Jose Luis Zumeta margolaria hil da

  • Jose Luis Zumeta Etxeberria margolari usurbildarra hilik aurkitu dute etxean ostegun honetan, 81 urte zituela. GAUR taldeko kidea, Ez Dok Amairun ibilia, Mikel Laboaren azalen egilea, hainbat afixa ezagunena, Artzeren xoriak marraztu zituena… Ezin da ulertu 60ko hamarkadatik honako euskal kulturaren iruditeria Zumetaren lana aintzat hartu gabe.


2020ko apirilaren 23an - 15:48
Argazkilaria: Txomin Txueka/ARGIA
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Xabier Gantzarain artistaren hitzak dira horiek, margolariari eskainiak. Gantzarainek berak azaltzen duen moduan, marrazten ona zela eta Donostiako Valverde inprentan hasi zen lanean 14 urterekin. Han ikusi zituen lehen aldiz, erreprodukzioei esker, bizitza aldatuko zioten Cezánne, Modigliani, Picasso, Klee… Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ibili zen. Parisera joan zen 1959an, Rafael Ruiz Balerdi ezagutu zuen han.

1967an “Euskal Pinturaren Sari Handia” lehiaketa irabazi zuen, Pablo Picassoren Gernikari omenaldia lanarekin. Lan hori desagertuta dago egun. Desagertuta dago, halaber, 1974an Pasaian jarri zuen zeramikazko murala.

Bere ibilbide luze eta oparoan era askotako lanak egin ditu Jose Luis Zumetak, baina abstraktuak gehienetan.

ARGIAren azala

ARGIA astekariak 90. urteurrena ospatu zuenean, Jose Luis Zumetaren artelana izan zen astekariko azala, ale berezian. Lan-grafiko eder horrek ARGIAren hurbileko jendearen esku egotea merezi zuela-eta, serie mugatua atera genuen.

“Koadroari ez diot esplikaziorik ikusten”

Behin baino gehiagotan elkarrizketatu du ARGIAk Zumeta. Tartean da Amets Arzallusek 2008an egin zion elkarrizketa luzea. Solasaldi horretatik jasotako hitzak dira honakoak: "Nik kontzeptuari eta teoriari ez diot batere garrantzirik ematen, alderantziz, koadroari ez diot esplikaziorik ikusten. Baina jakina, margoa kontzeptuala baldin bada, hitzik gabeko kontzeptua zaila izaten da, eta behar du titulu bat edo esplikazio eman bat. Nik nahiago dut beste bidea, itxurari pintatu, eta koadroak berak eraman dezala nonbaitera, eta bide horren azkenean egongo da ideiaren bat. Nire ideiek bidea dute, ez da besterik gabe ideia eduki eta hori jarri, hori bizitzarik gabe gelditzen da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jose Luis Zumeta
2020-05-16 | ARGIA
‘Pandemia eta gu’ plataforma sortu dute hainbat pentsalarik, euren hausnarketa eta kezkak plazaratzeko

Euskal Herriko hogei pentsalari baino gehiago bildu dituen Pandemia eta gu plataformaren helburua da bizi dugun krisiaren azterketa plural bat egitea, "hemendik eta hemengoentzat".


2017-01-25 | Xabier Gantzarain
Jose Luis Zumeta
Aske kolore biziak

Beste artista batzuen aldean euskaldunarentzat ezaguna da Jose Luis Zumeta Etxeberria (Usurbil, 1939ko apirilaren 19a). GAUR taldeko kidea, gero Ez Dok Amairun ibilia, Mikel Laboaren azalen egilea, hainbat afixa ezagunena, Artzeren xoriak marraztu zituena… Ezin da ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude