Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen sorkuntza prozesuez, idazketez eta ipuinez aritu dira, besteak beste. Ipuinak idazterakoan intuizioak dituzte abiapuntu, baina ariketa teknikoa bihurtzen da gero.
Nork du eskubidea bere buruari poeta dela esateko? Eta inporta al du? Poesia eta haur literatura idatzi du Iñigo Astizek, itzulpenak ere egin ditu eta kultur kazetari dihardu Berria-n. Berriki, Monogamoak (Susa, 2024) ipuin liburua kaleratu du. Beti eman izan dio arreta idazleek, izen handikoek batez ere, norbere buruari poeta deitzea errefusatzeko duten joerak. Idazle-k baino karga sinboliko handiagoa du poeta hitzak. Zergatik uko egin, bestela, “titulu jainkotiarra balitz bezala”? Horrekiko erreakzioa sortzen zaiola uste du: “Poesia idaztea bada zerbait, baina zerbait lurtarra da”. Areago, aldarrikatu egin nahi du, deserosoak diren kategoriak aldarrikatzen diren bezala, eta hori muturrera eramanez zera dio: “Poetisa deitzen dietenek ere esaten dute haiek poeta direla, bada, ni, orduan, poetiso!”. Hala ere, batez ere norbere burua kokatzeko balio duen kategorizazioa dela uste du: “Debate intimoa da eta segur aski munduari ez dio batere inporta”.
Garazi Arrulari, aldiz, bertigoa eman izan dio idazle izendatzeak. “Baina geure buruari zilegitasuna eman behar diogu”, onartzen du, eta saiatzen da deseroso ez sentitzen idazle deitzen diotenean, berak bere burua horrela izendatzen ez badu ere.
Itzulpengintzan hasi zuen ibilbide literarioa Arrulak. Editorea da; narratiba, poesia eta saiakera itzuli ditu, eta, besteak beste, bi ipuin liburu idatzi. Iaz kaleratu zuen bigarrena, Lurraz beste (Txalaparta, 2023). Ez du oso argi ea narratiba itzultzeak ipuinak idaztera eraman duen, baina ez-fikzioa irakurtzea gustatzen zaio gehien, eta horregatik egiten du lan narratibarekin. Zer gustatzen zaizun irakurtzea, hori dago oinarrian, bere ustez.
Zergatik ipuina?
Kontatu nahi diren istorioek determinatzen dute ipuinak idaztea, neurri horretan kabitzen direlako; horixe esan du Arrulak. Ez du baztertzen, ordea, arnas luzeagoko kontakizun bat egin nahiko balu beste genero narratibo batera jotzea. Hala ere, Arrularen ipuinak ez dira motzak, tramari nahikoa espazio eman nahi izaten dio garatzeko, baita irakurleari ipuinean sartzeko eta istorioa gogoratzeko ere. “Egon egiten da” Arrularen ipuinetan, Mikel Ayerbe saioaren gidariaren arabera.
Garazi Arrula: "Nik ez dut oroimen onik eta ez naiz bereziki irudimen handikoa, baina behatzailea naiz, eta uste dut nabaritzen dela xehetasunetan"
Astizenak, berriz, molde eta luzera ugariko ipuinak dira, idazteko metodoa ere arras ezberdina dutelako bi autoreek, hein handian. Istorio bat behar du Arrulak idazten jartzeko; Astizek, aldiz, sentsazio edo irudi bati segika egiten du lan, nora iritsiko den jakin gabe idazten hasten denean. Hau da, ez du idazten azken produktuari begira: ez du kezkatzen hortik liburu bat aterako den edo beste zerbait. Idazketa prozesua interesatzen zaio. Hala ere, erabaki batzuk hartu egiten direla iradoki du Arrulak: “Argi izan duzu ez zela, adibidez, poesia edo kazetaritza pieza bat”.
Eta nola eraiki ipuina?
Arrularen idazketan, pertsonaien lanketa azpimarratu du Ayerbek. Autoreak berak ere aitortu du denbora ematen duela pertsonaiak perfilatzen, eta ipuinetan garapena izan dezaten ere saiatzen dela espresuki. Testuan agertzen direnak baino askoz gehiago dira oharretan biltzen dituen pertsonaien ezaugarriak, hura “ikusi” arte, koherentzia eta atxikimendua lortzeko. Ipuinak kontatzen duenetik harago doaz istorioen protagonistak, eta imajinatutako bizitza horien zati bat da narrazioan sartzen duena. Diaologoei ere arreta berezia ematen die, zaila iruditzen zaiolako elkarrizketa onak sortzea, eta pertsonaiaren eraikuntzan ere asko eragiten dutelako. Arrularen liburuetan “geruzak pilatzen dira”, hori miretsi du Astizek, baita hau azpimarratu ere: “Hitz bakoitzak trasfondo historiko, politiko eta soziala du”.
Baina ipuin orotan pertsonaia eta eszena baino gehiago dago. Narrazioari eutsi egin behar zaio. Nola egin hori? Nola hartu erabakiak, nola planeatu idazketa?
Tramaren garrantziaz galdetu dio Ayerbek Arrulari, iruditzen zaiolako berea ez dela “ipuina gertakari zehatz batekin amaitzea” bilatzen duen estiloa, “klimaxari ihes egiten ez dion arren”. Eztanda handirik ez badago ere, bere kontakizunetan desplazamenduak, krak-ak, beti daudela uste du Arrulak, pertsonaiek ez dutela inoiz bukatzen hasi diren leku berean.
Kontakizun teknikei dagokienean, ipuinean zentrala zer den erabakitzen du Astizek (tonua, fidagarritasuna, edo beste zerbait), eta hori landu gero. “Sentsazioek badute erantzun tekniko bat”, azaldu du, “eta agerikoa dirudien arren, ipuingintza oso kontu teknikoa da”.
Irudi batek egin dezakeena
Federico Fellini zine zuzendariak film bat egiterako prozesuan zalantzak zituenean, ez zekienean asmatzen ari ote zen, edo blokatuta zegoenean aurrera nola egin asmatu ezinda, dekorazioari eskaintzen omen zion arreta osoa, eszenatokia eraikitzeari. Fedea zuen, antza, fruta-denda oso errealista eraikitzen bazuen, saltzaile oso errealista bat agertuko zitzaiola fruta-dendari, eta hari familia bat, eta familiari istorio bat.
Iñigo Astiz: "Bizi naiz pentsatzen txiste bat duen ipuin batean irakurleak barre egiten badu ez duela harrapatu parte serioa, eta irri egiten ez badu, ez duela ipuina ulertu"
Horrela eraikitzen ditu pertsonaiak Astizek ere: keinu batetik abiatua, irudi batetik, oinez egiteko modu batetik demagun, eta horri segika idatzi. “Txotxongiloak” dira berarentzako, forma definituegirik gabeak. Astizen teknika nabarmendu du, hala ere, Arrulak: “Zure ipuinetan zerbait ikusten dugu, baina ez dakigu zer den, eta tentsioari eusten diozu”.
Ipuinak, bere formagatik, detaileetan jartzen al du arreta? Begiratzeko modu bat da? Baiezkoan dago Arrula: “Nik ez dut oroimen onik eta ez naiz bereziki irudimen handikoa, baina behatzailea naiz, eta uste dut nabaritzen dela xehetasunetan”. Hori bakarrik ez, trinkotasuna ere bilatzen da ipuinetan: eleberrian lastoa sartu daiteke, ipuinean, aldiz, ez da onartzen hori.
Poesian ere, uste du Astizek, detaile bat ongi harrapatuz gero, “detaileaz harago doanaz hitz egiten duen detailea”, nahikoa izan daiteke testua eraikitzeko. Hala ere, ez da berdin-berdina poeman eta ipuinean: bigarrenak gehiago uzten du xehetasunetik aldentzen, leku gehiagotatik begiratzen, zabaltzen.
Umorearen funtzioaz
Umore beltzera jotzen du maiz Astizek kontakizunetan, edo umorearen eta serioaren arteko mugaren ertzean aritzen da. “Bizi naiz pentsatzen txiste bat duen ipuin batean irakurleak barre egiten badu ez duela harrapatu parte serioa, eta irri egiten ez badu, ez duela ipuina ulertu”, azaldu du paradoxikoki. Umorea ez da kontzienteki erabiltzen duen errekurtsoa, dio, “mundua ulertzeko tresna erabilgarria” baizik. Problematikoak diren errealitateetara beste leku batetik hurbiltzeko balio dio, eta, batez ere, “soluzionatu beharrik gabe”, “zikina” den errealitatea den bezalakoa erakusteko, zintzoki. Arazoak ere ekar ditzake: ez da desiragarria, adibidez, dena banalitatearen mailara jaistea. Dena ez baita banala, “gauza batzuk sakonak dira, edo mingarriak”, argitu du.
Arrularen liburuetan tonua serioagoa dela dirudi lehen begi kolpean, baina badago umore sotilago bat, ironia kasu batzuetan. Izaera kontua dela uste du, hein batean. Lurraz beste idazten barre gehiago egin zuen lehen liburuan baino, eta irakurlea algaraka jarriko ez badu ere, barre erdia, barre gaiztoa ateratzen dio. Hori lortzeak irakurlearekin kodeak partekatzen dituela esan nahi du Arrularentzako.
Sexu-genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osaturiko literatur banda da Pomada. Lehenbiziko oholtza gaineko emanaldia sortu dute, Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa deiturikoa, poesia eta musika nahasten dituena. Irlak berba dute abiapuntu. Emanaldietako baten... [+]
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]