Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.
2022ko azaroan Irulegiko eskuaren berri eman genuenean, Mattin Aiestaranek ARGIAri baieztatu zion Antiquity aldizkarian argitaratzekoak zirela eskuari buruzko ikerketaren emaitzak. Urtebete pasatxo geroago, esku artean daukagu ikerketari nazioarteko berme zientifikoa ematen dion artikulua, eta indusketen inguruko datu gehiago eta antzinaroko euskarazko inskripzioei buruzko interpretazio zehatzagoak jakin ditzakegu.
Artikulua, indusketako zuzendari Mattin Aiestaranek berak, Bartzelonako Unibertsitateko filologia katedradun Javier Velazak eta EHUko hizkuntzalari eta katedradun Joaquin Gorrochateguik sinatzen dute, beste dozena bat ikerlarirekin batera, tartean Irulegiko aztarnategiaz erreportajea idatzi zuen Josu Narbarte ARGIAko kolaboratzailea dago.
Bi zeramika inskripzioekin, eta 'stilus' bat
Antiquity-ko artikuluak dio zantzu argiak daudela Burdin Aroan Sertoriar Gerraren testuinguruan Irulegiko herrixka suntsitu eta abandonatu izana, egindako indusketan ikusi ahal izan denez. Analisia, dena dela ere, brontzezko eskuan zentratzen da. “Azpisistema grafiko paleohispaniko batean” idatzitako inskripzioak dituela dio, Velazak “baskoiera” deitu izan diona eta askoren iritzian antzinaroko euskara litzatekeena.
Baina eskuaz gain, indusketetan egitura bereziak eta beste milaka pieza aurkitu dituzte ikerlariek; horien berri aurrerago jakingo dugu seguruenik. Material horietako batzuk idazketari loturikoak dira –eskua zegoen toki berean gainera–, hala nola inskripzio esgrafiatuak dituzten bi zeramika zati eta stilus bat, oholtxoetan idazteko tresna bat alegia: “Horrela, eskuak ziurtatzen du baskoiek bere hizkuntzan idazten bazekitela”, azaldu du Aranzadi Zientzia Elkarteak.
Inskripzioen transkripzioari dagokionez, interpretazio berri bat dakar artikuluak. Hala, barrualderago dagoen inskripzio esgrafiatuan sorioneke irakurri daiteke adituen arabera, eta gerora punteaturikoan, sorioneku jarriko luke. Gainera, bigarren lerroko lehen hitza “te” beharrean “ku” bezala transkribatu dute.
Hizkuntzalarien ñabardurak ere bai
Urtarrilaren hasieran Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren azken zenbakian Irulegiko eskua sakon landu zuten Gorrochateguik berak eta Ekaitz Santazilia Nafarroako Unibertsitateko filologoak editaturiko artikulu bilduman. Bertan esaten zen ezin dela ziurtatu eskuaren inskripzioan azaltzen den hizkuntza euskararen ahaidea denik eta ezin da halako loturarik egin oraindik. Eztabaidarako gai bizia jarri du mahai gainean argitalpenak.
Aurkikuntzak baskoien kokaleku, bizimodu, hizkuntza eta sinesmenei buruz ikertzeko oinarriak ipini dituela dio Aranzadik
Antiquity-ko artikuluak hizkuntzalariek egindako ñabardura horiek ere jasotzen ditu, eta dio “lurralde baskonikoaren” ulermen epigrafikoa eta historikorako eskuaren aurkikuntzak izan ditzakeen inplikazioek, baita baskoierazko zein iberierazko hizkuntzen eta euskara modernoaren arteko balizko loturek ere, “azterketa sakonagoa” eskatzen dutela.
Nolanahi ere, aurkikuntzak baskoien kokaleku, bizimodu, hizkuntza eta sinesmenei buruz ikertzeko oinarriak ipini dituela dio Aranzadik, eta Antiquity-n artikulua argitaratzeak ikerketa arkeologikoari “bultzada berria” emateaz gain, “Irulegiren nazioarteko oihartzuna” ere sendotzen duela.
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Urriaren 26an Iruña-Veleia Argitu, ez suntsitu jardunaldian Zenbat esku daude Iruña-Veleian aurkitutako ostraken testuetan? ponentzia aurkeztu zuen Joseba Lizeagak
“Ikae” edo “igae” bezala transkribitu ditu aurkituriko ikurrak Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikertzaile taldeak. Duela 2.000 urteko "baskoierazko" idazkun bat izan daitekeela diote ikerleek, baina garai hartako hizkuntzei... [+]
“18 urte pasatu dira indusketan 400 bat grafito agertu zirenetik, 16 urte froga zientifikorik gabe Lurmen indusketa eremutik kaleratu zutenetik eta 4 urte gaia argitu barik epaiketa egin zenetik eta berdintsu jarraitzen dugula esan genezake: gaia argitu nahi genuenok... [+]
Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]