José Pablo Ulibarri: euskaldunei euskaraz


2024ko urtarrilaren 29an - 07:48
Azken eguneraketa: 2024-02-11 05:29:42

1785ean Bilboko Abandoko elizaldera joango bagina, Arabako Okondotik etorritako 9 urteko mutiko bat ikusiko genukeen. Bere izebaren etxera joana zen albaitari ofizioa ikastera. Geroago, 20 urte baino gutxiagorekin Gipuzkoara joan zen soldadu, Frantziaren aurka gerran aritzera. Itzuli zenean, ezkondu egin zen eta, handik gutxira, Abandoko biztanle nabarmenenetakoa bihurtu zen, idazlea eta intelektuala. José Pablo Ulibarri Galíndez zuen mutiko hark grazia.

Garai hartako testuak ez dira oso baliogarriak izaten gizon-emakumeen heziketa intimoa eta politikoa ulertzeko, eta ezin dugu zehazki jakin zer gertatu zen mutil horren bizitzan, guk ezagutzen dugun José Pablo Ulibarri jauna izatera iristeko, baina baditut horri buruzko ideia batzuk. Dudarik gabe, jaioterriak bazuen bere garrantzia. Ulibarrik berak esaten zuen bezala, "Okondoko herria da/ euskaldun bere izatia". Horren inguruan, informazio gehiago ematen digu: antza, bi eskola zituen, euskaraz aritzen zirenak, bi parrokiari lotuta. Eta gaztelaniaz egiten ikasteko beste eskola bat ere bazen herrian, Hego Ameriketara emigratu nahi zutenentzat. Horiek horrela, ziur asko, Ulibarri bera eskaraz bizi eta euskaraz eskolatu zen.

Gero, helduaroan biziko zen herrian ere –Abandon, alegia– zerikusi handia izango zuen bere bizi-ibilbidean. Izan ere, Abandon euskal kulturzale taldetxoa sortu zen inprentak euskal lurretan izandako loraldiarekin batera. Ez ziren aramu-sareari begira geratzekoak, gizarte posizio onak hartu zituzten, eta euskararen alde egin zuten lan, bai erakundeetan, bai eta jende artean ere. Gure José Pablo, adibidez, alkate izatera iritsi zen. Kargu kolegiatua zenez, beste gizon batzuekin jardun zuen. Eta horietako bat nor? Bada Eleuterio Basozabal; hau da, Bizenta Mogel idazlearen senarra. Mogel, Basozabal, Ulibarri eta beste batzuek, elkar hartuta, giro eraldatzailea piztu eta bultzatu zuten.

Hazitegi hartan, Gerra Karlistak baino pixka bat lehenago, Sabino Arana jaio baino urte batzuk lehenago, euskara zutabetzat erakutsi eta Euskal Herriaren kontzientzia modernoa eraiki zuten

Besteak beste, bertso-paperak argitaratzen hasi ziren; hain zuzen ere, gabon-kantak asmatzen zituzten, inprimatu eta, gero, eliz atarietan banatzen zituzten. Eta kantuok euskararen inguruko bere ideiak zabaltzeko erabiltzen zituzten, euskararena auzi bihurtuz. Hazitegi hartan, Gerra Karlistak baino pixka bat lehenago, Sabino Arana jaio baino urte batzuk lehenago, euskara zutabetzat erakutsi eta Euskal Herriaren kontzientzia modernoa eraiki zutela pentsatzen dut.

Gure Ulibarri garai hura ikertzeko iturri paregabea dugu. 1823tik 1844 urte arteko bere gutunak eta beste hainbat dokumentu gorde zituen eta, arretaz, Gutun liburua izenez ezagutzen den bilduma osatu zuen. Balio neurtezineko altxorra da, nik uste, eta oraindik ere behar bezala deskubritu beharrekoa ere bai, ziurrenik. Nahiz eta 1975an Arabako Aldundiak faksimilea argitaratu zuen, hau da, bere horretan, eskuizkribu gordin itxuran argitaratu zuen, nik dakidanez behintzat, ez da lan honen transkripzio osorik egin oraindik, ezta testua digitalizatu ere.

Oraingoz, han-hemenka aurki litezkeen artikuluetan sakabanaturiko zati batzuk baino ez dira transkribatu. Zatiotan, adibidez, etxerako langileak kontratatzerakoan, langile honek etxeko hizkuntza egin beharko duela nola zehazten duen irakur dezakegu (“la que se guarda en casa de Ulibarri”); edo, Euskal Herriko leku guztietako hainbat euskaltzalerekin zeuzkan harremanak ezagutuko ditugu; edo ezagutuko dugu bere maxima nagusia zein zen: ahal den guztietan euskaraz egitea, eta, batez ere, euskaldunekin beti euskaraz egitea. Egia esan, maxima erraza eta eraginkorra, Ulibarri bera bezala. Beste pasadizo polit batek, berriz, Abandoko Udaleko aktekin du lotura. Berak jaso behar izaten zuen akta, baina erdaraz egin behar, legez hartaraxe behartuta. Ez zion grazia zipitzik egiten. Hori dela eta, penaz hasi zuen 1826ko urtea: “Emen sartzen da 1826’an urtea, izquiribaturik erdera mingaitz latzian”.

Politika instituzionalari dagokionez, anbizio handiko plan bat izan zuen: euskarazko hezkuntza ofizialki bultzatu nahi izan zuen Bizkaiko Aldundian. Hor hasi zen hari muturrak lotzen, 1829an Batzar Nagusietan proposamena aurkezteko. Baina istripu larri bat izan eta etxean gelditu behar izan zuen, ezinduta. Bere gutunetako batean honela kontatzen dizkio emazteari istripuaren nondik norakoak: "Nindoala gaueko bederatzietan behera neure eskuan argia daukadala igarotzean oinez, eta hiru edo lau gaztaina nahigabe zapaldu nituen, gainean labaindu nintzen bigarren oinaztadatik; egun gorputz gorde eta zurubien erdi-erdian hartun nuen ilgarrizko astrapal kolpea (...) eta buruan ze arnasa estutu baitzitzaidan guzti txarto txarto"

Eta horrela bukatu zen euskara eskolaren hizkuntza bihurtzeko arabar honen ametsa. Baina, beno, haziak beti gelditzen dira nonbait gordeta, ezta?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen historia
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


2024-01-26 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: Bizkarsoro

Bizkarsoro filmak jaso du ikus-entzunezkoen Argia Saria. Euskararen iragan hurbilari errepasoa egiteaz gain, jasandako zapalkuntzari eta altxatzeko grina izan zutenei aitortza egiteko modu bat da pelikula. Saria jaso dute Josu Martinez zuzendariak, Katti Pochelu ekoizleak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude