Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du helburu. Giza Eskubideen defendatzaileek gogor egin diote kritika eta horietako askok espetxe batekin konparatu dute. Orain Europar Batasuneko 27 herrialdeek gauza bera egin dezaten proposatu du Von der Leyenek, migrazioari dagokionean “aurrera egiteko bide "berritzaileak" aztertzea eskatu die.
Italiako Itsas Armadako ontzi batek Albaniara deportatu ditu lehen aldiz Mediterraneoan zeuden hainbat migratzaile. Bangladesh eta Egiptotik zetozen 16 pertsona horiek Giorgia Meloniren gobernuak Albaniako Gjadër hirian eraikitako “harrera-zentroetara” eraman dituzte. Bertan euren “babes-eskaerak izapidetuko” dituzte eta kanporatu tribunalaren ezezko erantzuna jasoz gero. Ontzian igo bezain laster identifikatu dituzte Italiako autoritateek, eta "baldintzak" betetzen dituztela baieztatzeko kontrola egin diete militarrek. Italiako Barne Ministerioak adierazi duenez hurrengoak dira: "herrialde seguruetatik" etortzea eta "gizon ez kalteberak" izatea. Euren eskaerak izapidetzen diren bitartean zentroan geratu behar dute harresipean, kanpora ateratzeko eskubiderik gabe.
“Harrera-zentroa” 2023an Melonik eta Edi Ramak sinatu zuten akordio baten fruitua da, Italiakoak adierazi bezala, “migrazio-kudeaketak bizkortzeko balio duena”. Gjadërreko zentroa Italiako lurrez kanpoko zonalde bat da, beraz zentroan Italiako Legea dago indarrean. France 24 medioak jaso du proiektua Italiako diruarekin eraiki izan dela eta 2028 urtera arte 600 eta 700 milioi euro bideratuko dituztela. Italiak mantenu-lanak ere ordainduko ditu. Egun 400 migratzaile sartzeko aukera dauka, oraindik hainbat zelda eraikitzen ari baitira eraikuntza prozesuan jazotako atzerapenen ondorioz. Matteo Villak, Datuetan aditua eta Nazioarteko Azterketa Politikoetarako Institutuko Ikertzaileak adierazi du “Italian existitzen diren zentroak baino lau bider garestiagoa dela” eta “ziurrenik migratzaile denek amaituko dutela bertan lekualdatuta”.
Meloniren eta Ramaren arteko akordio horrek Giza Eskubideen defentsa egiten duten antolakundeen hamaika kritika eragin zituen, baita Nazio Batuen Erakundearena ere. SOS Humanity GKEa Mediterraneoan aritzen da erreskate-ontziekin lanean, eta bere bozeramailea den Mirka Schäferren ustetan “Italia-Albania akordioak nazioarteko itsas zuzenbidea urratzeaz gain, errefuxiatuen oinarrizko eskubideak are gehiago urratzeko arriskua du. Italiak de facto atxilotzen ditu albaniarren lurraldean babesa bilatzen duten pertsonak, azterketa judizialik egin gabe, eta hori oso ankerra da, oinarrizko eskubideak urratzen ditu eta. Libian eta Tunisian egindako bidaian indarkeria, pertsonen salerosketa edo tortura jasan dituzten errefuxiatuak dira”.
Bestalde, Elly Schleinek, Italiako Alderdi Demokratikoko idazkari nagusiak, Meloniren gobernuari leporatu dio diru-kutxa publikoetatik ia 1.000 milioi euro “alferrik galtzea”, “oinarrizko eskubideak mespretxatzen” dituen programa batean, eta “Europako jurisprudentzia urratzen” duena. “Baliabide horiek aprobetxa genitzakeen itxaron-zerrendak laburtzeko edo medikuak edota erizainak kontratatzeko”, kritikatu du.
Agron Shehaj diputatu albaniarrak gaineratu du ekimenak Edi Rama lehen ministroaren autoritarismoa ere islatzen duela, “bere herrialdea Europar Batasunean sar dadin besterik ez baitu nahi”. “ Sinatu aurretik ez ziguten akordio horren berri eman; prentsaren bidez jakin genuen. Ez zen eztabaidarik izan, ezta Legebiltzarrean ere ", kexatu da.
Oraino ez da zentroaren aurkezpen publikorik egin, eta Matteo Piantedosi Ministro Italiarrak dioenez ez da inolako ekitaldi ofizialik aurreikusten. Hala eta guztiz ere, “ez dago arantza-alanbrerik, sorospena besterik ez”, eta "atxikitze-zentro arintzat" jo ditu.
France 24 medioak esklusiboki bisitatu du zentroa, eta “espetxe-gisa” deskribatu dute. “Gjadërreko instalazioetan pareta grisez inguratutako literak besterik ez dago. Hesi altuaren atzean hamarnaka moduluek osatzen duten laberinto-itxurako hiri bat dago, non “ostalariak” europar lurzorua zapaldu gabe bizitzera behartuta dauden”. Zentroa “kolore opaku eta grisazkoa duen hesi altu batek” inguratzen du, eta ia instalazio denak metalikoak dira. “Ez da zerumuga ikusten, ez besterik, nahiz eta herritik gertu dagoen kokatuta. Lehen Gerra Hotzeko base militar bat zegoen izkutaturik inork ikusi ez zezan. Modu berean eraiki dute zentroa; inork ikusi ez dezan”.
Asilo-eskaera aurkeztu duten eta erantzun baten zain daudenentzat logelak daude, kanporatze-aginduak jaso dituztenentzako eremuak, Italiako auzitegien bideo-dei bidezko audientzietara joateko aretoak eta delituak egiten dituztenentzat kartzela txiki bat.
Adron Shehajek ere “espetxe gisa” deskribatu du zentroa; “nola deitu behar dugu? Migratzaileak ezin dira hortik irten, eta inork ez du ikusiko barnean gertatzen dena”. “Akordio honekin pertsona horien giza eskubideak urratzen ari dira. Eurek ez dute Albaniara etortzea erabaki, behartzen ari dira", azpimarratu du Schengjingo portutik.
Europar Batzordearen burua den Ursula Von der Leyenek migrazio-politiketan aldaketak planteatu dizkie beste 27 herrialdeei.
Von der Leyeren proposamenak Meloniren ekimenari eusten dio, eta hamar puntuko gutun batean proposatu du batzordean. “Italiaren eta Albaniaren protokoloaren esperientziatik ikasgairik atera daitekeela”, ziurtatu du. Von der Leyenek Europako estatuburu eta gobernuburuei eskatu die migrazioari dagokionean “aurrera egiteko bide berritzaileak aztertzen jarraitzeko”, Europar Batasunetik kanpoko itzulera-zentroak sortzeko ideia gogoan hartuta.
Proposamena dagoeneko Bruselasek errefusatua da aspaldi “asilo-eskatzaileen eskubideak urratzeagatik”. Orain, Annita Hipper Barne eta Migrazio bozeramaileak azaldu du “EBra iristen diren migratzaileak bota ahal izateko jatorrizko herrialdera behin betiko kanporatuko dituen ebazpena heldu bitartean, aurretik migratzaileak jatorriz berea ez den herrialde batera nahitaez itzuli ahal izatea arautu beharko litzateekela”.
Von der Leyenek adierazi duenez, proposamenarekin aurrera joateko “hirugarren herrialde ziurra” terminoaren definizioa birformulatuko du. Haren ustetan funtsezkoa da “asiloa bilatzen duten horiek laguntzeko, Mediterraneoan barrena bidaia arriskutsurik egin ez ditzaten”.
"Migrazio zirkularra" sustatu nahi du PSOEren gobernuak, langile batzuek behin-behineko hainbat lan egiteko migra dezaten Espainiako Estatura, eta gero euren jatorrizko herrialdeetara itzul daitezen.