Karen herria: Fronte bakarreko gatazka

  • Thailandia eta Birmania artean kokatua, azken horiekiko independentzia aldarrikatzen du Karen herriak. Karen gehienak Thailandiako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira, baina Birmaniako armadaren aurka borrokatzeko muga ezkutuan zeharkatzen dute hainbat gerrillarik. 2010ean haiekin izandako hartu-emana kontatu du Andoni Lubaki kazetariak.


2012ko irailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Ume soldadu bat, Paa Looko fronte inguruan. (Andoni Lubaki)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Arratsaldea oihanean zelatan pasa genuen, Thailandiako armadaren beldur ginen. Behin muga pasatzen hasiz gero, atzera egiteko aukerarik ez zegoela esan zuten. Thailandiako armadak estraperloan harrapatuz gero, zigorra gogorra omen da, ez nuen gehiago galdetu nahi izan. Gurekin generamatzan trasteak errekaren bestaldera eraman behar zituzten Nazio Askapenerako Karen Armadako (KNLA) soldaduek, karenak bizi diren lurraldera. Horretarako ilunabarrari itxaron behar.

Mae Sot-etik 40 kilometrora eraman gintuzten ziztu bizian 4x4 batean. Lau karen etorriko ziren nirekin, janaria gerlariei eramateko asmoz. Errepide malkartsuan, gorabehera askoren ondoren erreka ikusi genuen muturren aurrean, supituki. “Beste aldean karenen lurraldea dago, KNLA borrokatzen den tokia. Orain Thailandiako armadako militarrik ez ote dagoen begiratzen ari gara. Gure pasabideak ezin dituzte jakin, bestela beste batzuen bila hasi beharko dugu. Erreka pasatzean ezin dugu irratirik erabili, ezta telefonorik ere. Etsaiak aurkitu gaitzake bestela”, azaldu zuen Thee Mun-ek.

Halako batean, errekaren bestaldean, sastraka batzuk mugitu ziren eta denak adi geratu ginen harantz begira. Gizon txiki gihartsu bat agertu zen eta pasatzeko keinua egin zigun. Galtzak erantzi, motxilak buru gainean jarri eta erreka oinez igarotzeari ekin genion. Lokatzez blai iritsi ginen banbu enborrez eginiko kanpamentura. Inork ez zuen hitzik egin lehenbiziko hogei minutuetan. Hotzez akabatzen geunden eta berotzeko whisky botila bat eskaini ziguten. Ondoren, lotara joan ginen, zelatan geratzea zegokienak izan ezik. Txakurrei zaunka egin ez zezaten muturra lotu eta zegoen argi txiki bakarra itzali zuten.

Hurrengo egunean, Moe Khoo Too deituriko soldadua gerturatu zen gosariarekin. Tea eta arrozez eginiko ogi borobila jan genuen denok. Jakin-mina piztu nien karen gerrillako soldaduei, ea zertara etorri nintzen. Paa Loo frontera joatea nuela helburu. “Urruti dago hura, baina nahi baduzu lagunduko dizut”, esan zidan Moe Khoo Took.

Eguna prestakizunetan pasatu genuen. Ekipajea gutxi bazen ere, bidearen nondik norakoak ondo jakin behar genituen, Birmaniako Juntako soldaduak edonon aurki genitzakeelako. Karen lurraldea jasaten ari den gerratea, gune pare batean izan ezik, gerrilla gatazka da. Segadak, minak, frankotiratzaileak. Edonon egin dezake batek topo horrelako arriskuekin. Oihanean aurkitzen den ur asko gainera ez da edangarria, eta kontrakoa badirudi ere, janaria lortzea zaila egiten da. “Txakur bat eramango dugu gurekin, etsaia usaindu dezan”, adierazi zuen Moe Khoo Took, irribarretsu. Lagun eta bizkartzain izango nuen gerlariari galdetu nion ea zenbat urte zeramatzan gatazkan. “Dagoeneko ez dakit, gaztea naizen arren oraindik! 34 urte besterik ez ditut eta ume nintzela hasi nintzen gerlan, nire aita eta aitona bezala. Besterik egiten ez dakit. Nire aitona-amonek bazekiten lurra landatzen, aitak ordea ez, eta nik are gutxiago”. “Eta gerra hau amaitzean zer egingo duzu?”, berriro nik. Isilune baten ostean, ondoan zuen Zum Khiy soldaduari zerbait esan zion. “Ez dakit. Gerra egiten bakarrik dakit. Ez dut ezertxo ere ikasi, ez baitut aukerarik izan. Gerra egiteagatik ordaintzen didate zertxobait, aitari bezala. Badakit gainera hiltzeko arriskua dudala, bihar agian! Hortaz, ez naiz etorkizunaz asko pentsatzen duen horietakoa. Hemen ez dut uste etorkizunean inork pentsatzen duenik. Baina borrokan jarraitu beharra dugu, etorkizun bat izan dezaten gure seme-alabek”.

Abiatzeko unean berriro ere ilunabarra da. Oihanean lo egingo genuen, zehazki non aurreikusi gabe.“Gerrilla gatazka da hemen inguruan erabiltzen den borrokarako modua, hortaz ezer finkorik ez”, azaldu zidan Thee Munek. Lan neketsu eta gogorra da oihanean ibiltzea, kosta egiten zitzaigun metro bakarra ibiltzea ere. “Distantziari erreparatzen badiozu, ez dago urruti Paa Looko frontea. Baina oihanak bidea zaildu egiten du”, jakinarazi zidan Thee Munek. Hori esan bezain pronto guregana zetozen tiro hotsak entzun genituen. Moe Khoo Took lurrera bota ninduen babesteko asmoz eta beste gerlariak tiro egiten hasi ziren. Hamar minutu igaro ondoren, azkar batean jaiki eta korrika egiteari ekin genion oihanean. Gaua arbola artean ezkutatuta egin ondoren, hurrengo goizean iritsi ginen Paa Looko frontera.

Paa Loo, minaz jositako frontea

Karen Armada Budista Demokratikoak (DKBA) eta Nazio Askapenerako Karen Armadak 2010. urtean su-etena sinatu ostean, bat eginik borrokatzen dute Paa Loo fronteko zonaldean, Birmaniako Junta Militarraren aurka. Minaz josia dago eta frankotiratzaileak edonon daude. Han ezagutu nuen Moe Thee Zum, Birmaniako Ikasle Demokratikoen Fronteko buruzagia –1988ko Rangooneko liskarren ondoren sortutako gerrilla–: “Gerra hau oso ankerra da. Hildako asko jasan ditugu zonaldean, azken urteotan. Nire anaia bat hemen hil zuten, bere gorpua lurperatzeko tokirik ere ez dugu eta erre egin behar ditugu toki segururen batean. Hilobi batzuk badauzkagu, baina etsaia iritsi bezain pronto suntsitu egiten dituzte eta barruan dauden gorpuak bistaratu. DKBA gerrillakoek ere hori egiten zuten, orain aldiz lagunak ditugu, baina ez naiz haiez fio. Ni budista naiz, baina ez naiz inoiz DKBAkoa izango, interes propioengatik bakarrik egiten dute borroka, ez karen tribukoen interesen alde”.

Fronte batean gosaltzea gauza zaila da. Bake unea izaten da normalean gosaltzeko momentua, han aldiz, ezin genuen burua lurretik asko altxatu, frankotiratzaileek ikus ez gintzaten. “Gutun hau emango dizut, gure hizkuntzan idatzi dut. Inoiz gure lurraldean arazorik baduzu erakutsi eta laguna zarela ikusiko dute. Ea beste batean ikusteko aukerarik dugun”, agurtu ninduen Moe Khoo Took, oihanean bizkartzain izan nuen soldaduak. Gainean neraman metalezko lepoko merkea oparitu nion, ez bainuen ezer gehiagorik nire esker ona adierazteko, eta oihaneko bere postura itzuli zen. Handik hilabetera, Euskal Herrian, ordenagailua piztu eta Phee Twee karenaren mezua ikusi nuen postontzian: “Junta militarraren soldaduek Moe Khoo Too erail zuten pasa den astean. Erreta agertu zen gorpua. Zuk oparitutako lepokoa zuelako ezagutu ahal izan genuen. Mila esker gure gatazka ezagutarazteko egin duzun lanagatik. Zure lagun Phee Twe”.

MUNDUKO GERRILLARIK ZAHARRENA

Nazio Askapenerako Karen Armada (KNLA) munduan dagoen gerrillarik zaharrena da. 1946. urtean sortu zen eta 1947az geroztik borrokan dihardu Birmaniako Junta Militarraren aurka. 2009an 6.500 soldadu inguru zituzten –zaila da egiaztatzea, baina hori da erabiltzen den kopurua–. Karen lurraldearen independentzia aldarrikatzen dute, Birmania hegoaldean. Lurralde honek Thailandia eta Birmaniarekin egiten du muga eta baliabide natural ugariko zonaldea da, zafiroa, petrolioa, gasa, egurra eta ikatza tartean.

Arlo politikoan diharduen talde bat ere badu, Karen Nazio Batasasuna (KNU). Birmaniako diktadura militarra dela-eta, Thailandiako Mae Sot herrian egiten ditu agerraldiak. Hain zuzen, karen tribuko gehienak Thailandiako errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira –Mae La eta Nuh Poh kanpamentuetan gehienbat–. Junta militarraren aurka borrokatzen diren soldadu asko ere Thailandian bizi dira, borrokatzera ezkutuan mugaz bestaldera joaten badira ere. Halere, bada oraindik karen lurraldean bizi den familiarik. Gatazka baten erdian bizi diren arren, euren eskola eta ospitaleak dituzte.

KNLAk historia gorabeheratsua izan du. Ahultasun unerik handiena 1994ko azaroan jasan zuen. Urte horretan, KNLAko kide batzuek Karen Armada Budista Demokratikoa sortu zuten (DKBA), gerrilla kristau ebanjelistek gobernatzen zutela argudiatuta –budista da karen populazioaren gehiengoa–. Monje budistek gidatu zuten gerrilla berria eta sortu bezain pronto Birmaniako Junta Militarrarekin su-etena sinatu zuten. Bizpahiru hilabetetara, DKBA eta KNLA borrokan hasi ziren euren artean –DKBA Birmaniako Junta Militarraren laguntzaz–. Borroka horiek zirela-eta, KNLAk kontrolatutako hainbat oihaneko hiri galdu zituzten, esaterako Kawmoora, Imawaddy eta Myawaddy. Thailandian dauden errefuxiatu kanpamentuetan ere liskar ugari jazo zen.

Gaur egungo Birmanian hainbat etnia bizi dira, Kachin, Karenni eta Shan-ak kasu. Talde etniko bakoitzak du bere talde armatua. 2010. urteaz geroztik, gerrilla horietako gehienak batu egin dira Fronte Komuna deritzon taldean –baita DKBA eta KNLA ere–. Fronte Komun horretako liderretako bat da Moe Thee Zun. Gaur egun, ia egunero batzen edo irteten da gerrilla bat Fronte Nazionalera, eta talde disidenteak ere ia egunero sortzen dira. Horrek buruzagi politikoak adosteko eta ildo politiko jakinak bateratzeko zailtasunak ekartzen ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Thailandia
Gose greban hil da Thailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko thailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egun bete dituenean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten gatibu. Monarkiaren aurkako irainak egin izana egotzi zioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Net Hurbil: Thailandiako erregeak ez daki irribarre egiten
Sonthi Boonyaratglin jenerala ez da Thailandiak gobernuburu ezagutu duen estreinako militarra. Zibilek ez dute urte luzez irauten Bangkok-eko gobernuan; oraingoan hamar urte zeramatzaten aurreko kolpetik, eta berriro irailaren 19an militarrek moztu zuten esperimentua. 65 milioi... [+]

2011-11-08
500 pertsona inguru hil dira Thailandian euriteen ondorioz

Azken hamarkadetako eurite handiena ari da pairatzen Thailandia. Gobernuak zabaldutako datuen arabera, 500 pertsona inguru hil dira eta bi milioi pertsona inguruk kalteak izan dituzte euriteen ondorioz. Hamaika zonalde ebakuatu behar izan dituzte eta garraio publikoa ere... [+]


2006-10-22
Thailandiako erregeak ez daki irribarre egiten

“L’Etat, c’est moi” (Neu naiz Estatua) duela bi mende eta erdi esan bazuen Frantziako Louis XIV.ak, oraindik bere dotrinak baditu jarraitzaileak. Munduaren beste muturrean, Thailandian ezer ez ei da gertatzen erregearen agindurik gabe. Ezta militarren... [+]


Eguneraketa berriak daude