Joan den astean, Lola Esquivel González eta Marlen Sánchez Calero nekazari nikaraguarrek eta Ana María Quinteros Calles baserritar salvadortarrak Euskal Herrira bidaiatu zuten. Leioan, Donostian, Irunen, Bilbon eta Erronkarin egon ziren ekonomia feminista, baserritar eta herrikoiari buruzko esperientziak partekatu eta daukagun sistema finantzarioa hankaz gora jartzeko.
Urriaren 8an, errealitate eta testuinguru anitzetako emakumeak eseri ziren mahaiaren inguruan, “Feminismo baserritar eta herrikoia, finantza etikoak eta ekonomia feminista” lelopean, egungo sistema kapitalista patriarkalaren aurrean bultzatzen dituzten alternatibak azaldu eta hausnartzeko. Donostiako Emakumeen Etxean izan zen mahai-ingurua, Finantzaz Haratago, Elkarcredit eta Mundubat erakundeek antolatuta.
Euskal Herriko ikuspegia emateko, Mundubat Fundazioko ekonomia feminista alorrean aditua den Josefina Roco Sanfilippo eta REAS Euskadiko Zaloa Pérez ere izan ziren bertan. Josefina Rocok “Kapitalismoak ez du funtzionatzen, bizitza beste zerbait da” esaldiaren argazki batekin apaindu zuen Emakumeen Etxea, hori baitzen mahai-inguruaren tesi nagusia.
Ideiak antolatu eta bateratzeko, Mugarik Gabeko Ekonomialariak erakundeko kide den Irati Cifuentes Axpek gidatu zuen ekitaldia. “Sistema patriarkal eta kapitalista behin eta berriz erabiltzen dugu hausnarketarik egin gabe”, hasi zuen Cifuentesek ekitaldia: “Feminismotik alternatibak eraikitzea ezinbestekoa da eta horregatik gaude gaur hemen, alternatibak badaudela erakusteko”.
Finantzak ez dira zientzia zehatzak
Mahai-inguruko aditu guztiak ados zeuden; daukagun sistema finantzarioak ikuspegi ‘maskulinoa’ du. “Daukagun sistema finantzario eta ekonomikoa arrazionala eta objektiboa dela saldu digute”, azaldu zuen Zaloa Perezek, “baina mundua kudeatzeko dugun eredua ez da jasangarria ezta erreala ere”.
“Natura eta zaintzekin zerikusia duten ideiak ‘femeninotzat’ jotzen dira eta aurrerapena, produktibitatea eta erabilgarritasuna ‘maskulinotzat’”, azpimarratu zuen REASeko kideak. “Balio maskulino edota patriarkaletan oinarritutako kudeaketa-kultura hori aldatu behar dugu eta bizitzari balio gehiago eman”.
Irati Cifuentesek sistema horretan trabatuta gaudela adierazi zuen, eta erakundeek egoera hori ezer gutxi egiten dutela esan zuen ere: “Gaur egun Espainiar Estatuak duen Hezkuntza Finantzario Planak ez du zalantzan jartzen daukagun sistema finantzarioa. Banketxeak gonbidatzen dizute ikastetxe eta institutuetara sistema finantzarioak nola funtzionatzen duen azaltzeko, egia absolutua balitz bezala”.
Eredu maskulino eta femeninoez ari zirenean, Josefina Rocok xehetasun garrantzitsu bat aipatu zuen: “Emakumeok kudeatutako negozio batek ez du esan nahi ekimen emantzipatzailea denik.” Argi utzi zuen emakume askok ere ikuspegi maskulinoa geureganatu dugula zeregin ekonomikoetan: “Helburu garrantzitsuena ‘Aurrerapena’ dela uste dugu, kontsumoa ongizatearen isla dela eta boterea ezinbestekoa dela”.
Objektiboa al da, baina, produktibitatearen garrantzia? Ekonomia feministak baieztapen hori zalantzan jartzen du: “Ezin diogu guztiari prezioa jarri, kapitalismoak alfonbrapean uzten duena ere garrantzitsua da, denak ez luke balio monetarioa izan beharko”, salatu zuen Rocok: “Zaintzarik gabe bizitza ezin da eutsi”.
Erdialdeko Amerikako feministek badute zer irakatsi
Gaur egun daukagun sistema finantzarioak ez du tokirik uzten konfiantzarako. Mailegu bat eskatzeko, ezinbestekoa da abal bat aurkeztea. Inolako etekin monetariorik ez badago medio, zentzugabekeriatzat jotzen du sistemak ekintza hori. Horregatik, mailegua onartzen badigute ere, interesak jartzen dizkigute.
Lola Esquivel nikaraguarrak, ordea, beste ereduak sortzea posible dela erakutsi zuen. Gloria Quintanilla kooperatibako kidea da Esquivel, eta sortu zenetik da partaide: “Lanean hasi ginenean, Santa Julia komunitateko emakumeok bertako lurren %17aren jabetza besterik ez genuen. Gizonekin batera geunden antolakuntza espazioetan, baina gutako batzuk kudeaketa eredu ‘maskulinoa’ zalantzan jartzen hasi ginen. Orduan, proposamen bat ekarri genuen espazio horietara: txandakako funtsa.”
Txandakako funtsaren planteamendua honakoa zen: Partaide bakoitzak diru kantitate zehatz bat eman behar zuen astean, eta bildutako diru guzti hori maileguan eska zezakeen behar zuen edonorrek, oso interes baxu baten truke. Interesen dirua kooperatiban inbertitzeko erabiliko zuten: landa-tresnak erosteko, tailerrak egiteko, eta abar.
“Gizonek erotzat hartu gintuzten”, zioen Lolak bihurri: “Zera galdetzen ziguten: ‘Zuen artean fidatuko zarete, inolako bermerik gabe? Eta norbaitek dirua itzultzen ez badu, zer?’ Orduan jakin genuen guk finantzak ulertzeko beste ikuspegi bat genuela, eta beste mundu bat posible zela sinetsi genuen lehenengoz”.
Emakume gutxi batzuek eredu hori martxan jarri zutenean, erokeriatzat jo zuten gizonek ere interesen irabazien zati bat norberaren zaintzarako erabiltzea. Minbizi zerbikala detektatzeko edota hortzen errebisioa egiteko medikuntza jardunaldiak antolatzen hasi ziren diru horrekin, baita ileapaindegi saioak finantzatu ere.
Gaur egun, berrogei emakume biltzen dira igandero dirua biltzeko, maileguak emateko eta jasotzeko, eta taldean erabakiak hartzeko. “Horren ondo funtzionatu duenez, gizonak ere gerturatu zaizkigu parte hartzeko gogoekin”, zioen Esquivelek, harro. Maileguak ematen dizkiete, interes altuago batekin, ez direlako kooperatibako kideak.
Hasieran mesfidantzaz ikusten zuten horiek berak dira orain mailegu eske ari direnak, baina egoera horretara iristeko bidea ez da erraza izan. “Sugandilen antzera sartu behar izan gara nekazarien borrokan eta orain emakumeok gure komunitatearen lurren %60aren jabetza dugu”, aipatu zuen nikaraguarrak.
Marlen Sanchez Nikaraguako Landa Aldeko Langileen Elkarteko kidea da, eta emakumeentzako formazioen antolakuntzan parte hartzen du. “Emakume baserritarrentzako eskolak antolatzen ditugu, duintasunez lan egin dezaten”, zioen Sanchezek: “ez da erraza sistema patriarkal honen barruan aldaketak gauzatzea”.
Nekazariaren hitzetan, “emakume nekazariok lurra, ura eta baldintza duinak eskura ditzaten borrokatzen dugu, eta errealitate eta behar horretatik sortu genuen feminismo baserritar eta herrikoiaren kontzeptua. Borroka horretan, gizon eta emakume, denok egin behar diogu aurre zapaltzen gaituen sistemari, patriarkatuari eta kapitalismoari”.
Hala ere, Sanchezek nekazarien erakundeetan dagoen ezberdinkeria salatu zuen: “Teorian, elkarteko kide guztiak daude ados genero berdintasunarekin, baina praktikan ez duzu konbentzimendu hori ikusten. Bikote asko daude nekazarien erakundeetan eta, bilerak daudenean, gizonak bakarrik agertzen dira askotan, emakumeak haurrak zaintzen geratu behar direlako”.
Ana Maria Quinteros El Salvadorreko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Elkarte Nazionaleko kidea da. Nikaraguarren antzera, disparekotasuna salatu zuen: “Nekazarien egoera zaurgarria da oso, baina are larriagoa da emakume nekazariena”. Quinterosek landa aldeko emakumeen eskubideak bermatzeko lanaren balioa goraipatu zuen ere: “Egiten duguna oso zaila da, diruaren eta merkatuen inguruan pibotatzen duen mundu batean ur-lasterraren kontra doa”.
“Emakumeentzako soilik ziren ekintzak antolatzen hasi ginenean, elkarteko gizonak kexaka etorri zitzaizkigun azalpenak eskatuz”, zioen salvadortarrak. “Guk argi eta garbi azaldu genien arrazoia: elkarteko gainontzeko espazio guztiak gizonentzako dira, hala ez badiote ere”.
Euren hitzak entzun ondoren, Irati Cifuentesek esperientzia horiek Euskal Herrian zabaltzearen garrantzia aipatu zuen: “Erdialdeko Amerikako adituek aipatu dizkiguten eredu hauek hezkuntza eremura eraman behar ditugu, finantza sistemaren antolakuntzarako alternatibak badaudela erakusteko. Krisi ekonomikoa sortu zutenen esku badago datozen belaunaldien hezkuntza finantzarioa, ezingo gara inoiz sistema honetatik irten”.
“Norberak bere lubakitik borrokatu dezala”
Itxuraz, emakume oso ezberdinak bildu ziren mahai-inguruan: gazteak eta helduak, kontinente honetakoak eta hartakoak, landa eremukoak eta hiriguneetakoak… Hala eta guztiz ere, denak zeuden ados gainontzekoek esandakoarekin eta antzekotasunak topatu zituzten kontakizun askotan.
Josefina Rocoren hitzetan, “ez da kasualitatea egoera amankomunak izatea, testuinguru ezberdinak baditugu ere; era batean ala bestean, heteropatriarkatu honek denok zapaltzen gaitu”. Marlen Sanchezek nazioarteko elkartasunerako deia egin zuen hori entzutean: “Internazionalismoa gakoa da borroka feministan; zure zapalkuntza nire sentitu behar dut eta zuk nirea barneratu behar duzu”.
Antzekotasunen harira, Josefina Rocok ondoko adierazpena egin zuen: “Mugimendu feministan lan egiten duzunean, edonon zaudela ere, maiz entzuten duzu honako esaldia: ‘Zoriontsuagoa nintzen gauzez konturatzen ez nintzenean’”. Denak barrezka hasi ziren baiezkoa ematen buruarekin.
“Norberak bere lubakia eraiki behar du, bere testuinguruaren arabera, baina guda berean gaude eta helburu berdina dugu: berdintasuna”, laburbildu zuen Lola Esquivelek mahai-inguruaren amaieran.
Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.
Ekonomia feminista izan dugu gaur hizpide Lanaren Ekonomia saioan, Bilbo Hiria, El Salto Radio, ARGIA eta Hordagon arteko elkarlanean.
"Emakume etorkinen zor amaiezina: nazioaz gaindiko begirada Euskal Herritik, pandemiaren ondorengo munduan" ikerketa aurkeztu du Silvia Carrizo Fernandezek oraintsu. Lanak emakume migranteen zorra du ikergai; arlo ekonomikoan ez ezik, migratu beharrak emakumeei arlo... [+]
Galdera bera probokatzailea da. Kontabilitatea modu zurrunean ikasi duen honi (neroni) gehiago jakiteko gogoa sartu zitzaion galdera entzun bezain pronto. Kontabilitate finantzarioaren inguruan hausnarketa kritikoa egiteko bide eman zidan Donostiako Ekonomia eta Enpresa... [+]
Ara!Gorputz elkarteko kidea da Ione Fernandez Zabaleta (Irun, 1991), eta Mundu Bat gobernuz kanpoko erakundearekin batera euskara hutsezko lehen Ekonomia Eskola Feministaren arduradunetariko bat da. Metodologia eta teoria guztia erdaraz dituen ikasketa prozesu hau lehen aldiz... [+]
2021eko urtarriletik hasita, Espainiar Estatuan haur bat jaiotzen denean, guraso bakoitzak hamasei asteko lan baimena du, luzera berdinekoa eta besterenezina. Haatik, Eusko Jaurlaritzak 2019ko azarotik diru laguntza baten bidez berdindu zituen baimenak. Genero berdintasunaren... [+]
Pandemiari aurre egiten jarraitzeko, gure erronka nagusia izan behar da bizitza zaintzen duten eremu eta jarduerak indartzea, ondorio sozial latzak borrokatzeko.
Lehengo sistema bidegabe eta jasangaitzera itzuli nahi dugu ala apustu irmoa egin nahi dugu beste eredu baterako trantsizioaren alde, adibidez ekonomia solidarioak eta gizarte-mugimendu eraldatzaileek proposatzen digutenaren alde?
Merkatua edo bizitza? ez da edonolako galdera. Horri bueltaka aritu ziren Amaia Perez de Orozko ekonomilari feminista eta Silvia Piris Lekuona ikertzailea eta feminista Ondarroako Etxelila Emakumeen Topalekuan. Colectiva XXK. Feminismos, pensamiento y acción izeneko... [+]
Jane Wildek 19 urte zituela ezagutu zuen Stephen Hawking. Ordurako bi urteko bizi-itxaropena diagnostikatu zioten Hawkingi. Halere, Wildek 25 urtez zaindu zituen zientzialaria eta elkarrekin izan zituzten hiru umeak. Gizona XX. mendeko astrofisikorik ezagunena bilakatu zen eta... [+]
Soldataren eta lanaren eremuko genero arrakalaren ebidentziak nolabaiteko presentzia mediatikoa eta soziala lortu du azkenaldian. INEren arabera (Espainiako Estatistika Institutua) aldi baterako kontratuen ia hiru laurdenak emakumeek betetzen dute Espainiako Estatuan. Halaber,... [+]
Beatriz Artolazabalek titular batzuk lortu zituen duela hilabete batzuk, adierazi zuenean Diru Sarrerak Bermatzeko Errentatik (DSBE) hilean kobratzen diren 650 euroak nahikoa direla bizitza duina edukitzeko.