Kaliforniara joan da R. hiru urtez marihuana moztera. Bertan legala da kontsumoa, baina horrek ez du esan nahi mundu erraza denik; kontraturik gabe lan egin du eta hainbat zailtasun aipatu du. Bizi izan dituen esperientziak Aiaraldera ekarri ditu, eta anonimotasunetik hitz egin du, edozein arazo saihesteko.
Zein da, legeari dagokionez, kalamuaren egoera Kalifornian?
Aurten legeztatu dute aisialdirako kalamu kontsumoa. Erabilera medikua legezkoa da 80ko edota 90eko hamarkadetatik. Egia esanda, kontsumo medikua bermatzeko onena zen sendagile pribatu batengana jotzea eta karneta eskatzea, mina zenuela esanda. Dena ordainduta, jakina. Karnetak 100 dolar balio zituen eta horrekin kontsumitzeko aukera zegoen. Hori bai, merkatu beltz ikaragarri handia zegoen. Familia asko bizi ziren kalamuari esker, baina arautu gabe: mendian zuten etxea, eta han hainbat marihuana landare, eurentzat zirela argudiatuta.
"Marihuana bilakatu da hainbat eskualderen ekonomiaren oinarria"
Noski, euren kontsumorako ez zenez, langile ugariren beharra zuten bi hilabetez, gutxienez, kalamua zuritzeko. Hori zen euren ogibidea. Orain, ordea, baimenak eta lizentziak beharrezkoak dira eta erosi behar dira. Horren ondorioz, jende andana hipotekatu da. Agian ehunka mila euroko inbertsioa egin ondoren, konturatu dira pertsona pilo dagoela produktu bera ekoizten. Hemen bere garaian adreiluarekin gertatu zena jazotzen ari da Kalifornian. Marihuana hainbat eskualderen ekonomiaren oinarria bilakatu da.
Hasieratik horretan aritu direnak badakite nola egin bizirauteko, baina beste asko hondoratzen ari dira. Soldatak ere jaisten ari dira. Ni lehenengo aldiz Estatu Batuetan egon nintzenean, libra bakarra (454 gramo) ekoizteagatik 200 dolar irabazten nituen, orain 125 dolar ordaintzen dituzte. Jendeak uste du pagotxa dela, baina ez da hala.
Marihuana landatzea soilik da legala Kalifornian?
Bai, estatu bakoitzak erabakitzen du. Hala ere, Gobernu Federalak DEA agentzia sartuz gero, dena joan daiteke pikutara. Interes ekonomiko handia dago botika lobbyen aldetik. Esaterako, aurten helikopteroak hasi dira argazkiak egiten eta jabeei bidaltzen dizkiete irudiak. Mehatxatzen dituzte euren landareen egoera arautzeko, bestela isuna jartzen dute. Askok utzi dute horregatik, eta beste batzuek jarraitzen dute. Helikopteroa agertu arte, jakina.
Edonola ere, Kaliforniako konderri bakoitzak bere legeak ditu eta aurrerakoiena Humboltekoa da. Orokorrean, jabeek baimendutakoa baino gehiago daukate.
Nola banatzen da hori saltokietan?
"Dirurik ez nuelako joan nintzen Kaliforniara kalamua moztera"
Marihuana kopuru jakina garraiatzeko baimena eskuratu behar da saltokietara eramateko. Demagun 2 kilo mugitzeko balio duela. Hala eta guztiz ere, ekoizleek, oro har, beste pertsona bat kontratatzen dute eta agian 40 kilo garraiatzen ditu.
Edonola ere, hori guztia gero eta gehiago murrizten saiatzen ari dira. Landare bakoitzari etiketa jarri nahi diote, jakiteko nondik atera den eta non bukatu duten bere kukuluek. Trazatu nahi dituzte.
Aurten joango zara marihuana moztera?
Ez dakit. Ez dut oso argi ikusten. Nahiago nuke hemen legezkoa izango balitz, baina ez dirudi Gobernuak horrelako erabakirik hartuko duenik.
Zenbat aldiz joan zara Kaliforniara?
3 urtez jarraian joan naiz. Nik honen berri izan nuen Mexikora bidaiatu nuelako. Han ikusi nuen ondo bizi zen jendea, gutxi lan eginda. Galdetu nuen eta azaldu zidaten Kaliforniara joaten zirela kalamua moztera. Estatu Batuetan irabazten zuten diruarekin bizi ziren Mexikon, oso diru apurra behar baita horretarako.
2006an izan nuen horren berri eta 2015ean beharra izan nuen hara joateko dirua irabaztera. Ez nuen ezer eta lagun batzuek deitu ninduten esateko lan pilo zegoela.
Nolakoa izan zen esperientzia?
"Landa eremuko supermerkatuetan 50 edo 60 hippie topatzea erraza da, guztiek lan egin nahi dute kalamua mozten"
Ni hilabete osoa egon nintzen lan bila. Kalifornian ezin duzu edonon kanpatu, sherifek botatzen zaituztete eta. Ibaien ubideetan lo egiten nuen, lan eske nenbilen, bizirauten ahal nuen moduan... horrela ibili nintzen hilabete osoa. Amore eman behar nuenean agertu zitzaidan aukera lan egiteko. Landa eremuetako supermerkatuetan erraza da 50 edo 60 hippie topatzea, eta guztiek lan egin nahi dute kalamua mozten.
Gero, gainera, baserrietan egoera ez da bera. Leku batzuetan etxola duzu zuretzat berogailuarekin, eta beste batzuetan kale gorrian zaude. Nik zorte ona izan nuen eta karabana utzi zidaten. Nire lagun batzuk elurrean egon dira kanpatuak.
Zer goraipatuko zenuke lanari buruz?
Une latz ugari bizitzen dituzula eta gogorra dela. Ni gehienez 3 hilabete jarraian egon naiz. Urte osoa eman dezakezu bertan, lana baitago. Alabaina, turista baimenarekin sartzen zarenez Estatu Batuetan, ez da komenigarria 3 hilabeteko epea gainditzea.
Eta beltzean lan egiten duzu?
Bai, jakina. Ez duzu eskubiderik. Baserri batzuetan otorduak euren kontura egiten dira eta beste batzuetan zuk ordaintzen dituzu, adibidez. Egun batetik bestera botatzen zaituztete, lana bukatzen denean.
"Lana arriskutsua izan daiteke, tiroketak daude, mafiak..."
Kasu batzuetan ez dute ordaintzen eta kontuan hartu behar da Kaliforniako iparraldea Oregonetik oso gertu dagoela; jendea zatarra da. Bat-batean, agian arma esku artean duelarik esaten dizu buruzagiak bere jabegotik alde egin behar duzula. Kobratu gabe joan da bat baino gehiago.
Nik badakit zenbait baserritan lapurretak egon direla, langileek jabea hil dutela 200 kilo marihuana eskuratzeko... Tiroketak daude eta sartzen zaren lekuaren arabera, arriskutsua izan liteke. Nire kasua ez da horrelakoa izan. Familia arruntarekin egon naiz lanean.
Hori bai, mendietan badago jendea burutik jota dagoena, eta mafiak ere badaude. New York edo beste kostaldeko jendea. Diru inbertsioa egiten dute landatzeko eta gero garraiatzen dute marihuana. UPS erabilita, batzuetan.
Lana, berez, zertan datza?
Arruntena da kukuluak moztea eta zuritzea; erretzen ez den guztia -orriak, makiltxoak- kentzea, alegia. Horrek esan nahi du 12 edo 15 orduz zaudela eserita marihuana mozten artaziz, kukulua polito uzteko. Marihuanaren kalitatearen arabera kukulu kopuru handiagoa edo gutxiagoa moztu dezakezu denbora tarte berean.
"Lan gogorra da kalamua moztea. 12 edo 15 orduz ez zara mugitzen eta gogoeta oso bizia egiten duzu"
Esaterako, kalamua kalitatezkoa bada, egun bakarrean 2 libra zuritu ditzakezu. Aldiz, txarra bada, nekez prestatuko duzu libra bakarra 12 ordutan. Landatzea edo baserria zaintzea ere izan daiteke beste lan bat. Edo lorezain lanak betetzea.
Alde batetik, kukuluak atontzea oso lan librea da, zuk antolatzen duzu eta erabakitzen duzu. Azken finean, egindakoaren arabera ordaintzen dute. Nik ezagutu ditudan leku gehienetan ordutegia askea zen.
Azkenaldian nahiko zorroztu dituzte neurriak garbiketari dagokionez. Eskularruak erabili behar dira. Izan ere, jendeak lan egiten zuen bazkaltzen zuen bitartean eta gero analisietan agertu da noizbait ecoli bakteria, patata frijituen koipearen ondorioz.
Buruarentzat latza da. 12 orduz mugitu gabe egoten zara eta etengabe pentsatzen ari zara. Horretan aritu garen guztiok ondorioztatu dugu gauza bera, gogoeta oso bizia egiten duzula.
Errentagarria da Kaliforniara joatea lan egitera?
Abenturazalea bazara, ondo egon daiteke, baina une honetan diruagatik joatea ez diot inori gomendatzen. Geroz eta pertsona gehiago dago lan bera egiteko eta jendeak soilik kontatzen du zenbat diru irabazi duen, eta ez jasan dituen gabeziak.
"Diruagatik ez du merezi Kaliforniara joatea kalamua moztera"
Aipatu beharra dago marihuana landatzen ez duenak ez duela batere gogoko kanpoko jendea. Kalifornia kontraste handiko lurraldea da. Nik irainak jaso ditut lan bila egon naizenean, eta jende bikaina ere ezagutu dut, baina topatu behar da.
Kalifornian bi mundu daude: Wallmart (merkatal zentroak) edo aukera ekologikoa. Marihuana landatzen duen jendeak ekologikoa du gogoko; janarian zein kalamua landatzeko. Ez dute animaliarik eta kimikorik baliatzen, konposta erabiltzen dute.
Gauzak horrela, jendeak argi izan behar du Kalifornia osoa ez dela Hollywood eta nik han beste inon baino etxegabe gehiago ikusi dudala. Aipatzekoa da ere gero dirua atera behar duzula Estatu Batuetatik, eta 10.000 dolar baino gehiago ezin dituzu eraman.
Elkarrizketa hau Aiaraldeak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]
Martxoaren 10ean, kalamuaren kontsumoa legeztatzeko lege ekimena onartu zuen Mexikoko Kongresuko Behe Ganberak, eta ondoren Senatuak. Hala, Uruguai eta Kanadaren atzetik, aisialdirako erabili ahal izango dute kalamua Mexikon, baina legalizazioa bermatu gabe. Narkotrafikoak... [+]
Asteazkenean Vienan egindako bozketan, Nazio Batuen Erakundeak kalamuaren ezaugarri medizinalak onartu ditu, El Salton jaso dutenez.
Urriaren 17ko hauteskundeetan Zeelanda Berrian eutanasia eta marihuanaren kontsumoa legeztatzeari buruz erabaki zuten herritarrek. Eutanasiari dagokionez, hautesleen % 62,5ek legeztatzearen alde bozkatu du, eta % 33,8k aurka. Kalamua legearen barruan kontsumitzeaz, aldiz,... [+]
Besteak beste, urtean 200 eta 600 milioi euro arteko zergak sortuko lituzkeela azpimarratu dute. Ondorioz, Kalamuaren Elkarteen Konfederazioak narkotrafikoaren zati esanguratsu bat Espainiako Estatuaren zerga-bilketan integratzea proposatzen du.
1963an Tel Arad aztarnategian (Israel) duela 2.700 urteko bi aldare aurkitu zituzten, bata bestearen ondoan.
Urriaren 17tik aurrera Kanadan erabat libre izango da kalamua ekoiztea bezala kontsumitzea, osasuna artatze bezala aisialdirako. Ez da cannabisa despenalizatu duen lehen herrialdea izango (2013an egin zuen urrats hori Uruguaik, AEBetako bideratzi estatutan libre da, 29... [+]
Kanadako Senatuak ekainaren 7an bedeinkazioa emanda, hiru hilabete barru marihuanaren kontsumoa bezala salerosketa libre izanen dira han. AEBetan legezkoa den estatuetan ikusi denez, kalamuaren trafikoan aritzeak ez du gehiago gaiztagin bihurtuko inor, osasun arazoentzako... [+]
AEBetako Georgiako estatuan, poliziak 60 gaztetik gora atxilotu zituen Atlanta hiriko kanpoaldean etxe batean egiten ari ziren festan, Democracy Now gunean jaso dutenez. Marihuana pixka bat aurkitu zuten bertan.
Bi urteko espetxealdia eta 16.000 euroko isuna eskatu ditu Josep Pamies baserritar eta landareetan adituarentzako Lleidako fiskalak, aurpegirauz marihuanaren kontsumoa sustatzen duela. Pamiesen inguruan sortutako Dolça Revolució elkarteak defenditu du, argudiatuz... [+]
AEBetako presidentearen arreta piztu nahi du Columbia Barrutiko Marihuana Koalizioak, “martxan jar dezan marihuana maila federalean legalizatzeko erreforma”.
Kalamuak duen THC osagaiak zelula minbizi-eragileak beren buruaz beste egitera bultzatzen dituela frogatu du Cristina Sanchez Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko biokimika molekularreko ikertzaileak. Kanabisaren eratorriek tumore mota guztiei eragiten dietela azaldu du.