maila baino goragoko eskalan politika egitea ahalbidetuko duen eredu bat izatea, baina udalerrietatik". Aipatu ditu "energia berriztagarrietarako Europako funtsak zuzenean sektoreko enpresa handiek eramaten dituztela honek ondurarik ekarri gabe instalazioak egingo dituzten herriei". Eta gehitu du trantsizio hau antolatu egin behar dela "lurraldearen oreka zaintzeko, mendialdeko herriak ez daitezen berriz bihurtu, nuklear handiekin gertatu zen bezala, hiri handietan egiten den kontsumoarentzako ekoizle".
Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]
Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan. Izenburu hau darama testuak: "EH Bilduren moketako politika edo Iparra nola galdu".
Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Datu Zentroen instalazioei ateak irekitzen dizkiete horiek arautzeko legedia sortu aurretik. Bilbao-Arasur Dantu Zentroarekin, bere lehen fasea gauzatuta, eta instalatzea amesten duen Solariaren Datu Zentroarekin, 110.000 m2... [+]
Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan ere, sortu didan egonezinak pisua du. Haserrea ere astuna egiten zait. Ez pentsatu, ordea, dela zenbait... [+]
Martxoak 15 goizean elurrak zuritu zuen Arano. Bertako herritarrek eta ingurutik eta ez hain ingurutik bildutakoek bete zuten plaza eta elkartasunaren beroan gozatu zuten eguna: Urumeako mendietan ezarri nahi duten Euskal Herriko zentral eoliko handienaren kontrako protesta izan... [+]
Susmoa dut komunitatea hustuketa prozesu betean dagoela, eta beldur naiz, beste askori gertatu eran, mamirik gabeko bilgarri ez ote den bilakatuko, jada bilakatu ez bada. Ikustea besterik ez dago, komunitatearen izaera holistikoa gero eta modu lausoagoan heltzen da, eta Che... [+]
Herriko EH Bilduko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako galdera parlamentario bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso informazioa hau. Bi haize sorgailu ezartzeko asmoa dago eta Cluster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen... [+]
Cefiro Holdco enpresak "Domiko" deitu dion eta bederatzi makroeoliko izango lituzkeen proiektua jarri nahi du Lesaka eta Goizuetako lurretan eta ebakuazio-linea Oiartzungo azpiestaziora bideratuko luke. Espainiako Gobernuak du proiektu hau tramitatzeko eskumena.
Bolo-bolo dabil energia berriztagarrien hedapenaren inguruko eztabaida. Sarri askotan, iritsi den proiektu zaparrada desordenatuak eragindako artegatasunak bultzatuta, albiste zein iritzi-artikulu mordoaz gain, hitzaldiak, eztabaidak, mahai inguruak, bideo emanaldiak eta abar... [+]
Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]
Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.
Makroproiektu "berriztagarriek" sortzen dituzten ondorioak filmatu ditu Vidas irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak. Euskarazko eta frantsesezko azpitituluak prestatzen ari dira) dokumentalean Extremadurako (Cabeza del buey, Espainia, 1985) landagunean hazitako... [+]
"(Oiongo osoko bilkuraren) helburua argia da, legez legitimatzea tramitazioan irregulartasun nabarmenak dituzten megaproiektu energetikoak"
Joan den asteazkenean egun gogorra eta desatsegina bizi izan genuen, ez bakarrik Labrazarentzat, baita zentral eoliko,... [+]