Milaka eta milaka euskaltzale eta euskal kulturaren zale elkartu dira Durangon asteburu luzean, ondo asko egonkortua den urteroko hitzorduan. Sartzeko itxaronaldiak, ordubeterainokoak, euripean... Kultur-gosez egon da jendea. Eta asebeteko ziren, halaxe sumatu baita postuen barneko jendearen irribarreetan. Larrialdian den hizkuntzari, larrialdian den hizkuntza horren kulturari, itolarrian dabilen kulturgileari... Behingoagatik bada ere, arnasa. Baina mezua argia da: urte osora zabaldu behar da.
Egiturazko espazioak ugarituta, euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago izango lituzke", adierazi du Durangoko Azokaren antolatzaile den Gerediaga elkarteak behin aurtengo edizioa amaituta. Izan ere, hauxe da ateratarako ondorio nagusia: kulturzaleak euskal kultur sistema osasuntsu baten parte izateko prest daudela, eta behar dutela, eskatzen dutela, eta premiaz, gainera. "Horrek guztiak pentsatzera garamatza", zehaztu dute antolatzaileek, eta horretaz gogoetatzeko eskatu diete kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturzale guztiei.
Ez egin irakurketa bizkorrik: ez dira ari Durangoko Azokak esponentzialki beste bazterretara ugaltzeaz. Baizik eta euskal kultura urte osora hedatzeaz, modu ugaritan, agerpen maila eta moldeetan, kuantitatiboki zein kualitatiboki; izan ere, euskaradun jende kulturgile eta kulturzale asko dira Euskal Herrian, Durangoko Azokan beste behin berretsi denez.
Inkesta bat egin du aurten antolakuntzak; datorren urtean ezagutaraziko dira datuak. Bisitari eta saltzaile profilak aztertu dituzte.
Durango, gainezka
Jende andana elkartu da. Milaka ikasle batu ziren, hasteko, ostegun goizean, Ikasle Goizean; Euskal Herri osotik 100 bat autobus jaso zituen Durangok, eta bestelako garraiobide publikoz ere bertaratu ziren asko eta asko. Goiza abiatzerako, edukieraz bete-bete eginda egon zen Landako gunea, eta zenbait unetan itxi zuten sarbidea.
Dena den, Durangon ibili denak edota komunikabideak jarraitu dituenak badaki ostirala izan zela egunik jendetsuena. Goizean goizetik, kasik iluntzera arte, aforoa gaindituta egon zen, eta ez zuen meritu makala izan ilara egitea egokitu zitzaion jendeak. Ordubete inguru egon zenik ere bazen, euripean eta ez tenperatura oso atseginean. Horiei guztiei eskerrik beroenak adierazi dizkie antolakuntzak.
Larunbata ildo beretik joan zen eguraldiari zegokionean, baita giro aldetik ere, baina jende gutxiagorekin. Hala eta guztiz ere, aforoa beteta une batean baino gehiagotan, eta ilarak kanpoan. Igandea, berriz, patxadatsuago, etxean egoteko eguraldiak ere hala lagunduta.
Sormen beka, Harien isla ilustrazio proiektuak
Euskara jendea gaitzat hartuta, esku-hartze artistiko bat egitea zen Durangoko Azokako antolakuntzak aurtengo deialdirako planteatutako zeregina, eta Irati Bazeta ilustratzaile abadiñarrak irabazi du, Harien isla proiektuarekin. Urtebete izango du proiektua gauzatu eta erakusgai ipintzeko; 15.000 euroko beka du horretarako.
Bazetak prentsaurrean jakinarazi duenez, margogintzan oinarrituko du bere lana. Dozena bat pieza sortzeko asmoa du, eta hainbat hausnarketa partekatzea gustatuko litzaioke, besteak beste, herritarren partaidetza bultzatuta. Hainbat galdera ditu gogoan: "Nor da euskara jendea? Zer dakar euskara jendea izateak? Ba al dugu euskara jendea garenaren kontzientziarik? Euskaraz bizi edo euskarara heltzeko denok baliabide berak al ditugu? Zein egoeratan sentitu dugu hizkuntza estresa? Hainbat galdera oinarri hartuta landutako proiektua da".
Zazpigarren urtez jarraian egin dute beka-deialdia Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak, elkarlanean. "Erakusleiho baino gehiago" izatea nahi zuten Durangoko Azoka, sortzaile "berrien bidelagun", gazte asko nabaritzen zutelako, diziplina ugaritan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik.
Benito Lertxundi omendu dute
59 urte bete ditu Durangoko Azokak, eta 60 urte daramatza Benito Lertxundik oholtza gainean. Lehen urtetik, hortaz, han izan da.
Baina ez da gehiagotan izango, ez behintzat oholtza gaineko musikari moduan. Azaroaren 27an iragarri zuen erretiroa Orioko Bardoak, Gernika-Lumon iaz grabaturiko zuzeneko kontzertuaren bi disko kaleratzearekin batera. Azken lan hori izan da aurtengo Durangoko Azokan ahoz aho ibili den obra esanguratsuetakoa.
Orioko Bardoa izan delako nor, badelako nor, Durangoko Azokaren historian ere bai, jakina, oso modu berezi eta ez ohikoan itxi zuten aurtengo azokaren edizioa Landakogunean. Bertan ziren musikari, bisitari eta erakusmahaietako kideek Etxahun Irurik idatzi eta Benito Lertxundik ezagutzera eman zuen Oi ama Eskual Herri kantua abestu zuten denek elkarrekin. Areto nagusiko oholtzan, Iker Laurobaren gitarra doinuei segika, koruan abestu zuten makina bat musikarik.
Nestor Basterretxeari ere, esker ona
Nestor Basterretxea artista bermeotarraren diseinu eta ilustrazio lan ugari Durangoko Museoan egon dira ikusgai, erakusketa batean. Lanetako asko sekula ikusi gabeak izan dira. Durangoko Azokarekin izan du harremana Basterretxeak; esaterako, 2012an berak sortu zuen 47. ediziorako irudia.
Horrez gain, Basterretxeak Durangaldearekin izandako lotura ere gogoratu du Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko Heriotza zerutik etorri jakun eskultura eta Hirugarren hilarria artelana.
ARGAZKI-GALERIA. Dani Blancoren eta Durangoko Azokako argazkilarien eskutik.
ARGIAk eta Bizi Baratzeak bere aurtengo nobedadeak aurkeztu ditu.
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Salto batez jaiki da ohetik, pelikula txutxi-flower batean balego bezalaxe. Gelatik irten, sukaldera joan, amari muxu potolo bat eman eta dutxan sartu da, Deus ex machina kantua hartuta soinu-banda modura. Aurora borealak entzuten ditu letran, baina, egiazki, letraren fabulari... [+]
Oraindik ere ondo gogoan du amak nola esan zion atzo: “Iraitz, segiozu ohera, badela garaia. Eta utzi mugikorra, itsutu egingo zara-eta!”.
Nola ez, amak arrazoi. Gaurko betzuloek ez dute barkatzen. Ez du begirik bildu gauean. Ohean buelta eta buelta, maiz... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.