[Inozentada] Irakasleen formazioaren atal bat Ertzaintzaren akademiaren esku utzi nahi du Jaurlaritzak

  • EAEko irakasleen formazioa behar pedagogiko berrietara egokitzeko proposamen zirriborroa idatzi dute Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Segurtasun Sailak elkarlanean. 2024-2025 ikasturtetik aurrera, irakasle moduan lan egiteko beharrezkoa den Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterraren bi ikasgai eta masterra aprobatzeko derrigorrezkoa litzatekeen test psikotekniko berria Arkautiko akademian ematea proposatzen dute Jokin Bildarratzek eta Josu Erkorekak gidatutako sailek. ARGIAk txostena eskuratu du esklusiban, jakin duenez oraindik ere Jaurlaritzaren barnean “eztabaida fasean” dagoena. ARGIA harremanetan jarri da Segurtasun eta Hezkuntza sailekin, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Ertzainak formazioa jasotzen Arkautin. Argazkia Irekia.eus

2023ko abenduaren 28an - 07:34
Azken eguneraketa: 2023-12-29 09:42:17
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Ertzaintza formazioaren eta balore pedagogikoen arloan urtez urte hartzen ari den konpetentzia gero eta handiagoan hurrengo urrats logikoa” litzateke EAEn irakasle ari nahi duten pertsonek beren formazioaren atal bat Arkautin egitea, txostenak sarreran dioenez. ETAren jarduna amaituta, 2011n hasi zen Ertzaintzaren Arkautiko akademia formazioa ematen suhiltzaileei eta anbulantzia gidariei; 2012an Babes Zibileko boluntarioei; azkena izan da Udaltzaingo guztien formazioa Gasteizko komisariara eramateko erabakia.

“Zentzuzkoa eta naturala” litzateke irakasleek Poliziaren aldetik formazioa jasotzea, Hezkuntza eta Segurtasun sailen arabera: “Ertzaintza herritar guztien zaintzaz eta, zentzu zabal batean, heziketaz arduratzen da; irakasleak haur eta gazteen zaintzaz eta heziketaz: batzuen eta besteen artean elkar ezagutza eta irizpide pedagogikoen bateratasuna bultzatzea gizarte demokratiko baterako bermea da”. Baina txostenak azpimarratzen du ere proposamenak euskal jendartean ematen ari diren zenbait “joera kezkagarriri” erantzun nahi diela.

"Ertzaintza herritar guztien zaintzaz eta heziketaz arduratzen da; irakasleak haur eta gazteenaz: irizpide pedagogikoen bateratasuna gizarte demokratiko baterako bermea da"

Libertatea vs autoritatea

“Gaizki ulertutako libertatearen izenean, autoritatearekiko errespetu faltaren maldan behera” erortzeko arriskua du gizarteak, txostenaren arabera. Horren adibide jartzen ditu “mugarik ezagutzen ez duten haur apetatsuen ugaltzea”, gazteen artean nagusitzen ariko litzatekeen “hedonismoaren kultura”, eta irakasleek ikasgeletan “ordena mantentzeko dituzten arazo gero eta larriagoak”. Baina “arazoa” adingabeen eta hezkuntzaren esparruetatik haratago kokatzen du Jaurlaritzak.

Hezkuntza eta Segurtasun sailek bere egiten dute ErNE eta SVPE polizia sindikatuek eginiko salaketa. “Ertzaintzak eta Udaltzaingoek autoritate galera etengabea ari dira pairatzen”, ziurtatu zuten sindikatuek, eta autoritate galera gizartean oro har zabaltzen ari zela azpimarratu. “Continuum bat dago gurasoen esanei kasu egiten ez dieten haurrei, irakasleen arauei trufa egiten dieten ikasleen, enpresen eta instituzioen aurka grebara inertzia hutsez jotzen duten, eta Poliziaren aginduei desobeditzen dieten protestalarien jarreretan: arazoa orokorra da, irtenbideak orokorrak behar dute izan”, dio Jaurlaritzaren zirriborroak.

EAEko irakasleen formazioa behar pedagogiko berrietara egokitzeko proposamen zirriborroa txostenaren pasarte bat, ezarri nahi den irakasleentzako test psikotekniko berriaz.

"Terrorismoaren kulturak" sortutako "mesfidantzak"

Segurtasun eta Hezkuntza sailen arteko kolaborazioa urrutitik badator ere, ETAk borroka armatua utziz geroztik jauzi kualitatiboa egin zuen, txostenak azaltzen duenez. Ordura arte salbuespena bazen ertzainak ikasgelatan ikustea zeregin pedagogikoetan, 2012tik aurrera ohikoa bilakatu zen. Segurtasun Sailak programa bat garatu zuen ertzainek eskoletan hitzaldiak eman zitzaten, besteak beste lantzeko bullying-a, trafiko araudia, biolentzia matxista...

Programa abian jarri zuen Estefania Beltrán de Heredia sailburu ohiak (2012-2020) legebiltzarrean eman zituen azalpenak, Bullyngaren aurkako ikastaroa ematen ari zen ertzain batek Lehen Hezkuntzako ikasle bati atxilo eramateko mehatxua egiteagatik polemika piztu ostean: “Programaren asmoa bikoitza da: batetik, haur eta gazteei eskaini nahi zaizkie erreminta pedagogikoak arauak eta beren kideak errespetatu ditzaten; bestetik, nahi dugu gazteek eta irakasleek Poliziaren presentzia normalizatzea gizartean eta hortaz eskolan ere, edozein gizarte demokratikotan gertatzen den moduan". Normalizazio horren beharra zergatik zegoen azaldu zuen jarraian sailburuak: "Terrorismoaren kulturaren ondorioz euskal poliziaren eta hezkuntza komunitatearen artean mesfidantza eta distantzia sortu da zenbaitetan, eta bada garaia hori ezabatzeko”.

"Terrorismoaren kulturaren ondorioz euskal poliziaren eta hezkuntza komunitatearen artean mesfidantza eta distantzia sortu da zenbaitetan, eta bada garaia hori ezabatzeko”

Jaurlaritzaren proposamena norabide hori indartzeko “jauzi kualitatibo berria” litzateke, Hezkuntza eta Segurtasun sailen arabera: “Ertzaintza igaroko da ikasleen formazioan parte hartze zuzena izatetik, irakasleenean ere izatera”. Jauzi hori egiteko zailtasunak aurreikusten dituzte Segurtasun eta Hezkuntza sailek, baina horiek gaindituko lituzketela uste dute: “Irakaslegoa bere baitan gotortzeko joera duen sektorea da, maiz erresistentziak agertu ditu berrikuntza pedagogikoen aurrean zein poliziekin elkarlanean aritzeko orduan, baina erresistentzia horiek gaindigarriak direla sinetsita gaude”.

Ikasgaiak

Irakasle gisa lanean aritzeko ezinbestekoa da aurretik Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterra egitea. Master horretarako bi ikasgai derrigorrezko sortzea eta horiek Ertzaintzaren Arkautiko (Gasteiz, Araba) akademian ematea proposatzen du txostenak. Irakasgaietako bat “teorikoa” litzateke, eta bestea “praktikoa”.

Lehenbizikoa, teorikoa, Balore demokratikoak hezkuntzan: eskubideak eta mugak litzateke: “Irakasgaiak xedetzat izango luke askatasunen eta betebeharren arteko oreka ezinbestekoaz hausnarketa bultzatzea eta irizpide argiak ematea”. Irakasgaia Confebask enpresarien elkartearekin lankidetzan garatzeko aukera jasotzen du txostenak, argudiatuta enpresak, eskolak eta erakunde publikoek oinarri bera partekatzen dutela eta elkarren osagarri direla: “Hiruetan da ezinbestekoa oreka askatasunen eta betebeharren artean, hirurek partekatzen dituzte helburu eta baloreak, hirurak indartzen edo ahultzen dute elkar”.

Bigarren irakasgaia, praktikoa, Ikasle disruptiboen kontentziorako teknika hezitzaileak izenekoa litzateke. Prestakuntza eta Hezkuntzaren Berrikuntzan laguntzeko Berritzeguneen eskaera bati erantzutera dator ikasgaia, txostenaren arabera: “2019an jaso zituzten Berritzeguneek lehenbiziko aldiz irakasleen aldetik formazio eskaerak oinarrizko kontentzio tekniketan, fisikoki oldartzen zaizkien ikasleen aurrean defendatu eta ikasgelan ordena mantendu ahal izateko. 2019-2022 artean eskaera horiek %17 egin dute gora”. Irakasgaia ematearen ardura Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko Giza Eskubideen Sailaren esku geratuko litzateke. “Esku hutsezko” teknikak irakatsiko lirateke soilik (“defentsarako bestela elementuak alboratuta”), eta “beharrezko indarraren erabilera gutxienekoa” bultzatuko litzateke “beti ere”.

"2019an jaso zituzten Berritzeguneek lehenbiziko aldiz irakasleen aldetik formazio eskaerak oinarrizko kontentzio tekniketan"

Irakasgai bakoitza bederatzi kreditutakoa izatea aurreikusten du Jaurlaritzak, presentzialak. Printzipioz ikasleak klaseetara joan-etorriak egingo lituzkete, baina txostenak ez du baztertzen Arkautiko akademian egonaldiak egiteko eskaintzak luzatzea, “etorkizuneko irakasleek praktikan ezagutu dezaten balore demokratikoetan oinarritutako eskola baten barne funtzionamendua, eta ertzain eta irakasleen arteko kidetasuna elikatzeko”.

Test psikoteknikoa

EAEko irakasleen formazioa behar pedagogiko berrietara egokitzeko proposamen zirriborroa-k aurreikusten duen berritasun nagusia test psikotekniko bat litzateke, masterra behin gaindituta egin beharko luketena etorkizuneko irakasleek. “Test psikoteknikoen erabilera enplegurako sarbide gisa ohikoa da hainbat lanbide pribatu zein publikoetan”, gogoratzen dute Segurtasun eta Hezkuntza sailek, eta irakasle lanbiderako ezartzea paralelismo batekin defendatzen dute: “Biolentziaren erabileraren monopolioa ardura ezinbestekoa bezain delikatua da demokrazian, eta poliziei egiten zaien test psikoteknikoak bermatzen du botere hori delegatzen dela beso indartsu baina amultsuetan, eta buru etikoki zein psikologikoki orekatuetan. Ez da ardura txikiagokoa irakaskuntzaren erabileraren monopolioa, eta, ondorioz, berme demokratiko berdinak behar ditugu gizarte moduan irakaslegoaren aurrean ere”.

Testaren balizko zenbait galdera eta ariketa jasotzen ditu Jaurlaritzaren txostenak, azpimarratuz “lagin erakusgarria” dela soilik, behin proiektua onartuta “doitu eta osatu” beharrekoa. Uría y Mendez abokatu bulegoaren Bilboko egoitzaren Zuzenbide Publikoaren sailak osatu du test zirriborroa, txostenak jasotzen duenez. Ez duena jasotzen da sail hori Javier Balza Segurtasun sailburu ohiak zuzentzen duela.

Hemen testaren laginak (txostenaren paperezko bertsiotik eskaneatuak):

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Emakume katedradunen kopurua nabarmen handitzea izango da EHUren helburua datozen lau urteetan

Lan kategoria altuenetan %22 dira emakume katedradunak gaur egun, eta soldata arrakala %7koa da. Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute, eta Eva Ferreiro errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan.


2024-07-10 | Bea Salaberri
Zer egin nahi duzu geroan?

Badirudi hamasei urteko semea buruhauste handirik gabe ari zaigula batxilergoaren ondotik jarraituko duen bideari buruzko gogoetak egiten. Batean, batxilergoko gai berezien hautaketari buruz hitz egiten digu, bestean, egin beharko dituen pausu administratiboei buruz, galderarik... [+]


Ikasmateriala erosteko familientzako laguntzak DBHko bigarren ziklora zabaldu ditu Jaurlaritzak

DBH 3 eta 4. mailako ikasleek datorren ikasturtean beharko dituzten ikasmaterialak diruz lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartearen aldarrikapen historikoari erantzunez. Seme-alabak maila horietan dituzten familiek, beraz,... [+]


Hamar urtetan EAEko ikastetxeen %20 ixteko arriskua dagoela ohartarazi dute

EAEko ikasleen erdiak baino gehiagok eskola partikularrak jasotzen dituela eta jatorri migratzaileko ikasleak gehien segregatzen dituen Espainiako Estatuko bigarren erkidegoa EAE dela ere adierazi du Esade EcPol erakundeko Lucas Gortazarrek, EHUren udako ikastaroetan.


Gazteak teknologiaren ikuspuntu kritiko eta arduratsuan hezteko proiektuaren alde bozkatzeko azken eguna

Gazteen artean teknologia libreen ezagutza zabaltzeko “Digitalizazio arduratsua” proiektua prestatzen ari dira Baionako Etxepare Lizeoa eta Iametza. Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Ideiak2024” aurrekontu parte-hartzaileetara aurkeztu dute egitasmoa. Gaur da [+]


2024-07-09 | UEU
Katixa Dolhare Zaldunbide
“Literatura hezkuntzaren zimendua da”

Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara jardunaldia antolatu dute elkarlanean Seaskak eta UEUk Baionan, Udako Ikastaroen barruan, eta bertan parte hartuko du Katixa Dolhare Zaldunbidek. Ezpeletan sortu zen 1982an, Lapurdin, eta familiarekin Nafarroa Beherean... [+]


Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Hezkuntza Sailean, euskara eskubide?

Ekain amaieran, Hezkuntza Sailak ehunka irakasle funtzionario izendatu ditu: praktikaldia egitea falta dute, bai eta, irailetik aurrera, mediku-azterketa ere.

Azkeneko deialdian, mediku-azterketa azpikontratatu egin zuen Hezkuntza Sailak. Azpikontratatu zuenean,... [+]


“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]


Lan kontuekiko (des)konexio digitala nola kudeatu irakasleek?

Irakaslea zara eta lanordutan nahiz lanorduz kanpo, berehala erantzun beharreko mezuz josten zaituzte ikasleek, haien gurasoek, ikastetxeko zuzendaritzak, lankideek? Deskonexio digitalaren beharraz gogoetatu dugu, Aitor Idigoras irakaslearekin: "Ateak ixten eta mugak... [+]


Eguneraketa berriak daude