Irailaren 27an geldituko da aske Jexuxmari Zalakain

  • 18/98 sumarioan epaitu zuten Jexuxmari Zalakain irakasle eta kazetaria, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik. Zortzi urtez preso egon ostean, igandean berreskuratuko du askatasuna tolosarrak.


2015eko irailaren 23an - 08:59
Kartzelaldiak iraundako denboran, Herria 2000 Eliza aldizkarian "Espetxe kronikak" idatzi ditu Zalakainek (argazkia: @ataramiñe)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Palentziako (Espainia) Dueñas espetxean pasatu ditu Zalakainek azken urteak.

Kartzelaldiak iraundako denboran, Herria 2000 Eliza aldizkarian “Espetxe kronikak” idatzi ditu Zalakainek, barruko bizipenak eta hausnarketak kanpora ekarriz. Uztailean argitaratu zuen kartzelatik idatzitako azken kronika, “Hau izango da azkena!” izenburupean.

“Hau izango da azkena!”, J. Zalakain (Herria 2000 Eliza 256. zenbakia)

Arratsalde zorria da. Egutegian udaberria markatu ahala berogailuak itzali dituztenez, ez da giro. Eskolan sartzeari utzi diot, neumonia harrapatu nahi ez badut. Orduz geroztik jantokiarekin erdibana egiten duen galeriako kristalera ondoan esertzen naiz, usu, tapoiak belarrietan ipinita jendearen zarata nolabait apaltzeko. Hala, bozgorailuetatik nire izena esan ote duten peskizan jarri naiz, nirearen bukaera berdina duten beste izen batzuk ere baibaitaude. Antza, nire izena izan da. Funtzionario bat hurbildu zait, ez ote dudan entzun galdezka. Banengoen bada. Bildu zure gauzak eta joan zaitez sarrerako modulura, esan dit. Agian luze joan zaidala. Zer ote den murtxikatzen abiatu naiz. Bertaratuta, beste funtzionario bat urreratu zait: Zalakain, pasa zaitez segurtasun-uztaitik. Zer egin ote dut… Pasa naiz. Ez du pi-pi-pi jo. Zuzendariordeak ikusi nahi zaitu. Ikusi. Arratsalde on. Erregimeneko Zuzendariordea naiz eta zurekin berba egin nahi dut. Berba. Bulego batean sartu eta aulkia erakutsi dit. Hau serioa da, neure artean. Zuzendari ordea naiz. Urte askoan, ez zaitut ezagutzen. Paper bat jarri dit begien aurrean. Hau eskatu didazu, ez? Dakidala, zuri ez dizut ezer eskatu. Kondenaren likidazioa da. Kontxo, hori bai! A.N.eko paper ofizialaren kopia bat luzatu dit. Beraz, irailean zoaz libre. Hala dirudi, bai. Mila esker. Agur.

Horrelaxe adierazi didate ofizialki nire askatasun-eguna: irailaren 27a. Jakin banekien, abokatuak esanda: 60 egun kendu dizkidate. 8 urtetan zehar astero epailearengana joaten aritzeagatik. Baina ni, egoskor, paper ofiziala nahi. Eskatu, kondenatu zintuen epaileari eskatu behar zenion; baina, tira, behingoz… Bai, behingoz albiste on bat: bukatu da nire kartzelaldia.

Maiatzaren amaieran idazten ari naiz nire azken kronika hau. Oraindik lau hilabete geratzen zaizkit: udaberria bukatu eta uda osoa, baina iraungitzat ematen dut nire bizitzaren fase hau. Nire gauzak nola atera aztertzen ari naiz -hiztegi potoloak, liburuak, koadernoak, karpetak-; nire beste hainbat gauza -arropa, izarak eta mantak batik bat- nori oparitu. Gauza handirik ez txaboloa hustutzen. Nire bizitzako 20. etxe-aldaketa izango da.

Bukatu da, akabo

Beharbada balantzea egiteko ordua da. Nire irakurle eta lagunek badakizue dagoeneko eginda daukadala. Ikus Ataramiñe. Ez naiz errepikatzen hasiko. Hala ere gauza batzuk esan nahi ditut nire azken kronika honetan, espetxetik. Hasteko, eskerrik asko: nirekin egon zareten guztioi: idazten, bisitatzen, animoak eta musuak bidaltzen. Nire gauzen (arroparen, diruaren, liburuen) ardura hartu duzuenoi. Ia-ia ezagutu gabe nirekin harremana josi duzuenoi. Aldika bederen gorantziak bidali dizkidazuen guztioi. H2000eko talde osoari: nire ausentzian hain gartsuki eta bikain aldizkaria argitaratzen jarraitu duelako, nik uste baino lan ederragoak osatu duzuelako alez ale, betiko xumetasuna gordez; orobat, gu guztion aldizkaria bizirik mantentzen asmatu duzuelako, kemenez eta gogoz, arrastoa galdu gabe. Eta nola ez, nire kartzelako kronikak gustura jaso dituzuelako. Zoritxarrez ez dut aukerarik izan kartzelako egoera bere osotasunean deskribatzeko. Dakizuenez, Soto del Realeko asteburua eta Valdemoroko hilabetea kenduta, Dueñaseko 11. moduluan eman ditut nire kondenako zortzi urteak -barruko hizkeran esanda, kanpaina osoa-. Ez dut ikusi dudana besterik kontatu nahi izan. Ulertuko duzue, hala ere, kartzeletan joan-etorri handia egoten dela, eta jendearekin batera beste patioetako iritzi-miritziak heltzen dira: beraz, esan genezake, mutatis mutandiz, toki guztietan txakurrak ortozik.

Hogeita hamalau borroka-kide ezagutu ditut Dueñasen. Horietatik hamar bat lagunekin estutu ditut harremanak, elkarrekin bizi izan baikara: Jose Luis, Iñaki, Ibon, Oskar, Igor O. eta Igor CH, Mikel, Txomin, Oier eta Lander. Besteekin noizbehinka eta presaka egon naiz, lokutorio bidean, erizaindegian, hauteskunde egunetan, etab. Gehiagorako tarterik ez da egon. Nahi baino gutxiagotan eduki dut kolektiboaren berri zuzena, abokatuen bisita, beste espetxetan dauden preso politikoekin gure gauzei buruz patxadaz mintzatzeko bete. Beste dozena bat lagunekin izan dut korrespondentzia idatzia, jakinda, noski, gure eskutitz guztiak begiluzeen begiradapetik pasatzen direla, eta ondorioz, autozentsura ezinbestekoa dela. Zer erremedio, ez baduzu prentsaren lehen orrialdeetan atera edo albistegiren bat ireki. Irudipena dut horretarako famatua izan behar duzula; edozeineniritziak ez dira albiste. Kontuz ibiltzea onena, edozein moduz. Inoiz ez baita onerako izaten, kalterako baizik. Esan nahi dudana da nire ikuspegia, kartzelari buruz, partziala dela; protagonista eta esperientzia asko zuzenean ezagutu gabe noa.

Inoiz idatzi dut: kartzelaldi arina izan da nirea. Kide beteranoek kontatu didatenaren aldean, deus ez. Nire baitan, nire bizitzako faktura batzuk ordaintzen, sentitu dudan oinaze bortitza, askatasun falta fisikoa baino, hagitzez, saminagoa izan da. Kitto. Amaitu da.

Kartzela ala sikiatrikoa

Beharbada nire izaera izango da: arreta berezia jarri dut preso arrunten egoera, bizimodua eta etorkizuna behatzen. Nire lehen (eta espero dut azken) kanpaina izan da, eta biziki hunkitu nau barruko bizitzak. Atzerritarrentzako espetxean egon naiz, beraz, mundu osoko auzoak izan ditut; jende pobrea, kolpatua, bizitzak igatua, drogaz ondatua, bizimodu txukunagoaren bila urrunetik etorri eta alferrik galdua, hizkuntza, kultura eta erlijio anitzeko jendea, trapitxeoan eta gezurrezko harremanetan zaildua, gure gizartearen bazterrean bizitzera behartua. Espetxean inori ez zaio galdetzen zergatik heldu den bertara, zer demontre gertatu zaion. Askok galdetu gabe kontatzen du, konfiantza minimoa somatuz gero. Egia esaten ari ote diren igartzea ez da samurra izaten, miseria estaltzeko ez baitago gaizki fantasia apur bat. Geien-gehienek harreman eskasa daukate familiarekin, ez telefonoz, ez bisita bidez. Ondorioz, eskean ibili ohi dira, ahal badute euskaldunen abaroan. Hemengo aberatsak gara, diruz eta maitasunez. Aho zabalik geratzen dira astero daukagula lagunen bat lokutorioan zain, senideren bat bisean. Zuek bai zoriontsuak, entzun diet inoiz. Batzuekin oso ondo konpondu naiz, ahal izan dudan arreta guztia jarri dut ulertzen, nire neurrien arabera eusten, bizitza alegratzen (kafea, tabakoa eta garagardoarekin hobeto!). Enpatia falta ez da nire akatsetako bat. Askotan zaila bilakatzen da jende hau nola lagundu ebaztea. Miseriak norberekoikeria ekartzen du, sarri. Presentea dute beltza, eta etorkizuna zer esanik ez. Euskal herritar koadrila ere ezagutu dut, atzerritarrak bezain galduak, komeriak izango dituztenak gure gizartean egoki txertatzeko: lanik ez eta gogorik ere ez, malo! Lastima nik nobelista izateko gaitasunik ez izatea. Soberan dago hemen gaia.

Maiz galdetu diot neure buruari: hauetako batzuek zer demontre egiten dute hemen. Espetxea baino gehiago sikiatrikoa ematen du. Bere burua gobernatzeko gai ez den jend3ea, burutik seko nahasia, injekzio gogoren bidez irauten dutenak patioan, zonbiak iduri, sekulan inorekin hitz egin gabe, hara eta hona bueltaka, begiak lurrean josita, bere buruarekin bakarrizketan, lo zorroan, lo astun sikiatrikoan.

Halako batean euskal herritar gizajo bat bidali digu hezitzaileak: joan zaitez Zalakain eta Marurirekin, horiekin ondo ibiliko zara. Gaixo sikiatriko diagnostikatua da. Lagun iezaiozue, erregutu dit hezitzaileak. Eta aitortu dit: auskalo non bukatuko duen! Eta hau bezala patioko asko. Hauek sikiatrikoan egon beharko lukete, baina gizarteak ez du erantzun egokirik; barrura eta hor konpon. Arrazoia daukazu. Zer esan behar nion, ikusita barruko populazioaren gehiengoa botika sikiatrikoak hartzen dabilela…

Kezkatuta noa

Aitortza bat egin behar badut nire azken kronika honetan, hauxe: oso kezkatuta noa, preso politikoen etorkizunari dagokionez. Jaurlaritzak Hitzeman eta Zuzen Bide proiektuak bidali dizkigu. EH Bilduk Bakerako Euskal Bidea proposatu du, non preso politikoon ibilbidea marrazten den kalerantz. Programak programa -alde nabarmenak daudela onartuz eta denetan dauden alde positiboak ukatu gabe- non dago testu hori(ek) errealitate bihurtzeko mekanismorik? Inon ez. Ez naiz hasiko nire argudioak aletzen. Hain ergela ez naiz. Denbora izango dugu kalean patxadaz, dagokienekin, mintzatzeko. Irudipena dut, hala ere, luzerako, oso luzerako, doala kontua. Ni joango naiz eta barruan jarraituko dute besteek, bakoitza bere txandaren zain: L. (nire izateko bikotea azken lau urteotan), 19 urterekin hasi zen kondena, 3 urte barru (ia 40rekin) bukatuko ote duen amestuz; O. kendu dioten konfiantzako sikologoaren hutsunea nola beteko duen aztertuz; JM. patioko hormigoia zapaltzearekin bat Hernaniko baserria gogoan, sumatzen hasi den bertigoak gainditu ezinik; B., 14 urte jan ondoren bi haurrengana so, etorkizunaren haizeak nondik joko ote duen peskizan.

Beste inoiz erre idatzi dut. Sarreran esan zidatenhemendik konplituta ateratzen da, motel. Hori besterik ez dut ikusi; hiltzeko zorian zaude edo hobe duzu barruko indarrak bildu eta eustea. Aitzol eta Jose Migel hor daude gaixo larri: nire ikasleak izan ziren, bat unibertsitatean eta bestea seminarioan. Irteeran, beste beterano batek esan dit: zu aterako zara, ni eta ni bezalakoak ateratzea da arazoa. Kode Penala aldatu gabe, jai! Prozesuetan konfiantza ez galtzea ezinbestekoa da. Helburuak epe motzerako proiektatu eta sinetsaraztea berriz, etsigarria. Nire esperientziak erakutsi dit presoak tinko eta lasai jarraitzeko behar dituela aupadak… Edozein moduz, agur eta eutsi goiari, adiskideak!

*Ataramiñe-ren webgunean argitaratu dituzte Jexuxmari Zalakainen Kartzeleko Kronika guztiak. Handik atera dugu azken hau. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 18/98 sumarioa
Jabier Salutregi hil da, ‘Egin’ zuzentzeagatik preso izan zuten kazetaria

1998ra arte izan zen zuzendaria Egin egunkarian, Baltasar Garzonek ixteko agindua eman zuen arte. Zazpi urteko espetxealdia bete zuen Burgosko kartzelan, 2015 aske geratu zen. 73 urterekin hil da Donostiako bere etxean, azken hilabeteetan pairatu duen gaixotasun baten ondorioz.


2023-02-14 | Estitxu Eizagirre
Nekane Txapartegi Nievek lortu du 1999an bere aurka hasitako epaiketa politikoa eta jazarpena ixtea

Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik... [+]


2021-07-16 |
Egunkaria kasua, hiru urte geroago
Hemengo komunikabide bateko kazetariak joan ziren, orain dela denbora bat, Rodriguez Zapatero presidenteari elkarrizketa egitera. Galderen artean Euskaldunon Egunkaria kasuari buruz itaundu zioten. Presidentea, harrituta. Elkarrizketaren ondorengo solasaldi lasaian kazetariei... [+]

2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2019-11-19 | Estitxu Eizagirre
Txapartegi extradita ez dezaten eskatuz elkarretaratzea deitu dute azaroaren 20an Asteasun

Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]


2019-07-15 | ARGIA
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.


(In)justizia sistema patriarkalaren aurrean, Nekane, guk sinisten dizugu!

Orain arteko bidea ez da erreza izan Nekane Txapartegirentzat. 18/98 sumarioaren epaiketaren harira, 2007an, torturapean egindako testigantzetan oinarrituz 11 urteko espetxe zigorrera kondenatua izan zen. Gauzak horrela, Euskal Herritik alde egitera behartuta ikusi zuen bere... [+]


2019-05-03 | Aiaraldea
Omenaldi jendetsua egin diote Isidro Murgari

Iragan larunbatean zendu zen Isidro Murga. Gaur arratsaldean omenaldi jendetsua egin diote Egin egunkariko sustatzaile eta herri mugimendu ugaritako kidea izan zenari. Laudioko Lamuza parkean egin dute ekitaldia, eta ehunka herritar bertaratu dira zitara, gizarte eta politika... [+]


2018-07-17 | Axier Lopez | ARGIA
20 urtez adierazpen askatasuna jo-puntuan

“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan  Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.


2018-03-02
‘Egin’-en dokumentu-funtsak Artxibo Historikora mugitzeari ekin dio Jaurlaritzak

'Egin' egunkariaren dokumentu-funtsak Hernanin zeukan egoitzatik Euskadiko Artxibo Historikora mugitzeari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak. 1.000-1.500 kaxatan aterako dute materiala, argazkiz beteak gehienak.


2018-01-04 | Andoni Mikelarena
Kalean da Joxean Etxeberria, 18/98 auziko azken presoa

Hamabi urte espetxean igaro ondoren, goizeko zortziak aldera atera da Soriako espetxetik. Arratsaldean Oiartzunen egingo diote ongi etorria.


2017-12-13 | Hala Bedi
Abenduaren 28an aterako da kartzelatik 18/98 sumarioko azkenaurreko presoa: Txema Matanzas

10 urte eta 9 hilabeteko kondena beteko du Matanzasek espetxean, 18/98 auzia dela medio. Egun, Puerto III espetxean dago, Euskal Herritik 1.050 kilometrotara.


Teresa Toda, 18/98 sumarioan kondenatua
"Presoak etxera itzuli behar dira, eta modu duinean"

“Badira egun batez borrokatu eta on direnak. Badira urtebetez borrokatzen direnak, eta horiek hobeak dira. Baina badira bizitza osoan zehar borrokatzen direnak, horiek ezinbestekoak dira”. Horietan da Teresa Toda.


Aske geratu da Jabier Salutregi zazpi urte eta erdiko zigorra bete ostean

Egin egunkaria zuzentzeagatik zigortu zuten 18/98 makrosumarioan. Europan espetxeratuta dagoen hedabide bateko zuzendari bakarra aske geratu da gaur goizean espetxealdia hiru alditan bete ostean. Ean (Bizkaia) egingo diote harrera 19:00etan.


2015-06-01 | Garazi Zabaleta
Isidro Murga
“Kartzelara eraman bagintuen ere, harro gaude bizitako historiaz”

8 urte preso egon ostean, ostegunean gelditu ziren aske Isidro eta Patxo Murga anaiak. 18/98 sumarioan auzipetuak, Egineko langileak izateagatik atxilotu zituzten 2007ko azaroan, eta 69 eta 70 urteko adinarekin utzi dute Leongo espetxea.


Eguneraketa berriak daude