Jainkosak, lamiak, crossfita eta goretexa

  • Irati filmean eszena bakarra konpartitu zuten Itziar Ituño eta Edurne Azkarate aktoreek, baina konexio handia piztu zen haien artean. Asko dute amankomunean: feminismoa, euskaltzaletasuna, naturaltasuna, indarra, umiltasuna, antzerkigintzarekiko maitasuna eta konpromiso politikoa.


2023ko abuztuaren 28an - 08:24
Azken eguneraketa: 11:32
June Fernández, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño. | Argazkia: Teresa Villaverde.

Irati filmaren protagonista gisa estreinatu da zineman Edurne Azkarate aktore eta zuzendari arabarra (Oion, 1993), baina segituan itzuli da ohiko lantoki duen antzerkigintzara. Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanean ibili da azken boladan. Dastatu besterik ez du egin Itziar Ituñok (Basauri, 1974) ondo ezagutzen duen zinema-munduaren gazi-gozoa. Goenkale-tik Loreak-era, eta hortik La Casa de Papel-era salto egin ondoren, mundu mailako fan komunitate izugarria ondu du Ituñok, baita boikot kanpaina bortitz bat pairatu ere, euskal presoen eskubideak defendatzeagatik.

Batak bestea aurkezteko eskatu diegu Urdin Elektrikoan: “Edurnek ahots fin-fina dauka, baina kristoren indarra. Oso samurra, enpatikoa eta azkarra da. Oiongo euskalduna, arabarra, oso artista ona”, esan du Ituñok. “Itziar basauritarra da, euskaldun berri zaharra. Aktorea eta ipuin kontalaria. Borroka txikien eta kolektibo zaurgarrien defendatzaile eta maitalea. Gustatzen zaio lan egitea maitasunetik, sentimendutik, egiatik. Ez dio balio errodajea tramite moduan hartzeak; behar du bere jarduna errotu benetako leku batean”. Egiazko solasaldia da hurrengoa, itxurakeria gabekoa, sentimenduz, barrez eta malkoz blaitua.

Itziar, nazioartean ospetsu bilakatu zara La casa de papel telesailari esker, baina jarraitzen duzu Euskal Herriko ekoizpenetan lanean, indar feminista handiko pertsonaiak gorpuzten.

Ituño: Jende askok galdetu dit: “Halako istorio handi batetik istorio txiki batera joatea ez al da atzera egitea?”. Niretzat kontrakoa da. Handia da Mariren papera eta handia da Alardea bezalako istorio bat kontatzea, euskaraz, ETB1en. Gauza interesgarriak kontatzea da nire lehentasuna. Barruan zer edo zer eragiten didaten rolak aukeratzen ditut. Emakume eta feminista naizen heinean, ez dut zalantzarik izaten halako gaiak nigana heltzen direnean.

Eskertzekoa izan behar du zure ideologiarekin bat egiten duten paperak gorpuztea, harro defenda ditzakezunak…

Ituño: Batzuetan ez da erraza koherentzia mantentzea. Ez dakit zenbat aldiz eman didaten poliziaren papera! (Barreak)

Edurne, eskarmentu handia duzu antzerkian eta telebistan. Nola bizi izan duzu zinema munduan murgiltzea?

Azkarate: Ondo… [aho txikiarekin]. Zinema munduan hanka bat sartu baino gehiago, behatz potoloarekin ukitu dut. Simulakro moduko bat izan da, oso guaya, asko ikasi dut. 2021ean Irati grabatu genuenetik itzuli naiz nire bizitza arrunt eta prekariora, antzerkian eta kulturgintzan, jaialdiak programatzen. Uztartzen dut aktore lana atzeko lanarekin, beti ezin baitzara agerian egon. Ez naiz kexatzen, badut lana eta gustuko dut.

Jone Laspiur ikusi nuen kaletik, hurrengo esaldia zuen poltsa batekin: “Soy actriz y, por cincuenta céntimos más, te pongo patatas y refresco grandes”. Pentsa genezake aktore ospetsuok atzean utzi duzuela prekarietatea. Hala da?  

Ituño: Loreak-ek sekulako arrakasta izan zuen: Donostiako Zinemaldian egon ginen, Goya sariketan, Oscarrerako hautagaitza jaso zuen… Ba nik hurrengo urtea langabezian eman nuen. Oso ohikoa da. Jendeak ez zaitu deitzen, pentsatzen duelako topera ibiliko zarela edo dirutza kobratu nahi izango duzula. Halakoetan, lanbidea berrasmatu behar dugu. Eskoletan ipuinak kontatzen aritu nintzen ni.

Azkarate: Irudiaren diktadurapean bizi garenez, erakutsi behar dugu etengabe ari garela gauzak egiten eta dirua irabazten, baina egunerokotasuna oso desberdina da. Lan asko egin behar dituzu soldata bat osatzeko, inork ez dizkizu oporrak ordainduko, ez duzu langabeziarik kobratuko… Jende askok amore ematen du, irakasle egiten da edo oposizioak prestatzen ditu, eta zilegi da; pentsa, seme-alabak badituzu, adibidez. Indartsu egon behar duzu edo pixka bat inkontziente izan, etorkizunean ez pentsatzeko.

Ituño: Dena den, prekarietatea bazen gure lanbidearen ezaugarri bat, baina gaur egun orokortu da.

Elkarrekin lan egin duzue Iratin. Zer nabarmenduko zenukete esperientziaz?

Ituño: Gure arteko konexioa oso polita izan zen, zaila bazen ere, eszenan nik aurpegia estalia neramalako makrame moduko maskara horrekin, Edurne nire hanken artean eserita zegoen, ilea laztantzen nion… [Eszena antzeztu dute] Une jakin batean, aurrez aurre errepikatzea erabaki genuen, konektatu genuen eta hortik aurrera erraza izan zen. Hunkitu egin nintzen.

Azkarate: Errodajeko azken astean iritsi zen Itziar bere power guztiarekin, ilusionatuta, Mari egin behar zuelako. Eskertu genuen, azken fase horretan neke, presio eta urduritasun handia dagoelako. harekin berreskuratu zuen lantalde osoak epikotasuna, zerbait berezia egiten ari ginen sentsazioa.

Filmak kontrajarri egiten ditu feminitateari oso lotutako euskal kultura zaharra eta kristautasun patriarkal zapaltzailea. Paganismoa aldarrikatu beharko genuke euskal feministok?

Ituño: Noski baietz! Ez dut uste antzinako emakume euskaldunak paradisuan bizi zirenik, baina bazuten leku inportante bat gizartean edo, behintzat, herrietan: emaginak eta sendalariak ziren, jaiotzan eta heriotzan presente zeuden, magia erabiltzeko baimena zuten, uste zelako konektatuagoak gaudela lurrarekin. Horrek botere bat zekarren, errespetuz tratatuak ziren. Pentsatu nahi dut oraindik badugula aukera gurean sinesteko eta antzinako botere hori berreskuratzeko.

Kostatu zitzaizuen pertsonaietan sartzea eta irtetea?

Azkarate: Itziar Mari da! [Barreak] Nire lehenengo aldia zenez zineman, ez nekien nola prestatu papera… Orduan crossfitera apuntatu nintzen! Behar nuen gorputzera eta psikera ekarri filmaketak suposatzen zuena. Saiatu nintzen pertsonaia lurrera ekartzen, oso lurtarra den heinean, eta baita bere garaira ekartzen ere. Euskara mota oso lagungarria izan da. Gainera, pertsona moduan eraiki nuen, ez nion generorik esleitu nahi, nahiz eta ni emakume bezala irakurria izango nintzen. Nire helburu bat zen nola aldendu chico conoce a chica inertziatik. Izaki biziraule bat da Irati, basoan bizi dena, ez duena bere burua ispiluan sekula ikusi. Paul [Urquijo, zuzendaria] eta Enekorekin [Sagardoy, aktorea] sortutako lekua hain zen erosoa, erraza izan baitzen sartu eta ateratzea.

Ituño: Paulek oparia egin zidan eta, aldi berean… nola izan Mari? Testua pila bat landu behar izan nuen doinua harrapatzeko, ahots sakona lantzeko… Bizkaitar euskaldun berria izanda, kostatu zitzaidan ahoskera dominatzea. Hasi nintzen pertsonaian sartzen gorputz osoa hennaz tatuatu zidatenean. Hiru orduz egon nintzen etzanda, hiru emakumek margotzen ninduten bitartean. Mistikoa izan zen! Jainkosa sentitu nintzen! Gero, Pozalaguako kobazuloan sartu nintzenean, lekua gorriz argiztatuta, ileorde luze-luzea jantzita, beltzez makillatuta, biluzik… barrura arte sartu zitzaidan Mari. Uste nuen jantziak borobilduko zuela sentipen hori, baina kontrakoa izan zen! Ez dakit zenbat orduz egon nintzen amaraun baten barruan harrapatuta, kortinatxo moduko bat aurpegian. Ideia zen jendeak ez ikustea Itziar Ituño Mariren papera egiten, baizik eta islatzea Marik ez daukala emakume jakin baten aurpegia, amalurra baita. Baina ura eskatzen nuen eta inork ez zidan entzuten! [Barreak] Fase hori gainditu nuenean hasi nintzen paperaz gozatzen.

Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Irati Zikloa komikian oinarritua dago filma. Berrikusi al duzue gidoia ikuspegi feministatik? 

Azkarate: Bertsio librea da, bi pertsonaiak hartu ditu Paulek, baina istorioa berak asmatu du. Argi zuen zer kontatu nahi zuen, generoari lotutako ikuspegi dikotomiko hori barne: emakumeak paganoak dira, lurrari lotuak, eta gizonak kristauak, politikan arituak… Eneko eta Iratiren arteko harremana asko berrikusi genuen, arriskuen aurrean neska salbatuko duen gizon gerlariaren klitxean ez erortzeko, bien arteko harremana horizontala izateko. Jakin badakigu emakume gorputz batek eta gizon gorputz batek nahi gabe narratiba jakin bat sortzen dutela, baina saiatu gara gauzatxoak gehitzen, bide klasikorrotik aldentzen.

Edurne, zuk asmatu zenuen euskara zahar horren ahoskera.

Azkarate: Gorka Lazkanok [euskararen arduraduna filmean] kristoren lana egin zuen gidoian, baina castinga heldu arte ez duzu entzuten. Orduan, nirea gustatu zitzaien…

Ituño: Eta behartu gintuzten besteoi bere modura egitera! Zalantzaren bat nuenean, Edurnerengana jotzen nuen.

Azkarate: Polita izan zen. Euskararen lokatzetan denok geunden sartuta eta ni nintzen eredua; horrek eman zidan aitzakia besteekin erlazionatzeko. Audio bidez aritu ginen aurrez-aurre ezagutu aurretik.

 

Euskal filmen kudeaketa linguistikoari buruz galdetu nahi dizuet. Euskara hutsaren aldeko apustua egin du Urquijok, baina asko hedatu da gaztelaniara bikoiztutako bertsioa.

Ituño: Euskara indartzeko beharra dugu. Antzezlan bat egiten duzunean, badakizu erdarazko bertsioarekin lan bikoitza egingo duzula. Mingarria egiten zait, euskararen militantea naizelako. Ez dut kritikatzen film batean eleaniztasuna modu naturalean islatzea. Baina Max Centerren Irati bikoiztua ikustea…  Hori ez da guk egindako filma. Eman zidaten aukera nire burua bikoizteko eta zalantza handia izan nuen. Beste batzuetan egin izan dut, baina barru-barruan sentitu nuen ez nuela Mariren papera gaztelaniaz egin nahi. Bestela Mari berak zigortuko ninduke!

Azkarate: Errealitate bat islatzea hainbat hizkuntzatan? Ondo. Bikoiztutako bertsioa jartzea Toledon? Ondo. Baina bertoko zinemetan Irati (eus.) agertzea Irati (cast.) ordez… Madrilen Handia estreinatu zenean, euskarazko bertsioa jarri zuten, eta ez zen hala izan Iratirekin. Hierarkia jakin batzuk islatzen dira asimetria horietan: egileak, genero mota… Saiatu ziren Paul tentatzen: dirutza inbertituko zutela filman, aktore oso ospetsuak kontratatuko zituztela Irati erdaraz egitearen truke. Zorionez, oso burugogorra da eta tinko mantendu zen: “Film hau euskaraz izan behar du, bestela ez dut egingo”. Eskerrak ondo atera dela.

Aranzazu Calleja eta Maite Arrotajauregi soinu bandako egileek osatutako bikote artistikoa hirukote bihurtu da zurekin, Edurne. Elkarrekin joan zineten Goya sariketetara.

Azkarate: Aukera dibertigarriena eta erosoena da leku handi eta arrotz horietara (sariketak, sarao instituzionalak…) lagun kuadrillan joatea. Esaten dugu “Batera goaz, ez gara bananduko!”, eta errespetatu behar dute.

Itziar, nola lortu duzu aurre egitea ospeak dakarren alde bortitzari? Presio estetikoa, kritika suntsitzaileak…

Ituño: Bakoitzak badaki nor den eta non dagoen erosoen. Ni zoriontsu naiz Basaurin, Euskal Herrian ditudalako nire familia, lagunak eta afektibitate gehienak. Munduan zehar ere lagun handiak egin ditut. Madrilera joan nintzenean La Casa de Papel egitera, akojonatua nengoen, eta gainera boikot bat etorri zitzaidan! Esan nuen: zertarako atera naiz? Egia da nekagarria dela zinema munduko irudikeria. Kontuan hartu behar dituzu zurekin bat egiten ez duten gauza asko. Zer jantziko dut Donostiako Zinemaldirako? Eskertu nuen Jennifer Lawrence txankletekin ikustea Cannesen.

Azkarate: Jennifer Lawrence izan behar duzu hori egiteko…

Baina horrela hasten dira iraultzak. Ana Urrutiari esker ETBko aurkezle gehiagok egin diete planto takoiei.

Azkarate: Bai, nik ere ETBn lan egin nuenean esan nuen ez nuela eramango eskoterik ezta takoirik ere, gutxiago kobratuko nukeela beharrezkoa bazen. Errespetatu zuten, baita gutxi ordaintzeko partea ere! [barreak]

Ituño: Badirudi aktore zarenean olinpo moduko batera igo zarela, aire aristokratikoa izan behar duzula, jendeak zure itxurari buruz gogoz hitz egin dezan… Oso zaharkitua da dinamika hori.

Azkarate: Transformismo ariketa dibertigarria izan daiteke, estrabagantzia eta esperimentaziorako aukera… baina oso desberdin biziko dugu plazaren arabera. Behintzat erabil dezakegu gustuko ditugun diseinatzaileak bultzatzeko; haiek ere badira artistak.

Itziar, aipatu duzu pairatu zenuen boikota, euskal presoen dispertsioaren aurkako kanpaina batean parte hartzeagatik. Hala ere, jarraitzen duzu halako egitasmo politikoak babesten. 

Ituño: Ate asko itxi egin zitzaizkidan, proiektu ugari bertan behera geratu ziren bat-batean. Hori bai, Euskal Herrian maitasun pila jaso nuen trukean. Ezin dugu ahaztu aurrean daukagun munstroa, oso faxista dena. Gaur egun ere sorgin ehizak egunero gertatzen dira, eta emakumeokin bereziki krudelak dira. Halako boikot baten ostean hunkituta geratzen zara, denetarik deitzen dizute eta. Ez baduzu goretexa ondo janzten, “para que me resbale”, zulotxo batetik barrura pasatzen da gorrotoa. Baina amore ematen baduzu, eurek gura dutena egiten baduzu, ez zoaz aurrera, bizitzan ere ez. Zertarako? Dirua irabazteko? Zertarako? Zoriontsu izateko? Ni zoriontsu nintzen proiektu makroetan sartu baino lehenago, halako atsekabe eta irain barik.

Atsekabeez ari garela, desengainua hartu zenuen Raquel Murilloren pertsonaiaren bilakaera ikusita? El Profesor-en ehizan aritzetik haren neskalagun bihurtzera pasa zen. Trinityren sindromea deitu zaio joera horri.

Ituño: Normalean, telesailetan protagonista bakarra dago. Protagonistaren antagonistak badu bere powerra. Baina protagonistaren aldean jartzen baldin bada, ez da protagonista bihurtuko. Hori gertatu zen nire pertsonaiarekin. Beste gauza bat espero nuen nik. Noraino ailegatu zaitezke? Ekarpenak egin ditzakezu, baina barku bateko arraunlaria zara; kapitainek hartzen dituzte erabakiak. Orduan zure buruari esaten diozu: “Jarraituko dut barkuan arraun egiten eta noizbehinka kaka ematen”.

Azkarate: Izaro Andresek aipatu zuen sariketa batean pilota jarri behar dugula gizonen teilatuan. Guk egin dugu nahikoa lan; ezin dugu gure gain hartu beraiei dagokiena ere bai. Bitartean, horma baten kontra ibiliko gara. Oso baldintzagarria da zeinekin ari zaren lanean. Guk ezagutu ditugu zuzendari gizon boteredun, zuri, zishetero, adin jakin batekoak… Horrelako interlokutoreak oso despotak izan daitezke. Aldiz, ni Paulekin oso pozik egon naiz, ikasteko prest agertu delako. Elkarrizketetan aipatu du nirekin ikasi duela feminismoaz. Esango nuke emaitzan nabaritzen dela.

Ituño: Beste batzuk gauzak aldatu nahi dituzte, baina erabat galduta daude.

 

Botere harremanen harira, Mee too dinamika heldu da Hollywoodetik Feroz sariketetara. Nola baloratzen duzue?

Ituño: Oso beharrezkoak dira halako erantzunak, baina amorrua ematen dit ikusteak diseinu mediatiko batean txertatu direla, hau da, agenda setting kontua bihurtu dela. Badirudi orain denok daudela nor eroriko den zain, albiste bihurtzeko. Goazen sexu erasoak salatzera, baina ondo eta egunero.

Zinema-munduaren krudeltasunaren aurrean, arnasgunea da antzerkigintza? 

Ituño: Ez nuke arnasgune berba erabiliko, sekulako lana dakar eta. Publikoa aurrean duzu, zuzenean… Magikoa da, baina baita oso prekarioa ere. Tartea dudanean antzerkia egiten dut, zoriontsu egiten nauelako, baina eskatzen du telebistako edo zinemako beste aukera batzuk hartzea, hipoteka ordaindu ahal izateko.

Azkarate: Bat nator, baina antzerkian badut ikus-entzunetan ez dudan ahalmea bat: nire buruaren nagusia izatea, nahi dudana sortzeko. Hortaz, bada niretzat leku aske bat, lan handiagoa eskatuko didana, prekarioagoa izango dena, baina babestu nahi dudana.


Azkenak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-26 | Leire Ibar
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu

Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


2024-12-26 | Leire Ibar
10.500 migratzaile baino gehiago hil dira aurten Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ahaleginean

2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Eguneraketa berriak daude