Jakinek EITB Podkast plataformaren bidez zabaldu duen saioak Espainiako Estatuko hizkuntza koofizialen alorreko podcast onenaren Ondas Saria jaso du, asteazken honetan jakin denez. Gaur egungo mundua begirada feministatik ikusteko saioak zortzi atal argitaratu zituen iazko martxotik uztailera bitartean.
Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirreren ekimenez sortutako podcasta da Lokatza eta argitaratu duten saio bakoitzak tematika konkretu bat izan du: ahotsa, sormena, boterea, desioa, epika, etxea, bidaia eta gatazka. Hari horiei tiraka, hainbat emakumeren ahotsak bildu dituzte, hala nola Arantxa Urretabizkaia, Arantzazu Loidi edo Begoña del Teso.
Saria emateko arrazoien artean, EITBk "narratiba libreekin bere medioetan emakumeen presentzia bultzatzeko egindako apustu irmoa" nabarmendu dute. Lokatza "mundua begirada feministaz esplikatu, entzun eta ulertzeko" modu berria dela ere adierazi dute.
Ekoizpen oso zainduko saioak dira; besteak beste, Maite Arroitajauregi Mursego-ren sintonia dute programek, Lourdes Iriondoren Hala ere kanta moldatuz egindakoa. Eta gaiak landu dituzten moduagatik, izaera atenporala daukate. Argitaratzen hasi zirenetik ia urtebete pasa den honetan, gaurkotasunik galdu ez duten saioak dira.
Prisa taldeak SER kateko Radio Barcelonaren bidez banatzen dituen sari hauen historia luzea da, 1954an hasi baitziren ematen. Aurtengo berritasuna, hain zuzen, podcasten alorreko sari berezituak sortzea izan da. Maiatzaren 24an egingo dute sari-banaketa ekitaldia Malagako (Andaluzia) Soho CaixaBank antzokian.
Kulturaren inguruko hainbat programa biltzen dituen podcasting espazioa da Basilika eta hemendik aurrera ARGIAn izango dituzue sortzen dituzten edukiak entzungai.