Jesús, Chuso, Naves, lagun. Joan zara, kamarada, mundu honetan gu utzita, eraldatu asmoz elkarrekin borrokatu genuen mundu honetan eta... eta, beno, ahal izan duguna egin dugu.
Zure izena ahoskatu eta beste bi hitz datozkit intimoki lotuak ahosabaira: asanblada, berdintasuna.
Herri desberdinetan jaio ginen, eta gure bizitzak Gasteizen gurutzatu ziren 1975ean. Biok hirira heldu berri, zu Argentinako diktaduratik ihesi, nik Euskal Herriko beste borroka batzuetatik; biok enplegua lortu berri Mercedesen eta Cablenorren, enpresarien zerrenda beltzak saihestu ostean. Bestelako garaiak ziren, ez hobeak ez okerragoak, bestelakoak oso, orduan ernatu zen bion arteko harremana eta ondorengo adiskidetasuna.
Sindikatua bertikala, jendarte guztia bezala; eskubideen aitortzarik ez, izan biltzekoa, antolatzekoa edo greba egitekoa. Klandestinitatean hasi ginen biltzen hainbat lantegitako langile gutxi batzuk, urratsez urrats, eta bertan topatu ginen lehen aldiz, lagun. Ametsak eta borrokak konpartituz, elkarren izenak ezkutatuz edo ahaztuz, aldaketa sakonagoen elikatzaile nahi genituen minimoak adostuz: lan hitzarmen bakarra produkzio-adar ezberdinetako langileontzat, soldata igoera linealak denontzat, asanblada parte hartzaile eta gardenak non inor ez den inor baino gehiago, non ordezkariak uneoro izan daitezkeen ordezkatuak.
"Klandestinitatean hasi ginen biltzen hainbat lantegitako langile gutxi batzuk, urratsez urrats, eta bertan topatu ginen lehen aldiz, lagun"
Amets haiek ahaztuta daude. Baina harrotasunerako motibo bat gorde genuen. Hasierako aldarrikapenetan borroka ekonomizista izan bazen ere, lorpen guztien aurretik eta gainetik jarri genituen kaleratu guztien lantokira buelta eta atxilotu guztien askatasuna. Izerdirik eta malkorik ekarri zigun horrek, eta odolik: Pedro María Ocio, Romualdo Barroso, Bienvenido Pereda, José Castillo eta Francisco Aznarrena, eta sarraskian zauritutako ehunka lagunena.
Erailketen hurrengo egunetan atxilotuak izan ginen sedizioaz akusatuta. Carabanchel espetxeko adingabeen erreformatorioko moduluan sartu gintuzten, gainontzeko preso politikoetatik isolatuta, erregimenak Gasteizko grebekiko isiltasun erabatekoa inposatu nahi zuelako. Gogoratzen, Jesús? Kaleko borrokarekin kontaktua galdu genuen han, baina soziologia ikasgai intentsiboa jaso genuen sehaskatik jipoituenak direnen aldetik. Han estutu genuen gure arteko harremana orduak, egunak eta hilabeteak konpartitzearen konpartitzeaz. COPELeko preso sozialekin elkartasunez gose greban aste bete generamala bat-batean askatu gintuzten 1976ko abuztuan, amnistiaren ondorioz. Hasiera batean ospatu genuen amnistia hura; laster suminez madarikatu genuen berbera: 40 urteko diktaduran ustel eta kriminal jardun zutenen inpunitatea blindatu zuena. A zer ziria sartu zigutena!
Gose grebak ahulduta heldu ginen trenez Gasteizera; ahulduta egin genuen korrika gure harreraren aurka geltokian bertan oldartu zen Poliziaren aurrean; ahulduta sumatu genuen ordurako Gasteizko greben izpiritua delegazio “demokratikoaren” erauntsiaren pean: dena ari ziren aldatzen, ezer aldatu ez zedin.
Carabanchelgo elkarbizitza behartuan eraikitako konplizitatetik sortu zen elkarrekin hautuz bizitzeko ideia. Gure bizitza-bidaide Karmen eta Begorekin batera, orduan kakanarruak besterik ez ziren Ana, Javi, Maite eta Zigorrekin. Komunean bizitzeko ahalegina; proiektuak, maitasunak, gurasotasunak edo haurrak familia biologikotik harago konpartitzekoa. “Ahizpa-nebak gara, baina sabel ezberdinetakoak”: gogoratzen irakasle deskolokatuari emaniko azalpen hura, konpai? Saiakera hark ez zuen ibilbide luzerik izan, minak eta pozak ekarri zizkigun, baina aberasgarria izan zen.
Nola ahaztu María Miesen testu hura, 80ko hamarkadan gure harrotasun eta usteen erdigunea astindu zuena: “Gizon zuria den hori da, naturaren, emakumearen eta hirugarren munduaren aurkako esplotazioari eta gerrari esker”. Horrela egin genuen jauzi, zuk lehenbizi eta nik atzetik, Gasteizkoak talde antimilitaristan. Hamarkadetan zehar konplizitateak ehundu genituen beste askorekin batera, herio-sistema honen aurkako gorrotoa jakin genuen modurik eraikitzaileenean kudeatu genuen, berau akabatzeko ametsari uko egin gabe.
"Nola ahaztu María Miesen testu hura, 80ko hamarkadan gure harrotasun eta usteen erdigunea astindu zuena: 'Gizon zuria den hori da, naturaren, emakumearen eta hirugarren munduaren aurkako esplotazioari eta gerrari esker'.
Hemen sentitzen genuen gainbeheraren erdian izar jaioberri baten suak ilusioa piztu zigun han, Chiapasen. 2000 urte hasieran ozeanoa hegaldatu genuen elkarrekin, eta lur haietan gure iraganeko borroken arrastoak aurkitu genituen: inor ez inoren gainetik; obedituz agindu. Indigenenak ez bezala europarron bizitzak militar eta agintarien begietara zer edo zer balio duela “baliatuz” proposatu ziguten giza-ezkutu funtzioa onartu genuen. Injustiziaren ankerkeriarekin egin genuen topo berriz. Gogoratzen duzu nola kolpatu gintuen jakiteak haurrei ez zietela izenik jartzen errazago ahaztu ahal izateko, gehienak adin horren aurretik hiltzen zirelako? Gogoratzen duzu emakumeek arratsaldeko azken biberoiari guaro aguardient tanta batzuk gehitzen zizkiotela gauez esnatu ez zitezen, ez zutelako zer jaten eman? Ezustean eman genion amaiera Chiapaseko egonaldiari, zure anaia Manoloren heriotzagatik.
Eta nork esango zigun behin erretiroa hartuta mendi taldetxo bat osatuko genuenik, Olegaria eta “Chispas”-ekin lehenbizi, beste askorekin ondoren, urtetan mantenduz asteroko irteera, menditik eta pasiotik bezainbeste duena elkarrizketatik, hausnarketatik, adiskidetasunetik.
Gogoan dituzu Josu Ormaetxeari eta Patxi Cabellori egin genizkien bisitak Granadako kartzelan? Eta haietako baten bueltan, Marinaledan eta bere lur okupatu eta kooperatibizatuetan egindako egonaldia? Eta ostiraletako kontzentrazioak Gasteizen presoen alde?
Jesús, ibilbide luze hori guztia ez litzateke posible zu gabe, zu ondoan eta bidelagun izan gabe. Plazer ezinbestekoa zait zuri eskerrak ematea, eta aitortzea nork bere urrats ustez propioak ematen dituela beti beste batzuek lagunduta.
Jesús, kamarada, konpai, borroka eta bizitza kide, konplize, lagun. Borrokak gure bideak gurutzatu zituen oso aspaldi, ondoan mantendu gara urteotan, elkarrekin egingo dugu bidea hemendik aurrera ere.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Antzokiko argiak piztu dira. Diskretuki, pasabideetan nabil: emanaldi eskolarra hastear dago. Gazteak korrika doaz beraien eserlekuetara, bizi-bizi eta alai. Ateraldiak askapenaren zaporea du, baina askatasun sentsazio hori gaztelaniaz edo frantsesez mintzo da. Goiz honetan,... [+]
Wikipedian bilatu dut hitza, eta honela ulertu dut irakurritakoa: errealitatea arrazionalizatzeko metodologia da burokrazia, errealitatea ulergarriago egingo duten kontzeptuetara murrizteko bidean. Errealitatea bera ulertzeko eta kontrolatzeko helburua du, beraz.
Munduko... [+]
Berriki zabaldu da Gazako lurralderako Egiptok egindako hirigintza-antolaketa plana. Marrazki batean jaso dira etorkizuneko kale, eraikin eta iruditeria, oraindik metraila eta lehergailuen usaina darion errealitate baten gain. Hirigintza proposamena, beste bonba jaurtiketa bat... [+]
Bizitza erdigunean jartzeko abagunea ikusi genuen feministok zein ekologistok Covid-19 pandemia garaian. Ez ginen inozoak, bagenekien boteretsuak eta herritar asko gustura itzuliko zirela betiko normaltasunera. Bereziki, konfinamendu samurra pasa zutenak haien txaletetan edo... [+]
Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.
Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]
Badira etxebizitzak saltzeko atarietara harpidetuta daudenak, etxe bat erosi nahiko luketelako. Tarteka etxeak ikusteko hitzorduak ere egiten dituzte, eta seguru nago saltzaileak badakiela pertsona horiek ez dutela etxea erosiko, ez bisitan etxeari aurkitzen dizkioten baina... [+]
Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]
Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Aurten "Israel Premier Tech" txirrindularitza talde israeldarra ez da Lizarraldeko Miguel Indurain Sari Nagusia lasterketara etorriko. Berri ona da hori Palestinaren askapenaren alde gaudenontzat eta munstro sionistarekin harreman oro etetea nahi dugunontzat, izan... [+]
Intsumituek denbora luzez egindako borroka gogorra eta mingarria izan zen, baina irabazi zuten, eta garaipen hura behin betikoa izango zela uste genuen, atzera bueltarik gabea. Baina badirudi, politikari batzuen ahotik aterata, eskalada militaristari gorazarre egin eta berriz... [+]
Zenbait estatistikak berretsi dute begiak hondar urteotan ikusten ari zirena: gimnasioak (eta estetika-zentroak eta nolako-edo-halako-terapia eskaintzen duten negozioak) nabarmen ugaldu dira gurean. EITBk plazaratutako datu bat emateko: EAEn 2010-2019 urteen bitartean, zazpi... [+]