Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

  • Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren hurbilekoek eta horien abokatuek, Urruñan egindako prentsaurrekoan.

Jon Anzaren desagerpenaz geroztik hamabost urte pasa direla, prentsaurrekoa. Aimar Lopez

2024ko apirilaren 18an - 16:53

Hamabost urte bete dira apirilaren 18 honetan Jon Anza euskal militantea desagertu zenetik. Garaian bezala, orduz geroztik ere desagerpen horri buruzko ezjakintasuna eta isiltasuna dira nagusi. Egoera salatzeko prentsaurrekoa antolatu dute militante zenaren hurbilekoek Urruñan: "Aldarrikatu nahi dugu egia jakiteko dugun eskubidea. Bere garaian bezala, Joni gertaturikoaz Espainiako zein Frantziako arduradun politiko eta judizialek asmaturiko bertsioa ez dugu sinesten. Hamabost urte geroago, orduko galdera berberek erantzunik gabe segitzen baitute". Alta, Espainiako zein Frantziako Estatuek erantzunak badituztenaren segurtamena berretsi dute prentsaurrekoan.

2011ko urriaren 17an buruturiko Aieteko Konferentziaz geroztik irekitako aro politiko berria dela eta, "bere ardurak hartzera" deitu dute Frantziako Gobernua: "Bere esku dagoena egin behar du Jonekin gertatu zena argitzeko eta gatazka politikoan dituen inplikazioak aitortzeko". Bake prozesuak aitzina egiteko bidean biktima orok ditu egia, aitortza eta erreparazioa jaso behar, eta hori eskatu diete berriz ere Frantziako zein Espainiako Estatuei.

Urruñako auzapen Filipe Aramendi ere egon da prentsaurrekoan, garaian bertan bizi zelako Anza zena. Anzaren gisara, desagerturiko beste militante batzuk izan ditu gogoan –Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jose Migel Etxeberria Naparra edo Jean-Louis Larre Popo "eta beste hainbeste"–: "Desagerpen horien inguruan zer gertatu den jakiteko galdeari, beti erantzunik gabe gara".

Senideei "babesik sentikorrenak" adierazi dizkiete prentsaurrekotik: "Badakigulako hamabost urte horietan egiaren bila segitzen dutela oraindik eta zer sufrimendu ekartzen duen horrek".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jon Anzaren heriotza
2020-04-18 | ARGIA
Hamaika urte, Jon Anza desagerrarazi zutela

2009ko apirilaren 18an ikusia izan zen azken aldikotz Anza ETAko militantea Baionan. Orduz geroztik ez da sekulan argitu desagerpena, ikerketa hesteko erabakia harturik Frantziako Justiziak. Anza "gerla zikinaren biktima" izan dela deitoratzen du familiak.


Jon Anzaren senideek zortzi orduko elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako

Jon Anzaren senideek zortzi orduko kontzentrazioa antolatu dute asteazken honetarako Donostiako Boulevardean: “Parisera joatea dagokigu desagerpenean izandako irregulartasunengatik Frantziar Estatuaren kontra salaketa jarri ostean”.


2013-07-12 | ARGIA
Epaileak itxi egin du Anza kasua

Miryam Viargues epaileak Jon Anzarena ondoriorik izan ez duen kasu moduan jasotzea eskatu du. Hiru urteko prozedura izan da. ETAko militantea 2009ko apirilaren 18an desagertu zen eta 2010eko martxoaren 11n aurkitu zuten hilda Okzitaniako Tolosako erietxe batean.


2013-02-07 | Martin Vicioso
Jon Anzaren familiak salatu du ez dela desagertzea argitzeko borondaterik

Jon Anzaren familiaren abokatuak, Maritxu Paulus-Basurtok, fiskaltzak auzia amaitutzat jotzeko eskaera egingo duen filtrazioaren harira, Frantziako agintariek ETAko militantearen desagertzea eta heriotza argitu nahi ez dutela salatu du.


2012-10-18
Jon Anzaren heriotzaren ikerketa amaitutzat eman du Viargues epaileak

Myriam Viargues epaileak amaitutzat eman du Jon Anzaren heriotzaren ikerketa. Horrela jakinarazi dio Kazeta.info hedabideari Jon Anzaren familiak. Anza 2009an Baionan desagertu zen eta handik urtebetera Okzitaniako Tolosan aurkitu zuten hilik.


2012-04-19
Jon Anzaren desagerpena eta heriotza argitzeko eskatu dute

Jon Anzaren desagerpena eta heriotzaren ingurukoak argitzeko intentzioarekin, inkesta parlamentarioa irekitzea eskatu dute preso ohiaren familiak, abokatuak eta Anza kolektiboak. Gaur Anza desagertu zenetik hiru urte bete dira eta kasua argitzeko galderak erantzunik gabe... [+]


2010-03-12
AAMk baieztatu du Jon Anzarena dela Tolosan aurkitutako gorpua

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman duenez, Jon Anzarena da atzo Okzitaniako Tolosan agertutako hilotza. France 3 kateak Jon Anzarena izan daitekeen gorpua agertu dela zabaldu zuen atzo arratsaldeko albistegian.


‘Non da Jon?’, galdera logiko eta ezinbestekoa
Apirilaren 18az geroztik desagertua dago Jon Anza eta ez da haren inolako arrastorik ageri, desagertu politikoen inguruan gertatu ohi den moduan. Anzak 21 urte pasatu zituen espetxean eta 2005ean Ahetzera (Lapurdi) jo zuen bizitzera, Hego Euskal Herrian bere burua jazarria... [+]

Eguneraketa berriak daude