Isurketa berria gertatu da Nerbioi ibaian, Aiarako Markijana auzoko industriagunetik gertu. Urriaren 29an bisa eta arrain hilak azaldu ziren bertako uretan, baita hegazti hilak ere.
Auzokideek "isuria ikusgarria zela" adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari. Hain zuzen ere, bizilagunak izan ziren URA agentzia ohartarazi eta salaketa aurkeztu zutenak.
Ertzaintzako Ingurumen Sailak ikerketa abiatu du isurketaren nondik norakoak argitzeko. Datozen asteetan emango dute informazio gehiago.
Arabako Foru Aldundiak arrain hilen laginak hartu eta animalia hilak erretiratu ditu honezkero. Ura Agentziak, bere aldetik, ikuskariak bidali ditu ingurura eta isuriaren laginak hartu ditu hauek ikertzeko.
Isurketa gehiago
Azken urteetan isurketa ugari jazo dira Nerbioi ibaian. Duela urte batzuk milaka arrain hil azaldu ziren Aretan. Urte berean, Amurrion ere arrain hil andana azaldu ziren, beste isurketa baten eraginez. Datuen arabera, 8.000tik gora ziren hildako arrainak.
URA Agentziak Aiala Vidriori, Aceralavari eta Laudioko Udalari zigorrak ezarri dizkie 2017tik gaurdaino, isurketa anomaloak tarteko. Amurrio Ferrocarril y Equipos, Tubacex, Castinox, Jez, Nubiola eta Guardian enpresek ere agentziaren errekerimenduak jaso dituzte sustantzia kutsakorrak ibaira isurtzeagatik.