Jakob Kravtxik duzue honako hau, Moldaviako hiriburuan gelditzen diren judu gutxienetako bat. Hamaika buelta eman ditugu Chisinautik auzo judutarren bila, eta beste hamaika sinagoga topatu arte, kale estu eta aldrebestuak baitira auzo zahar honetakoak. Tenpluaren atarian, "sinagoga" hitza hiru hizkuntzatan zegoen idatzita, errumanieraz, errusieraz eta hebreeraz, eta bakoitza bere alfabetoz, jakina. Jakob-ek, ordea, ukraniera du ama hizkuntza, Chisinauen ez, Transnistrian jaioa baita.
Jakob duela urte asko etorri zen Dniestr ibaiaren alde honetara, baina apenas ikasi ditu hitz batzuk errumanieraz. Antza, sobietar garaian denek zekiten errusieraz eta kanpokoek ez zuten jatorriko hizkuntza ikasi beharrik. Egia esan, errusiera asko entzuten da Moldaviako kaleetan, ez dirudi Jakob-ek hizkuntza arazorik izango duenik.
Bigarren Mundu Gerra aurretik 200.000 judu baino gehiago ei zeuden Besarabian(egungo Moldavia). Sobietarrek 1940an lurraldea inbaditu eta milaka judu akatu edo Siberiara bidali zituzten, "sobieten mugimenduari ez-leialak" zirelako. Errusiarrek hasitako lanari naziek eutsi zioten gero: "ez-leialtasuna" baino, judua izate hutsa zen euren delitua. Gerra eta gero Israelgo estatua sortu zen Palestinarrei lapurtutako lurrean, eta hara emigratu zuten hemengo judutar askok. 1992an beste gerra bat izan zen hemen, Dniester ibaiaren bi ertzak gaurdaino banatu zituena. Hartan ere ez omen zegoen tokirik juduentzat; ez alde batean, ezta bestean ere.
Jakob-ek esan digu 25.000ko komunitatea osatzen dutela gaur, baina iturri ofizialen arabera nekez izango dira 15.000. Datu zehatzagoak aurkitu nahian, internetera jo eta honako web orri hau topatu dut: www.haruth.com. Beste askoren artean, atentzioa eman didate "judutar humore" ataleko ehunka txisteek. Euren buruari iseka egiteko gaitasun handia erakusten dute bertan Moldaviako juduek, tradizioei milaka urtez eusteko kemenaren paretsukoa.