AEBetako Berkeley Unibertsitateko irakaslea eta pentsamendu dekolonialean aditua da Ramón Grosfoguel. Artikulu honetan, Galiziako BNGren eta Euskal Autonomia Erkidegoko EH Bilduren azken hauteskundeetako emaitzez iritzia ematen du, Podemos alderdiko Juan Carlos Monederoren adierazpenei erantzutearekin batera.
Juan Carlos Monederoren adierazpen batzuei erantzun nahi nieke. Telebista saio batean entzun nuen, hauteskundeetan Podemosek izandako porrotari buruz hizketan.
Monedero, Espainiako ezker kolonialista on bat bezala, zeharo galduta dago. Oraindik ez du ulertzen zer nolako estatu inperialista/kolonialistan bizi den, eta modu arinean hartzen du Espainiako Estatuak menpeko nazioengan eragiten duen zapalkuntza. Aipatu telebista saioan adeigabea bezain gezurtia iruditu zitzaidan iruzkin bat egin zuen, eta gogoeta honetara ekarri nahi dut, hitzez hitz:
“Otegi entzun nuen plurinazionalitateaz, Bildu ere bai, Podemosek martxan jarri zuen kontzeptu horri buruz, baina orain Podemosek alde batera baztertuta utzi duela ematen du, eta beste indar politiko batzuek berreskuratu dute, eta ondo atera zaie. Podemizatu egin dira… Irratia entzuten ari nintzen eta nire buruari galdetzen nion: nor da, Podemoseko norena da diskurtso hori? Ez dut ahotsa ezagutzen, Roberto Iriarte izango ote da? Eta azkenik Arnaldo Otegi zela konturatu nintzen. Otegi, Podemosen diskurtsoa egiten, berdin-berdina, esaldiz esaldi. Orduan, zer ari da gertatzen? Ez duela nazionalitateari buruz hitz egin, ezta nortasunari buruz ere, are gutxiago armei, ETAri edo independentziari buruz. Oso diskurtso Podemista egin dute”.
Geroago, Twitter-eko mezu batean, Monederok hurrengoa errepikatzen du: “Euskal eta galiziar ezker abertzaleak Podemizatu egin dira. Egun Bilduren eta BNGren diskurtsoak ez dauka desberdintasunik aurretik kritikatu izan zuten diskurtsotik”.
Plurinazionalitatea ez du Podemosek asmatu; aitzitik, estatu-nazioaren kontzeptuari kritika egiteko Ameriketako herri indigenek aspaldi sortu eta erabilitako kontzeptua da
Kolonizatzaileen harrokeria inperialaren ezaugarrietako bat da uste izatea beraiek bakarrik sortzen dituztela pentsamendua eta ideiak. Uste izaten dute beren politika inperialak menpean dituen herriek ez dutela pentsatzeko gaitasunik, eta itsuak balira bezala imitatzen, kopiatzen eta jarraitzen dutela espainiar kolonizatzaileek diotena. Jakintza-arrazakeria hau (arrazakeria epistemikoa, alegia) ez du inperiala eta espainolista den eskuinak soilik eragiten, tartean daude erregimeneko ezker inperialak ere. Hala ere, pentsamendu kolonialaren makurkeria handiena jakintzaren-erauzketa da; hau da, besteen ideiak bereganatzea, edukiak aldatuz birziklatuz eta berezkoak balira bezala aurkeztuz. Plurinazionalitatea ez du Podemosek asmatu; aitzitik, estatu-nazioaren kontzeptuari kritika egiteko Ameriketako herri indigenek aspaldi sortu eta erabilitako kontzeptua da. Hala bada, “Podemosek martxan jarri zuen kontzeptua” dela esatea, bereganatze eta desitxuratze, hots, erauzketa ekintza da.
Latinoamerikako jatorrizko herriek sortutako plurinazionalitatearen kontzeptu honek bi printzipio erabakigarri ditu estatu berean aurkitzen diren nazioen elkarbizitzarako: bata autodeterminazioa eta bestea herrien burujabetza. Podemosek kontzeptuari edukia aldatzen dio, eta beste bat bilakatzen du: “kulturaniztasun liberala”. Kulturaniztasuna gaur egun ospe txarra duen kontzeptu anglo-amerikar liberala denez, Podemosek nahiago izan du plurinazionalitate kontzeptua erabili, eta horrela bere ikuspegi multikultural, liberal eta burgesa ezkutatzen du. Kulturaniztasun liberalak nazio zapalkuntza pairatzen duten herrien identitateen eta kulturen azaleko ezagutza du, modu arinean hartzen ditu hauen aldarrikapenak, eta larriagoa dena, ez die beren etorkizuna burujabetzaz erabakitzeko eskubidea onartzen, 78ko erregimena ukitu gabe utziz. Hau da, kulturaniztasun liberalak estaturik gabeko nazioen identitateak onartzen ditu, baina beti ere, ez bada zalantzan jartzen nork agintzen duen. Eta herriek beren etorkizuna subiranotasunez erabakitzeko aukerarik ez duten bitartean, ezinezkoa da nazio anitzeko bizikidetza Espainiako Estatuan. Podemosek darabilen kulturaniztasun liberalak estatuko nazio identitateen aniztasuna aitortzen du, baina azaletik, herrien subiranotasuna eta autodeterminazio eskubidea aitortu gabe, eta boterea Madrilen esku utziz. Hau izan da Podemosen porrota.
Podemosek darabilen kulturaniztasun liberalak estatuko nazio identitateen aniztasuna aitortzen du, baina azaletik, herrien subiranotasuna eta autodeterminazio eskubidea aitortu gabe, eta boterea Madrilen esku utziz
Monederok ez du porrota ulertzen. 2015eko eta 2016ko hauteskundeetan, Podemos, Euskadiko eta Kataluniako Autonomia Erkidegoetako lehen indar politikoa izan zen, eta Galiziako bigarrena. Gaur egun, ordea, baliorik gabeko indar politikoa izatera igaro da estaturik gabeko hiru nazio hauetan. Eta porrot honek ezustean harrapatu ditu. Bistakoa da egin duten akatsa. Podemosen jarduera ez dator bat hainbestetan aldarrikatu duten nazioaniztasun-printzipioarekin, eta ondorioz, Madrilgo interes alderdikoiei eman diete lehentasuna, subiranotasunik gabeko nazioen beharrak alboratuz. Kataluniako erreferendumaren aurrean Podemosek hartutako jarrera lotsagarriaren ondotik –espainiar estatu inperialistaren alde eta desobedientzia zibilaren kontra lerratuz–, burujabe izan nahi duten nazioetako boto-emaileen sinesgarritasuna galdu zuten, hautesleek ordura arte uste izan baitzuten Podemosek herrien autodeterminazio eskubidea onartzen zuela. J. C. Monederoren itsutasun espainolista eta kolonialistak, ordea, ez dio ikusten uzten Diputatuen Kongresuan 70 ordezkari baino gehiago izan bazituzten, horiek estaturik gabeko nazioetan erdietsitako hauteskunde emaitzei esker lortu zituztela. Aldi berean, ez du ikusten porrota espainiar zentralismoarekin lankidetzan aritu izanaren ondorioa ere badela, edo erregimenak indarrean duen lurralde ordenamendua aldatzeko zina alboratu izanaren ondorioa, edota estaturik gabeko nazioen aldarrikapenak gutxietsi izanaren ondorioa. “Bai, ahal da” eta gero “Ez, ezin da”; “Bai, ahal dugu” eta gero “Ez, ezin dugu”. Galizia, Katalunia eta Hego Euskal Herrirako aukeratu zituzten ordezkariak Pablo Iglesiasen botere errekurtso soil bilakatu ziren, beti modu zentralistan bozkatuz, Madrileko ezker espainolistaren interesak eta esanak betez.
BNG, EH Bildu eta Otegi “Podemizatu” egin direla esatea, lotsa galtzeaz gain, atzekoz-aurrerako mundu batean bizitzea da. Monederok darabilen historia-gidaliburuaren arabera, Arnaldo Otegik plurinazionalismoaz Elkarrekin Podemos koaliziotik ikasi omen zuen. Benetan ari zara? Benetan uste duzu Arnaldo Otegik Podemos behar zuela plurinazionalitatearen kontzeptua eta estatuko nazio ugarien errealitatea ezagutzeko? Monederoren argudioa benetan patetikoa da. Monederoren paternalismo kolonialista eta lotsagarri hau errespetu falta da. Burujabetza aldarrikatzen duten nazioetako indar politiko ezkertiar eta subiranistek duela mende bat baino gehiago onartu izan dute espainiar estatua nazio ugariz osatua dagoela. Ideia honen sustatzailea Podemos izan dela esateak eta burujabetzaren alde dauden ezkertiarrak ideia hori kopiatzen ari direla adierazteak, bi gauza uzten ditu argi: batetik, Podemosekoek ez dutela Espainiako Estatuaren historiari buruz ezer ulertzen eta apropos nahasten direla; eta bestetik, harrokeriaz beteriko kontakizun espainolistei jarraitzen dietela eta beren ustetan Madrildik kanpo inor ez dela gai bere kabuz pentsatzeko. Gehienez ere, eta zehatzagoak izateko, gauzak alderantziz gertatu dira: ezkerreko nazionalismoek ez dute Podemosen aldera jo (ez dira “Podemizatu”), Podemos izan da BNG eta EH Bilduren aldera jo duena, behingoz nazio-aniztasuna onartuta (nazionalismo periferikoek aspaldi egin bezala). Hau da, Podemosek nazionalismo periferikoei ikasi die ideia hori, baina Monederok mundua atzekoz-aurrera aurkezten du, harrokeriaz gainera, eta nahastu nahi gaitu esanez ideia hori beraiena dela jatorriz.
Monederok ez du ulertzen burujabetzaren eskakizuna arlo anitzekoa dela
Monederok ez duenez burujabetza kontzeptuaz deus ere ulertzen, modu arinean hartu eta murriztu egiten ditu haren eskakizunak, soilik identitatearen inguruan sustengatzen diren eskakizunak izango balira bezala. Horregatik dio Monederok –bereizgarri den harrokeria inperialarekin– hauteskunde kanpainan ezkerreko indar nazionalistek ez dutela nazio identitateaz edo nazionalismoaz hitz egin. Hauteskunde kanpainan zehar, Galiziako edo Hego Euskal Herriko lurralde arazoei buruz, arazo sozial, ekonomiko, ekologiko eta patriarkalei buruz hizketan entzun zituen BNG eta EH Bildu. Eta pentsatu zuen, harrotasunez eta barregarriro, bi indar politiko hauek Podemosen diskurtsoa imitatzen ari zirela, ez baitzuten identitateaz eta nazionalismoaz hitz egiten. Monederok ez du ulertzen burujabetzaren eskakizuna arlo anitzekoa dela.
Burujabetzak autodeterminazioa ere barne hartzen du, noski, herri baten egoera politikoaz, ekonomikoaz, sozialaz, ekologikoaz, kulturalaz, hizkuntzaren egoeraz, lurraldearen egoeraz, edo besteak beste, genero eta klase banaketaz erabaki ahal izateko. Ezker soberanismo hauen aldarrikapenek kontutan izan dituzte arlo soziala eta arlo nazionala. Aspalditik datorren lotura da, eta oso gauza arrunta da burujabeak ez diren nazioen artean. Ezker soberanistek euren herrietako arazo sozialez hitz egiten dutenean, aldi berean arazo nazionalez ari dira; eta alderantziz, arazo nazionalez hitz egitean, arazo sozialez ari dira. Bi errealitate hauek ezin dira banandu: nazioari dagokiona identitate gai bat besterik ez balitz bezala eta gai soziala, berriz, urrutiko zerbait bezala, klaseari soilik lotutako gaia balitz bezala. Nazio-zapalkuntza egoeretan, ordea, klase gatazkek aldarrikapen sozialak erakartzen dituzte eta hauek eskakizun nazionalekin eta identitate eskakizunekin lotuta daude ohikoan. Ezinezkoa da bereiztea. Baina Monederok ez ditu gauza hauek ulertzen, begirada Madrildik pentsatzen duten interes espainolistetan jarrita duelako. Horregatik, hauteskunde kanpainan antolakunde soberanistak nor bere nazioko arazo sozialei eta ekonomikoei buruz ezkerreko ikuspuntu batetik hitz egiten entzun zituenean, uste izan zuen ez zirela nazionalismoaz edo identitateaz ari; eta horregatik pentsatu zuen Arnaldo Otegi eta Ana Ponton “Podemizatu” egin zirela. Baina Monedero ez da konturatzen indar hauen hazkundea Podemosetik aparte izan dela.
Monedero oso adibide ona da nazionalismo espainolista zer nolakoa den ulertzeko. Bere ezaugarririk behinena, burujabeak ez diren nazioen interesak aldarrikatzen dituzten indarrak “nazionalista” izendatzea da, artean bere nazionalismoa ikusteko itsua da. Nazionalista ez balitz bezala hitz egiten du. Nazionalismo espainolistak bere burua pentsatzen du nazionalista ez balitz bezala, izaki neutral eta unibertsala balitz bezala, inongo leku zehatzetatik harago pentsatuko balu bezala. Unibertsaltasun inperial hori oso koloniala da, eta Monederok horregatik uste du Podemosek bezala pentsatzea, nazio-identitatea edo nazionalismoa aldarrikatu gabe pentsatzea dela (eta arreta klase eskakizun sozialetan soilik jartzea). Monedero ez da ohartzen Podemosen logika eta sorkuntza guztia, nazionalismo espainiarrean sustraituta dagoela eta ez dituela kontuan hartzen burujabetzarik gabeko nazioen dinamikak. Horregatik agortu zen bere proiektua. Elkarrekin Podemosen zikloa itxi egin da.
Ez da konturatzen azken hauteskundeetan BNGren eta EH Bilduren arrakasta, tokian tokiko arazo sozialak eta nazioen burujabetza eskakizuna artikulatzen jakin izanaren ondorioa dela
Monederok EH Bilduz eta BNGz egindako iruzkin kolonialistaren atzean dagoena, beraz, Podemosen zikloa itxi egin dela eta indar politikoa azken krisialdi batean sartu dela da. Uztailaren 12an jasandako porrota, iragarritako heriotza baten kronika da. Monederok ez du zer gertatu zaien ulertzea lortzen. Harrokeriak ez dionez bere akatsak onartzen uzten, ezkerreko indar subiranisten arrakasta Podemosen diskurtsoa lapurtu izana dela dio. Gizon hau, nazionalista espainolista eta “chauvinista” bera, ez da konturatzen azken hauteskundeetan indar hauen arrakasta, tokian tokiko arazo sozialak eta nazioen burujabetza eskakizuna artikulatzen jakin izanaren ondorioa dela. Podemos oso urte gutxitan zahartu da. Erabateko norabide aldaketa egin du: politika berriaren alderdia izatetik, politika zaharraren errepikapena izatera igaro da; elkargunearen alderdia izatetik, sektarismoaren alderdia izatera; kastaren aurkako alderdia izatetik, eliteen alderdia izatera (kastaren zerbitzura egotera); 78ko erregimenarekin hautsi behar zuen alderdia izatetik, erregimenaren alderdia izatera; nazio-aniztasuna bermatzen zuen alderdia izatetik, espainolismo inperialistaren alderdia izatera. Galizia eta Hego Euskal Herrian jasotako zartadarekin bezala, estatu mailan ere zurrunbilo bat ari zaie gerturatzen; eta kezkagarriena da ez direla ohartzen. Denbora gutxi geratzen zaie eta jakingo ez balute bezala jokatzen dute. Estatu mailan zerora erortzen direnean, Galizian bezala, errua beste batzuei egotziko diotela susmatzen dut, zer eta Podemosen diskurtsoa lapurtzeagatik. Hori gertatzen denean, nire desiorik hoberena “goian bego” izango da.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.
Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]
Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]
Oldarraldia ari du EAEko administrazioa euskalduntzeko erabakien aurka, berriz ere, enegarren aldiz. Oraingoan berrikuntza eta guzti, espainiar epaitegiak eta alderdi eta sindikatu antieuskaldunak elkarlanean ari baitira. Ez dira izan akats tekniko-juridikoak zuzentzeko asmoz... [+]
Igande gaua. Umearen gelako atea itxi du, ez guztiz. Ordenagailu aurrean esertzeko momentua atzeratu nahi du. Ordu asko aurretik. Zazpietan jaiki da, eta, bihar ere, astelehena, hala jaikiko da. Pentsatu gabe ekiten badio, lortu dezake gauak pisu existentzialik ez izatea. Akats... [+]
Naomiren etxeko eskailerak igotzen ari dela datorkion usainak egiten dio memorian tiro. "Ez da sen ona, memoriaren eta emozioaren arteko lotura da. Baldintzapen klasikoa", pentsatzen du Peterrek bere golkorako Intermezzo-n, Sally Rooney irlandarraren azken eleberrian... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Aspaldi pertsona oso zatar bat ezagutu nuen, urrun izatea komeni den pertsona horietako bat. Bere genero bereko pertsonengana zuzentzeko, gizonezkoengana, “bro” hitza erabili ohi zuen. Edozein zapaltzeko prest zegoen, bere helburuak lortzeko. Garai hartatik hitz... [+]
2020. urteko udaberrian lorategigintzak eta ortugintzak hartutako balioa gogoan, aisialdi aktibitate eta ingurune naturalarekin lotura gisa. Terraza eta etxeko loreontzietan hasitako ekintzak hiriko ortuen nekazaritzan jarraitu du, behin itxialdia bareturik. Historian zehar... [+]
Hurrengo ariketa egin ezazu zure lantokian, euskaltegian edo gimnasioan:
Altxa eskua Minneapoliseko George Floyd nor den dakizuenok.
Altxa eskua Madrilgo Mame Mbaye nor den dakizuenok.
Altxa eskua Barakaldoko X nor den dakizuenok.
Mame Mbaye manteroa duela zazpi urte... [+]
2022ko ekainaren 7an, Directa-k serie luze bateko lehen polizia infiltratuaren kasua argitaratu zuen. Martxoaren 5ean, Belen Hammad fikziozko izena erreta geratu zen, polizia-argotean dioten bezala. Jada hamar dira Directa, El Salto eta El Diario-k azken hiru urteetan argitara... [+]
Horra Libération egunkariak berriki argitaratu duen idazkia:
“Bayonne” bukatu da, Libérationek “Baiona” idatziko du
Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen... [+]
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Datu Zentroen instalazioei ateak irekitzen dizkiete horiek arautzeko legedia sortu aurretik. Bilbao-Arasur Dantu Zentroarekin, bere lehen fasea gauzatuta, eta instalatzea amesten duen Solariaren Datu Zentroarekin, 110.000 m2... [+]