argia.eus
INPRIMATU
Iratxe Esnaola: Anti Facebook naiz

2010ko urtarrilaren 16a
Iratxe Esnaola

[Iratxe Esnaola PuntuEus elkarteko kidea elkarrizketatu du Sustrai Colinak ARGIAren aste honetako zenbakian].

Esadazu benetan zer den denon bizitzak aldatu dituen Internet hori.

Ez dugu sekula jakingo. Bere garapenaren abiadura gure asimilatzeko gaitasuna baino askoz handiagoa da. Ez dakigu noraino iritsi daitekeen, eta gaur egun nora iritsi den ere ez digute kontatu nahi.

Interneten bikotekidearekin baino ordu gehiago pasatzen dituen “yonkiak” jakingo du zer edo zer, ezta?

Bakoitzak behar duenerako erabiltzen du, eta inor gutxi kezkatzen da erabilera horrek suposatzen duenaz eta izan ditzakeen ondorioez.

Ez esan irakatsi digutena interesatua denik?!

Guk jakitea nahi dutena irakasten digute, edo guk jakin nahi duguna euren saltsan sukaldatzen dute. Jakin behar ez dugunik ez digute kontatuko.

Nor dira haiek?

Munduaren ordena berriaren jabe izan nahi dutenak, eta horretarako Internet oso tresna egokia dela jabetu zirenak.

Inozoak gu, Facebook-eko iraultzaileak!

Jendeak nor izan eta zerbaiten parte sentitzeko beharrizan itzela dauka. Hori bai, gure intimitate intimoena zabaltzen dugula sinestarazi arren, ondo agertzen garen argazkiak baizik ez ditugu jartzen. Ni anti-Facebook naiz eta hura gabe bizi daitekeela ziurtatzen dizut.

Ez zara kontrol sozialaren matrakarekin hasiko, ala?

Informazio elektronikoak arrasto handi eta luzea uzten du. Dena erregistratuta geratzen den garaiotan, edonor izan daiteke polizia, eta poliziak are poliziagoak dira.

Apustu egingo nuke software librearen aldeko itsu horietakoa zarela.

Beste inoren zain egon gabe, nire sistema osoa euskaraz edukitzeko aukera eman zidan. Hizkuntzaren, eskuragarritasunaren, eta beste herrialdeekiko elkartasunaren ikuspegitik, software librea defendatuko dut!

.eus defendatzen nahiko lan zenuela uste nuen.

Interneten euskara egotea garrantzitsua bada, euskara izatea askoz garrantzitsuagoa litzateke. Ikusgarritasun sinbolo bat behar dugu euskararen presentzia hori modu esponentzialean sustatzeko.

Zergatik enfokatu duzue dena euskararen ikuspegitik? Ez al zen Euskaltel batzen gintuena?

Interneten dena dago klik batean eta zerbait galtzen bada geografia da. Leiho beretik hitz egiten duzu Kanadako lagunekin zein pareko bizilagunarekin. Horri sarean komunikatzeko tresna eraginkorrena hizkuntza dela gehitzen badiozu, munduari so ari gara, ez gure zilborrari.

Google.eus edo Ikea.eus ikusiko ditugu?

Momentuz ez daukagu domeinua eskatzeko aukerarik ere, baina suposatzen da goiz ala berandu izango dugula. Hortik aurrera, gauzak ondo egiten baditugu eta ez bada kontrako ahotsik sortzen, ez da arazorik egongo..eus ta

[PuntuEus taldearen spota duzue azpian]