Jon Salaberriri buruzko dokumentala eta Eskoziako jarraipena dira sarituak

  • Julen Iriondo Martinez de Zuazok jaso du euskarazko kazetaritzaren XXVII. Rikardo Arregi sari nagusia eta Samara Veltek kazetari gaztearena. Mikel Ibargoien eta Iñigo Astitzen lanek sari berezia izan dute.


2015eko ekainaren 29an - 08:30
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ekainaren 27an ezagutu genituen zein kazetaritza lanek merezi izan duten aurtengo Rikardo Arregi sariak. Garazi Kamio idazle andoaindarrak gustu finez narratu zizkigun lan bakoitzaren ezaugarri eta dohainak. XXVII. edizio honetan epaimahai-kideek kalitate handiko lan asko jaso dituztela eta "lehia estua" izan omen dela azpimarratu zuen. Horren erakusgarri, ohiko sari nagusiaz eta kazetari gaztearen sariaz gain, bi sari berezi gehiago eman izana.

Sari nagusia: Jon Salaberriri buruzko dokumentala

Julen Iriondo Martinez de Zuazorena da aurtengo sari nagusia, Goienan eginiko Jon Salaberriri buruzko dokumentalagatik. Ikus-entzunezko lan horrek Joxe Aranzabalen lana du oinarri. Aranzabalek azaldu zuen Salaberrik lau estigma zituela gainean, "HIESa, heroina hartutakoa zen, homosexuala, eta gorria", eta isilpetik plaza erdira eraman zuela gaia, eta bere misioa izan zuela gainerako gaixoei laguntzea eta gizarteak baztertu ez zitzan lan egitea: "Horrela bihurtu zen HIESaren aurpegia Euskal Herrian". Maiatzean bete dira 20 urte Arrasateko bere etxean hil zela. Aranzabalek salatu du urteotan gaitzari irtenbidea bilatu eta Salaberri ahaztu dugula: "hori ikusirik, ez ahazteko ahalegin multimedia izan da nirea. Hainbat artikulu argitaratu eta argazkiak bilduta, Goienara jo nuen, dokumentala proposatuz". Dokumentalaren egile Iriondo Martinez de Zuazok azpimarratu zuen Goienan herritarrekin elkarlanean aritzen saiatzen direla, eta Aranzabali eskertu zion "zu ere bazara Goiena, eta zurea ere bada gaur jaso dudan sari hau". Saria eskutan Salaberriren ekina areazko erlojuarekin parekatu zuen: "Bere bizia atzera kontaketan zihoala, lan egin zuen gainerako gaixoena aurrerako kontaketan joan zedin".

Kazetari gaztearen saria: Samara Velte, Eskoziako jarraipenagatik

27 urtez beherako kazetarien artean, Velteren lana saritu du aurtengoan epaimahaiak, Eskoziako erreferendumari jarraipena eginaz Berrian argitaratutako artikulu eta elkarrizketa sortagatik: "Giltzak ematen ditu, alde batera edo bestera lerratu gabe". Samara Veltek eskertu zuen bere lantaldea, "urteotan konfiantza eta pazientzia dosi parekatuetan eskaini didatelako". Eskoziako egun haietako lana ekarri zuen gogora: "Ondoan nituen munduko hedabide handietako kazetariak, eta txiki sentitzen nintzen haien ondoan, baina baita ere jabetu nintzen ni nintzela nire herriarentzat leihoa, eta euskaldunek gure medioak hautatzeko motibo bat gehiago zela hura. Munduari begiratzeko eta munduan egoteko gure modu bat badugu, eta eutsi diezaiogun horri!".

Sari bereziak: Mikel Ibargoien eta Iñigo Astitz

Mikel Ibargoienek Info7n "Kirol leihoa" saioan hasitako bidea Gaur 8ko orrialdeetara ekarri du, emakume kirolariei presentzia eta ahotsa emanaz: "Komunikabideok erantzukizuna dugu euren balentriak argitara ateratzeko".

Berrian iragan udan argitaratutako "Kantuan diren lekuak" sortak jaso du beste sari berezia. Kazetaritza sormenez landu dute artikuluok, eta beren egile Iñigo Astitzek seinalatu zuen kultur kazetaritzak baduela arriskuak hartzeko betebeharra: "Bestela bihurtzen da ilara, urteurren eta subasta kontu bat eta kultura hori baino askoz gehiago da. Oso lan kolektiboa da kazetaritza, beraz, denak ezin eta bat aipatuko dut bereziki: eskerrik asko, Alberto Barandiarani, berari zor diot kazetaritza ulertzeko modu hau, sormenezkoa".

Ana Karrere eta Patxi Baztarrikaren mezuak

Biek kazetari lan hauen kalitatea goraipatu zuten. Ondoren, Ana Karrere Andoaingo alkateak komunikabideen estrategikotasunean jarri zuen indarra, "inor ez baikara bizi komunikazio esparrutik kanpo. Beraz, euskaraz bizi nahi badugu, komunikazio esparru guztietan euskaraz jarduteko modua behar dugu. Erakunde publikook komunikabideak sustatzeko betebeharra daukagu".

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak andoaindar modura harrotasunez adierazi zuen "euskal kazetaritzaren erreferente tinko bihurtu da Rikardo Arregi saria". "Nire karguak ematen didan arduratik, gogoetan hau egin nahi nuke: euskararen iraupena ez, bizi indarra da jokoan duguna, eta erabilerak ematen du bizi indar horren berri". Herritarrek euskaraz informatzeko hedabideak behar dituztela eta hedabideek eraginkorrak izateko nahitaezko dituztela kontsumitzaileak azaldu zuen: "Herritarrek biziarazten dituzte komunikabideak". Herrikoak eta nazio mailakoak, guztiak direla beharrezko adierazi zuen, eta elkarlana dela bidea: "Elkarlanean ari gara Eusko Jaurlaritza, Hekimen eta Tokikom. Adostasunean eta desadostasunean, baina zintzotasunez".

Azken puntua

Garazi Kamiok zorrotz bota zuen azken titularra: "Ea noizbait Andoaingo euskara erabilera handiaren albistea ematen duzuen. Izan ere, %16 eskasa da egun". Euskarazko kazetaritzaren erreferentzialtasunarekin lotu zuen eskaera, "Rikardo Arregi ez dadin kale izen bat izan andoaindarrentzat".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Rikardo Arregi sariak
2024-11-06 | Julene Flamarique
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien zortzi finalistak iragarri ditu epaimahaiak

Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria banatuko dituzte antolatzaileek. Epaimahaiak launa finalista aukeratu ditu sari bakoitzeko. June Fernández Kazetaritza sariko finalistetako bat da ARGIAn argitaratutako “Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?”... [+]


Podcastak nabarmendu dira Rikardo Arregi sarietan

Bideak podcastak Kazetaritza saria irabazi du, eta Lore hostoak podcastak Komunikazio saria. Menane Oxandabaratz omendu dute Ohorezko Mugarriarekin.


2022-11-08 | ARGIA
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren zortzi finalistak iragarri dituzte, tartean, ARGIAko Amaia Lekunberri

Aurtengo finalisten berri eman du Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak. Azaroaren 30ean izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen. Zortzi finalisten artean Kazetaritza eta Komunikazio sari bana emateaz gain Elixabete Garmendia eta Patxi Baztarrika omenduko dituzte... [+]


Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 33. edizioa aurkeztu dute Donostian

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia aurkeztu dute Donostian. Azaroaren 25ean egingo dute sari banaketa ekitaldia eta Martin Ugalde idazle andoaindarra omenduko dute. 


Ttap aldizkariak eta Kanaldudeko “Hurbiletik” saioak irabazi dituzte Rikardo Arregi Sariak

Aldizkari digitalak Komunikazio saria jaso du, eta Hurbiletik saioak, berriz, Kazetaritza saria.


2018-11-13 | Ahoztar Zelaieta
Txikito

Rikardo Arregi Sarietan euskarazko kazetaritzan mugarri izandako hamar proiektu komunikatibo omendu dituzte aurten. Horien artean Anaitasuna aldizkariaren zuzendari ohia, Angel Zelaieta, nire aitatxo. Begoña Arregiren eskutik jaso zuen saria; benetan, momentu hunkigarria... [+]


2018-10-30 | ARGIA | Dani Blanco
Ez dugu ahazten

Rikardo Arregi saria jaso du ARGIAk ostiralean eta 1980an ARGIAri eutsi eta ekin zion lehenengo lantalde hari eskaini diogu. Langile talde horren ordezkari, Joxemi Zumalabe gogoan, Josu Landak, Iñaki Uriak, Joxemari Ostolazak eta Pello Zubiriak jaso zuten, Estitxu... [+]


2018-10-29 | ARGIA
Rikardo Arregi Sariek nabarmendutako “hamar mugarriak”

Urtero Andoaingo Udalak euskarazko kazetaritzako lanak nabarmenduz ematen dituen Rikardo Arregi Sariek 30. aldia izan dute aurtengoa. Horregatik, ekitaldi berezia izan da urriaren 26an Bastero antzokian egindakoa eta baita sarien planteamendua ere: "Hamar mugarri" izan... [+]


2018-10-29 | ARGIA
Rikardo Arregi Saria
“Nondik gatozen badakigulako, baita nora goazen ere”

Rikardo Arregi Sariak aurten 30. edizioa ospatu du. "Hamar mugarri" saritu ditu aurtengoan, eta horien artean bat "Zeruko Argiatik ARGIAra" izenekoa izan da. ARGIA egiten duen egungo lantaldeak, bereziki eskaini zion saria 1980an ARGIAri eutsi eta ekin zion... [+]


2017-07-10 | Xalba Ramirez
Rikardo Arregi sariak jaso dituzte Kulturrizketak eta Kixotenean-ek

Andoaingo Udalak deitzen dituen Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu dituzte larunbatean. Kulturrizketak telebista saioak jaso du sari nagusia eta Kixoteneak erreportaje ilustratuen liburuak aipamen berezia.


2016-07-15 | Estitxu Eizagirre
2016ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak

Sustrai Colinak jaso du Rikardo Arregi Sari Nagusia, ARGIAn eginiko elkarrizketengatik. Amagoia Gurrutxagak Sari Berezia irabazi du, Kristiane Etxaluzi Jakin aldizkarian egindako elkarrizketa-biografiagatik. Eta Unai Oiartzunek merezi izan du Kazetari Berriaren saria, Irunero... [+]


2016-07-09 | Estitxu Eizagirre
Sustrai Colina, Amagoia Gurrutxaga eta Unai Oiartzunek jaso dituzte 2016ko Rikardo Arregi kazetaritza sariak

Sari Nagusia jaso duten lanak ARGIAko elkarrizketak izan dira (Aiurrik grabatutako bideoan Colinaren bertsoak ikusentzungai). Kristiane Etxaluzi Jakinen eginiko elkarrizketa-biografiak jaso du Sari Berezia. Eta Irunero udal aldizkariko erreportaje sortagatik hautatua izan da... [+]


Eguneraketa berriak daude