Asteazken honetan bete dira hamar urte Jon Anzaren gorpua agertu zenetik. 2009ko apiriletik desagertuta zegoen eta gorputegi batean azaldu zen hilotza, Okzitaniako Tolosoan. Haren familiak garbi dauka: “gerra zikina”-ren biktima izan zen Anza. Argitu gabeko heriotza izaten jarraitzen du.
Berria-k elkarrizketa egin dio Anzaren iloba Garbiñe Alkizari. Honek gogora ekarri duenez, 2010eko martxoaren 11n osabaren gorpua agertu zen arte hamar hilabetez desagertuta egon zen. 2009ko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz, Tolosara (Okzitania) joateko trena hartu zuenean, Baionan. “Nik neuk handik egun batzuetara jakin nuen ez zegoela haren berririk. Buruan tumore bat zuen, eta larritzat jo genuen ez bueltatzea. Minbizia zela eta, Bordeleko erietxe batean ordua hartua zeukan apirilaren 24rako, baina hara ere ez zen joan”, esplikatu du Alkizak.
Hasieratik susmatu zuten “gerra zikina” zela desagertzearen kausa, antzeko kasu asko ezagutzen zituztelako.
Anza desagertu eta hilabetera, maiatzaren 21ean, ETAk agiri bat argitaratu zuen jakinaraziz Tolosan hitzordua egina zuela Anzarekin. Informazio horrek kasuari “buelta eman” ziola esplikatu du Alkizak Berria-n: “Ordura arte, pentsatzen zen Frantziako Polizia bilatze lanetan zebilela, baina, ETAk agiria atera zuenetik aurrera, galderak, desagerpenaz baino gehiago, haren militantziaz ziren; bikotekidea galdekatu zuten, etxea miatu, etxeko gauzak eraman zituzten...”.
Kasuari buruzko informazio gehiago argitaratu ziren segidan, adibidez, guardia zibil batzuek korrika alde egin zutela Frantziako ostatu batetik, pistola batzuk ahaztuta utzita. Anzaren pasaportea ere Tolosan agertu zen, komisaria batean, eta horrek familiaren ezinegona areagotu besterik ez zuen egin. Bahitu ote zuten hasi ziren argitaratzen medio batzuk, galderak biderkatu egin ziren.
Gorpua agertu zenean hasi ziren horietako batzuk erantzun ofiziala edukitzen, baina azalpen horiek ez dute inoiz Anzaren familia konbentzitu, ezta euskal herritar asko ere: “Aipatu zen apirilaren 29an Tolosako etorbide batean aurkitu zutela, oso egoera txarrean, hiriko erietxe batera eraman zutela, eta handik egun batzuetara hil zela. Baina guk 2010eko martxoaren 11n jakin genuen haren hilotza Tolosako gorputegi batean zegoela. Poliziak lehenago jakinarazi zien hedabideei familiari baino; hori ere ez zen batere normala izan”, azaldu du Alkizak Berria-n.
Anzaren senidearen iritziz bi gako daude auzi honetan: batetik, zer gertatu zen Anza desagertu zenetik Tolosako etorbide hartan agertu bitartean igaro ziren hamaika egunetan –non egon zen, nork eduki zuen han, zer egin zioten...–; eta bestetik, erietxean hilzorian zegoenean ez zutela identifikatu dokumenturik ez zeukanez, ezta hil ostean ere: “Baina zergatik ez ziren berehala hasi ikertzen zein zen jakiteko? 2010eko apirilean, Purpan gorputegiko langile batek galdetu zuenean ea norena zen hilotza, segituan identifikatu zuten”, azaldu du Alkizak. “Esaten da hilotz bat ez dela egoten hainbeste hilabetean identifikatu gabe gorputegi batean. Jonena eduki zuten”.
Frantziako Estatuan kasua ikertzen hasi ziren arren, bide hori ez da oso emankorra izan, senideen ustez estatuek auzia ez argitzeko presionatu dutelako. Gaur egun bide judiziala itxita dago, duela hiru urtetik eta etsipena sumatzen da Alkizaren hitzetan: “Nik garbi daukat ez dela argituko, ez dela egia jakingo”, adierazi dio Berria-ri. “Guk ez dugu egiarik, justiziarik eta erreparaziorik, baina memoria bai, memoria badugu. Indarkeriaren biktima askok badituzte egia eta, baina guk geuk ez, eta beste askok ere ez. Alde bateko biktimak baztertuta gaude; biktima guztiak ez dira berdin tratatzen. Nabarmena da hori”.
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]
Ostiralean egingo dute ekitaldia 12:00etan, Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean. Erail zutenetik Angel Gogoan plataformak behin baino gehiagotan jarri ditu oroigarriak, baina behin eta berriz eraso eta erretiratu izan dituzte. Gobernu taldearen proposamena da oraingoan eta... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
2008an Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotu zutenean Ibai Azkonak pairatu zituen torturak aitortu ditu Nafarroako Gobernuak. Euskalerria Irratian, pauso honek suposatzen duena azaldu du Azkonak.
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.
Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz Ziburun eta bere heriotzaren nondik norakoak ez dira argitu gaur arte. Lizartzako Igarolabekoa baserrian egin diote oroimen ekitaldia eta desagerpena argitzea eskatu du familiak aurten ere.
Motibazio politikoko lehen hamabi biktimarentzat aitortza eta erreparazio ekitaldia egin da maiatzaren 30ean Iruñeko Baluarte aretoan. Ekitaldia urtero egiteko asmoa agertu du Gobernuak.
Biktimen familiei barkamena eskatu diete ere azken 50 urte hauetan "behar besteko" babesa ez emateagatik. Poeta biktima gisa aitortu duten bezala, Moriko ere hala izatea eskatu du udalak, eta "epe laburrean".
Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.
Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.