Zer diren gauzak. Duela 30 urte inguru irakurri nuen Itsas gorritan komiki gogoangarria, hasi eta bukatu egiten zen abenturazko istorioa zelakoan; baina ez, oraintsu jakin dut bost komikik osatzen duten Justin Hiriart saileko lehenbizikoa dela, beste lauk eman ziotela segida 1980ko hamarkadaren erdialde horretan. Tira, egiazki, bost aleetatik hiru besterik ez ziren argitaratu album-formatuan. Horrek bost axola du orain, duela bi urte obra osoa plazaratu baitzuen Erein argitaletxeak, 248 orrialde eta tapa gogorreko edizio zaindua.
Bande dessinée estiloko abentura-komikia da esku artean daukaguna, titulutzat daukana XVII. mende hasieran Amerikako ipar-ekialdeko itsasoetan ibili zen euskal baleontziko kapitainaren izena: Justin Hiriart, Itsas gorritan komikian ingelesek larri zauritu eta Mik Mak indioek zaintzen duten bitartean, eldarnio betean, itsasoa (komikiko beste protagonista nagusia) gorri ikusiko duena. Odolaren gorria, buruan iltzaturik geratu zitzaidan eszena, beste hainbat bezala, 30 urte eta gero berdin-berdin kolpatu naute. Zortedun gara.
FITXA
Justin Hiriart (Edizio osoa)
Gregorio Muro Harriet (gidoia) eta Francisco Fructuoso (ilustrazioak)
Erein, 2015
Desobedientzia zibil ez-biolentoa aipatuz gero, Mahatma Gandhi aurkeztuko digute ikur nagusitzat, Indiako kolonialismo gerrazale ingelesaren parte eta sustatzaile, Mussoliniren aldeko edo orduko Etiopia eta Abisiniako sarraskien justifikatzaile aritu bazen ere.