2008an Nagore Laffage hil zutenetik, Asun Casasola eskoletan dabil lanean indarkeria matxista desagertu dadin, 'Nagore' dokumentalarekin. Hamabost urte bete dira Diego Yllanesek haren alaba hil zuenetik. Gaiaren inguruko kontzientzia handitu dela uste du.
2008ko Iruñeko sanferminetan, Diego Yllanesek Nagore Laffage Casasola irundarra hil zuen. Aurten hamabost urte bete dira hilketatik. Egun hartatik, indarkeria matxistarik gabeko mundu baten alde lanean dihardu Laffageren amak, Asun Casasolak (Villamuriel de Cerrato, Espainia, 1957).
Astelehenean Iruñean izan zinen, Nagore Laffage alabaren omenaldian. Zer sentipen izaten duzu hara joaten zarenean?
Jendeari eskerrak emateko egunak dira. Eskertzekoa dela iruditzen zait hamabost urteren ostean oraindik mugitzen direla ikustea. Ni mugi naiteke, bai, nire alaba da, eta mugitzen segituko dut. Baina oso eskertzekoa da kolektibo bat bertan egotea, eta pertsona asko hamabost urtez Iruñean eta beste plaza batzuetan egotea. Egun horietan oso urduri egoten naiz, lo gaizki egiten dut, eta, era berean, poz-pozik izaten naiz Vinculo plaza betetzen delako, besarkatzen nautelako, maitasuna erakusten didatelako… Ez da egun txar bat.
Astelehenean publikoki eskertu zenuen familiari eskainitako babesa.
Nire familia han dago, Iruñean. Ni nagoen leku guztietan dago nire familia. Esaterako, irundarrentzat joan den astelehena egun txarra zen Iruñera joateko, Frantziako Tourraren trafiko aldaketengatik. Urtero autobus bat antolatzen dut hara joateko, baina astelehenean ezin izan genuen antolatu, eta autoetan joan behar izan genuen. Jendeak lana zeukan, eta zoratu egin ziren Iruñera iristeko. Baina, hala ere, mundu guztiak esfortzua egin zuen bertaratzeko. Jende asko zegoen Iruñean, Nafarroako agintariak ere bai tartean, eta hori eskertzekoa izaten da beti. Haiek aldatu behar dute mundua, eta eskubideak ez galtzearen arduradunak ere badira. Mugi daitezen eskatu nahi diet, ez daitezela lo geratu.
Hamabost urte pasatu dira Nagore Laffage hil zutenetik. Nolako hamabost urte izan dira?
Borroka urteak izan dira, eta, aldi berean, ama moduan pribilegiatua sentitu naiz. Nire egoera bera pasatu duten ama asko daude, eta jendearen maitasuna jaso dut nik. Zorigaitzaren barruan, ama pribilegiatu bat naizela uste dut. Astelehen Lilak dira nire makulua. Haiek esaten didate: “Goazen hara!”. Eta ni hara joaten naiz. Egia da eraman nazaten uzten diedala, baina haiek dira nire makuluak.
Zer gehiago egin duzu?
Nagore dokumentala egin zuen Helena Tabernak, eta dagoeneko 104 lekutara joan naiz dokumental horrekin. Eskolak izan dira gehienak. Azken saioa ekainaren 30ean izan zen, eta, beraz, San Martzial egunean ez nintzen egon Irunen. Esan beharra dut Nagorerena gertatu eta gero Irungo jaiak ez direla nire lehentasuna; Zaratamora [Bizkaia] joateko deitu zidan hango udaleko Berdintasun teknikariak, eta han egon nintzen. Asko mugitzen naiz dokumentala eskoletara eramateko, garrantzitsua dela uste dudalako. Etengabeko borroka batean murgilduta nabil, gauzak ikuste aldera, gauzak aldatze aldera. Eskoletakoak ere balio dit pentsatzeko ama moduan Nagoreren heriotzak zerbaitetarako balio izan duela. Batzuek galdetzen didate ea zergatik ez naizen gelditzen, eta erantzuna da lan bat egiten ari naizela uste dudala. Nik ez dut esango “hara joan nahi dut”; baina, deitzen badidate, ezeri ez diot ezetz esango. Badakit irakasleak gai direla dokumentala proiektatzeko eta gaia lantzeko, baina haien artean hitz egiten dute normalean, eta gehienetan erabakitzen dute askoz hobea dela ni joatea. Haurrek galderak egiten dizkidate horrela. Helena Tabernari asko eskertzen diot dokumentala egin izana, lan horrekin Nagoreren heriotzak zerbaitetarako balio izan duela sentitzen dudalako.
2010ean estreinatu zenuten dokumentala, eta ordutik hainbat eskolatan izan zara indarkeria matxistaz kontzientziatzeko asmoz. Hamabost urteotan eskoletan zerbait aldatu dela sumatu al duzu?
Bai. Hasieran, eskoletara joaten hasi nintzenean, mutilek ez zidaten galderarik egiten; neskek bakarrik egiten zituzten galderak. Aldiz, orain, ikusten dut urteak pasatu direla, eta mutil eta neska horiek identifikatuta sentitzen direla dokumentalean agertzen direnekin; gehiago parte hartzen dute. Gazteek salatu egiten dituzte jarrera matxistak, haserretu egiten dira horrelako jarrerekin. Biktimentzat oso poliki doa dena, baina aurrera goazela uste dut, lan asko egiten ari garelako eskoletan eta familietan. Aldi berean, elkarte asko ari dira berdintasunaren gaia lantzen. Bartzelonako Unibertsitatera joan nintzen behin, eta eskoletan aplikatzeko Ausarten kluba deituriko proiektu bat lantzen ari ziren; Irungo Dunboa eskolak badu dagoeneko. Gogoan dut Dunboako eskolan nengoenean 8 urteko haur bat etorri zitzaidala esatera: “Ni ausarten klubekoa naiz, Asun!”. Nik ez nuen ideiarik zer zen, eta azaldu zidaten salatariaren figura ezabatzeko lanketa dela; ausarten klubekoa zarenez, gustatzen ez zaizun hori esan egin behar duzu. Eskolak balio horiek lantzea garrantzitsua dela uste dut. Txikitatik konprometitu dadila jendea gaizki dagoen zerbait ikusten duenean esatera, eta ez dezatela beldurrik izan norbaitek txibato edo salatari deitzeko.
Ezagutu al duzu indarkeria matxistaren biktima den beste amarik?
Asko ditut inguruan. Asko hil egiten dira, penaz edo tristuraz, nire senarra bezala. Kostu bat dauka denak. Dirudienez, nik asko maite dut neure burua, eta zerbait gertatzen zaidan aldiro laguntza eskatzen dut. Pilulak hartu behar baditut, hartuko ditut; eta bestelako laguntza bat behar badut, hartuko dut. Dokumentalean ikusten da nire senarrak Nagoreri buruz honek 8 urte izango balitu bezala hitz egiten zuela, eta, arraioa, 20 urte zituen! Hilketaren egunetik, alabari ezin izan zion begiratu heldu gisa.
Ruth eta Jose Breton haurren ama ere asko ezagutzen dut [2011n desagertu ziren, 6 eta 2 urterekin; epaileak ebatzi zuen aitak hil zituela, kiskalita], eta oso ausarta dela uste dut. Laura del Hoyo eta Marina Okarinskaren kasua ere presente daukat [2015ean hil zituen Okarinskaren bikotekide ohiak]. Jende asko daukat inguruan, hondoratuta dagoen jende asko, ez dutelako benetako babesik eduki. Borrokalarien taldean nago ni, haiekin batera, eta zorteduna naizela sentitzen dut. Aurrekoan, Iruñean besarkada bat eman zidatenean gogoratu nuen hori, badakidalako beste amei ez dietela besarkada hori ematen. Agian, haiek ere ez dute nire indarrik: toki guztietara joaten naiz ni, denetik egiten dut, eta haiei ere eskainiko zieten, agian, aukera, baina ez dute nahi izan. Ama askorekin harremanetan segitzen dut, denok berdin gaudela uste dudalako. Kasu berriak gertatzen direnean eta beste ama bat biktima denean, denek itxaropena izaten dute Justizian, baina engainuan erori direla pentsatu izan dut nik. Denen artean laguntzen diogu elkarri. Hasieran, nik ere gauza bera pentsatu nuen Justiziaz: hilketa ebatziko zutela eta bera [Yllanes] kartzelan egongo zela. Perspektiba batzuk izaten dira, baina gero…
Zuk esan izan duzu porrotik handiena Justiziarena izan dela.
Noski. Justizia izan da porrotik handiena, eta, nire kasuan, zinpeko epaimahaia. Zinpeko epaimahai bat behar bada, mistoa izan dadila. Zinpeko epaimahaiak egon behar badu, egon daitezela abokatuak ere, “hau esan baduzu, hau gertatuko da” esango dutenak. Nire kasuan, sei emakume eta hiru gizon zeuden, denak gaztetxoak ziren, eta ez ziren ergelak egin zituzten galderak egiteko. Hiruk esan zuten agian ez zela Nagore izan telefonoz hots egin zuena. Traizioa akabatu zuten horrekin. Berak [Yllanesek] esan zuen biak zeudela pisuan, eta soinu teknikari batek esan zuen telefono deiko ahotsa emakume batena zela. Orduan, norena zen ahots hori? Ez baduzu ulertu nahi, ez baduzu ikusi nahi, nahi duzuna esango duzu. Horrelako egoeretan, zinpeko epaimahaiaren kontra nago. Beti esan izan dut auzi honetan hiltzaileak botere soziala daukala. Nire inguruko bati gertatu izan balitzaio, zigor izugarria jasoko zukeen. Diana Querrena [2016ko abuztuan desagertu zen, Galizian, eta 2017ko abenduan aurkitu zuten gorpua] eta beste asko erailketak dira; nola dakizu traizioa egon den edo ez, gerora topatu baldin badute gorpua? Denak izan dira erailak, eta Nagorerena da erailketa izan ez den bakarra?
Bestetik, espetxealdi iraunkor berrikusgarriarena dago, eta horrekin ere ez nago ados. Nire kasuan, txostenek esango zuten dena ederki zegoela, eta Diana Querren kasuan, haren aita pertsona garrantzitsu bat zenez, hiltzaileak atera nahi duela esatean, barrura sartzen dute. Beste hiltzaileak baino urte gehiagoan egongo da kartzelan, eta hori ez da justua. Hiltzailea da bata zein bestea. Baina oso garrantzitsua da nork hiltzen zaituen, zein estatus sozial daukan; bai hiltzaileak, bai biktimak.
Justizia denentzat berdina ez denez, kalean egongo dira asko, ezta?
Bera [Yllanes] kalean dago, bere bizitza egiten ari da, eta ez zait justua iruditzen. Baina uste dut gehiago izorratzen duela ni jo eta su nabilela ikusteak. Inork ez balu haren berri, anonimoa balitz, kartzelatik irtengo zen orain, ez zen inor enteratuko, inork ez luke izango Nagoreren kasuaren berri… Justizia eduki dut, baina jaso dudan babesagatik izan da, dokumentalagatik, jendeagatik, gauza askorengatik. Ez dut justiziarik eduki, ordea, Justiziaren partetik.
Aurtengo Asun Casasola ipuin lehiaketaren sari banaketan hitza hartu zenuenean, “ikusten ez dena ez da existitzen” esan zenuen. Zergatik?
Nagoreren izena duen plaza bat jartzea proposatu zidatenean, “baina, nola ba!” pentsatu nuen. Irakurri dut, era berean, Nafarroako Gobernua biktimen arretarako 24 orduko zentro bat sortzeko lanean ari dela, eta Astelehen Lilak taldeak zentroaren izena Nagore Laffage izatea eskatu duela. Hasieran, antsietatea eragiten zidaten horrelako kontuek, baina orain, ez. Orain, “ez jauna” diot; ez dena izendatzen ez da existitzen. Nagore existitu zenez, proposamena perfektua iruditzen zait, genero biolentziaren sinbolo gisa hartzeko.
Borrokan segituko duzu?
Ezagutzen ez nituen herrietara joan naiz aurten. Beraz, noski segituko dudala, deitzen didaten bitartean bai, behintzat. Hemen, Jaenen ala edonon.
Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]
Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.
Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]
Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]
Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.