Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40 euskaltzaleek eta hainbat galdera geratu ziren airean, gure herriaren historiako gatazka anitzez zein sortzaileen dilemez.
Ekainaren 3an izango da aurtengo Ziburuko Liburu eta Disko Azoka. Girotzeko, musika eta literatura uztartzen dituen emanaldia antolatu zuen Baltsan elkarteak maiatzaren 3an.
Gotzon Barandiaranek emanaldia kokatzeko kontatu zuen nola beraren eta Rafa Ruedaren arteko lagunarteko elkarrizketak intuizio baten bueltan harilkatu zitzaizkien 2015ean: euskarazko kantagintzaren transmisioan etena sumatzen zutela bai hezkuntza arautuan, bai ez arautuan eta baita etxean ere. Intuizio horri 2018an egitateak ezarri zizkien bi ikerketa aipatu zituen Barandiaranek: Elkarren eskariz Siadecok egindakoa eta Jaurlaritzaren eskariz egin zena. Bietan "ondorio bera" jaso zela nabarmendu zuen idazleak, "euskalduna bere kulturari bizkar emanda bizi da, nahiago du beste hizkuntza batean kontsumitu bai literatura, bai musika, bai antzerkia".
Hutsune horretatik abiatuta sortu zuten emanaldia eta bertan bildu dituzte idazle eta musikarien elkarrekintzatik sortutako kantagintzako piezak. Zortzi urte hauetan zehar kantuak aldatuz joan dira, sortzen doazen kantu berriei leku egiteko. 2018an izen bereko saiakera liburua argitaratu zuen Barandiaranek Susarekin.
Sarrera biribiltzeko, entzuleei bi erreminta eder aurkeztu zizkien, emanaldia egiteko iturri nagusi izan direnak: helduentzako euskarazko literaturaren atari aberatsena den armiarma (Susarena) eta euskarazko musikaren atari nagusia den badok (Berriarena).
Emanaldiarekin ederki gozatu zuten bertaratutakoek. Barandiaranek hainbat galdera eta analisiak pausatu zituen abiapuntu gisa. Rafa Ruedak gitarra akustikoaren laguntzaz kantatu zituen ondoren kantuak, eta txalotzekoa da gitarraren laguntza soilarekin lortu zuela entzuleen burura kantuaren jatorrizko musikaltasuna ekartzea.
Gure herriaren historiako gatazkaren bat kontagai duten hainbat kantu entzun ziren Baltsan elkartean: Orreagako gatazka, Oinatz eta Ganboa leinuen artekoa, Karlistadak... pantaila handian irakur zitezkeen hitz haiek denek bazutela ezaugarri bat ohartarazi zuen Barandiaranek: "Gertakari historiko batek sortutako sentipen bat modu estetikoan eman dute idazle hauek, ez dute kazetari baten edo historiagile baten zehaztasun beharrik".
Besteak beste hausnarketarako puntu izan ziren kantu horietan sumatzen den galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa, epika sortzeko intentzioa, bandoen arteko liskarrak elikatzeko kantuek jokatu zezaketen papera, gertaera historikoak eskolan ezkutatzen diren ikuspuntutik ezagutzeko bide ematen duela kantagintzak...
Aberriaren askatasunetik hasitako bidaia norberaren kontzientzia askatasunean barneratu zen, zapalduta dauden kolektibitate anitzen arteko batasun nahian amaitzeko. Borroka kolektibo baten betaurreko moreak jantzita sortutako kantuek jarri zuten ginga.
"Hiperpolitizatutako garai batean sortzailearen lanak zeri erantzun behar dio? Zer jarrera hartu behar du sortzaileak giro horretan?", galdera horiek jalgi zituen Barandiaranek emanaldiaren hasiera xamarrean, eta bidaia osoan zehar sortzaileek egindako hautuez mintzatu zen, kantuaren intentzionalitateari erreparatuta: entzun zen aldarrirako kanturik, beste bandokoak iraintzeko kanturik, bizia herriaren askatasunaren alde ematera deitzen zuen kanturik, animo kolektiboa altxaz borrokara deitzen zuenik, entzuleei aldarrikatu ordez iradoki egin nahi dien kanturik eta sorkuntzaren autonomia defendatzen duenik.
Kantuaren intentzionalitatearen zerbitzura, idazleek jarritako hitzak esplizituak dira kantu batzuetan, interpretazio irekia dutenak besteetan... eta kantu horietako batzuen mezuak deszifratu nahirik arituko da oraindik entzule batzuen burua.
Autore bakoitzaren ekarpenari aitortza egin zion Barandiaranek emanaldian zehar.
Idazleen arteko hariak ezagutu ahal izan zituen entzuleak Barandiaranen azalpenei esker: aurreko zein iturritatik edan zuen batek, zeinekiko harremanetan gauzatu zuen lana besteak, zein joerari jarraitu zioten hurrengoek...
Kantuak hariak direla ere ulertu zuen entzuleak, ehunka urte lehenago gertatutako gaiari idazle batek jarritako hitzak irakurtzen eta interpretatzen jarraitzen baitugu kantu hori plazaratu eta dozenaka urte geroago.
Hemen Hitzen Ahairea emankizuna, 2022an Sarako Idazleen Biltzarrean:
Euskara hutseko liburu eta disko azoka euskaraz “normalki, lasaiki eta naturalki” bizitzeko gunea bilakatu da. Urtez urte ekitaldiak aurrera egiten du eta euskaltzaleentzat ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, azokaren antolatzaileek nabarmendu dutenez... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da,... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka iragan da ekainaren 1ean, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkartuz herriko plazan. Euskara ala ezkara lelotzat zeukan bosgarren edizio horren balorapen baikorra egin dute antolatzaileek: jendetza bertaratu da,... [+]
Berrogei argitaletxe eta diskoetxe, horietarik bederatzi berri, eta 120 salmahai bosgarren Ziburuko liburu eta disko azokan. Ekainaren lehenean ospatuko dute Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak
Argitaletxeez gain, diskoetxeak egonen dira Ziburuko Azokaren baitan. Horietariko batzuen sorkuntzak zuzenean deskubritzeko parada izanen da aurtengoan ere azoka.
Urtean bertan argitaratutako lanak izaten dira protagonista Ziburuko Euskarazko Liburu eta Disko Azokan. 2024an argitaratu eta Ziburuko azokara eramango dituzten liburu eta diskoen zerrenda iragarri dute bertan egongo diren 33 liburu-argitaletxe eta 3 diskoetxeek. Era guztietako... [+]
Elkarrizketa bat papereratzerakoan galtzen dira isilune eta esku keinuak. Pena da. Daniel Landart entzuten ari zela gogoeta hori zeukan kazetariak, eta gauza bera pentsatzen zukeen argazkilariak ere, ikusirik ondoko egunean esku keinuen argazki andana bidali ziola kazetariari... [+]
Aurtengo Ziburuko Euskal Liburu eta Diska Azokaren aurkezpenean, irakurketa hau plazaratu dute antolatzaile diren Baltsan elkarteak eta ARGIAk. Baltsan elkartean, maiatzaren 7an.
Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz... [+]