Epaitegien erasoei erantzuteko protokoloa aurkeztu du Kontseiluak, eta itun berri bat bultzatzeko konpromisoa hartu

  • Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak asteartean eginiko prentsa agerraldian. Mobilizazioaren arrakastaren ondoren, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri bat indar handiagoz sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du. Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa aurkeztu du ere.


2023ko azaroaren 07an - 16:36

Eskerrak ematen hasi du agerraldia Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Eskerrak Bilbora bertaratutako milaka eta milaka herritarrei, eta aurretik lanean aritu direnei: “Jendearekin hizketan, argazki eta bideoak egiten, kartelak pegatzen, autobusak antolatzen, manifestazioan laguntzen… aritu diren ehunka boluntarioei”.

Poza agertu du Eskisabelek, batetik, bildutako herritar kopurua “Kontseiluaren aurreikuspenen gainetik” egon zelako, eta, “batik bat, gure kezka eta larritasuna gizartean itsatsita dagoela” ikusi duelako. Horrekin batera, manifestazioak bildu zuen askotarikotasun sozio-politikoa ere nabarmendu du.

Larunbateko arrakastak Kontseiluari “ardura” bat ematen diola azaldu du Eskisabelek, eta ardura horri erantzuteko “konpromisoa” agertu du Kontseiluak. Konpromisoa, hain zuzen ere, euskararen aldeko itun soziopolitiko berri bat lortzeko norabidean: “Euskararen normalizazioaren aurrera egingo bada ezinbestekoa delako itun soziopolitiko berri bat eraikitzea, etorkizuneko erronkei heltzeko. Oldarraldirik ezean ere beharrekoa litzatekeen bezala”.

Lau interpelazio

Botere judizialari, erakunde publikoei, alderdi politikoei eta eragile sozial eta herritarrei interpelazio zuzena egin die Kontseiluak.

Botere judizialari esan dio “hizkuntz eskubideen gaineko gogoeta eta lanketa bat” egin beharra duela, “sentsibilizazio eta kontraste lan bat”.

Erakunde publikoei bi arlotan “ekarpena” egiteko eskatu die: “Batetik, normalizazioaren kontrako epaiak datozenean auzibideak azken bururaino eramaten. Bestetik, oldarraldiari kasurik egin gabe, euskararen normalizazioak behar dituen arau eta legeak abian jartzen, automurrizketarik gabe, ausart jokatuz”. Alderdi politikoei, norabide berean, eskatu die “politika publiko ausart horien berme" izan daitezela.

Azken mezua eragile sozialei eta herritarrei zuzendu die Kontseiluak: “Azaroaren 4ko manifestazioarekin ez da ezer bukatu. Baizik eta bide luze baten hasieran gaude. Beraz, jarri abian oldarraldiaren aurkako eta, orokorrean, euskararen normalizazioan sakontzeko jardunbideak eta ekimenak. Euskararen normalizazioa zehar lerro izan dadila bakoitzaren jardunetan”.

Hizkuntza eskubideak babesteko protokoloa

Aurreko hilabeteetan Kontseilua “euskalgintzako eta hainbat sektoretako eragileekin” lanean aritu da “oldarraldiari tokian toki eta batasunetik erantzuteko tresna edonoren eskura jartzeko asmoz”. Agerraldian bertan aurkeztu du erreminta Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak: Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa dokumentua, “hizkuntza-eskubideen aurkako erasoen aurrean antolatu eta saretzeko balioko duena”. Protokoloa dokumentu irekia dela azaldu du, bidea egin ahala “aberasten eta egokitzen” joango dena ekarpenen bidez.

Protokoloa bi egoeratan aktibatuko da, Mantxolaren esanetan: batetik, helegitea jartzen zaionean kontratazio edo enplegu deialdiaren bati, “kasuari jarraipena egiteko”; bestetik, euskaldunon eskubideen aurkako epairen bat egoten denean, “erantzuna prestatzeko”.

Sententziei aurre egin

Sententziei aurre egiteko bi erantzun mota jasotzen ditu protokoloak. Eragina udal mailakoa edo tokikoa denean erantzunaren dinamizazioa bertako euskalgintzaren eta eragileen esku geratuko da. Erasoaren aurka dauden eragile guztien artean adostuko da zer egin: “Adierazpen bat (bateratua nahiz bakoitzak berea), prentsaurrekoa, elkarretaratzea edo bestelako ekimenak. Eragileen konpromiso maila desberdinak aintzat hartuta, ez da inor behartuko prest dagoena baino urrunago joatera”. Erasoak Aldundiei eta administrazio handiagoei eragiten dionean erantzuna sindikatuekin adosten saiatuko da Kontseilua: “Salaketa adierazpena, prentsaurrekoa, elkarretaratzea, mobilizazioa…”.

Erasoa eragin maila batekoa zein bestekoa izan, “Kontseiluaren ardura izango da euskalgintzarekin, alderdi politikoekin eta sindikatuekin harremanetan jartzea, eta beharrezkoa den kasuetan, euskarri eta baliabide desberdinak eskaintzea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
Kutxa Banku Fundazioa ez da ados agertu Arriolaren adierazpenekin: “Euskara ez da oztopo”

Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.


Euskara: makila guztien zahagia

Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Atzerriko talentua erakartzeko euskara “oztopo garrantzitsua da”, Kutxabankeko buruaren ustez

"Poloniar bat etortzen bada eta bost urte pasako baditu proiektu batean, joder agian ez zaio egoki irudituko seme-alabek euskaraz ikastea, ezta?", bankuko lehendakari Anton Arriolak adierazi duenez. Euskalgintzako eragileek gogor kritikatu dute eta esandakoa... [+]


Gurekin egiten dutena

Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays... [+]


Beste epai euskarafobo bat: bitarteko Idazkari izateko lan poltsa eskaeraren aurka

Gasteizko 1 zenbakiko Auzitegi Kontentzioso-Administratiboak emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Lan poltsan parte hartzeko euskara maila altuenaren baliokide diren 3. eta 4. eskakizunak indargabetu zituen Gasteizko Auzitegiak. 


2025-03-04 | ARGIA
Euskaraz egiteko eskatzeagatik Tolosan EHEko kide bati eraso egin diotela salatu dute

Euskal Herrian Euskarazen arabera, Tolosako tren geltokiko segurtasun agente batek eraso egin zion militante bati, agenteari euskaraz hitz egiteko eskatu ziolako. Tolosako alkateak "kezka" adierazi du eta azalpenak eskatuko dituela jakinarazi.


“Botere judizialaren injerentzia” salatu dute Donostian, udaltzainen euskara eskakizunen auziaren harira

Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iazko urtarrilean, euskara eskatzea "diskriminatzailea" izan zitekeela iritzita; eta aitzineko astean, Donostiako Udalak aurkezturiko helegitea ez aztertzeko erabakia hartu du EAEko... [+]


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude