Iraunkortasun-krisia: gure etxea, gure pitzadurak

  • Antonio Turiel (Leon, Espainia, 1970) ingeniaria itzal handiko aditua da energia-krisia, iraunkortasuna eta desazkundeari lotutako gaietan (ARGIAk 2015ean elkarrizketatu zuen). Berrikitan bere The Oil Crash blogean argitaratu du urtarrilaren 15ean a Vall d'en Bas (Katalunia) herrian emandako hitzaldiaren laburpena. Hona ekarri dugu euskaratuta.  


2022ko otsailaren 17an - 08:29
Azken eguneraketa: 09:35
Menorkako Son Salomó parke fotovoltaikoa. Orain Es Mercadal eremu naturalean ere eraiki nahi dute beste parke bat. Argazkia: Menorca.info
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Imajina ezazue pisu-bloke bat eta, egun batean, bizilagunetako batek pitzadura bat aurkitu duela. Pitzadura itsusi eta sakona da, eskailerako horma nagusietako batean eten dena. Hasieran, bizilagun batzuek ezikusia egingo diote, baina gero eta handiagoa eta sakonagoa den heinean, azkenean portaleko guztiak ados jarri dira: zerbait egin beharra dago. Eztabaida askoren ondoren, bitartean arrakala gero eta handiagoa delarik, erabaki dute igeltsero bati deitzea, etena bete eta horma finka dezan.

Alabaina, igeltseroa behin eta berriro datorren arren pitzadura estaltzera, eta hartan gero eta zementu gehiago jarri arren, pitzadurak jarraitzen du irekitzen, gero eta handiagoa da. Arrakala bihurtuko da elkarrizketa ia guztietako gai obsesibo eta errepikakorra, eta pitzaduran porlan gehiago sartzearen aldeko apustuan jarraitzen dute, eraginkorra ez den arren; eta estrategia aldatu beharrean, igeltseroz aldatzen dute behin eta berriz.

Egun batean, pitzadura aurkitu zuen bizilagun bera konturatu da jada ez dagoela pitzadura bat, pitzadura HURA, baizik eta etxe osoa dagoela pitzaduraz beteta dagoela; ziur aski hasieratik zeuden hor, baina inork ez zituen ikusiak, inork ez zielako begiratu nahi. Bizilaguna saiatuko da gainerakoak ohartarazten, baina ez diote jaramonik egiten, eta laster da beranduegi: egiturazko akats larriek zaurituta, etxea hondoratu egingo da, baina ez auzoko guztiak espero zuten lekutik, pitzadura HURA zegoen lekutik, baizik eta beste leku askotatik. Berandu ohartuko dira beren bizilagunak arrazoi zuela: baina ez jada daukate etxerik bizitzeko.

Gure gizarteak auzotarren komunitate honen antza du: mundu guztia dago arrakala ugarietako batekin obsesionatuta, itsu-itsuan beste guztiak ahanzteraino. Okerragoa dena, bistaratutako pitzadura bakar hori estaltzeko egiten diren ekintza askok are sakonago eta arriskutsuago bihurtzen dituzte aipatu nahi ez diren beste pitzadurak.

Badakigu ingurumen-krisi larria daukagula. Gizakiaren jarduerak gure planetako ingurumena eraldatu du, eta horrek arriskuan jartzen du Gizateriaren ongizatea, baita gure espeziearen biziraupena bera ere. Ingurumen-krisia, ordea, ez da pitzadura bat baino, gure gizartearen jasangarritasun-krisi ugarietako bat.

Ingurumen-krisiaren barruan, Klima-Aldaketarekin lotutako krisi larria daukagu. Berotegi-efektuko gasen isurketa etengabea, nagusiki erregai fosilak erretzearen eta beste giza jardueren ondorio dena, aldatzen ari da gure atmosferaren konposizio kimikoaren proportzioak eta, honekin, planetaren sistemaren erradiazio balantzea. Alabaina, larria izanik ere Klima-Aldaketa ez da ingurumen-arazo ugarietako bat besterik. Pitzaduretako bat baizik ez da.

Eta klima-aldaketaren arazoaren barruan, horren aurka borrokatzeko  beharretako bat da deskarbonizazio-prozesu sakon bati ekitea. Berotegi-efektuko gasen isurketa eten beharra daukagu, karbono dioxidoarena bereziki. Karbono dioxido gutxiago isuri behar dugu eta  horretarako karbono gutxiago duten energia-iturriak erabili. Hori, ordea, ez da egin behar ditugun gauzen guztien zati txiki bat besterik: hormetako batean dagoen pitzaduretako bati bota beharreko porlana da, ez besterik.

Kontua da iraunkortasun-krisi larria eta gure premiazko arreta merezi duten hainbat arazo dauzkagula baina eztabaida publikoa gehien bat zentratzen dela Klima-Aldaketaren arazoan. Eta Klima Aldaketari aurre egiteko egin beharreko jarduera ugariei dagokienez, horien arteko bakar batean jarri dugula arreta: energia-ekoizpenaren deskarbonizazioan. Hau, gainera, lortu nahi genuke argindar berriztagarria ekoizteko sistemetan oinarritutako trantsizio-eredu ziurrenik inposible batekin.

Baina abiatu gaitezen hasieratik: iraunkortasun arazo asko ditugu. Ez da ingurumen-krisia bakarrik. Hor dago baliabideen krisia ere, horretaz ari ohi da nagusiki blog hau. Energia-krisi larri baten lehen konpasetan gaude: gasa urritu da, ikatza urritu da, uranioa urritu da eta petrolioa ere urritu da, batez ere diesel motakoa. Baina kontua da gauza guztiak ari direla urritzen, bai energia-iturri batzuk eta besteak elkarren mendeko direlako eta baita ere zenbait mineral eskuratzea gero eta garestiagoa delako.

Iraunkortasun-krisietara itzuliz, biodibertsitatearen galera-krisi larria dugu. Biodibertsitateak bermatzen du ekosistemen osasuna, hauek egokitzeko eta arazoei erantzuteko gai izatea, eta kolapso ekologikoa gertatzea saihesten du. Biodibertsitaterik gabe, planetako zenbait lurralde bihur daitezke benetako eremu hil bihur, bizirik gabe edo ekosistema oso pobreekin. Eta, batzuetan ulertzen ez dugun arren, ekosistema horiek dira bizirik mantentzen gaituztenak, hainbat zerbitzu ekosistemiko eskainiz: polinizazioa, hondakinen ezabatzea, tenperaturen tokiko moderazioa, uraren zikloa mantentzea, CO2 harrapatzea ozeanoetan, eta abar, ahaztu gabe elikagai mailan egiten diguten ekarpena, arrantza adibidez. Baina gauza da iraunkortasun-arazoen zerrenda ez dela horietan bukatzen: hil ala bizikoak diren ziklo biogeokimiko eta fisikoen alterazioa, hala nola nitrogenoarena, fosforoarena, urarena; edateko uraren urritzea ere bai; baita desberdintasun ekonomikoen, sozialen eta osasunari dagozkionen handitzea ere.

Goazen orain ingurumen-arazoetara. Klima-aldaketa daukagu, noski; baina baita desertifikazioaren aurrerakada, edateko uraren galera, akuiferoen kutsadura, airearen kutsadura, metal astunek eragindako kutsadura, plastikoek eragina, substantzia organiko toxikoek eragina... Arazoen zerrenda oso luze eta izugarria da.

Ikus dezagun orain [arrakala konpondu nahian ezarritako] "zementua”. Esaten digute klima-aldaketaren aurka borrokatzeko deskarbonizazioan zentratu behar dugula, batez ere energia-iturrietan. Ez edonola, gainera: egin behar da elektrizitatea sortzeko sistema berriztagarrien instalazio masibo batekin, horiek bezain modu masiboan ezarriz bateriak dituzten motor elektrikoak eta hidrogeno berdea sortzeko eta baliatzeko sistemak. Ez da aipatu ere egiten beste modurik klima-aldaketaren aurka borrokatzeko.

Bereziki deigarria da nola, adibidez, IPCCren AR6 III. Taldearen txostenak –duela hilabete batzuk filtratuak– zioen hitzez ekosistemak zaintzea dela klima-aldaketaren ondorioen aurka borrokatzeko mekanismorik onena, ekosistema indartsu batek eskaintzen dituelako mitigazio-mekanismo eraginkorrenak; are gehiago, txostenak esaten zuen ekosistemak babestea jo behar dela lehentasunezko estrategiatzat. Horrek esan nahi du, nahitaez, babestutako naturguneen biodibertsitatea zaindu behar dela. Hala eta guztiz ere, une honetan Espainian eta beste herrialde batzuek parke eoliko eta fotovoltaikoak masiboki ezarriz mehatxatzen dituzte naturgune horietako batzuek   klima-aldaketa arintzeko gehiago egin lezaketenak instalatu nahi diren parkeek baino.

Ez hori bakarrik: Medeas ereduko agertokien azterketan azaldua dugun bezala, proposatzen den eredu berriztagarrirako trantsizio masibo eta azkar batek (azkenean lortzea posible izatekotan) beroketak 1,5ºC-en muga gainditzea ekarriko luke, hori lortzeko modu masiboan erre beharko liratekeen erregai fosilengatik.

Zalantza handiak daude ba ote dagoenez aski material kritiko trantsizio hori burutu ahal izateko, mundu mailan egitekotan behintzat. Aski material ba ote dauden eta, egotekotan, behar diren guztiak atera eta prozesatu ahal izango diren, erregai fosilen beherakadagatik. Sistema horiek behar dituzten mineral ugariek, bestalde, larriagotu egiten dituzte airearen, uraren eta lurzoruaren kutsadura-arazoak lurralde askotan; hauek babesgabeago uzten dituzte klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, ingurumen- eta iraunkortasun-arazoak larriagotuta.

Egia esan, apustu guztia trantsizio-eredu bakar horren alde egitea kalterako da beste neurri eraginkorrago batzuentzako, eta beste ingurumen-arazo eta iraunkortasun-arazo batzuk larriagotzen ditu, eta erakusten digu zenbat eta gehiago erabili ‘zementu berriztagarri’ elektriko hori, hainbat eta gehiago handiago handituko direla bai arrakala HORI eta etxeko beste arrakala guztiak.

Gure etxeko arrakala-multzoari begiratzeak –alde batera utzita gure kapritxoz soilik bakar bati erreparatzeari– esan nahi du onartzea etxearen arazoa zimenduetan datzala, oinarrietan. Eraikuntza osoa oinarritu dugu premisa oker eta berez jasan ezinetan: gure eredu ekonomiko eta sozialaren oinarria da mugarik gabe haztea planeta mugatu batean. Arrakalek adierazten digute dauzkagun arazoei heldu behar diegula osotasunean eta errora joanda, baldin eta ez badugu nahi batzuk konpontzen saiatzean besteak larriagotzea.

Berriztagarri elektrikoaren ereduarekin deskarbonizatzea lortzen tematzeak helburu bakarra dauka: ahantz eraztea gure eredu ekonomiko eta soziala ez direla bideragarriak. Ahalegin desesperatu bat da hazkunde-ereduari eusteko, entzungor eginez erasotzen gaituzten gainerako arazo oso larriei, amets eginez –soilik ekonomialari liberalen eskura dagoen inozentzia batekin– horik nola edo hala konponduko dituela noizbait iritsiko den mirari tekniko batek.

Utzi tontakeriak esateari, utzi nork bere burua eta besteak engainatzeari. Hau ez da eredua, hau ez da konponbidea, oso alderantziz baizik: hau da ezinbestean gure galbidera garamatzan bidea. Arazo guztiei osotasunetik aurre egin behar zaie, hasteko onartuz hazkundezaletasuna [crecentismo, jatorrizkoan], doktrina ekozida hori, jada hilda dagoela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Desazkundea
NEE/TEN jardunaldiak, Nafarroarako benetako Energia Plana

Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]


2024-10-11 | ARGIA
Desazkundeari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean urriaren 21etik 24ra

Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.


2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
“Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute”

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2023-06-08 | Nicolas Goñi
“Desazkunde” kontzeptuak zergatik du oraindik hain onarpen guti? 

Maiatzaren 15, 16 eta 17an, Europako Legebiltzarrean “Hazkundetik haratago” izeneko konferentzia batek hazkundearen garrantzia eta esangura zalantzan jartzen zituen, Barne Produktu Gordina bezalako adierazleak desegokitzat joz. Halere, gure erakundeetan aintzat... [+]


2018-08-24 | ARGIA
Desazkundeaz nazioarteko biltzarra burutzen ari dira Suediako Malmö hirian

“Garai nahasietako elkarrizketak” darama titulu Suediako Malmö hirian abuztuaren 21etik 25era burutzen ari diren Desazkundeari buruzko biltzarrak,  Desazkundea Ikerketzeko Institutuak antolatuta.


2016-12-23 | Unai Brea
Joan Martinez Alier. Ekonomia aztertzen ekologiaren betaurrekoekin
“Ekonomia ortodoxoak suntsiketari ‘ekoizpen’ esaten dio”

Bartzelonan jaio zen Joan Martinez Alier, 1939an. Bertako Unibertsitate Autonomoan ekonomia katedraduna da, baita Ecología política aldizkariko zuzendaria ere. Ekologia politikoaren eta ekonomia ekologikoaren arloetan erreferente ezinbestekoa da Martinez Alier... [+]


Serge Mongeau. Gutxiagorekin urosago
"Norberak bere kontsumoa bere baloreekin lerrokatu behar du"

Egunerokoa soiltasunarekin errimatzen dabil Serge Mongeau (Montreal, Quebec; 1937). Jestu pertsonal hori mugimendu zabal bilakarazteko xedez, La simplicité volontaire (Nahizko soiltasuna) izenburuko liburua argitaratu zuen 1984an. Ordutik, herritarrak hautu horretara... [+]


Eguneraketa berriak daude