Juan Ponce de Leon konkistatzailearen estatua bota dute Puerto Ricon, Espainiako erregearen bisitaren harira

  • Ekintzaileek salatu dute Puerto Rico “inbaditzen” ari direla. Felipe VI. erregea irlan izan da, San Juan hiriburuaren sorreraren bosgarren mendeurrenaren ospakizun ekitaldietan; Ponce de Leon Espainiako konkistatzaile eta genozidak eraiki zuen hiria, 1521ean. Puerto Ricoko Alderdi Independentistak (PIP) “iraintzat” jo du bisita, eta kritikatu du enpresa-interesak daudela atzean. Herritar batzuek elkarretaratzea egin dute Euskal Herriko eta Kataluniako autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko erregearen bisitan.

Juan Ponce de Leon genozida izan zen Puerto Ricoko lehen gobernadorea. / Argazkia: El Nuevo Dia, Alex Figueroa Cancel.

2022ko urtarrilaren 26an - 11:30
Azken eguneraketa: 12:42

Astelehenean Juan Ponce de Leon Espainiako konkistatzaile eta genozidaren estatua lurrean esnatu zen Puerto Ricon, San Juan hiriguneko plaza baten erdian; Espainiako Felipe VI. erregea iristeko ordu batzuk falta ziren. Ekintza bere gain hartu du Borikengo Indar Libertarioak taldeak (Fuerzas Libertarias De Borikén), eta mezu batean argitu dute erregea ez dela ongi etorria karibeko uhartean. “Inbasioa areagotzea” salatu dute: “Ez erregerik, ez gringo inbasorerik; Boriken geurea da”.

Miguel Romero San Juango alkateak ekintza gaitzetsi du, esanez “bandalista batzuk” izan direla, eta garrantzia kendu dio: “Agian erregea ez da ohartu ere egingo…”. Kexatu da “haien erruz” diru publikoa estatua konpontzeko erabili beharko dutela, errepideko zuloak estaltzeko erabili ordez. Halaxe izan da: arratsaldean bertan altxatu dute, polizien babespean eta manifestarien oihu artean. Protestan zeudenek kritikatu dute Ponce de Leonen estatuak gobernu koloniala irudikatzen duela, zeinak uharteko herritarrak zapaldu baitzituen ehunka urtez.

Enpresen bidezko kolonizazioa

Erregeaz gain, Puerto Ricon daude Espainiako Gobernuko Reyes Maroto Industria, Merkataritza eta Turismo ministroa eta Angeles Moreno Kanpo Harremanen idazkari nagusia. PIPeko buru Juan Dalmauk azpimarratu du enpresarien interesak betetzeko gauzatu dutela bidaia. Gainera, nabarmendu du Espainiako ordezkari horien bisita eta omenaldia “iraingarria” dela. Salatu du Espainiako Koroak eta Gobernuak defendatu egin dutela PNPren gobernua, egun irlan agintzen duena, eta, ondorioz, ukatu egin dutela puertorricarren identitatea zein autodeterminaziorako nazioarteko eskubidea. Horren harira, herritar batzuek elkarretaratzea egin dute Felipe VI.aren bisitan, Euskal Herriko eta Kataluniako autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, NotiCentro hedabideak jakinarazi duenez.

Puerto Rico (konkistatu aurretik Borikén izenekoa) 1898an galdu zuen Espainiak, eta AEBen eskuetara pasatu zen. Egun, kolonizatuta jarraitzen duen irla bat da, teorian “AEBei Elkartutako Estatu Librea” deritzona, baina praktikan estatubatuarren eskubide oso gutxi dituena. Esaterako, Joe Biden da beren presidentea, baina ezin dute bozkatu AEBetako hauteskundeetan. Pedro Pierlusi Puerto Ricoko gobernadorearen PNP alderdiak AEBetako 51. estatua izan nahi du, baina PIP alderdiak independentzia eskatzen du. Zenbait talde salatzen ari dira azken urteetan areagotzen ari dela kolonizazioa, era berrietan. Besteak beste, AEBetako eta Europako enpresak hara joaten dira, zergak ordaintzerakoan dituzten pribilegioak aprobetxatzeko (20 eta 22 legeei esker).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Puerto Rico
2022-07-20 | Leire Artola Arin
Puerto Rico
Historiako koloniarik zaharrenaren oihua

Karibeko irlako herritarrek bost mende daramatzate era guztietako zapalkuntzak jasaten: Espainiaren kolonia izatetik AEBen kolonia izatera igaro ziren duela 124 urte, uztailaren 25ean. Halere, puertorricarrak ez dira inoiz isilik gelditu, eta mendekotasuna borrokatzen jakin... [+]


‘Maria’ urakanak baino lehen zorrak suntsitu du Puerto Rico kolonizatua

Irailaren 20an Maria 5. kategoriako urakanak astindu zituen Antillak, kategoria bereko Irma-k jipoitu eta hamabost egunera. Txikiziorik handienak jasandakoen artean dago Puerto Rico, teorian AEBen probintzia baina benetan konpainia yanki handien kolonia dena.  Zor publiko... [+]


Eguneraketa berriak daude