Sanferminetako prozesio eta dantza saioetan, Argia dantzari taldearen ikuskizunetan, Joxemiel Bidador Pastoralean eta Iruinkokoa euskal inauterian, Dantza filmean, aurresku ofizial garrantzitsuenetan, Interneteko dantza tutorialetan koronabirusaren berrogeialdian, sare sozialetan egunero… Aritz Ibañez dantzaria, kazetaria eta tradizioaren berritzaile nekaezina, eten gabe dabilen harria.
Aritz Ibañez Lusarreta (Iruñea, 1979)
Iruñeko Duguna Dantza Taldeko dantzaria eta hango arduraduna duela hamazazpi urte. Kazetaria da eta hainbat komunikabidetan aritu da lanean edota kolaboratzaile gisa (Dantzan.eus, Euskalerria Irratia, Gara, EITB, Berria…). Euskokultur Fundazioan egiten du lan testigantzak biltzen Nafarroako Unibertsitate Publikoak abiatutako Nafarroako Ondare Immaterialaren artxiboa hornitzeko.
Dantzazaletasuna etxetik datorkizu?
Baietz uste dut. Nire etxean dantzaririk ez zegoen, baina nire bi izeba Udal Dantzariekin jotzen zuen Xut fanfarre mitikoan zeuden, osaba bat udal bandako txistularia zen eta beste bat gaitaria erraldoien konpartsan. Ni dantzan hasi nintzen gurasoek udal ikastolako dantza klaseetan apuntatu nindutelako 11 urte nituela. Irakaslea Dugunakoa zen eta berak batzuei proposatu zigun dantza talde txikira sartzea.
Dantza taldeetan gero eta mutil gutxiago dago?
Bada paradoxa bat: dantza nesken alor bezala ikusi ohi da baina, aldi berean, dantza taldeen kudeaketa mutilen eskuetan izan da, batez ere. Gaur egun gertatzen ari dena da neskek berriz plaza hartu dutenean, eta urtetan zokoratuta egon ondoren bere tokia berreskuratzen hasi direnean, mutilak hasi direla dantzak uzten. Nonbait botere espazio horiek galdu dituztela sentitu dute. Hori herri batzuetan argi ikusi da. Neskak dantzan hasi eta handik bi edo hiru urtera mutilak kasik desagertu dira. Zorionez gure taldean ez da horrelakorik gertatu, hain modu nabarian ez behintzat. Txikien dantza taldea dugu 90eko hamarkadatik eta beti izan ditugu neskak eta mutilak nahiko modu orekatuan. Egun 50 dantzari gara, bi heren neska eta heren bat mutilak. Dena den proportzioa ez zaigu gehiegi axola, sortu ditugun dantza berri guztiak genero bereizketarik gabekoak baitira. Bestalde, iruditzen zait dantzarena oso esparru polita dela bizikidetasuna lantzeko eta penagarria da mutilak edo neskak desagertzea. Badirudi mutil batzuentzat gune bat ez dela interesgarria suertatzen zer diren edo nor diren erakusteko aukerarik ez badie ematen. Gu saiatu gara hori ekiditen, inertziak berez horretara eramaten zaituelako.
Noiz eta nola hasi zen Dugunaren transformazioa?
Gure inguruko beste talde batzuk egiten ari ziren bezala, 2007. urte inguruan gogoeta sakon bati heldu genion generoaren inguruan hala nola gure dantza taldearen funtzioari buruz. Guk egiten ahal genuen ekarpenaz egin nahi genuen hausnarketa. Esaten zen dantzaren mundua krisian zegoela, baina aldi berean ikusten zen inoiz baino dantzari gehiago zegoela taldeetan. Argi ikusi genuen dantza talde eredu zehatz bat zela krisian zegoena. Hango eta hemengo dantzak erreproduzitzen zituena modu fidelagoan edo ez horren fidel. Gu horietako talde bat ginen, horrek guztiak guretzat ez zuela zentzu handirik ikusi genuen eta, beraz, aldatu behar genuela. Garai hartan, gainera, ezagutu genuen Jesus Ramos Ortzadar taldeko kideak bere garaian Iruñeko dantzei buruz egin zuen lan mardula. XVI. mendetik XX.era arteko dantza ibilbidea aztertu eta ederki erakutsi zuen hemen izandako tradizio aberatsa. Eta hark Iruñeko Udalaren Dantza taldea, gure taldea alegia, kate luze horren azken kate-begi gisa kokatzen zuen. Hori jakitean leiho bat ireki zitzaigun eta, aldi berean, nolabaiteko ardura sentitu genuen. Bide luze baten kate-begia garela ulertuta, sentitu genuen gure hiria jarri behar genuela gure jardunaren erdigunean, gaur egungo Iruñean funtzio zehatz bat izanen zuten dantzak sortu behar genituela. Komunitate baten erreferentzia gisa balio zezaketen dantzak egin behar genituela. Hori dena oso modu irekian planteatu genuen eta gure baloreekin bat etorriko ziren dantzak, genero bereizketarik gabeko dantzak esate baterako, egiteari ekin genion.
Zenbat dantza berri egin duzue?
Iruñeko festa egutegiari begiratu eta jai garrantzitsuak hautatu genituen dantza berriak sortzeko. Hamabi urte kosta zaigu gure errepertorioa berritzea eta oraindik ez dugu amaitu, baina dagoeneko baditugu San Fermin Aldapakoaren Ezpata dantza, San Blas eta San Juan eta baita Batasunaren Pribilegioaren egunean dantzatzen ditugun soka dantzak, Sanferminetako zazpi trokeo dantza eta Euskarak 365 egun ekimenerako egin genuen soka dantza. Alde erritualaz gain alde soziala ere oso garrantzitsua da gure ustez. Izan ere, Karrikadantza, hilean behin egiten den dantza topaketa irekia, gure musika taldetik sortu zen. Modu berean, iaz sortu zen Iruinkokoa Iruñeko Euskal Inauterian ere oso sartuta gabiltza beste elkarte batzuekin, dantza taldeekin, Antzerki Eskolako ikasleekin, gaztetxeetako jendearekin eta musikari askorekin batera.
“Askotan tradizioa gauza atzerakoiekin lotzen da eta konnotazio txar horiek helburu politiko bat dute. Euskal tradizioez maiz modu negatiboan hitz egiten da euskalduntasunari kalte egiteko”
Oso harrera ona izan du libertimendu honek, ezta?
Iaz, lehen aldiz egin genuenean, suizidio moduko bat izan zen, ez genekielako oso argi zer emanen zuen, baina egia esan oso pozik gaude emaitzarekin, batez ere gazteen parte hartzea oso handia delako, eta aldi berean, hainbat alor eta belaunalditako jende asko egon delako lanean. Libertimendua dela esan daiteke libertitzen garelako, moldeak Iparraldeko inauterietako antzezlanen antzekoak dira, baina Iruñera egokituak. Esaterako, jazz musika lantzen duen Ion Celestinok atondu ditu dantzetarako musikak. Helburu garrantzitsuenetakoa da gazteei plaza bat ematea, gazteak beraiek izan daitezela kontatuko denaren sortzaile.
Gure ustez oso garrantzitsua da euskarari esparru elebakarrak ematea eta horrez gain, Iruñeko euskal komunitate sakabanatuaren kideen arteko elkargunerako ere oso baliogarria izan da ekimen hau.
Ohiko dantzak ere eskaintzen dituzue zuen emanaldietan?
Poliki-poliki sortu dugu gure errepertorio propioa eta gaur egun hori da gehienbat dantzatzen duguna. Beste dantza batzuk entseatzen segitzen dugu gorputza lantzeko, erreminta gisa interesgarriak iruditzen zaizkigulako eta plazan ere tarteka eskaintzen ditugulako, baina adibidez, genero aldetik arazoak sortzen dizkiguten dantzak ez ditugu ematen. Bikoteko dantza batzuk, edo Nafarroa Behereko kontradantzak, esate baterako, iruditzen zait heteronormaren arabera sortuak direla eta horregatik momentu honetan ez zaizkigu eroso gure filosofian. Hor gogoetarako gaia badagoela uste dut.
Zenbait tokitan batzuei zaila suertatzen ari zaie aldaketak onartzea, tradizioari traizio egitea bailitzan…
Niri tradizioa ulertzeko modu desegokia iruditzen zait. Euskal esaerak dio, dabilen harriari goroldiorik ez... Niretzat tradizioak daukan ezaugarri nagusia da garai bakoitzari egokitzeko daukan gaitasuna. Egokitzen ez bada ez da tradizioa, zuri beltzezko argazki hutsa baizik. Erritoek momentu bakoitzeko gizartearen baloreekin bat egin behar dute, bestela gizartearekiko deskonexioa gertatzen da eta ondoren desagerpena.
Baina tradizioa eta tradizionala ez dira oso modako kontzeptuak, ezta?
Askotan tradizioa gauza atzerakoiekin lotzen da eta konnotazio txar horiek helburu politiko bat dute. Euskal tradizioez maiz modu negatiboan hitz egiten da euskalduntasunari kalte egiteko. Ni ez nago ados. Niretzako tradizioa etengabe berritzen den zerbait da, aurrera begira mugitzen den zerbait. Oteizak zioen bezala, tradizioa traineru moduko bat da: atzera begira baina aurrera mugitzen den zerbait. Gure erronka da errito zaharrak berritzea, gure iruditeria berritzea, komunitatea sendotzeko helburuarekin. Horrela begiratuta, tradizioa ekimen iraultzaile bat izan daiteke.
Agian hasi beharko dugu esaten dantza garaikide eta urbanoa egiten dugula. Eta egia da: garaikidea, azken urteotan sortutako dantzak egiten ditugulako, eta urbanoa hiriko kaleetan dantzatzen dugulako. Gu XXI. mendeko dantzariak gara, lehenagotik datorren dantza ibilbidearen kate-begi berriak. Euskal kultura aspaldiko gauza zaharruno bezala ikusten badugu, mespretxua baino ez dugu lortuko.
"Dantza garaikide eta urbanoa egiten dugu. Garaikidea, azken urteotan sortutako dantzak egiten ditugulako, eta urbanoa hiriko kaleetan dantzatzen dugulako"
Nola egiten dira dantza berriak?
2007an elkarlanean hasi ginen Argia Dantzari Taldearekin, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregirekin. Haiek ‘Axuri beltza’ dantza bersortu zuten, adibidez. Elkarlan hau mugarria izan da gure ibilbidean.
Gure aurrekoak nola jardun diren ezagutu eta hortik abiatu gauza berriak sortzeko. Eta hori da, funtsean, haiengandik ikasi duguna. Hizkuntzarekin alderaketa eginen bagenu, esan daiteke dantzaren tradiziotik hitz solte batzuk baizik ez zaizkigula iritsi, eta gramatika osoago bat faltan dugula. Argiako lagunek gramatika hori erakutsi digute. Orain lehenagoko hitzak ulertu ez ezik, hitz berriak ere sortzeko gaitasuna dugu. Mintzatzeko, alegia. Eta berdin beste kulturetako dantza baliabideak, jantzi, koreografiak… ezagutu, ikusi eta gurera ekartzeko askatasuna ere badugula sentitzen dugu. Joxemiel Bidadorrek zioen dantzan dena asmatua zegoela, kontua dela nola ordenatzen dituzun dauzkazun osagaiak. Lan egiteko molde horri “ontsa plagiatzeko metodoa” deitu dio Oier Araolazak, [Bernardo] Atxaga parafraseatuz, eta oso definizio umoretsu eta egokia iruditzen zait.
Zergatik sartzen dira gazteak dantza taldeetara gaur egun?
Argi dago zerbait ateratzen diotela, bestela ez ziren etorriko. Niretzat gaur egungo zurrunbilo hauetan entseguetara joatea oasi moduko bat da. Izerdia bota, irriak egin lagunekin, dantzatu… Lehengo egunean Itsaso Agirre lagunak aipu bat erakutsi zidan: dantza dela helburu eta erabilgarritasun kapitalistarik gabe mugitzea. Eta oso polita iruditu zitzaidan. Kapitalismoaren kontrako botika izan daiteke dantza. Jendeak hartzen du beretako denbora bezala, bere komunitateko jendearekin partekatua, gainera. Dantza taldea esparru berezia da. Gurasoek seme-alabentzako ongi ikusten duten lagunartea eta gazteentzat askatasun eremua.
Gazteak identifikatuta sentitzen badira, dantzak jarraipena izanen du. Erritutik komunitatea sortzen da eta komunitatetik erritu berriak.
Harremanetan zaudete Euskal Herriko beste dantza talde batzuekin?
Bai. Donostiako Argia taldean ere aritzen naiz dantzan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako eta Andoaingo Santa Kruzeko ezpata-dantzarien kofradiako kide ere banaiz, ohore handiz.
Martin Zalakain ikuskizunean elkarrekin aritzen gara Eibar, Elgoibar, Biarritz, Donostia, Portugaleteko... hainbat taldetako kideak eta hilero biltzen gara. Sare handi bat ehundu dugu azken urteotan.
Zergatik izan da horren korapilatsua Duguna taldearen azken urteotako historia?
Dantza Taldea Iruñeko Udalak sortu zuen 1949an eta ekitaldi ofizialetan udalbatza laguntzea zen bere eginkizun nagusia. 1978an taldeak erabaki zuen bandelariak Iruñeko eta dantza taldearen banderez gain, Nafarroakoa eta ikurrina ere eramango zituela. Hasierako urteetan ez zen arazo handirik izan, baina PSN sartu zenean hasi zen esaten hori beste erkidego bateko bandera zela eta 87an, UPN sartu zenean, udalak esan zion taldeari ikurrina ez ateratzeko. Dantzariekin akordiorik ez eta udalak “inexistente” deklaratu zuen taldea. Taldea elkarte independente gisa antolatu zen orduan, 1951n egin zuten ikuskizun baten izena hartuz, Duguna, alegia.
Nahiko traumatikoa izan zen taldearentzat. Kale gorrian gelditu zen eta 1996ra arte dantzariek Sanferminetan dantzatzen zuten, baina beren kabuz, ez modu ofizialen. 1996an [Jose Javier] Chourraut alkateak berreskuratu nahi izan zuen lehenagoko ohitura eta azkenean banderarik gabe ateratzeko akordioa sinatu zuten. Kritika gogorrak jaso zituen taldeak. Urte latzak izan ziren eta niretzat pertsonalki ere bai. Energia pila galdu genuen horrekin, orain beste gauza batzuetara bideratzen duguna. Guk beti izan dugu garbi zer garen eta nor ordezkatzen dugun. Gainera, esanen nuke azken hamar urteotan bere onera etorri dela afera.
Gaur egun zer harreman mota duzue udalarekin?
Orain udalak zerbitzu guztiak externalizatuak ditu: txistulariak, gaita jotzaileak, konpartsa, Pamplonesa eta dantza taldea. Urte batzuetarako kontratua dugu sinatua eta soilik taldearen bandera ateratzen dugu.
Zeintzuk dira orain zuen erronkak?
Abuztuan Boisen eginen den jaialdira joateko hautatu gaituzte eta orain diru bilketa egiten ari gara bidaia antolatzeko, bertan behera gelditzen ez bada. Erakutsi nahi dugu zein izan den gure azken urteotako lana, lehen aipatutako dantza-gramatika horretan oinarrituz, gure buruak ordezkatuko dituzten dantza-erritual berriak sor daitezkeela.
"Niretzat tradizioak daukan ezaugarri nagusia da garai bakoitzari egokitzeko daukan gaitasuna. Egokitzen ez bada ez da tradizioa, zuri beltzezko argazki hutsa baizik"
Dantza gure gorputzarekin berradiskidetzeko aukera bat izan daiteke?
Zalantzarik gabe. Ez gara kontziente dantzarekin zer altxor dugun. Gaur egun balio handia ematen zaio jendearen osasun fisiko eta mentala mantentzeari eta guk hemen baditugu gorputza mugimenduan eta burua erne izateko aproposak diren dantza-jauziak, adibidez. Eta gainera, dantzatzeak komunitate bateko kide sentiarazten dizu eta sortzen duen plazera bikaina da endorfinak sortzeko.
Dantzariaz gain, kazetaria ere bazara. Zertan ari zara zehazki?
NUP Nafarroako ondare ez materailaren artxiboa egiten ari da eta haiekin elkarlanean, Euskokultur Fundazioan, Nafarroako herrietan XX. mende hasieratik nola bizi izan den erakusten duten lekukotasunak biltzen ari gara.
Pertsonalki adineko jendearekin hitz egin eta haien baloreak eta bizi moldeak ezagutzea oso aberasgarria iruditzen zait. Oso goxoa da jendearekin hitz egitea eta ikasten duzu berritasuna, berez, ez dela on soilik berritasuna izateagatik.
Tradizioa memoria kolektibo gisa
“Tradizioa definitzeko beste modu bat izan daiteke memoria kolektibo gisa. Gure komunitateak baino indar handiagoa duten beste batzuek maiz esaten digute gure komunitatea zaharkituta dagoela, tradizionala eta atzerakoia dela eta konplexu hori barneratu dugu. Horregatik iruditzen zait gehiegitan ibiltzen garela hemendik kanpo homologazio bila”.
Aurreskuak
“Berez dantza ekintza komunitarioa da, beste gauza bat da zer bilakatu dugun. Adibide garbiena aurreskua da. Hau komunitatean sartzeko gonbitea da. Soka bereko kide izateko gonbitea egiten zaio omenduari. Etimologikoki aurresku da aurreneko eskua, lehenengoa, horrek esan nahi du beste esku batzuk ere badirela. Eta gaur egun ez da horrela egiten. Norbaiti dantzatzen zaion zerbait da, opari bat, besterik ez. Hamarnaka dantzatu izan ditut nik. Gehiegi. Dantzatu ditudan batzuk ez nituela dantzatu behar izan uste dut. Iruditzen zait eredu atletikoa eta pertsonalizatua elikatzen ari garela”.
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]
Baztango herrietako festetan Mutil-dantza parekideak egitea “mugarri garrantzitsu bat gainditzea” dela adierazi du Plazara Dantzara taldeak. Hala ere, azpimarratu du dena ez dagoela “irabazita” eta oraindik “bide luzea” dutela egiteko.
Azaroaren 4ean euskalgintzak deitutako manifestazioa eginen da Bilbon, 17:00etatik aitzina, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean. Manifestazio jendetsua izatea espero da eta bukaeran, bestelako esku-hartzeekin batera, soka-dantzan aritzera... [+]