Legalitatea eta justiziaren arteko talka
Helena Francoren iritziz, XXI. mendeko sistema kapitalista ez da justua, eta beraz, bere euskarri den legalitatea ere ez. Testuinguru horretan, “eraikuntza sozialaren alde gaudenok tresnak erabili behar ditugu; horien artean daude instituzioa, herri mugimendua eta borroka ideologikoa”.
Francoren iritziz, instituzioei jarritako baldintzek mugatuko dute beren jarduna. Zentzu horretan, erakundeek desobedientziarako potentzialitatea izango badute, beharrezkoa da atzean herri mugimendu sendoa izatea, “legalitateak kenduko dizkien aukerak, herriaren legitimitateak emateko”.
Anna Gabrielen arabera, hiru ardatz izan behar dituzte ezkerreko alderdiek instituzioetan: “instituzioek desobedientziarekin harremanak egitea", batetik; "errealitate alternatibo desobedientea sortzea" bestetik; eta azkenik, "desobedientziaren errelatoak –zer den, zer ondorio eragiten dituen– guk geuk sortzea".
Kataluniako egoera ekarri du mahaira: “Prozesu eratzailea hasi nahi dugu Katalunian, hau da, gaur egun Espainiako Estatuan indarrean dauden legeak indargabetu nahi ditugu, eta lege berriak egin. Espainiako Gobernuak ez badu hori ahalbidetzen, desobedientzia bidez egin beharko dugu” .
Gabrielen aburuz, “gaur inoiz baino baldintza hobeak” dauzkate horretarako Katalunian. Zentzu horretan, muga ez da izango legea, baizik eta herriak emandako legitimitatea”.
Helena Franco: "Desobedientzia instituzionalerako beharrezkoa da herri mugimendu sendoa izatea, legalitateak kenduko dizkien aukerak, herriaren legitimitateak emateko"
Beaumonten ustez, legalitateak eta justiziak etengabe egiten dute talka. Testuinguru horretan, Gobernuek "segurtasun juridikoarekin" hartu behar dituzte erabakiak. Era berean, herritarrek ezagutu behar dituzte legeak ez betetzeak ekar diezazkiekeen ondorio negatibo eta positiboak, "arbitrariotasun egoera" sor ez dadin.
Instituzioetan egin daitezkeen urrats txikiak
Desobedientzia, bere horretan, oso hitz potoloa da; abstraktua ere iruditu liezaioke baten bati, praktikan jartzeko zaila. Dena den, Francoren eta Beaumonten ustez, egunerokoan hartutako erabaki "txikiak" ere garrantzitsuak dira.
Legalitatetik abiatuta, posible da aberastasunaren bidezko banaketa? Horixe dinamizatzailearen galdera. Ogasun diputatu ohiaren erantzuna argia izan da: ez. Nolanahi ere, argi utzi du: "Gauza txiki batzuk egin daitezke; txikiak izanagatik ere, garrantzitsuak dira, sistemaren euskarriak alda ditzaketelako". Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian ezarritako Aberastasunaren Gaineko Zerga jarri du horren adibidetzat.
Beaumontek ere ildo beretik jarraitu du, Nafarroako Gobernuaren jarduna oinarri: "Injustuak diren legeak aldatu egin behar ditugu. Badakigu ez digutela utziko nahi ditugun guztiak aldatzen, baina saiatu egin behar dugu". Gogorarazi du, bide batez, Espainiako Estatuko Auzitegi Konstituzionalak helegitea jarri diela Nafarroako 12 legeri.
Sistemaren barneko elementuak aldatu behar direla nabarmendu du, "gauzak egiteko eta antolatzeko moduak, ondoren etorriko direnek horiek aldatzea hain erraza izan ez dezaten".
Herri mugimenduen eta instituzioen arteko harremanak
Gipuzkoako Ogasun diputatu ohiak adierazi du herri mugimenduen eta instituzioen arteko “konplizitatea” behar dela, “ez aliantza puntuala”. Francoren aburuz, ezkerreko jendeak instituzioetan egin dezakeen lanarekiko “mesfidantza” handia dago, eta pentsamendu hori aldatu beharra dago: “Eraikuntzaren aldeko indarrek dauzkagun tresnak elkarren osagarri bihurtu ezean, aldeetako inork ez dugu ezer lortuko”.
Beaumont ere iritzi berekoa da: “Mugimendu sozialen eta gobernatzaileen eztabaidak, foroak eta konplizitateak garatu behar dira, bi aldeen arteko eztabaida, kontrola eta komunikazioa etengabekoa izan dadin”. Horrek ez du kentzen, ordea, aliantza puntualak egitea momentu zehatz batean, “emaitza hobea izan dadin”.
Mari Jose Beaumont: "Aldatu egin behar ditugu gauzak egiteko eta antolatzeko moduak, ondoren etorriko direnek horiek aldatzea hain erraza izan ez dezaten".
Zentzu horretan, Francok adierazi du eraikuntza sozialaren aldeko indarrekin inplikatu behar dutela ezkerreko gobernuek, Mozal Legea bezalako legeei aurre egiteko, esaterako: “Erakundeek baliabide ugari (legalak, giza baliabideak, ekonomikoak…) dituzte eta horiek erabil ditzakete. Orain arte gutxi erabili da aukera hori eta garatu egin behar da”.
Indar korrelazioa sortzeko, bakoitzak dituen mugak eta aukerak kontuan hartu eta norabide berean lan egitea da bidea, Francoren iritziz. “Instituzioen muga da tresna hori erabilgarri mantentzea. Desobedientzia modu batera edo bestera planteatzeak tresna hori baliogabetu dezake. "Inhabilitazioak maila pertsonalean ez dit beldurrik ematen; beldurra ematen dit gobernu osoa inhabilitatzeak“.
Gabrielek instituzioetako lana babestu du, baina beti "alerta" egoeran: "Kontzienteki jokatu behar dugu: Espainiako Estatuko instituzioak Trantsizio garaian eraiki ziren zeregin zehatz batzuetarako, ez ditugu guk eraiki eta instituzioak ez dira edukiontzi neutroa".
Munizipalismoaren garrantzia
Katalunian triangelu itxurako harremana garatzen ari direla azaldu du CUPeko diputatuak. Triangelu hori osatzen dute munizipalismo eraldatzaileak, parlamentu instituzionalak eta mugimendu sozialek.
Triangelu horren erdian jarri behar da munizipalismoa: “Errealitate eraldatzailea da. Konfiantzazko eta leialtasun osoko harremanak sortzen ditu. Horrek ezabatu dezake instituzioen eta kalearen arteko dikotomia hori”.
Adibide zehatzekin azaldu ditu harreman horiek, Can Vies okupatutako etxearekin gertatutako liskarrekin, kasu: “Erasoari aurre egiteko kalea antolatu zen. Momentu horretan, CUPen zeregina izan zen soilik kalean gertatutako istiluak ez kondenatzea, baina garrantzitsua da hori”.
Desobedientzia instituzionalaren papera Kataluniako prozesuan
Kataluniako Parlamentuak –CUP eta Junts Pel Síren botoekin– deskonexio adierazpena onartu zuen azaroaren 9an. Adierazpen horren arabera, irailaren 27ko hauteskundeen emaitzek legitimitatea ematen diote Kataluniako Parlamentuari Espainiako Gobernuarekiko deskonexio prozesua hasteko, Kataluniako legalitatea obeditzeko eta Espainiako Konstituzioko hamar lege desobeditzeko, Kataluniarren eskubide sozialak bermatzen ez zituelako.
Anna Gabriel: "Instituzioak ez dira edukiontzi neutroa"
Gobernua osatuta, ordea, deklarazio hori ez da aurrerapauso handirik egiten ari eta Espainiako Gobernua adierazpenarekin bat eginez mozioak onartu dituzten hautetsiak jazartzen hasi da. Horregatik, beldurraren aurkako Desobedientzia independentziarantz kanpaina jarri du abian CUPek: “Eguna iristen denean desobeditzeko prest inor ez egoteak kezkatzen gaitu”.
Kanpaina horren helburua da desobedientziaren gaia mahai gainean jartzea eta hautetsi horiek uko egitea jaso dituzten errekerimenduei: “Espainiako Auzitegiei aurre egiteko aukera egokia dela uste dugu eta ez dugu uste disidentzia hori itotzeko gaitasunik duenik; izan ere, ezkerreko eta ezker muturreko hautetsiak ez ezik, independentismo osoa inhabilitatuko lukete”.
Etorkizuna eta desobedientzia
Etorkizunera begira, herritarrak batu behar dira desobedientziaren bidera, Franco eta Gabrielen iritziz. "Herri mailako legitimazioa eta indar metaketa lortu behar dira desobedientzia instituzionalari bide emateko", azaldu du diputatu ohiak.
Instituzioetan urratsak eman behar direla dio Francok, ildo hori sendotzeko eta jendartean bide horren zilegitasuna zabaltzeko.
Ildo beretik, Gabrielek azpimarratu du desobedientziaren bidetik egin beharko dutela Espainiarekiko deskonexio prozesua Katalunian. Horretarako, jendea gerturatu behar da prozesu eratzailera, eta Espainiari aurre egiteko forma desobedienteak sortu eta aukera moduan sozializatu behar dira jendartean, CUPeko diputatuaren esanetan.
Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]
Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.
Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin, euskaraz erantzundako zientzietako azterketen zuzenketa antolatu dute asteartean Baionako Arteen Hirian, eskatzen diren baldintzak errespetatuz.
"Duela gutxi arte osoki euskaraz egiten zuten gure ikasleek brebeta eta orain zientzietako froga euskaraz egitea debekaturik dugu".
2019an BBVAren Akziodunen Batzarra gauzatzen ari zen bitartean egindako protesta baten harira, sei pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak, eta mozal legea aplikatuz horiei isuna jartzea proposatu zuen. Sei kideetako bat absolbitu du berriki Gasteizko epaile batek, ekintzari... [+]
20 ekintzaile inguru 25 hektareako jabetza pribatu batean sartu dira, eukaliptoak moztuz eta hesiak apurtuz. Eukaliptorik ez, haritza bai! mendi martxa bertatik igaro da, eta herritarrek dozenaka haritz landatu dituzte eukaliptotik askatutako eremuan. Ekintzaileek ekintza... [+]
Baxoko filosofiako azterketa euskaraz erantzun du Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle andanak, ikasketak hizkuntza horretan egiteko eskubidea aldarrikatu asmoz, aurrez jakinik ez direla zuzenduak izango.
Ez dira gutxi konpainia handietako goi mailako ingeniari eta teknikariak beren lanpostuari uko egiten diotenak. Horiez entzun ohi da erabakia hartu dutela ‘erreta’ zeudelako, lanbideaz nazkatuta edo garapen pertsonal bila. Baina badira desertatu eta bizimoduz... [+]
Ez dira gutxi konpainia handietako goi mailako ingeniari eta teknikariak beren lanpostuari uko egiten diotenak. Horiez entzun ohi da erabakia hartu dutela ‘erreta’ zeudelako, lanbideaz nazkatuta edo garapen pertsonal bila. Baina badira desertatu eta bizimoduz... [+]
Larunbatean hasitako kanpaldia jasotzen ari den babes handiagatik hartu dute erabakia. Astelehen goizean makinak agertu dira baina ezin izan dute lanik egin. Eguerdian Guardia Zibila azaldu da, baina protestan zeudenak grabatu ostean alde egin dute poliziek.
Su geldoan egosten hiru urte eman ostean, liburu bat ari da isilpean eta eskuz esku mugitzen Euskal Herrian: Mundua eraldatuz gozatzeko errezeta liburua. Askotariko ekintza zuzen zaporetsuak egiteko beharrezko osagai guztiak aurkituko ditu irakurleak bertan: errezeta bakoitza... [+]