Iruña-Veleia, gaizki ikusia, gaizki esana


2020ko irailaren 28an - 11:10

Samuel Beckett irlandar antzerkilari ospetsuak dioenez, “berria beti dago gaizki ikusia eta gaizki esana”. Hots, berria beti irudi berriekin adieraziko da, hitz berriekin. Einsteinek zioenez, aurkikuntza oro hizkera-modu berrian metaforikoki adierazten da, era poetikoan.

Barne-lotura estuan, gaizki ikusia imajinarioaren (irudiaren) erregistroari dagokio eta gaizki esana sinbolikoaren (hitzaren) erregistroari.

“Gaizki ikusia-gaizki esana” esapideak bi esangura dauzka. Kontzeptuala eta morala. Aurkikuntza oro, jakintzaren edozein alorretan, berria da, berritzailea; sortzailea. Horregatik, lehen une batean, beti izan ohi da gaizki ikusia: berria aditzera ematen duten irudiek gure imajinarioa osatzen duten errepresentazio-multzoa desegiten dute. Eta horrek dakar berriaren alde jartzea ere gaizki ikusia izatea; hor sortzen da hasierako errefusa.

Era berean, aurkikuntza oro gaizki esana egon ohi da, berria azaltzen duten kontzeptuek hitz arruntekin, ohiko terminoekin hausten baitute; jakintza entziklopedikoko terminoekin.

"Aurkikuntza oro, jakintzaren edozein alorretan, berria da, berritzailea; sortzailea. Horregatik, lehen une batean, beti izan ohi da gaizki ikusia"

Horregatik, gaizki esanak ere konnotazio moral negatiboa dauka; gaizki esana madarikatua izango da beti.

Eta hori beti izango da horrela, hasiera batean berria beti zaharretik interpretatzen saiatzen garelako; ohartu gabe berria ulertzeak ahalegina eskatzen digula. Hots, berria ulertzeak jauzi kualitatiboa eskatzen digu, erabaki bat, zaharra baztertzea, beti mingarria dena.

Beste era batera esanda, berriak beti hausten du ezarritako kontsentsua; hots, desakordioa sartzen du iritzi eta jakintza ezagunetan. Hori bai, gizateriaren une batean desakordiorik handiena sortzen duenak kontsentsurik handiena bilduko du aurrerago.

Ikus ditzagun adibide batzuk: XVII. mendean Galileok Heliozentrismoa aurkitu zuen (lurra eguzkiaren inguruan dabil biraka: gaizki esana, gaizki ikusia), Geozentrismoaren aldekoek, eliza katolikoa buru, egoskor kontra egin ziotelarik (eguzkia dabil biraka lurraren inguruan: ongi ikusia, ongi esana). Inkisizioak garbitzeko zorian egon zen Galileo.

Darwinek, XIX. mendean, eboluzionismoa formulatu zuen (gaizki esana, gaizki ikusia), eta basatiki kontra izan zituen Biblian, Hasieraren Liburuan, kontatutako Kreazionismoaren aldekoek (ongi ikusia, ongi esana).

Grezia klasikotik XIX. mendera arte, infinitua-Jainkoa pentsaezina zela (ongi ikusia, ongi esana); Cantorrek Zenbaki Transfinituen teoria postulatu zuen arte (gaizki ikusia, gaizki esana). Haren ekarpenak erabateko errefusa izan zuen. Kronecker bere maisuak ere “gazteriaren galtzailetzat” hartu zuen. Gaur egun, Multzoen Teoria munduko hezkuntza-zentro guztietan irakasten da, Lehen Hezkuntzatik hasita.

XIX. mendean Marcelino Sanz de Sautuolak Altamirako labar-margoak aurkitu zituen (gaizki ikusia, gaizki esana). Hogeita hamalau urtetan jardun zuten esaten margo faltsutuak izan zirela). Eliza Katolikoak uste zuen gizaki prehistorikoak ez zeukala gaitasun artistikorik. 1985az geroztik, Unescoren Mundu Ondasuna da aurkikuntza .

XX. mendean Kandinskyk Arte Abstraktuaren printzipioak formulatu eta gauzatu zituen (gaizki esana, gaizki ikusia), eta Pintura Figuratiboaren aldekoen erabateko errefusa jaso zuen (ongi esana, ongi ikusia). Haren koadroak hautsi eta bertan tu egitera iritsi ziren aurkariak.

XX. mendean Schöenbergek Musika Atonala (gaizki ikusia, gaizki esana) sortu zuen eta Musika Tonalaren (ongi ikusia, ongi esana) aldekoek gehien gorrotatutako musikaria izan zen.

Albert Einstein, XX. mendeko zientzialari garrantzitsuena, Erlatibitatearen Teoriaren aita da (gaizki ikusia, gaizki esana). Komunitate zientifikoak, Fisika Klasikoan oinarriturik, (ongi ikusia, ongi esana) haren teoriak zalantzan jarri zituenean, honela erantzun zuen Einsteinek: “Oker banago, nahikoa zen bakar batek demostratzea”. Gaur egun esan dezakegu gaur egungo aurrerakuntza teknologiko gehienek Einsteinen teorian daukatela jatorria. Haren aurkikuntzen hedadura hainbesterainokoa da ezen haren printzipioetako batzuk oraindik demostratu gabe jarraitzen duten. Haren teoriak “ongi ikusiak eta ongi esanak” izatera iritsi zirenean, Chaplinek esan zuen: “Txalo egiten didate niri mundu guztiak ulertzen nauelako, baina harena askoz errespetagarriagoa da; mundu guztiak miresten du eta ia inork ez du ulertzen…”.

XX. mendearen bukaera aldera, Marshall mediku australiarrak ultzera gastriko gehienen jatorria aurkitu zuen, helikobakter pilori delakoa (gaizki ikusia, gaizki esana). Hainbesterakoa izan zen komunitate medikoak erakutsi zion errefusa (uste baitzuen ultzera gastrikoa azidotasun gastrikoaren ondorioa zela: ongi esana, ongi ikusia), berak inokulatu behar izan zuen helikobaktera, ultzera eragin eta antibiotikoekin sendatu. 2005ean Nobel Saria eman zioten Medikuntzan eta Fisiologian.

Gizateriak era horretara hartuko baitu beti berritasun oro. Hori dela-eta konbentzituta gaude, laster egia sortuko dela Iruña-Veleiako grafitoen faltsutasuna defendatzen dutenen aurrean, nazioarteko adituen batzorde baten esku jarri ondoren. Soilik horrela izango dira “ongi ikusiak eta ongi esanak” hiri erromatar horretan, harribitxi arkeologiko horretan, egindako, eta egingo diren, aurkikuntzak. Beren bizia arrisku larrian ipiniz borrokan ari diren pertsonei esker, batik bat.

*Artikuluaren sinatzaileak:

Xabier Rodríguez

Nikolas Xamardo

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Eguzkiak etxebizitza erre du

Turistek neurrigabeko prezioak dituzten apartamentu eta hotelak bete dituzte. Eta zu gurasoen etxean, etsita, konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


Gustua nirea da

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Pascual Serrano kazetari eta idazleari irakurri nion ez dagoela hori baino gezur handiagorik. Duela hamar urte pasa idatzi zuen hori, irudiak berba osorik jan behar zuela ikusten hasiak ginenean. Tira, gezurtatu daitezkeela... [+]


Izendatzea

Sexu-langileen Nazioarteko Egunaren harira, sexu-langilea den kide batek estigma apurtzeko tailer bat eskaini zuen ekainaren 2an. Kideak oinarrizkoa den eta agian horregatik horren presente ez dugun auzi bati heldu zion: gauza bat dela zerbait baimenik gabe egin diezazuten eta... [+]


Bizitzaren legeak

Etorkizun laburrekoak kezkatuago gaude etorkizunarekin etorkizun luzekoak baino. Bizitzaren CCCLXIX. legea da. Aho-korapiloa ematen du, bizitzaren legeak, ordea, ez ditut nik idazten, bizitzak berak baizik.

Lege horrek, taxuzko lege guztien antzera, salbuespenak baditu, baina... [+]


Metaketa

Lehengoan mezu bat idatzi nion METAri. Di-da, pentsatu eta egin. Mark Zuckerbergek ez du lorik egin ordutik, ez baitzen edozelako mezua izan, lehor samar idatzi nion. Borde, ia. Instagrameko bideo baten bidez jakin nuen METAk bere erabiltzaileek partekatutako informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude