Bizkaiko Foru Aldundiko lau goi-funtzionario epaituko dituzte Irune Costumerori Gurasoen Alienazio Sindromea leporatuta alabaren tutoretza kentzeagatik eta horrek eragin dien min psikologikoagatik. Nazio Batuen Erakundeak Espainiari azalpenak eskatu berri dizkio egoera hau onartzeagatik. Bitartean, alabak tratu txarrak ematen dizkion aitarekin bizitzen jarraitzen du. Hona hemen Irune Costumeroren testigantza gordina.
Azaroaren 3an ordu eta erdiko aurrez aurreko elkarrizketa egin nion Irune Costumerori Larrabetzuko taberna batean. Igorreko emakume honek zazpi urte daramatza borroka judizialean murgilduta bere alaba tratu txarrak eragiten dizkion aitarengandik babesteko, eta hiru urte igaro dira Bizkaiko Foru Aldundiko lau arduradunek (tartean gaur egun Ekintza Sozialeko diputatu den Sergio Murillok) alabaren zaintza kendu ziotenetik.
Txosten eta auto guztietako esapide oro buruz errepikatzeko gai da, ez du auziari lotutako paperez betetako karpeta zabaldu beharrik. Bizitako indarkeria, bikotekide ohiak eragindakoa eta indarkeria instituzionala, behin eta berriro kontatzeko prest dago, xehetasun eta proba guztiekin. Poliziaz inguratuta alaba kendu zioten eguna gogoratzen baino ez da hautsi erakusten duen sendotasun ikaragarria.
Nazio Batuen Erakundeko emakumeen kontrako indarkeriaren errelatore bereziak Espainiari ardura eskatu dio neurriak har ditzan epaitegietan ez dadin Gurasoen Alienazio Sindromea (GAS, gaztelaniazko SAP siglekin ezaguna) erabili. Costumero eta haren alabaren «osotasun fisiko eta mentalarekiko kezka sakona» adierazi du errelatoreak eta Angela Gonzalez Carreñoren kasua ekarri du gogora: 50 salaketa jarri zituen alabak ez zezan bikotekide ohiarekin zaintzarik gabeko bisitarik izan, ez zuen erantzun judizialik izan, ordea. 2003an aitak alaba hil zuen bisita batean eta 2018an onartu du Auzitegi Gorenak Espainiako Estatuak hilketan izan zuen erantzukizuna, 600.000 euroko kalte-ordaina ezarriz.
Foru Aldundiko langileen defentsak prozesu judiziala oztopatzen duen bitartean, umea gero eta ahulago, nekatuago eta etsituago dagoela dio Costumerok. Haurrak ere zazpi urte daramatza ezezagunei behin eta berriro bere istorioa kontatzen. “Zertarako berriro kontatu, ez didate sinistuko!”, esan dio azken aldian amari. Angela Gonzalezen istorioa errepikatuko den beldur da, noski. Bihar, abenduaren 3an, egingo da premiazko kautelazko neurriak ezartzeko epaiketa.
Irune Costumerori ahotsa ematea baino, haren testigantza bitartekaririk gabe entzutea hobetsi dut. Auziaren inguruko informazio gehiago nahi izatera, Marisa Kohanek Público-n eta Gessamí Forner-ek El Salto-n argitaratutako albisteak gomendatzen ditut.
Telebistan behin eta berriro esaten dute tratu txarrak jasotzen badituzu erasotzailea salatu behar duzula, baina tranpa da. Indarkeria matxista salatu dudanean, makinaria guztia jarri da martxan.
Gurasoen Alienazio Sindromea nahiko ezezaguna da. Pedofilo batek asmatu zuen tratu txarrak eta sexu abusuak ostentzeko. Zaintza partekatuaren aldeko elkarteek estrategia hori gomendatzen dute: umeak esaten duenean ez duela aitarekin joan gura, aitak ama salatzen du haurra manipulatu duela esanez. Tratu txarren emaileak diren aitek, haien familiek eta bikotekide berriek osatzen dituzte elkarte horiek.
Umeak oso ausartak dira, baina hitz egiten dutenean amaren kontra egiten du justiziak. Izan ere, epaitegietan oso errotuta daude estereotipoak: emakumeak manipulatzaileak garela; etxearekin, kotxearekin eta umearekin geratu nahi dugula; umeak gezurti hutsak direla.
Nire alaba 2012an jaio zen. Hurrengo urtean, nire bikotekide ohiaren kontrako salaketa jarri nuen genero indarkeriagatik. Justiziak salaketa artxibatu egin zuen. Zigor barik geratu zenez, ez dute nire alaba genero indarkeriaren biktima dela onartu. Banandu ondoren, aitak umea ikusten zuen hala gura zuenean, ez genuen ezer idatzita. Behin, umea bortxaz bahitu zuen eta hiru hilabete egon nintzen alaba ikusi barik. Salatu egin nuen eta epaiketan oporretan joan zirela esan zuen. Epaileak, emakume misogino batek, zaintza partekatua inposatu zuen.
23 hilabete zituen alabak orduan, eta laster igarri nion ez zegoela ondo. Topagunean koala baten moduan besarkatzen ninduen, ez zuen aitarekin joan gura izaten, langileek tiraka eraman behar izaten zuten. Nirekin zegoenetan, kosta egiten zitzaion lo hartzea, ez zuen bakarrik lo egin nahi izaten eta amesgaiztoak izaten zituen: “Aitarekin ez! Ez!” oihukatzen zuen. Haur-psikologo batengana eraman nuen eta “amagandik bereizteko larrimina” zuela ondorioztatu zuen. Behin, jolas bat proposatu zion bizitako indarkeriak irudika zitzan. Nahi gabe, amaren figura sofaren azpian geratu zen. Psikologoak esan zuen: “Hemen utzi beharko dugu eta gero mugituko dut sofa”. Txarto jarri zen alaba, arnas barik, “Ez, ez, ez!”, psikologoak sofa mugitu zuen arte. Astez aste gauza gehiago kontatzen zizkidan, esaterako, behin aitak gela batean giltzapetu zuela iluntasunean eta horregatik zela iluntasunaren beldur.
Behin, lau urte zituela, oso triste itzuli zen aitaren bisitatik, gartzen zen negar egin zuela. “Zer gertatu zaizu, maitia?”. “Aitak jo egin nau”, erantzun zidan. Topaguneko langileari deitu nion: “Entzun al duzu?” “Bai”. Hanken barruko aldean zituen ubeldurak erakutsi zizkidan. Orritik kanpora margotu eta mahaia zikindu zuelako haserretu omen zen aita eta atximurka hasi omen zitzaion. Gurutzetarako Ospitalera eraman nuen eta medikuak lehengo tratu txarren protokoloa zabaldu zuen. Larrialdietako forentseak ubeldurak neurtu zizkion erregela batekin eta haren kontakizuna tinkoa zela ebatzi zuen. Guardiako epaileak, ordea, esan zuen zauriak ez zirela horren larriak eta ez zegoela argi aitak eragindakoak zirenik. Alabari azaldu behar izan nion aitarekin itzuli behar zuela. Ulertezina iruditu zitzaion, negarrez hasi zen, niri lotuta. Txikitxoak dira baina ausartak, egia esaten dute, eta justiziak nola erantzuten du? Mina eragin dien pertsonarekin itzultzera behartuz. Pediatrak aitaren jarrera harroputza ikusi zuenean, esan zidan: “Borroka ezazu zure alabaren alde”.
Astebeteren ondoren epaiketa azkarrera joan ginen. Epaiketa-gela pelikuletakoa bezalakoa zen. Aita eta biok elkarrekin sartu gintuzten gela batean, pentsa nik gorputzean neukan beldurra. Ispilu baten beste aldean, alaba epailearen, idazkari judizialaren eta psikologoaren aurrean ikusten genuen. Hasieran aitarik ez zuela esan zuen, gero baietz baina ez zuela berarekin egon nahi: “Aitak jo egiten nau eta amari buruzko gauza txarrak esaten ditu”. Akusatuaren abokatuak itaundu zuen: “Norbaitek esan al dizu halakoak esateko?”. Nik orduan ez nekien abokatuek GAS erabiltzen zutenik. Epaileak, (hura ere emakumea) aitari galdetu zion: “Harreman txarra al duzu zure emazte ohiarekin? Fantasia handikoa al da zuen alaba?. Ez zion haurrari sinetsi.
Beste bi aldiz errepikatu zen dinamika bera: Osakidetzak tratu txar protokoloa zabaldu, epaileak itxi. Osakidetzak oso ondo funtzionatzen du. Langileak prestatuta daude tratu txarrak identifikatzeko. Aitzitik, beraiek egiten duten lana urtu egiten da epaitegian. Epaitegia patriarkatua da.
Umea oso borrokalaria da. Desesperazioz, behin eta berriro kontatzen zuen bizi zuen indarkeria. Topagunean aitarekin joan behar duenean botaka egiten du, kaka eta txiza egiten ditu gainean. Askotan egon naiz anbulantziari deitzeko zorian, antsietate krisiak jo diolako. Topaguneko langileek esaten didate: “Horrela ezin da gelditu, Irune, lasai joan behar du aitarekin. Zuk ikusiko duzu zer egiten duzun”. Ardura nire gain? Nire lehentasuna alaba babestea da eta, hortaz, etxera eraman dut askotan. Ziurtagiri bat eskatzen nuen, argi gera zedin zergatik alde egin genuen, baina ez zidaten ezer ematen. Aitari, ordea, jakinarazten zioten: «Amak alabarekin alde egin du”. Aitak komisaldegira jo eta salatu egiten ninduen zaintza partekatuaren sententzia hausteagatik.
Azkenean, Barakaldoko familia-epaileak Bizkaiko Foru Aldundira desbideratu zuen auzia, gizarte zerbitzuek egoera balora zezaten. Alde batetik, pediatraren txostenak zeuden mahai-gainean, aitari tratu txarrak leporatzen zizkiotenak. Bestetik, nire kontrako txostenak zeuden haurra baimenik gabe topagunetik eraman nuela ziotenak. Diputazioko gizarte zerbitzuek Eusko Jaurlaritzaren Balora tresna erabiltzen dute haurren kontrako tratu txarrak neurtzeko. Bada, tresna horrek utzi du nire alaba babesik gabe. Izan ere, tratu txar psikikoak neurtzeko zutabean, “Gatazkan erabiltzea” deitutako item bat agertzen da, alegia, GAS esateko beste modu bat.
GAS sindromea asmatu zuenak “mehatxuaren terapia” asmatu zuen irtenbide gisa. Amek dugun gaitza sendatzeko, umea ikusi barik egon behar dugula gomendatzen du, kontakturik barik, eta dio lehentasuna izan behar duela umearen eta aitaren arteko lotura konpontzeak. Diputazioak hala jokatu zuen. Alabak aitarekin joan behar zuen hurrengo aldi batean, nire amak lagundu zion. Amamari haginka egin zion eskuan eta ihes egin zuen. Deustuko kale batetik, kontrolik barik, korrika atera zen ezezagun batek gelditu zuen arte, errepidera zihoan zuzenean. Gizarte langileak deitu zidan eta esan zidan: “Ez dakit hau zergatik egiten duen: berak hala pentsatzen duelako eta zeuk hala pentsatzen duzulako”. Ulertezina da: ezta urrutiko aginte bat baneuka ere, botoiari sakatu eta alabak gainean kaka egin dezan edo ihes egin dezan agintzeko. Hurrengo pausoa umea kentzea izan zen.
2017ko abuztuaren 4an gertatu zen. Eguaztena zen. Jende asko zegoen Topagunean. Ordubete itxaron zuten, lekukorik gera ez zedin. Hamar pertsona baino gehiago sartu ziren, Ertzainak eta segurtasun langileak, pistolak begibistan. Ez nuen inor ezagutzen, ezta alabak ere. Batek esan zidan: “Irune Costumero?” “Bai, ni naiz, eta hau nire ama da”. “Ba, zoazte gela horretara. Haurra nirekin etorriko da”. Ez zigun esan nor zen, ezta zer geratzen zen ere. Umea oso txarto jarri zen, niri begira. Eskerrak ez niola “oraintxe nator” esan, nik ez baitiot gezurrik esaten. Ez nuen berriro ikusi.
Bi langilek, emakume bata eta gizona bestea, gelan sartu ninduten eta foru agindua irakurri zidaten. Bat batean, amak oihukatu zuen: “Irune! Badaramate!”. Ziztu bizian altxatu nintzen eta gizona atearen aurrean jarri zen, niri bidea oztopatzeko. Ez dakit nola, baina ateratzea lortu nuen. Gero eta polizia gehiago agertu zen. Hiru patruila bidali zituzten bost urteko haurra eta ama banatzeko. Ubelduraz beteta bukatu nuen. Nire ama oso txarto jarri zen: “Ez iezaiozue minik egin!”. Gerora, gizarte langileak esan zidan aitakeria doinuarekin: “Irune, zaude lasai. Zu bistatik galdu orduko aita besarkatzera joan zen korrika”. Abuztua izanik, baliogabeko egunak ziren, epaitegia itxita zegoen eta zaila nuen abokatu bat aurkitzea. Irailean fiskalak ebatzi zuen: “Ente foralak ez du zaintza kentzeko baimenik, amari eman diezaiotela”. Baina ez zuten agindu hori bete.
Hiru hilabete igaro nituen alabarekin kontakturik izan barik. Dei zelatatuekin hasi ginen, gero bisita zelatatuekin. “Erne zer esaten diozun, ez duzu-eta berriro ikusiko”, esaten zidaten langileek. Aurpegira esan didate epaiketan aitaren alde egingo dutela. Hiru urte igaro dira eta alabak aitarekin bizitzen jarraitzen du, nik astean birritan ikus dezaket, lau orduz. Diputazioko psikologoak alabari esan dio: “Ez baduzu aitarekin joan nahi, ez duzu ama berriz ikusiko”. Proposatzen dizkion jolasetan ni ez naiz existitzen, aita eta alaba baino ez. Pasa den abuztuan herrian oporretan egon zen alaba, eta SOS dei bat bota zuen. Lagunei esan zien aitak bahituta daukala. Kontatu zien epaileak amarekin joan behar zuela agintzen bazuen, aitak bere ama hilko duen beldur dela. Ume batek ez du hori esaten etxean entzun ez badu.
Orain zortzi urte ditu. Gero eta okerrago ikusten dut: ahul, argal, betzuloak ditu… Hain ausarta da… “Ama, ez nazazu hemen utzi”, esaten dit beti. Nahikoa sufritu du hiru urte hauetan. Umeak badaki bere ama borrokan ari dela hau guztia aldatzeko. Badaki berak ez duela ezer txarto egin, guztiz kontrakoa, oso ausarta eta borrokalaria dela. Eta gutxiago falta dela gu elkarrekin egoteko.
Prebarikazio administratiboa leporatu die Bilboko Audientzia Probintzialak Bizkaiko Foru Aldundiko lau goi-funtzionarioei. Zergatik eta Diputazioak ez duelako eskumenik niri umea kentzeko eta epaileak agindutako zainketa partekatua bertan behera uzteko. Babes barik utzi dute umea eta tratu txarrak eta min psikologikoa eragin dizkio instituzioak. Baina momentu honetan bi bide daude zabalik, zibila eta penala, eta bien artean trabatuta gaude. Foru aginduaren kontrako helegitea geldituta dago bide penalak aurrera egin arte. Baina urtebete daramagu epaiketaren data jartzeko! Bien bitartean, premiazko kautelazko neurriak hartzea eskatu dut, eta 2019eko irailean onartu zizkidaten baina, hala ere, alabak aitarekin jarraitzen du. Diputazioak modus operandi bat darabil: epaiketa egunaren bezperan, informe lodi bat gehitzen du eta orduan nire perituak ez du aztertzeko denborarik eta epaiketa atzeratu egin behar da.
Orain daukadan abokatua laugarrena da, eskerrak ona dela! Onena. Audientziaren hiru auto lortu ditugu Diputazioako funtzionarioei GAS erabili izana leporatzen diena. Hor hanka sartu zuten, normalean bestelako eufemismoak erabiltzen baitira (gurasoen interferentziak, maitasun erigarria…) baina nire espedientean “Síndrome de acción marental” idatzi zuten. Euren diskurtsoa da ez dela GAS existitzen, baina nire aldetik haurraren instrumentalizazio bat sumatu dutela.
Intzidentzia politikoan buru-belarri nabil. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako batzarretan haurtzaro-arloan erabiltzen diren tresnen berrikustea adostu da, GAS erabiliko ez dela bermatze aldera. Eusko Legebiltzarrera, Espainiako Diputatuen Kongresura eta Nazio Batuen Erakundera ere jo dut. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak esan dit nire alde dagoela, baina lehendakariak zokoratu egin du eta orain pisu politiko txikiagoa du eragiteko. Arratiako Mankomunitatean mugimendu feministak deitutako kontzentrazioa egin berri dugu eta udal guztietan GAS-aren kontrako mozioak onartu dira. Nire asmoa da Bizkaiko udal guztiek ere bide hori jarraitzea, eta horretarako alderdi politikoei laguntza eskatu diet. Hitzaldiak eman ditut Euskal Herrian, Espainiar Estatuan eta handik kanpo ere. Argentina, Uruguai, Brasil eta Estatu Batuetako jendearekin aliantzak sortu ditut. Hau leku guztietan gertatzen da eta.
Ez dut aukerarik gaurik, astebururik edo oporrik nire alabarekin pasatzeko eta ordu guzti horiek bera berreskuratzeko borrokan ematen ditut. Lan egonkorra dut eta libre ditudan arratsaldeetan ere eskola partikularrak ematen ditut, prozesu honek diru asko exijitzen baitu. Badakit pribilegiatua naizela, asko pentsatu dut horrenbeste baliabide ez duten emakumeetan. Zer aukera dute? Beren buruaz beste egitea edo amore ematea. Horien seme-alabak haziko dira pentsatzen haien amek ez zituztela nahikoa maitatu, ez zutela behar beste borrokatu. Mingostuta haziko dira.
"Zerbait egingo zuen alaba kendu badiote”. Epai hori sumatzen dut umearen eskolan. Estigmatizatuta sentitzen naiz, Frankismoan egongo bagina kaskamotz utziko nindukete plazan! Nik ez dut nire burua justifikatu behar, baina nire espedientea amatasun gaitasuna dudala frogatzen duen txosten psikiatrikoz, psikologikoz eta sozialez josita dago. Lau peritu ditut, guztiak Euskal Herritik kanpokoak. Hemengoek ez dute Diputazioaren kontra egin gura izan. David Goliaten kontra bezalako lehia dela esan didate eta ez dudala ezer lortuko. Alaba kendu zidatenean Madrilera jo behar izan nuen. Eta hori oso tristea da, maite duzun herriak bizkarra ematea, Diputazioa olagarro baten modukoa delako; boterea du txoko guztietan.
Zaila da egoera berean dauden emakumeekin aliantzak sortzea. Topaguneetan isolatuta mantentzen gaituzte, sukaldean sartzen gaituzte “oilategia ez aztoratzeko”. Baina batu beharra daukagu lobby matxistaren kontra egiteko.
Ni oso mehatxatuta nago. Askotan deitzen didate, baina orain paso egiten dut. Diputazioko langileek nire txostenean prentsa-artikuluak sartu dituzte eta aurpegiratu egin dizkidate. Plaf! “Eta hau zer da, Irune? Badakizu ondorioak izango dituela, ezta?”. Eta nik leloarena egiten dut.
Bai, ondorioak izango ditut, baina borroka honetan tinko jarraituko dut, GAS-aren kontra egiten eta Diputazioaren ustelkeria salatzen. Dena kendu didate eta ez dut ezer galtzeko.
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra... [+]
Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Biktimak 13 urte zituenean, 1998 eta 2001 artean, Lointek kirol taldeko Mario Lopez entrenatzaile ohiaren parteko sexu abusuak jasan zituen. Emakumeak duela urtebete salatu zuen, eta epaiketa 2025eko urtarrilaren 14tik 16ra egingo da, Bizkaiko Auzitegian. Mugimendu... [+]
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Gizon batek egindako jazarpena salatu du Irati Rusiñol hendaiarrak sare sozialetan. Komisarian ere jarri du salaketa. Salaketa publiko egin ostean, beste 30 emakumek esan dute gizon beraren erasoak jasan dituztela. Rusiñolek adierazi du beste inori halakorik egin... [+]
Zur eta lur hartu dituzte Nafarroako Berdintasun teknikariek festa girorako enpresa zenbaitek egindako proposamenak. Edalontzia estaltzeko tapak edo eta edarian drogarik dagoen ikusteko eskumuturrekoak.
Bilbon bazterkeria arriskuan dauden kolektiboekin lanean aritu nintzen bost urtez, arrakala digitalaren inguruan, batez ere emakumeekin. Bidean, bortizkeria matxistekin eta beste arazo askorekin aurkitu nintzen. Oso modu organikoan, indarkeria matxista pairatzen zuten... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Steilas sindikatuko Idazkaritza Feministak kartel bat argitaratu du: Gure gorputza gudu zelai bat da du leloa, eta Hego Euskal Herriko ikastetxe guztiek jaso dute. Gatazka armatuetan emakumeek eta adingabeek... [+]