Ajearekin baino okerragoa da marseillesaren oihartzunekin esnatzea. Begiak ireki eta lehen pertsona Mixel ondoan etzanda ikustea, zer da hori. Berak esnatuko gintuen ziur aski. “Jaiki, jaiki, euskotarrak!”, oihukatu du ozen, “Festibal honetan ez da denborarik bestondoarekin eguerdira arte lo egiteko. Goizean goizik Plazan bada zer ikusia”. Ziztu bizian egin dugu hanka plazarantz, Napoleon berri-txikiaren aginduetara. Kafea ere ez zen kafea hartu dugu ttantto baten truk, eta bigarren bat hartu behar izan dugu gosalduta egotearen sentsazioa izateko.
Familientzat prestaturiko igandea. Goizean goizetik haurren txokoa bete-beterik zen, inoizko jende gehien. Familia-igande bat, eta goizean goizetik zirko ikuskizuna eta bestelako antzerkiak herriko plazan. “Zinezko zirkuak bertze festibaletako igande goizak dira izaten”, esan digu Mixelek. Aje handiena zutenenak kanpinean geratuko ziren ziurrenik, baina dezente jende bildu zen herriko plazan, aurpegi txukundu, garbitu baina batzuk begizuloz josiekin. Gehienak gosetu zirenean erritmo bizia eta gozoa jarri zuten La Jodederakoek, baina talo egileek ezin izan zuten, antza, erritmoarekin jarraitu. Hori zen taloa jan beharra, hori.
Bazkalorduarekin batera giroa ere nabarmen lasaitu eta siesta-giroa gailendu zen. Harmailatxo bat jarri zuten antzerkia zetorren-eta ondoren. Gazteenei zuzenduta egon arren, plaza lepo bete zen eta adin orotako jendez eta guztiek barre mordoa egin genuen antzerkiarekin. Mixeli komentatu genion asko gustatu zitzaigula, baina hark, muturturik, honela esan zigun: “Akatsak baizik ez ditu eta egiten”.
Familia giroaz gain, egunak beste norabide bat hartu zuen gau partera. Bertakoentzat egunik onena dela esan zigun antolatzaileetako batek, eta jakina, a zer kontzertu puxkak zituzten antolaturik iganderako. Bestarako betarik ez zen faltako azken egunean, astelehenetik aurrera okerrena geratzen den arren: garbiketa eta desmuntaia. Ibil Bedi talde iruindar berriak Plazako giro lasaiari ahots fin eta ederra jarri zion biolinaren laguntzaz; hauek itxi zuten Plazako egitaraua.
Iparraldeko Klasikoen Selekzioak Pentzea gunea irekitzeko ardura izan zuen: Oihaneko Zühainetan. Beste lau kontzertu handi izan ziren ondoren: Ray Fernandez, Broken Brothers Brass Band, Willis Drummond eta Iseo & Dodosound, eta kontzertu tarteetan Txakatuk elektrotxaranga. Nahiko gerri mugitu ziren Ray Fernandezen doinu kubatarrekin, baita Broken Brothers Brass Bandekin ere, azken hauek publikoaren parte-hartzea bultzatuta. Hirukote lapurtarra, ondoren, beti bezain indartsu aritu zen; eta Iruñerriko Iseo & Dodosoundek besta lehertu zuen. Egun osoa kasik dantzarik egin gabe zeraman Mixelek aurresku eta atzesku dantzatu zituen garagardo artean.
Barra itxi zuten, baita Pentzea hustu ere, bestak jarraitu zuen Irisarriko xokoren batean, baina EHZ bereak emana zen jada. Aurtengoz, behintzat. Kotxera joan aurretik, Mixeli agur esatera joan ginen gu. Arnasa kentzeko moduko besarkada estu bana eman zigun lagun xelebreak, sentitu genuen adiskide berri bat egina genuela. Beso artetik askatu eta larunbateko ekitaldian entzun genituen hitzak errepikatu zizkigun begietara begira: “Orain, EHZ zatiak eramanen ditugu gurekin batera. Jarraituko dugu hemen auzolanez sorturiko gune askea urte guzira hedatzen”. Agurtu dugu Mixel, agurtu dugu EHZ, hurrengo urtera arte.
Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.
ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]
Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.
Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]
Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.
Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.
12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.
27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".