“Kantuen ikastez hasi nintzen euskara ikasten”

  • 1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen transmisore dela sentitzen du eta horretarako maite du inguruan gertatzen dena adi-adi entzutea.


2025eko apirilaren 24an - 10:21
Maddi Oihenart La Sinsorgan Garazi Basterretxea Barea

Ostiral goiz euritsu batean elkartu ginen Maddi Oihenartekin, Loraldia festibalean Ihitz Iriart, Beñat Achiary, Julen Achiary, Mixel Etxekopar eta Jordi Cassgnerekin batera plazaratutako Xiberoa Kantuz Loraturik emanaldiaren biharamunean. La Sinsorgak goxo aterpetu gintuen. “Ez naiz hitzekin trebea”, esan zidan hasi aurretik, barre urduri artean. Erosoago sentitzen da entzuten hitz egiten baino, eta, kantuan ari denean, nahiago du mendian edo entzuleekiko parez-pare egon, oholtza gainean baino. Ez zaio erraza jendearen aurrean kantatzea, baina, kontzertuen aurreko egunetan gorputza dardarka izaten duen arren, uste du bera baino handiagoa den zerbait dela kantua eta on egiten dio ahotsa bere gorputzaz gain atera eta jendearekin partekatzeak: “Ene mugak gainditu beharra da”. Sentitzen du naturak kantak eraldatzen dituela eta bere ahotsaren bidez aurrekoen ahotsak entzunarazten direla. Kantatzeak euskara ekarri zion Maddi Oihenarti eta 17 urterekin lagun batzuen bidez Xiberoako kantagintza ezagutu zuenetik gaur arte Euskal Herriko hainbat bazterretan eduki izan dugu bere magiaz gozatzeko aukera. Lurralde zilarra diskoa argitaratu zuen 1997. urtean, eta 2015ean orain arteko azkena, Doi.

Arriagan ez ezik, Arraiz mendian ere entzun genuen Oihenart Palestinaren Mina emanaldian, Juantxo eta Miren Zeberiorekin batera. La Sinsorgan izandako solasaldian jasotako hitzen eta bigarren saio honen ondorengo egunetan trukatutako mezuen emaitza dira ondorengo lerroak.

Nondik jaso zenituen kantak?

Barkoxen sortu naiz, laborantza-etxe batean. Kanpoko lan gogorrak amaitu ondoren, etxera itzultzen ginen kotxean kantuz. 9 haurride gara eta guztiok kotxean kantuz joatean plazera sentitzen genuen. Orain beste ikuspegiz uste dut: eskertzeko bezala zela, alaitasuna, lana ontsa egindako eskerra. Irratian entzuten genituen kantak, ez batere euskal kantuak. Nire etxean ia ez zen euskaraz egiten. Aitañik eta amañik bai, baina oso gutti hitz egiten zuten hek.

Eta euskal kantak?

17 urte nituenean ezagutu nituen Xiberoko lagun batzuk. Hauekin biltzen ginen Atarratzen, ostatu batean. Ohartu nintzen kantatzen zutela orduak ta orduak segidan, denak euskaraz, eta nik ez nuen ezer ulertzen. Hasi nintzen haiekin kantatzen eta hor zerbait piztu zidaten, hasi nintzen euskara ikasten kantuen ikastez: Etxamendi-Larralde, Guk… Ni ez nintzen batere ohartzen ordu hartan, baina oso garrantzitsua izan zen. Aitak eta amak ez zuten askorik hitz egiten, mundu isil batean bizi ginen. Gero urte batzuetan ni oso gutti ateratzen nintzen, laborantzan beti lana bada. Urte batez kantu txapelketa antolatu zen eta norbaitek gure izenak eman zituen, broman bezala eta azkenean parte hartu genuen Altzaiko Batista Sobietekin, finalera joan ginen eta asko maite dudan kantua abestu genuen. Lagunak bere amamangadik ezagutu zuen kantu hau. Kantuak dio gizon batek axolarik gabe haurdun utzi zuela emakumea, bakarrik. Dirudi emazte batek idatzia zela, nahiz eta hala ez izan. Oso gutxi dira kantu zaharrak emazteek idatziak, non agertzen den beraien ikuspegia.

Hala ere, entzun izan dizugu esaten ez zarela kantari sentitzen. Zergatik?

Laborantza mundukoa naiz. Ez naiz profesionalki ari den kantaria. Urtetan oparia izan dut kulturgintzan gauza txiki batzuk egiteko. Eremua ireki dit eta gure gauzak pixka bat barnago ulertzen lagundu dit. Nik ez nuen pentsatu posible nuenik jendearen aitzinean kantatzea, hori gazte denboran ez nuen ezta pentsatzen ahal, oso ahalkorra nintzen, lotsatia. Beldurra nuen. Etxean ere ez zuten ongi ikusten nik kalean kantatzea, ez zen ohiturarik emazteentzako. Lagunekin hasi nintzen, ondoren, bakarrik gelditu nintzen, eta batzuek eskatu zidaten kantu bat egiteko. Biharramunean irratian pasa zuten kantu hau, haatik, gero kantatzeko eskatzen zidaten batzuek. Ni oso ezkorra nintzen, baina pixkanaka batek eta besteek bultzatu naute.

Zer ematen dizu abesteak?

Ttipi nintzenean marrazkiak egiten denbora pasatzen nuen eta hori ezabatu zidaten ozen. Beranduago kantua etorri da niregana agian horren gainditzeko. Zer ekartzen didan? Sendabide bat. Leiho bat, nere baitako ezezagunari. Espazioan kokatzen dit gorputza. Entzulearentzat ere hala izan daiteke, emozio batzuk pizten ditu gero denentzako baliagarri izan daitezkeenak. Idazlearen gogoetak, sinesmenak, erran beharrak denentzako bideratzen ditu, beharrezko baloreak argitzen ditu eta bide berriak idekitzen ditu. Azkenean bizia oso oparitsu gelditzen zait horren bidez, harreman oso onak egin ditut.

“Artzainek kantuaren bidez bat egiten zuten naturarekin, hor agerian ala gorderik diren gauzekin: arrokak, zuhaitzak, txoriak, haizea… Oso inportantea zen kantu modu hori”

2018ko urrian Arriaga Antzokiko Foyer aretoan Jérémie Garatekin batera egin zenuen emanaldian Xiberoako artzainen kantuak ere abestu zenituen. Zertan datza abesteko modu hori?

Kantu horiek Basaideak deitzen dira. Artzainek asmatzen zituzten melodiak dira, badirudi gutti iritsi direla gutaraino, baina bospasei badira ezagunak. Johañe Barcos artzainak erakutsi zizkigun. Ez dira asko kantu horien emaileak, bospasei pertsona baizik Xiberoan eta kanpoan beste zonbait. Adinekoek kontatzen digute artzainak usu bakarrik zirela mendian, etxetik eta bordaraino abereak sartzera joaten zirela kantuz iluntzean, eta bestaldeko menditik, artzain batek bazakiela erantzuna ematen. Barrutik pasa den energia bat hor ingurumenari itzultzen zioten. Artzainek kantuaren bidez bat egiten zuten naturarekin, hor agerian ala gorderik diren gauzekin: arrokak, zuhaitzak, txoriak, haizea… Oso inportantea zen kantu modu hori. Artzain asko bakarrik bizi ziren, ene ustez hori zen modu bat zutik ibiltzeko, segitzeko, osagarritsu, gune hortako naturaren parte izanez.

Zuk ere mendian abestu ohi duzu?

Bai, beti kanpoan kantatzen dut, ibiltzen joaten naiz, gure etxetik goi-eskualde batera igotzen naiz. Hor gunea irekia da eta hor bai botatzen ahal dut kantua. Pentsatzen dut ene gazte denborako gauza batekin lotura egiten duela, gure etxea hegi batean zen, espazio irekian, eta ahotsa joaten da zabalune hortara. Oihanetan ere asko gustatzen zait abestea, haizeak, txikitxoa izanik ere, eta naturak kantua aldatzen du. Behin joan ginen Basaide grabatzera Elsa izeneko filmegile batekin mendi batera. Hasi ginen grabatzen, gu bakarrik, isiltasuna, haize arin bat, kanta hasi eta sai batzuk, inguruan hegaz hasi ziren, bazekiten hor zerbait pasatzen zela. Amaitzean berriro joan ziren. Batzuetan gertatzen dira halakoak, uste dut dena lotua dela, uste dugun baino askoz gehiago.

Abesten hasi zinenean gizonek abesten zuten, batez ere, espazio publikoan. Zelan joan zinen abesti eta kantatzeko molde horiek zeure egiten?

Beti zalantzekin nabil. Gehienbat elizan dugu ikasi emakumeek ezin dutela gizonek bezala abestu. Ttipi nintzenean serorak geneuzkan gure herrian eta ez zuten onartzen. Nik beti maite nuen hirugarren ahots bat lortzea, etxean ere beti egin dut hori ene ahizpekin. Behin, adibidez, herriko festak ziren, ostatu luze bat arrabots handiarekin eta ezinezkoa zen han kantatzea, mikroan erran nuen ez nekiela zer egin, ezin zela ezer kantatu, zaratagatik. Batzuk hurbildu ziren eta bi kantu eman nituen. Hor baziren hiru edo lau adineko, nireganatu ziren eta esan zidaten: “Gure gazte denboran hola kantatzen zen”. Pixkanaka ene kantatzeko modua holan da sortu, kantu batzuk hautatuz eta gisa horrez emanez. Pertsonen erantzunak entzunez, konfiantza pixka bat hartu nuen. Nik ez dut inoiz dudarik ukan emakumeek kantatzen zutela, beti kantatu izan dutela, ez eszenatokietan, baizik etxeetan. Sü Azia elkartean lan bat hartu nuen eta kantari zaharrak elkarrizketatzen izan nintzen. Askok kantak amarengandik eta amamarengandik jaso zuten etxean. Haatik, gizonen botzak dira batez ere grabatuak eta, hortaz, horiek dira gureganatu direnak. Orain emakume asko daude Xiberoan kantuan oso ahots ederrekin, urtero ikusten da maskaradetan, pastoraletan. Badira emakume taldeak, Amaren alabak, adibidez. Horien aitzinetik bazen talde bat, Tehenta. Oso oso onak ziren, adiskide minak, beti elkarrekin eta botzak zinez armoniaz josiak.

“Nik ez dut inoiz dudarik ukan emakumeek kantatzen zutela, beti kantatu izan dutela, ez eszenatokietan, baizik etxeetan”

Behin kontatu zenidan noizbait gizonen batek esan izan dizula ez duzula ondo abesten.

Oraindik ere badira! Beti ikasi nahian nago, etengabe saiakerak egiten. Gaztetan ez nuen ikasteko aukera ukan. Behin ikastolako festa batean, adineko gizon kantari on batek esan zidan nire kantu moduarekin inoiz ez zekiela norantz nabilen. Berak sentitzen zuen ulertzen ez zuen zerbait, onartzen ez zuen zerbait, agian. Momentu berean ohartzen naiz gazte batzuek asko maite dutela modu hori, sentimenduak hor mugitzen zaizkielako. Azkeneko diskoa egin genuela, kritikari batek idatzi zuen ez zekiela “alaitasun gorde bat edo ubeltasun bat mugitzen zen” kantetan. Eta hori da, barrutik pasa den gauza bat, edonori hitz egiten diona. Xiberoko kantuan bada hori, badirudi desafinatzen dugula, beste emozio batzuk hunkitzen baititu horrek eta gaur egun hori desagertzen ari da.

Zenbateraino baldintzatzen zaituzte iruzkin edo begirada horiek?

Ni beti dudakor gelditzen naiz, baina beste batzuek sinesten dute, azkenean horrek indarra ematen dit. Jakina, nik bakarrik ez nuen inoiz ezer eginen, beti bestearekiko lana, bidea, dut maite. Gaztetan, lan egiten nengoenean abesten nuen, adibidez, gasnategi batean egunero hotz eta humedade artean egiten nuen lan, egunero nengoen kantuan a tope hor. Maite Idirin, Lourdes Iriondo, Estitxu eta horien kantuak irratian entzuten ziren ordu haietan. 1997an, 41 urterekin, Lurralde zilarra diska atera genuen Michel Etxekopar eta Mixel Arotzekin. Gero, Arbaila, Artze anaiekin eta Kent Karterrekin. Ondoren beste bizpahiru disko grabatu genuen Josetxo Goiarekin, ta gero Juantxo Zeberiorekin. Azken bat Jérémie Garat xiberotarrarekin. Aldi oro lagun horiek naute deitu, bultzatu, lagundu…

“Erreibindikazio baikorrak garrantzitsu dira, elkar ikuspegiak sortzeko mundu hobe baten amets”

Ikusiko dira berriz kanta oso ezagun egin zen Eusko Jaurlaritzako turismo kanpaina baterako hautatu eta telebistan agertu zenean. Zelan sortu zenuen abesti hori?

Kantu hori bitxia da. Bat-batean lana galdu nuen eta joan nintzen ikustera pertsona bat laguntza eske. Esan zidan: “Zuk aski duzu kantuz artzea”. Oso gaizki geratu nintzen. Kotxean nindoala: kantu hau sortu zen hor, etxerako bidean, Itxaro Bordaren poema optimista honekin. Pentsatu nuen onartu behar nuela, denek erraten baitzidaten hori. Ordu haietan esperantza ematen zidan kanta horrek, Itxaro oso argia da esan nahi duena esateko. Eta gaur egun ere gehiago abestu beharko genituzke holako kantak, beti. Erreibindikazio baikorrak garrantzitsu dira, elkar ikuspegiak sortzeko mundu hobe baten amets.

Azkenaldian ikusi zaitugu bai Urmugan bai Getxo Folk jaialdian Olaia Intziarterekin batera Lili bat abesten. Getxon Verde Prato batu zitzaizuen eta Urmugan Miren Narbaiza. Zelan bizi izan zenituen kontzertu horiek?

Laboaren kantu hau ere munduan zehar kantatu beharko litzatekeela uste dut, jendeak uler dezan elkar zaindu behar dugula. Oso zaindua sentitu nintzen emakume horien artean abesten. Getxon, adibidez, kontzertua aitzin ensaioa egin genuen, hogei bat musikari ginen orotara eta urduri nengoen. Aldagelan ginen hiru emakumeak, elkar oratu eta kantatzen hasi ginen, hirurak batera. Zorion momentu bat sortu zen hor, elkarrekin sentitzeko.

Erabiltzen dituzun letra asko Itxaro Bordak idatziak dira. Zer topatzen duzu bere hitzetan?

Xiberoan bizi izan da Itxaro. Ez du anitz hitz egiten, bainan asko behatzen du: ikusten eta sentitzen du. Bai guneak bai pertsonak. Hautatzen nituen neri hitz egiten zidaten poema batzuk, ez dut dena guztiz ulertzen, oso gutxi ibili naiz eskolan eta batzuetan zailtasunak ditut. Behin Euskal Herria Zuzenerako eskatu ziguten kantu bat emaiteko eta egun hartan hautatu nuen Itxarok idatzi poema bat non salatzen duen gure herri txikia izanki nola pairatzen ditugun hainbeste gauza. Bizitzen ditugun gauzei begira da, ea zer egin dezakegun hobetzeko, bakea lortzeko.

Leire Bilbaoren letrak ere izan zaizkizu inspirazio-iturri.

Ezkatak (2006) liburua erosi nuen eta bizpahiru poema hautatu nituen nire istorioa ere bazela uste nuelako. Hitz egiten zidaten bere testuek emazte bezala, nahiz eta beste emakume hori ez ezagutu eta adin-tartea izan gure artean. Oso hunkigarria izan zen enetako gauza horiek irakurtzea. Ezinen orekan poemak, adibidez, aipatzen du ttipiak ginenean jasotzen ditugun gauzek dituztela egiten gure bizirako bideak. Bere amaren usaina aipatzen du, beti itzultzen gara hastapen hortarat eta ustekabean seguru gure aitzinekoen bizitzarenganat ere bai. Ez dugu frogatzen ahal argiki, baina seguru hola dela. Testu hau oso unibertsala da ere, oso hunkigarria. Enetako eginda bezala sentitu nuen, asmo dituzun gauzetara heldu ezin duzula ikustea. Gereziondoak loretan poeman ikusten da zinez hunkitzen nauen gai bat: haur baten desterratzea. Esaten du bere haur negarra isilarazteko itzuli nahi dela herrirat.

“Kantatzean isiltasuna hautsten da, eta, aldi berean, kantak sortzeko isilik egoten eta entzuten jakitea garrantzitsua da”

Itxaro Bordak isiltzen dakiela esan duzu, eta berak idatzitako Agian kantan abesten duzu, “isiltasuna maitasuna da”. Baina Atahualpa Yupankiren Le tengo rabia al silencio ere kantatu zenuen Getxoko Azebarri kulturgunean, eta Arraitz mendian Mahmoud Darwich idazle palestinarraren hitzen bidez isiltasun inposatuaz aritu zinen. Zer da zuretzat isiltasuna?

Enetako haur denboran muga bat izan zen, gogorra. Bakartasun handi bat. Geroztik ohartu naiz alderantziz ere badela. Mikel Laboak zioen “gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean”. Isiltasunak bi aldeak baditu. Nik adinekoei beti entzun diet erraiten norbait kantuan hastean isiltzen zirela, entzundakoa ikasteko. Kantatzean isiltasuna hausten da, eta, aldi berean, kantak sortzeko isilik egoten eta entzuten jakitea garrantzitsua da. Darwich idazle palestinarraren letran aipatzen dira isilarazitako hitzak. Eta bada ere munduaren isiltasuna Palestinari begira. Zer dio isiltasun horrek guri buruz?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-01-31 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


2023-05-03 | ARGIA
Badator Ziburuko Liburu eta Disko Azoka
Euskal kantagintzan barnako bidaia maiatzaren 3an Ziburuko Baltsan elkartean

Gotzon Barandiaran Arteaga idazleak eta Rafa Rueda musikariak Hitzen Ahairea hitzaldi musikatua eskainiko dute. 15 kanta aztertu eta zuzenean joko dituzte, bidean galdera honekiko hausnarketak josiz: euskaldunok zeri kantatu diogu?


Antton Valverde, musikaria
“Euskaraz kantatze hutsa politikoa da”

Ibilbide luzeko musikaria da Antton Valverde donostiarra (Gros, 1943). Frankismo garaian hasi zen oholtzetara igotzen, 1970eko hamarkadan, haren hitzetan, Euskal Herriaren alde zerbait egin nahi zuelako. Artearen munduan oin bat sartuta izan du beti, ez soilik musikan egin duen... [+]


Gexan Alfaro. Olerkari militante euskaltzale
“Kantuak egin du hemen politika-militantziak bezainbat lan”

Ez da haren nortasuna errazki definitzen. Anitz egin du, anitzetarik. 60ko hamarkadaren amaieraz gero, kantagintza berriaren izenetan ageri da Gexan Alfaro. Militante zaildua da, euskararekin kultura, kulturarekin politika, Ipar Euskal Herriaren historiaren jakile dugu joan den... [+]


2021-12-07 | ARGIA
Panpi Ladutxeri azken agurra eman dio pilotaren munduak Donibane Lohizunen

Abenduaren 6an agurtu du pilotaren munduak azaroaren 30ean zendutako azkaindarra. Profesional mailan ezker paretan txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria da: bi txapel jantzi zituen binakako txapelketan, Joxan Tolosarekin.


Maider Lasa. Artista sortzaile librea
“Belaunez belaun ahoz ahoz transmititu diren lo-kantak gure zeluletan daude”

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen Batera proiektuen emaitzetarik bat gauzatu du berrikitan Maider Lasak, Malen Iturrirekin elkarlanean. Ekainean aurkeztu zuten Loa, loa, laguna izeneko ikusgarri performatiboa, ahotsez, gorputzez eta irudiz. Tradiziozko lo-kantak oinarri,... [+]


2021-01-29 | Jone Markuleta
Pablo Hasel rap abeslaria espetxeratzeko agindu dute, Espainiako monarkia “iraintzeagatik”

Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar eguneko epea eman dio Pablo Hasel rap abeslariari bere borondatez espetxe batean aurkezteko. Monarkiaren aurkako irainak zabaltzea eta terrorismoa goratzea egotzita.


Oskarbi
Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa

Bost hamarkada baina gehiagoko ibilbidearekin, Oskarbi taldeak badaki zer den egoera zailetan musikaren eta kulturgintzaren haria elikatzea. Ez Dok Amairuren garaietatik gaurdaino, herri kantak eta sormen propioa izan ditu iturri. Hamabigarren diskoa grabatzen ari dira, dozena... [+]


Miren Aire. Hertsadura askatasun
“Artzain bakarraren irudia mitoa da, bakarrik ezin da”

Artzain izan nahi zuen txikitatik, eta artzantzaz bizi da duela hogei urtetik hona. Kantuan aritzea gustuko du eta kantuan ari da etxean bezala plazaz plaza. Ez omen da bizitza idilikoa berea, baina ez omen litzateke beste inon eta beste ezertan zoriontsuago izanen. Urepeleko... [+]


“Gernikako Arbola” Euskal Herriko ereserkia izatea eskatuko dute hainbat musikarik

200 urte bete dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta data hori baliatuta dozenaka musikarik bat egin dute ondorengo eskaera egiteko: Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserki ofizial bilaka dadin. Asteazkenean aurkeztuko dute manifestua Iruñean.


Eguneraketa berriak daude