Aspaldi eskuratu eta gainetik irakurria nuen, baina berrikitan bakarrik heldu ahal izan diot nahi bezalako arretaz Joxemari Iriondoren Pilota eta Bertsoak liburuari. Ezagun zaharrak aurkitu ditut hor, eta berpiztu ere egin zaizkit irakurketan pasatako borroka batzuk, galduak eta irabaziak.
Baina ez dut oraingo asmoa liburua komentatzea. Kontu txiki batzuk agertu nahi ditut hemen, besterik gabe, irakurketarekin bateratsu, Euskaltzaindiak online jarria duen Lafitteren artxibotik Irunen 1820an jokatu partida baten bertsoak ezustean gainera erori baitzaizkit eta idazteak ematen didan beldur psikiatrikoa orain ahal bezala gaindituz.
Ezer gutxi genekien partida hartaz. Gehienez ere, Blazyk 1929ko La Pelote Basque-n esandakoa: zazpi bertso jasoak zituela J. Elizalde Zerbitzarik 1925an Uztaritzeko ospitalean zegoen Juana Lafargueren ahotik.
Nire jakitean, Zerbitzarik jasotako bertsoak ez dira inoiz inon argitaratu, baina berehala dirudite pentsatzeko bien arteko desberdintasun batzuek. Esate baterako, “Anduraindarra” irakurtzen da Lafitterenean orain, Blazyren arabera Zerbitzarirenak “andoaindarra” esaten zuenean. Bide horretan, halere, apenas oso aurrera egiten ahal dugun oraingoz, Zerbitzarik bildutakoa bazela jakinda ere, ez baitakigu benetan zer zioen…
Dena den, beren lekura etorri dira zorionez inora-ez-antzean zeuden bi bertso umezurtz. Airera disparatuak bezala jaso zituen Aita Donostiak 1912an, eta argitu da orain 1820ko kantutik iritsiak zirela:
Burullaren illaren ogei eta bian
Pilota-joko aundi bat Irungo errian.
Banderak ezarririk, oi moda berriak!
Jokatu izan dirade estadu ikaragarrian
Agostoko illaren ogei eta bian
Pilota parti aundi Irungo errian,
Banderak edaturik, oi, moda berrian;
Ala jokatu dira modutxo aundian.
Aita Donostiaren arabera, Berroetako Juan Migel Maria de Berroeta eta Erratzuko Andres Jaimerena izan zituen horien informatzaileak hurrenez hurren, Lekarozen. Beraz, Baztanen uste behar diegu anartean iraupena bertsoei, inon bazen ere.
Bandera ezarrien moda berria, esango nuke Riegoren pronuntziamenduaren ondoren, urte hartako martxoan, Fernando VII.a Cadizeko Konstituzioa zin egitera behartu ondorengo protokolo “berriei” dagokiela, baina… auskalo. Fernando VII.ak bere orduko hitz famatuak laster jan zituenean (“Abia gaitezen guztiok, eta ni lehena, bide konstituzionalean”) hemen aipagai ditugun pilotarietako baten jarrera ez da esanahi gabea, beherago ikusiko dugunez.
Lafitteren artxiboan bistaratu zaigu orain kantua, beraz: bi kopia, hamabi bertsokoak eta denean berdinak, desberdintasun ortografikoren bat gorabehera (joko / yoko…).
Espresuki izendatuak ditugu orain zenbait pilotari, nahiz partidaren ganorazko berri argi ateratzen ez digun uzten. Mitxiko, Armendaritz, Patxiku (Guardia esaten zaio), Pedro Elizondokoren semea (kuriala deritza; eskribau aprendizgoan, antza) eta Anduraindarra ditugu horko izenak, abizenak, ezizenak eta izendapenak. Azken hiruren identifikaziora gidatuko lukeen arrastorik ez dakit batere. Lehen biez, ordea, ez askorik ere, baina bai zerbaitto…
Ezusteko samarra gertatzen zait bertsoen aurkezpena, eta arroztasun arraroa salatzen du gipuzkoarrei “biscayen” irizteak, usadio behinola usua, ondo jakina denez, baina nire jakitean XIX.menderako erabat zaharretsia irudi lukeena, non arras leku urrunetatik ez den: Grande partie de pelote entre les Biscayens et les Navarrais, dans la Ville d’Irun (Espagne).
Kontrara ere, berri usaina ematen dio izenburuari “Partie de Pelote” eta ez “de Paume” esateak. “Paume”-ri “pelote” nagustea, aski Iparraldeko usadio lokal bezala ikus liteke frantsesez lehen hurbilpen batean, eta soilik XX. mendearen hasieratik aurrera desagertzen da erabatsu paume gurean, pelote-ren mesedetan. Jeux de paume, de pelote et de balle bezalako esapideak, frantsesez arruntak oraino, ñabardura ezinezkoak dira guretzat euskaraz edo espainieraz.
Lehen nioenez, pilotarietako bitaz ere badakigu zertxobait: Mitxiko eta Armendaritz.
Oro har, esan liteke zorte hobea izan duela famaren bizitzan lehenak, Mitxikok, h.d., Indart oiartzuarrak, baina bigarrena ere ez zaigu ezezaguna, Iztuetak Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira-n goratik famatzen zuen Don Bernardo de Armendaritz baitugu, noski.
Zaldibiarrararen esanean, aski omen zen Armendaritzek partida jokatu behar zuela zabaltzea, inguruko herriak hura ikusteko hustu zitezen… Donostiako sindiko agertzen zaigu Armendaritz 1813ko erreketaren denboran, eta aurrerantzean ere sarri dugu udal batzarretan kide. Zubietako akten sinatzaileen artean dugu, eta britaniarrak erreketaz zabaltzen hasiak ziren bertsioari kontra egitekotan donostiar agintariek egin zuten lekukotasun biltzean, 64. lekukoa dugu. Gero ere, giro politiko oso kritiko batean, Hirurteko Liberalaren garaian, Donostiako udal batzar erregezale paraleloan dugu, esan nahi da alderdi absolutistaren sokan dantzari.
Mitxikori dagokionez, aiher naiz pentsatzera badugula Iztuetaren idazkian haren aipamena ere, nahiz ezkutuan. Madrilen eraikia omen zuten pilota plaza baten aipamena egin ondoren, kontatzen zuen Iztuetak hiru gipuzkoar eta nafar bat eramanak zituztela hartara hiru urte zuela (1821 aldean bezala, alegia), eta haiei kontra egingo zien jokalaririk ez zela inon aurkitu. Batto dator hori (edo “ez nabarmen kontra” esango nuke hobeki?) jatorri benetan ziurrik ez dakigun baina miletan kontatua zaigun partida harekin: 1821ean Madrilen Fernando VII.aren aurrean Arraiozeko Bautistak (Teus) eta Jose Ramon Indart Mitxiko oiartzuarrak jokatu omen zutena.
Urte batzuk geroago, 1828an, Euskal Herrian gaindi ibili zen Fernando VII.a eta pilota partidak jokatu ziren Bilbon eta Gasteizen erregea bestatzeko. Donostian eta Iruñean ere izan zen, baina pilotaren froga ziurrik ez dakit horietan. Dena den, eta ordu bereko zertzelada argigarririk ez badakit ere, bai ordainez urte dezenteren buruan heldutako zehaztasun bat: Antonio Arzakek Euskal-Erria aldizkarian Felix Santo Domingoren hilberrian zioenez, Santo Domingo izan zen partida haietan jokalarietakoa. 24 urtekoa zen orduan Santo Domingo, Erriberako Los Arcosen 1804an sortua.
“Apuntes sobre el juego de pelota” artikulu jakingarria idatzia zuen aspaldi ez zuela Santo Domingok 1884an, eta “El Escribano Indart” aipatzen zuen bertan. Idazketatik badirudi joanxea zela Indarten denbora Santo Domingo bere gehienean egoterako, eta ez ziratekeela nonbait jokatzez garaikide gertatu...
Itxura guztien arabera, Mitxikoren eskutik genuke euskal erakunde publikoek historian utzi dizkiguten euskarazko testu gutxi horietako bat, Jose Ramon Indart idazkaria baitugu 1822ko udal agiri baten egilea: [Oiartzungo] Bailara honetako Udalbatza konstituzionalaren akordioa, 1822ko abenduaren 8an. Jose Ramon de Yndart.
Pilotan lehiatuak ziren Irunen 1820an Armendaritz eta Indart, eta joeraz elkarren kontrako udalbatzetan ere ikusten ditugu 1822an. Bien bitartean, 1822an berean, gerraren aitzakian, leialtasun politikoa exijitzen zieten Aldudeko etxe espainiarrei. Tartean, Perkain zaharrak zeukan ostatuari.
“Beharbada gauza gehiago zagok zeruan, lurrean eta pilotan, Horazio, hire filosofiak amets ere egin lezakeen baino…”.
Javier Cuadra (Amurrio)
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]
Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.
Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]
Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]
Horra Libération egunkariak berriki argitaratu duen idazkia:
“Bayonne” bukatu da, Libérationek “Baiona” idatziko du
Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen... [+]
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Datu Zentroen instalazioei ateak irekitzen dizkiete horiek arautzeko legedia sortu aurretik. Bilbao-Arasur Dantu Zentroarekin, bere lehen fasea gauzatuta, eta instalatzea amesten duen Solariaren Datu Zentroarekin, 110.000 m2... [+]
Otero jauna, garai honetan artzain honek ez du tarte handirik izaten ezertarako, justuan ibiltzen naiz, baina gaurkoan ezin utzi erantzun gabe zure azken kolaborazioa. Izan ere, sortu didan egonezinak pisua du. Haserrea ere astuna egiten zait. Ez pentsatu, ordea, dela zenbait... [+]
Duela gutxi, asteburu berean, Ertzaintzak bi salaketa jaso ditu: lehenengoa, emakume kolonbiar batena; lekukoen arabera, ertzainak kolpeka jarraitu zuen lurrera bota ondoren eta konorterik gabe zegoela; ospitalean garuneko edema eta paralisi partziala diagnostikatu zizkioten... [+]
Frantziskok "Franciscomanía" zeinuarekin hasi zuen bere Aitasantutza. Fenomeno soziologiko horri esker, Vatikanoko boterearen zirrikituak aldez aurretik ezagutzen ez zituen gaztetasunaren ikono eta Elizako aldaketa-haizeen intsuflatzaile bihurtu zen.
Era berean,... [+]
Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioak "faxismoaren, erreakzionarismoaren eta zapalkuntzaren aurkako aliantzak" ehuntzean ardaztu ditu.
Kepa Kortak Naiz-en idatzitako “Musikariaren jakituria” artikuluan faxismoa definitzeko... [+]