Inozentzia kenduko dizuet


2022ko maiatzaren 25an - 07:44
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bolo-bolo dabil azken aldian sareetan José Antonio Zorrilla espainiar kontsul eta diplomatiko ohiak Ukrainako gerraren inguruan emandako hitzaldi bat (San Telmon, Giza eskubideen inguruko hitzaldi ziklo baten barruan). Zera esatera dator, gutxi gorabehera: giza eskubideak eta nazioarteko harremanak ez doaz bide beretik, alegia, azken horietan ez dago etikarako lekurik.

Edo bestela esanda, estatu guztiek interes geoestrategiko, ekonomiko, nazional eta, oro har, krematistikoen arabera jokatzen dute nazioarteko politikan, gerrak egin eta desegin, harreman ekonomiko eta politikoak egin eta desegiterako orduan. “Inozentzia kenduko dizuet”, zioen Diario 16 egunkariko titularrak. Sareek eztanda egin dute eta, egiari zor, ez dakit zergatik harritzen naizen. Baina aitortu behar dut, oraindik sorpresaz harrapatzen naute ezkerreko sektore batzuetan halakoek duten oihartzuna. Eta oihartzun hori ez da, noski, kasualitatea izaten, oso sintomatikoa baizik. Mezua partekatzen dutenek, funtsean, mezu bat helarazi nahi baitiote, ziur aski, epeltzat jotzen duten ezkerreko beste hainbat sektoreri: “Mesedez, bakezale eta negoziatzaile-zale oro, ulertu ezazue behingoz, mundua gerra bidez antolatu, desegin eta berrantolatzen da”. Hara. Milesker beloa kentzeagatik, bihotzez.

Izan ere, ez genekien, Zorrilla bezalako kontsul ohiek, gora edo nazioartera begira, eta batik bat subjektuak estatuak direnean, gerra kodea aitortzen dietela nazioarteko auziei (hitzaldian dioen bezala, “gerrak justifikatu gabe, eh”,– gerrak egitearekin, nahikoa–). Ostera, behera eta barrura begiratzen dutenean, estatu barneko gatazka nazional eta sozialetara, espainiar estatuko apezpiku frankistak baino katolizismo manikeoago eta giza eskubideen kode zorrotzagoa erabiltzen dute. Laburtuz eta sinple esateko: espainiar estatuarentzako, historiaren subjektu eta eroale, gerra kodea; guretzat, estatuen eta botere handien objektu diren herri, herritar edo mugimendu sozial oro, giza eskubideen aplikazio zorrotza eta biolentziaren errefusa. Baina txalotu egiten dugu Zorrillaren “errealismoa”, ustez gure inozentzia estalgabetzeagatik. Tout va bien.  

"Gerra batzuetarako printzipio politikoak jartzen ditugu aurretik (eta errealismo politikoa azalpenerako soilik erabili); beste batzuetarako, errealismo politikoa lehenik (eta printzipio politikoak albo batera utzi)"

Zergatik ditugu gustuko halako mezuak? Gerra batzuetarako printzipio politikoak jartzen ditugu aurretik (eta errealismo politikoa azalpenerako soilik erabili); beste batzuetarako, errealismo politikoa lehenik (eta printzipio politikoak albo batera utzi). Interesatzen zaigunerako, bata zein bestea. Eta markoa geoestrategikoa bada, ezkerretik irentsi egiten da, berdin NATOren edo Errusiaren alde jartzeko: “Errusiaren inbasioa defentsiboa da, NATOk mugak bere lurraldera eraman dituelako, bere lurralde integritate arriskuan ikusi duelako”. Halakoak asko entzun ditut lagunekin solasean. Gurera ekarrita, gordin: zergatik ekarri dizkio Espainiako Estatuak hainbat gerra, tortura, GAL eta zapalkuntza mota desberdin herri honi? Aurrekoaren arrazoi berberagatik: bere burua defendatzeko, bere lurralde integritatea arriskuan ikusten duelako gure herriaren biziraupenarekin. Zergatik jartzen dizkiote eta jarriko dizkiote espainiar zein frantziar estatuek euskararen garapenari trabak beti? Euskararen zabalpen handiagoa, berdin euskal naziotasun zabalpen handiagoa, berdin Euskal Herri indartsuagoa, berdin bi estatuaren lurralde integritatea arriskuan. Errealismo politikoa da, tentela! Maquiaveloren zita bat ere sartu dezaket jarraian gerraren ezinbestekotasunaz, gustuko baduzue.

Noski! Politikan, berdin nazioartean edo estatu barneko gatazketan, giza eskubideak behekoentzako sarraila dira, goikoen komunikabide eta estatu aparailuek ondo babestu eta goraipatuak, statu quo-a aldatzeko saiakera oro arin desegin dadin, nola eta legez eta giza eskubideei segika. Baina de facto, egon, beti daude dialektikan errealismo politikoa eta printzipio politikoak. Irizpide bakarra lehena bada, basakeria ankerrena justifikatu daiteke, edo lotsakeria handiena egin ere. Gaur Guaidó da Venezuelako presidente, bihar Maduro, petrolio gabezia dago eta. Baina irizpide bakarra bigarrena bada, ezin da politika egin, meza santua baizik. Auzia sinplea da: dialektika horretan, stablishment-ak manikeismora joka dezake eta jotzen du (lehenera jokatuz eta bigarrena sarraila gisa ezarriz –la violencia venga de donde venga...–); ezkerrak ez, ordea. Ezkerraren "tragedia" da hori.

Errealismo politikoaren apelazio hutsa (Zorrillaren hitzaldira bueltatuz), hortaz, bando baten aldeko jarrera zuritzeko marko politikoa bilakatzen da. Ez badator inongo ezkerreko irakurketa eraldatzaile batekin atzetik, fribolitaterako osagai guztiak ditu berekin, errealismoak ezkerreko posizio oro irensteko arriskua. Civilization bideo-jokora jolasteko arriskua da, herriak eta herritarrak peoi hutsak bailiran. Galdera eta auzia, hortaz, bestelakoa da; ze irakurketa egin behar du ezker eraldatzaileak gerra interkapitalistez? Galdera horretatik tiraka pentsatu behar da erantzuna; kritikoki, ale guztiak mahai gainean jarriz, ñabardura guztiak azalduz, hedabide handien deabrutze ororen kontra, shock doktrina saiakera oro kritikatuz, eta gerraren historiaren konplexutasuna ezkutatu gabe, naif-ak izan gabe, baina bakearen potentzial politikoa mahai gainean jarrita. Izan ere, bakea eraikitzea gerra egitea baino zailagoa da, Kolonbiako presidente ohiak zioen bezala, aurreiritziak moldatzea exijitzen duelako.

"Ukrainako gerrak, zoritxarrez, eztabaida publikoaren deuseztapena, deabrutzea eta fribolitatea utzi digu ondare. Bakearen aldeko jarreraren gutxiespena eta burla, ezkerraren parte batek erabat eta osorik erosi duena"

Ukrainako gerrak, zoritxarrez, eztabaida publikoaren deuseztapena, deabrutzea eta fribolitatea utzi digu ondare. Bakearen aldeko jarreraren gutxiespena eta burla, ezkerraren parte batek erabat eta osorik erosi duena, geopolitikaren izenean. Eta gerra horrek gure balioen, sinesmenen eta sistema politikoaren gabeziak eta miseriak utzi dizkigu agerian, berriz ere. Baita gure sistema globalizatu eta ez-berdin honen injustizia eta prekarietate bortitza ere.

Ezkerretik eta burujabetzaren beharretik, mundu justuago baten bidean pentsatzea da ezkerrari dagokiona, inoiz baino zailagoa den gaur ero honetan, eskema sinplista eta zaharkituak zein fribolitateak alboratuz; geoestrategikoki zein nazio eskalan, giza eskubideak aldarrikatuz baina manikeismo edo zurikeria gabe, eta beti, uneoro, herritarrak eta herriak (kasu honetan, herri Ukrainarra) erdigunean jarriz, inperio "joko" eta inperio asmo guztien kontra.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-07-17 | Gorka Menendez
Zenbateraino izan behar dira txikiak nekazari txikiak?

Gaur egungo ezker mugimenduaren zati handi batek, intuitiboki bada ere, eskala txikiko nekazaritza aldarrikatzen du zalantza askorik izan gabe. Hala ere, txikitasunaren aldarrikapen horrek baditu bere kontraesanak: tamaina txikiko ustiategi batek, definizioz, ezingo du elikagai... [+]


Euskaldunak

Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak lehenengo elkarrizketa Euskadi Irratiari eman zion. Solasaldian asmoez jardun zuen, kontu orokorrak adierazi zituen, ezinbestean, gobernua martxan jarri berri zegoelako. Adeitsua izan zen tonua kazetari eta eledunaren... [+]


2024-07-17 | Iñaki Barcena
Ekofaxismoa al datorkigu?

Kapitalismoak sortutako krisi ekosoziala ondoez globala ari da eragiten planeta osoan. Baliabide material eta energetikoen "gailurrek", hazkunderako eta metaketarako mugak ezarriz, natura eta gizartearen arteko desorekak ekartzen dituzte. Estraktibismoaren gurpil... [+]


Defendatu behar duguna

Ikasle batek erran zidan, behin, testu bat aztertzen ari ginela: “Pertsonaia eri da: geldi-geldia pentsaketa ari da bere buruan”. Bistan dena, erranaldi horrekin, gaizki adierazi zuen gogoan zuen iruzkina, erran nahi baitzuen pertsonaiaren ezontsa nabari zela haren... [+]


2024-07-17 | David Bou
Agur esaten ikastea

Zerbaiti edo norbaiti agur esatea abandonuarekin, amaierarekin eta, azken batean, dolu-prozesuarekin lotutako ekintza izan ohi da. Seguru noizbait esango zenutela –edo norbaiti entzungo zeniotela– “ez zaizkit agurrak gustatzen” esaldi tipiko eta topikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude