Iruña-Veleia, XXI. mendeko Altamira?

  • “Ikusi duk Altamira? Harri eta zur, mende eta piku pasatu den arren, historia berdin-berdina”, ziostan lagun batek orain dela gutxi. 1879. urtean gaude. Leinu noblekoa da Marcelino Sanz de Sautuola, abokatua ikasketaz, natur zientzia eta arkeologia zalea bokazioz. Udako goiz batez, beste batzuetan bezala, zortzi urteko alaba Maríarekin sartu da Altamirako kobazulora. Aita lanean ari den bitartean, alaba kriseilua hartu eta bazterrak miatzen hasi da. “Aita! Idiak!”, oihuak urratu du ilunpeko isiltasuna, neskatilaren kriseilu dardaratiak zeruko bisonteak argitzen dituen bitartean.


2017ko uztailaren 26an - 16:02
'Altamira' filmaren fotograma bat.

Ezaguna da Altamiraren historia. 2016an aurrekontu handiko pelikula estreinatu zen Antonio Banderas protagonista zuena, Interneten nahi beste artikulu eta dokumental aurki daiteke, eta historia liburuetan ere ondo azalduta dator Sautuola gizajoaren trajedia.

Laguna zuen Juan Vilanova Madrileko Unibertsitateko katedratikoari kontatu zion lehendabizi. Hark ontzat eman zituen aurkikuntzak eta ahal zuen guztian lagundu zion. 1880an Sautuolak liburutxo bat argitaratu zuen Altamirako pinturen eta beste aurkikuntza batzuen berri emanez. Pinturen perfekzioa goraipatu eta gero, zera zioen: “Inolako zalantzarik gabe esan daiteke Paleolito Aroa deitzen zaion garaikoak direla” .

Darwinistak, eboluzioaren teorian sinesten zutenak, nagusi ziren orduko eliteen artean, “fixista”rik falta ez zen arren, orain “kreazionistak” esango geniekeenak. “Komunitate zientifikoaren” epaia ia aho-batekoa izan zen. Ezinezkoa zen Paleolito Arokoak izatea. Garai hartako gizakia ez zen hain obra perfektuak egiteko gauza. Giza garuna ez zegoen behar beste garatua. Askok zabaldu zuten ahoa. Probintziako jakintsuren batek bota zuen Reinosa aldetik abereekin negua pasatzera jaitsitako artzainen lana zela. Iritzi “erudituagoak” ere egon ziren: Institución Libre de Enseñanza erakunde aurrerakoiko buruetakoa zen Torres Camposen arabera, erromatar legionarioek egindakoak ziren, Kantabriarren aurkako gerren garaian. Baina beste batzuek Sautuola seinalatu zuten zuzenean; berak pintatu zituen edo eta margolari frantses bat kontratatu zuen langintza horretarako.

Ez zegoen zirrikiturik zalantzarentzat. Pintura fresko agertzen zen artean, atzo margotua balitz bezala. Eta pintzel oso finak behar horrelako lan baterako, eta garai urrun hartan ez zen halakorik. Eta argia, nola argiztatzen zuten ilunpea? Ez da kedarra markarik ageri sabaian eta hormetan.

Frantsesak ziren erreferentzia arkeologian, eta Emile Cartailhac autoritate gorena. Elkar ezagutzen zuten, eta Sautuolak, azken heldulekua zela jakinda, gutuna idatzi zion azalpenak emanez eta koba bisitatzera gonbidatuz. Handik denbora luzera jaso zuen erantzuna: ez, ez zen bisitan etorriko, begi-bistakoa baitzen pinturak ez zirela paleolito arokoak.

1889an hil zen Sautuola, denbora baino lehen zahartuta, etsipenak eta tristurak jota. Baina 1902an antzeko pinturak agertu ziren Dordoinako kobetan, eta orduan bihurtu ziren Altamirakoak benetako. Cartailhacek, hanka-sartzeaz jabetuta, alarguna eta alaba bisitatu zituen eta pinturak ikusi. Mea culpa d’un sceptique izeneko idatzi famatua argitaratuz eskatu zuen barkamena, egindako kalteak atzera bueltarik ez izan arren.

Altamira eta Iruña-Veleia, Marcelino Sanz de Sautuola eta Eliseo Gil Zubillaga, historia ia kalkatuak, bigarrenari oraindik kapitulu asko falta bazaizkio ere idazteko. Komunitate zientifikoaren eskemetan ez ziren/dira sartzen ez pinturak eta ez grafitoak. Eta nola egongo ziren/dira ba ezertan oker jakintzaren Olinpoan bizi diren katedratiko eta adituak? Eliza katolikoak ere jarri zuen/du nonbait bere harri-koskorra, dogmaren batekin edo besterekin talka egiten zuen/du, dirudienez, pintura edo grafitoren batek.

Oraindik goiz da ondorio biribiletarako, bizirik jarraitzen baitu Iruña-Veleiako auziak eta ezin jakin nola amaituko den. Lerro hauek idaztean, Arabako Auzitegiaren teilatuan dago pilota. Hiru legelariz osoturiko erakundeak erabaki behar du auzia ahozko epaiketara eraman, epaileak eskatu bezala, ala artxibatu, Eliseo Gilen abokatuak eskatu bezala.

Bi auzien arteko antza nabarmena izan arren, badira funtsezko diferentziak ere: 1) Altamira ez zen judizializatu, Sautuola ez zuten auzipetu. Eta badakigu zer gertatu den Iruña-Veleian. Duela gutxi legelari batek esaten zigun hemen egin den aldrebeskeriarik handiena auzia epaitegira eramatea izan dela. Gai hau zientifikoa da, eta zientziaren bideak agortu arte ez zen beste pausorik eman behar. 2) XIX. mendean ez zen arkeometria laborategirik edo eta C14aren teknikarik datazioak egiteko. Asko aurreratu du zientziak alor honetan. Gainera, hezur-irakurle onenak ditugu etxean, eta gauza jakina da berrogei bat grafito hezurrean eginak daudela. Teknika hain erabakigarriak eta merkeak eskura izanda, ez da ulertzen zergatik ez diren erabili nahi. Edo agian oso ondo ulertzen da.

Prentsan irakurtzen dugunez, bederatzi urteko kartzela-zigorra eta 250.000 euroko isuna eska dezake akusazio partikularrak, hau da, Arabako Foru Aldundiak, Gilen aurka. Ausartuko al da doilorkeria hori egitera, jakin-jakinean ez dagoela froga txikienik ere lehengo zuzendariaren aurka? Oposizioko alderdiek eta euskal elite kulturalak itsu eta mutu jarraituko al dute horrelako bidegabekeria baten aurrean?

Antzeko piezak agertu beharko ote dute beste nonbait, Frantzian adibidez? Honaino helduta, jar gaitezen hemengo indusketa batean aurtengo udan euskarazko grafitoa aurkitzen duen arkeologoaren larruan. Ai ama! Zer egin?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2025-04-23 | Behe Banda
barra warroak
Unpopular opinion

Ez da lehenengo aldia, aditua izan ei naiz kontraesanetan. Oreka, baietzaren eta ezetzaren arteko muga non marraz daitekeen bilatzen. Analisi topografikoa, neurriz neurri morala triangelatzen. Tatuaje erraldoia bekokian: Bai, baina… Erabaki batera iristeko, inoiz nire... [+]


Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Jon Alonso
Zozo zuriak

Jada bizpahiru aste izango dira irakurri nuenetik, Maialen Akizuren zutabe batean. Aner Peritzek telebistan esandakoak zekartzan: “Bertsolaritza da gizon zis heteroekin ez harremantzera eraman nauena, bertsolaritza delako disidente egin nauena, eta, era berean,... [+]


2025-04-16 | Itxaro Borda
Irauteko

Beldur hori bada. Badirudi Donald Trump etorri dela Washingtoneko bulego borobila luzerako okupatzera. Bigarren mandatua du, baina bere hurbileko aholkulariei, ez dela txantxetan ari berretsiz gainera, Konstituzioan zenbaki bakan batzuk aldatzeko bere xede zurruna aipatzen die,... [+]


Aitonita eta ortologia

Ansorena´tar Joseba Eneko.

Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena... [+]


2025-04-16 | Bea Salaberri
Gerlarako prestatu?

“Erresilientzia poltsa”, “biziraupen eskuliburua”, “ebakuazio bizkar-zakua”: hara nolakoak entzun daitezkeen agintarien ahotan azken asteetan.

Iragan hilabeteko adierazpenen artean, Europako Batasunak herritarrei eskatu die... [+]


2025-04-16 | Karmelo Landa
Aberri Aukera

Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera... [+]


Teknologia
Egitea edo ez egitea

Joan den astean topaketa polit bat izan dut, aspaldi ikusten ez nuen emakume talde batekin, eta egitearen inguruan aritu gara berbetan, teknologia eta sorkuntza espazioei lotuta.

Emakume hauetako nagusiena, jubilatzeko mugan dagoena, programatzailea da eta kodea programatzen... [+]


2025-04-16 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren bizitza

Hainbatetan esan izan didate arkitektoen lanaren gauzarik indartsuena dela ekoizten duguna betikotu egiten dela. Eraikinaren betikotasunak gizakiaren presentzia tenporala gainditzen duela eta geroko etorkizunean iraunkor egingo gaituela. Eta liburu batekin gertatzen ez den... [+]


2025-04-16 | June Fernández
Meloi saltzailea
Chimamanda

Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]


Eguneraketa berriak daude