Udazkena fruituen sasoi nagusia da. Negua elikagaiz osatzeko fruituak eta horien aleak jasotzen ditugu. Fruituak ez direnak ere pilatzen ditugu, patataren tuberkulua (Solanum tuberosum) adibidez, baina haiek dira gehienak: altxasagarrak edo gordesagarrak (Malus domestica), negu-udareak (Pyrus communis), irasagarra (Cydonia oblonga), kuiak (Cucurbita spp.), artoa (Zea mays), babarruna (Phaseolus vulgaris), kiwia (Actinidia deliciosa), kiwaia (Actinidia arguta), mahatsa (Vitis vinifera), garia (Triticum aestivum), oloa (Avena sativa), garagarra (Hordeum distichon), zekalea (Secale cereale), baba beltx txikia (Vicia fava var. minor), gaztaina (Castanea sativa), ezkurra (Quercus spp.), mizpira (Mespilus germanica), hurra (Corylus avellana), intxaurra (Juglans regia) eta abar.
Azken hori, intxaurra, elikagai osasuntsua da. Alea zuritu eta mamia ateratakoan garunaren forma duela ikusten dugu. Ez da oraingoxea garunarentzako ona delako ustea. Itxuraz erdi ustela ez den beste aiekakoa da uste hori; egia dela, agi danean. Elikagai on asko du intxaurrak. Erromatarrei eskertu egin beharko diegu mertxikondoarekin (Prunus persica), aranondoarekin (Prunus domestica) eta abarrekin batera intxaurrondoa guregana ekarri izana. Erromatarrei benetan interesatu zitzaien. Euskal Herriko isuri mediterraneoan bizi da ondo intxaurrondoa; ez du inolaz ere isuri atlantikoko lurretako hezetasuna maite, batez ere buztin lurretako ito behar hori; toki harritsuetan, hor nonbait aterako da. Aukera baduzu joan zaitez Gardera, han Gardelar errekaren aldamenean intxaurrondo erraldoi bat bizi da.
Intxaurrondoa ez da lagunak erraz egiten dituen arbola. Bakartia da, lagunartea ez da berea; esaerak dio: “Intxaurrondoak ez du lagunik nahi”. Bere azpian ez du landarerik nahi, janaria kenduko dion inor ez bueltan! Horretarako “juglona” deritzan substantzia bat askatzen du hostoetatik, besteren hazirik ernal ez dadin bere itzalpean. Gai hori bera hedatzen du lurrean sustraijearen bidez. Bakardadea iraupenerako bidea. Hostoek askatzen duten gai hori dela-eta bere azpian beste landareek bizitzeko duten ezina ikusita, intxaurrondoak fama txarra du; gai horixe du alearen zokoten berdeak ere, eta esaerak hala dio: “Intxaurraren zokolina janez gero hil”. Bere pean lo kuluxka eginez gero, burua joan egiten delako ustea oso zabaldua dago; esaerak dio: “Intxaurraren azpian lo egitea txarra”. Kontuz, beraz, intxaurrondoa non landatzen duzun; esaerak honela dio: “Intxaurrondoa etxe ondoan txarra”. Ez jarri baratze, sagasti edo horrelakoen aldamenean; laster pairatuko dute intxaurrondoaren erasoa, eta zenbat eta zaharragoa eta eraso gogorragoa. Gaztelaniazko esaera batek dio: “Apaiza eta intxaurrondoa oilategitik urrun”. Erasotzen duten gaitzak ere bakanak dira; duela ez urte asko azaldu den eulia (Rhagoletis completa) izan ezik, ia ez du kaltetzen duenik. Hostoetan duen azido elagikoa da horren erantzule. Arbola gotortua intxaurrondoa.
Alea beste sagardotegiko bukoia da; esaerak hala dio: “Intxaurrak kuskua gogor, barnea goxo”. Omega-3 bitaminak eta zer ez du intxaurrak. Jarduera neuronala hobetzen omen du, adimentsuagoa egiten du jalea. Koipe ona ere badu, baina koipea; esaerak honela dio: “Hiru edo lau intxaur nahiko”.
Kaixo Jakoba, zein izan daiteke garairik egokiena intxaurrondoa tokiz aldatzeko? Eta nola?
Ioseba Berezibar (Aretxabaleta)