“Ezin diegu agentzia politiko guztia agintariei eman, herritarron eskubide guztiak bertan behera geratu dira”

  • Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean dauzkan erantzukizunen kargu egiteko prest agertu da Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Zaintza krisia kudeatzeko mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen martxoaren 16an, eta dagoeneko martxa hartzen hasia da ekimena. Erantzun indibidualez harago, kolektiboki antolatzeko beharrari erantzun nahi diote. Ostiralean mahaiaren talde motorrak egin duen bilera amaitu berritan, mugimendu feministako kide Josebe Iturriozekin hitz egiteko aukera izan dugu.

Martxoaren 8ko Bilboko mobilizazioan, emakume bat maskara jantzita (Argazkia: Ecuador Etxea)

2020ko martxoaren 21ean - 11:52
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aste hasieran iragarri zenuten zaintza kudeatzeko krisi mahaiaren sorrera, eta bertan parte hartuko zuten jakinarazteko 48 orduko epea luzatu zenieten gobernu, sindikatu eta alderdi politikoei. Zein balorazio egiten duzue jasotako erantzunen gainean?

Ba printzipioz oso ona, nahiz eta Urkulluk ez duen erantzun. Lan eta lan gabiltza eta astelehenean egingo dugu mahaiaren lehen bilera. Ikusi beharko dugu mahaia nola konfiguratzen den, baina jende asko batuko da seguraski, askok nahi izan dute batu. Eraketa oso anitza da, esparru oso ezberdinetatik datorren jendea bilduko gara. Oso pozik gaude erantzunarekin. Momentu honetan oso inportantea da zaintza erdigunean jartzea eta krisiaren izenean apokalipsi neoliberalik martxan ez jartzea.

Lantaldean eremu ezberdinetako emakumezkoak ditugu, oso garrantzitsua da hori, gure adituak ez baitira bakarrik doktoreak eta. Gure adituak ere badira kalean dauden emakumezkoak, zaintzan ari diren emakumezkoak, egoera irregularrean dauden migranteak… Eta horiez gain, taldera batu dira benetan oso figura interesgarriak, aurrerago jakitera emango direnak.

"Momentu honetan oso inportantea da zaintza erdigunean jartzea, eta krisiaren izenean apokalipsi neoliberalik martxan ez jartzea"

Urkulluren hutsunearen aurrean, zein irakurketa egiten duzue?

Mahaia eratu eta gonbitea egin diegu, eta ez dute erantzun ere egin. Guk egin dugun proposamena eraikitzailea da, gure helburua ez da sarraski politikoa egitea, baizik eta guztiz kontrakoa. Baina bistan geratu da Urkulluk ez duela mahaiaren irekiera ahalbidetu nahi, ez duela nahi eragileekin eseri. Haserretzen gara interlokuziorik ematen ez digulako, eta gero martxoaren 8an edo azaroaren 25ean kalera aterako direlako, zurikeriaren bat salduz. Hori horrela, nik uste erabat kritikoak izan behar garela bere kabinetearekin.

Esango nuke Urkullu itsu dagoela, ez dakiela bereizten zer den momentu honetan garrantzitsuena. Nik uste orain inportanteena dela herriari erakustea zaintza dela helburu nagusia, eta ez naiz ari bakarrik helduak eta umeak zaintzeaz, baizik eta gure helburu guztiak beste eredu bat sortzera bideratzeaz. Esango nuke Urkulluri horrek beldur asko ematen diola.

Baina beno, guk diogu badugula trebetasun bat ez Urkulluk ez gobernuak ez dutena: jendea antolatzeko gaitasuna da. Guk jendea antolatzen dugu, eta kasu honetan ere antolaketa ikaragarria izaten ari da: informazio pila jasotzen ari gara, dokumentuak prestatzen gabiltza, mahairako gauza asko lantzen dihardugu. Urkulluk horren berri eduki nahi ez izateak erakusten du noraino izan daitekeen patriarkala bere ikuspuntua, noraino den neoliberala, eta nola baztertu gaituen kasu honetan esateko asko dugunok.

Argia da Urkulluren ezintasuna gai eko-bio-politikoak kudeatzeko; hala dela ikusi dugu Zaldibarreko gertakariarekin. Bestetik, ikusi dugu nola EAJk beti ematen dion lehentasuna enpresari, eta momentu honetan jendearen bizitza ez bada zaintzen hurrengoan ez dira egongo enpresak. Hildakoek ezin dituzte enpresak mantendu. Orain helburua bizitzak zaintzea da. Beste planeta batean bizi dira, merkatuari begira jarraitzen dute, dauzkagun eta oso oinarrizkoak diren arazoei begira egon ordez. Horren adibide, ikusi dugu zaintza esparruetako langileek ez dutela material nahikorik beren osasuna babesteko.

Mugimendu feminista oraintxe bertan gobernuan balego, denak geundeke maskarak josten. Produkzio guztia horretara bideratuko litzateke, enpresetan sartu eta maskaren produkzioa nork egin zezakeen behatuko litzateke.

"Argia da Urkulluren ezintasuna gai eko-bio-politikoak kudeatzeko; hala dela ikusi dugu Zaldibarreko gertakariarekin"

Eusko Jaurlaritzarekin harremanik ez du izango mahaiak orduan?

Gu saiatu gara Emakunderekin kontaktua izaten. Ez dakigu mahaian parte hartuko duen baina komunikazioan egongo gara. Mugimendu feministak baditu orain urte askotatik aliatuak, eta lan asko egin ditu administrazioarekin; ondorioz, harreman oso ona daukagu hainbatekin. Beraz ahaleginduko gara egiten dugun lan guztia transmititzen. Ez dugu oztopatu nahi, lagundu eta denen artean eratu baizik, eta ez dakit nola -ez baitigute aukerarik eman- baina gu saiatuko gara gobernuaren kabineteari informazioa transmititzen. Beraiek kontutan izan behar baitute guk esaten duguna.

Nik uste gobernuei esan behar diegula ez garela etxean geldituko ezer egin gabe. Jendeari gomendatu zaio bere etxean bakarrik geratzea, zaintza indibidualera mugatzea; baina mugimendu feminista erradikalera jo beharrik gabe, zaintzari buruz zerbait dakien edonork badaki zaintzak kolektiboak direla. Nahiz eta etxean bakarrik egon sareak sortu behar dira, arazo asko konpondu behar dira. Momentuotan egiten ari direna da gazteleraz “vigilar y castigar” (zelatatu eta zigortu) litzatekeena; euskaraz zaintza polisemikoa da zentzu horretan. Ikusten duguna da beldurraren bitartez jendearen beharrei ez erantzuteak sortu dezakeela halako kolapso potente bat. Eta ikusten ari gara nola ari den sortzen.

Mahaia eratu duzue. Zein lehen pausu xedatu dituzue?

Marko bat dugu, teorikoa, zaintzen gaia kokatzen duena; zaintza gatazka era zabalean planteatzen du, agureak eta haurrak zaintzeaz harago. Bestetik, diagnostiko bat prestatzen ari gara jasotzen ari garen informazio guztiarekin, zehazteko egoera honetan zeintzuk diren hemen sortzen ari diren gatazka konkretuak, eta jakiteko zein diren demandak eta eskariak. Guk dokumentu hori aurkeztuko dugu, baina ere espero dugu mahaian bilduko diren eragileek, sindikatuek eta alderdiek guk ez dugun informazioa izatea. Nahi duguna da beraiek ere kanal informatibo hori mahaira bideratzea. Hori oso inportantea da.

Gero lana izango da informazio guzti hori nola plazaratu eta helarazi pentsatzea, eta lan hori koordinatzea.

"Ez dakit nola -ez baitigute aukerarik eman- baina gu saiatuko gara gobernuaren gabineteari informazioa transmititzen. Beraiek kontutan izan behar baitute guk esaten duguna"

Eta helburuak zein liratezke?

Helburu inportanteena intzidentzia politikoa da. Eragin nahi dugu. Gauzak lortu nahi ditugu, aldaketa gauzatu nahi dugu. Eta lan egingo dugu hori lortzeko. Ildo horretan eskertzekoa da EH Bildu, Podemos, Steilas, CNT, Esk, LAB, ELA… segituan batu izana.

Itxaropentsu gaude, gutxienez eredua plazaratzea garrantzitsua da, jendeari esan behar zaiolako bestelako ekimenak ere ari direla gauzatzen.

Berrogeialdiak ez du indarkeria matxista prebenitzen. Mahaian jorratu beharreko ardatzetako bat izango da gaia?

Indarkeria matxistaren gaia bereziki landuko dugu mahaian. Indarkeria matxista pairatzen duen jende andana dugu detektatua, ez duena salaketarik egin, eta orain etxean daudenak beren erasotzaileekin. Ezin diegu ezta telefonoz dei egin, senarrak han daudelako. Ze jarraipen egingo zaie emakume horiei erakundeek ere ez badakite zein den beren egoera?

Denbora da mugimendu feminista zaintzak erdigunean jartzeaz mintzo dela, eta mahaia sortzeko asmoaren berri ematean argi adierazi zenuten mugimendu feministaren arduratzat jotzen zenutela zaintza krisia bideratzea. Nola hartu zenuten mahaia sortzeko erabakia?

Gertakariak aurrera egiten zuten heinean, gure artean hasi ginen kezka handiak izaten. Mahaia martxan jartzeko orduan erabakiguneak izan dira Euskal Herri mailan ditugun bi gune oso garrantzitsu: bata Emakumeen Mundu Martxa eta bestea Salda Badago, Euskal Herriko Jardunaldi Feministetatik datorren lantaldea. Talde horiek mahaia sortzeko orduan lidergoa hartu zuten, baina segituan ireki zen prozesua. Jasotzen ari garen erantzuna oso ona da, lan itzela egiten ari gara mugimenduaren, taldeen eta beste eragile sozialen aldarriak, kezkak eta arazoak biltzen. Heltzen zaizkigu komunikazio guztiak hartzen ditugu, emakume eta gizonen artean bereizketarik egin gabe, denon arazoak baitira. Guzti hori jasotzen ari gara eta jendearen erantzuna oso-oso ona izaten ari da. Are gehiago, Espainiako Estatuko beste toki batzuetatik eskatu digute informazioa bidaltzeko, eta AEBetatik ere idatzi digute.  

Ereduak Euskal Herriaz harago ere arreta deitu duen seinale.

Euskal Herrian hau sortzea oso ondo dago, baina beste tokietara sustatzen bada, primerakoa litzateke. Guk uste dugu baliagarria izan daitekeela beste toki batzuetan halako mahaiak osatzeko, eta tokian tokiko lana sustatzeko. Oso garrantzitsua da guzti hau lurreratzea, tokian tokiko lana egitea, jasotzeko zer gertatzen ari den toki konkretu horretan, zeintzuk diren bertan jazotzen ari diren eskubideen urraketak. Behar dugu jendearen diagnostikoa, behar dugu jendearen arazoen gainean jakitun izan, eta baita zein estrategia martxan jartzen ari diren ezagutzea ere.

"Jasotzen ari garen erantzuna oso ona da, lan itzela egiten ari gara mugimenduaren, taldeen eta beste eragile sozialen aldarriak, kezkak eta arazoak biltzen"

Paradigma aldaketaren beharraz mintzatu zarete hasieratik.

Urteak daramatzagu horri buruz hitz egiten eta gure tesi printzipala da gatazka honetatik aterako garela soilik merkatu neoliberalak eta logika heteropatriarkalak eta kapitalistak alboratzen baditugu, eta zaintza benetan erdigunean jartzen baldin badugu; baina zaintza ez da umeak eta agureak zaintzera mugatzen, eredu aldaketa bat exijitzen du. Esaten ari garena da, geroz eta gehiago, gure gatazka politikoak bio-eko-politikoak direla. Zaldibarretik gatoz, aldaketa klimatikoa hor dago… horiek dira egungo gatazkak eta birus honen zabalpena kontuan hartzen badugu, naturarekin izandako harreman kaxkarra nabarmentzen da. Orduan, pentsatzen duguna da geroz eta gehiago horrelako gatazkak erdigunean jarriko direla eta horiek kudeatzeko eredua aldatu behar dela. Merkatu neoliberalak eta heteropatriarkalak baztertu egin behar direla uste dugu. Esate baterako: burtsa espekulatibo guztiak ixtea, bakunarekin negoziorik ez egitea. Horrelako gauzak. Denbora guztian ari gara krisi ekonomikoa etorriko dela entzuten, eta guk momentu honetan defendatzen duguna zera da: zaintza eta bizitza erdigunean jarrita agian ekidin daitekeela krisi ekonomiko hori. Beste balio batzuk erdian jarriko genituzkeelako. Mahai honen helburua hori da.

"Gure tesi printzipala da gatazka honetatik aterako garela soilik merkatu neoliberalak eta logika heteropatriarkalak eta kapitalistak alboratzen baditugu, eta zaintza benetan erdigunean jartzen baldin badugu"

Mugimendu feminista zaintzaz mintzo den bitartean, gerra ahotan hartuta dabiltza hainbat.

Orain arte egin dutena da hizkuntza belikoaren erabilpena, ikusezina den birus bati gerra deklaratu, eta gerra horretan bizilaguna bilakatzen da etsai. Toki batzuetan bizilagunei jendea salatzeko gonbidapena egin zaie. Hizkuntza belikoak nazkatuta nauka. [Santiago] Abascal poz-pozik dabil birusaren aurkako ditxosozko gerran. Rambo direla uste dute, eta esan behar zaie hau ez dela guda bat, pistolekin ez dutela ezer konponduko. Nik uste oso garrantzitsua dela hizkuntz beliko hori etetea, poliziak eta militarrak telebistetatik eta deklarazioetatik kentzea, eta zaintza bermatuko duten eragileak jartzea horien tokian.

Zeren poliziaren zenbait jarreraren berri izan dugu, jarrera oso arriskutsuak, erakusten dutenak genero perspektibarik eta formakuntzarik gabeko agenteak ari direla lanean, kalera ateratzen den edonor etsaia dela ulertzen dutenak. Ezagutu dugu konpresa batzuen bila irten zen neska baten kasua: kalea hutsik egonik semaforoa gorriz pasa zuen, eta ertzainek ia ordu erdiz izan zuen paretaren kontra, beraiez barrezka ote zebilen galdetuz. Honakoa anekdota izan daiteke, baina nik uste erakusten duela zein den egoeraren dimentsioa. Nik diodana da pistolak badaudela eta maskarak ez. Pistolak bermatzen ari dira, baina guk uste lehentasuna maskarak direla. Jendeari bermatu behar zaio konpresa batzuk erostera ateratzeko eskubidea beldurrik gabe, poliziaren jazarpenik gabe. Egoerak sekulako beldurra sortzen eta gatazka areagotzen du.

"Armada atera dute kalera, militarizazioa ikaragarria da, poliziak pistolak ditu, baina gero Osakidetzan ez dituzte maskarak eta guanteak. Zeintzuk dira, beraz, lehentasunak?"

Noski, guk egoera honen aurrean etxean egon behar garela uste dugu. Baina kontua da momentu honetan kalean jendea ari direla identifikatzen, isunekin mehatxatzen. Zer eta baldintza ekonomikoei dagokienez denok beldurtuta gauden honetan. Isunak jartzen ibiltzeko momentua da? Ala jendea zaintzeko momentua da? Ikusi duzu zuk ertzainik adinekoei etxera janaria eramaten? Armada atera dute kalera, militarizazioa ikaragarria da, poliziak pistolak ditu, baina gero Osakidetzan ez dituzte maskarak eta guanteak. Zeintzuk dira, beraz, lehentasunak? Ildo horretan mahai hau beharrezkoa dela uste dut.

Argi utzi duzue mugimendu feministak duen agentzia politikoa ez duzuela inoren esku utziko.

Ezin dugu utzi gure agentzia politikoa beren eskuetan. Ezin diegu agentzia politiko guztia agintariei eman. Momentu honetan eskubiderik gabe gaude, herritarron eskubide guztiak bertan behera geratu dira. Jada ez gaude demokrazia batean. Kontu askorekin ibili behar gara.

Agentzia politikoa lapurtzeko saiakerarik bizi izan duzue?

Adibidez, martxoaren 8ari begira EAJk manifestazioetarako deialdia egin zuen, jendeari manifestaziora joateko gonbitea egin zion, beraien ordezkari publikoak mobilizazioetan egon ziren. Oso-oso irainduak sentitu ginen. Eta gero, egoera hau sortu denean ez dira gai izan gurekin bat egiteko. Martxoaren 8an denak ari ziren esaten egun hori zeinen garrantzitsua zen, zeinen garrantzitsua den gure borroka, eta martxoaren 9an jada ez ginen existitzen.

Ikusten genuen agentzia politikoaren lapurreta itzela ari zela ematen. Mugimendu feministatik urteak eta urteak daramatzagu gauza guzti hauez hitz egiten, konflikto bio-eko-politikoari buruz hitz egiten, daukagun eredu honekin kolapsoa etortzekoa zela esaten, eta kolapsoa iritsi denean kanpoan utzi gaituzte.

Martxoaren 8a aipatu duzula probestuz: askok mugimendu feministari egotzi dio koronabirus kasuen hedapena, mobilizazioak deitu izanagatik.

Kontu horrekin eskandalizatuta gaude. Sare sozialetan gure ardura dela esaten dute. Nola izango da gure ardura? Gu martxoaren 8a antolatzen ari ginen, ez gara gobernuko kideak, ez daukagu beraiek daukaten informazio pribilegiatua. Guk baimena eskatzen dugu zerbait egiteko, eta ezer bada, erakundeak dira horren berri eman behar dutenak.

Ageriko geratu da zein diren gure gidariak eta zer jarri duten balioan orain artean: dirua eta enpresak, punto. Eta orain aldaketa paradigmatikoa dator. Eta dator ez guk nahi dugulako, baizik eta sortzen ari diren gatazkek hala eskatzen dutelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


2022-01-05 | ARGIA
Osasun arloko sindikatuak kalera aterako dira 23an Jaurlaritzaren osasun baliabide eza salatzeko

Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.


2022-01-04 | Estitxu Eizagirre
Iruñean COVIDagatik Olentzerori alto, erregeei paso

Abenduaren 20an eman zuen jakitera Olentzeroren Lagunak elkarteak 2021ean ere ez zela Olentzero Iruñeko kalez kale ibiliko, pandemiaren egoerak horretara bultzatuta. Urtarrilaren 4an, aldiz, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak adierazi du aurten kaleetara... [+]


2021-12-29 | Estitxu Eizagirre
COVID pasaportea zeren truke?

COVID txertoa hartu edo ez, norberaren hautu bat da, legezkoa, eta batak bezala besteak errespetu bera merezi duena. Ez da derrigorra, baina behartzeko erreminta ezarria dago Euskal Herri osoan: Europar Batasunak bidaiatzeko udan jarri zuen QR pasaportea. Zer dakar QR... [+]


2021-12-24 | ARGIA
GKSk protestara deitu du A24an, pandemiari emandako “erantzun autoritarioa” salatzeko

Honela adierazi du Gazte Koordinadora Sozialistak zabaldu duen oharrean: "Zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute politikari profesional despotikoek". Berriki hartutako hiru neurriak salatu dituzte zehazki: COVID ziurtagiriaren zabalpena, aire... [+]


Protestak herriz herri osasun etxeen aurrean
“Jaurlaritzak pandemia baliatu du Osakidetzan murrizketak egin eta herritarrak osasun publikora heltzea zailtzeko”

Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela salatuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun etxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. "Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasungintza urria, nekatua eta baliabiderik gabea daukagu",... [+]


2021-12-21 | LAB sindikatua
LABen irakurketa pandemiaren egungo kudeaketaz, osasun sistema publikoaz eta pasaporteaz

LAB sindikatuak honako irakurketa plazaratu du: "COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak... [+]


2021-12-21 | ARGIA
San Tomas azokarik gabeko nekazariekiko elkartasuna antolatu dute Bilboko Konpartsek

Urtero Bilboko Konpartsek San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.


2021-12-20 | Estitxu Eizagirre
Milaka herritar atera da kalera Donostian COVID pasaportearen aurka, Bizitza plataformak deituta

Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.


2021-12-15 | ARGIA
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu

Abenduaren 14an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu Donostiako Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean, bereziki Lehen Arreta eta oro har osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatuz: "Osasun  sistema  publiko,... [+]


2021-12-13 | Gedar
“Osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat da Covid ziurtagiria”

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, protestara jo dute ostiralean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 'Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin' izan dute aldarri milatik gora lagunek.

 


Eguneraketa berriak daude