2023ko urriaren 18ko gauean jarri zizkieten isunak, Herreran Ertzaintzarekin izandako eztabaida baten harira. Gaizki aparkatutako auto baten harira hasi zen eztabaida: herritarrek ertzainei euskaraz hitz egin zieten, baina agenteek gaztelaniaz hitz egiteko agindu zieten. Tentsioa goratzen joan zen eta, azkenean, istiluen aurkako ertzainak bidali zituzten, Ralla eta Abendaño identifikatu eta miatu egin zituzten eta isunak jarri zizkieten.
Herritarrek Arartekora jo zuten, Ertzaintzak euren hizkuntz eskubideak urratu zituela iritzita. Hain zuzen ere, herriaren erakunde defendatzaileak arrazoia eman zien abenduan, baita Segurtasun Sailari eskatu ere Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko. Orain, Segurtasun Sailak isunak kendu dizkie.