“Iñigo Cabacasen heriotzagatik zigorrik ez badago inpunitatea aterako da garaile”

  • Amaia Liceranzu eta Oier Amorrortu Iñigo Cabacasen izekoa eta lehengusua dira. Urriaren 15ean hasiko den epaiketa gertutik biziko dute eta orain arte gertatutakoari buruz mintzatu dira. Halaber, urriaren 14an egingo duten gaubelan parte hartzeko deialdia zabaldu dute.

Amaia Liceranzu eta Oier Amorrortu, gaubelaren argazkiarekin. (Aiaraldea.eus)

2018ko urriaren 12an - 13:06
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Urriaren 15ean hasiko da Iñigo Cabacasen hilketaren epaiketa. Zuek zer espero duzue?

Amaia: Ezer gutxi, baina Iñigoren gurasoei beti esaten diet komenigarria dela ezer ez itxarotea eta, zigorren bat ezarriz gero, zerbait lortu dugunaren sentsazioa izatea. Edonola ere, nire iritzia da ez dela zigorrik egongo.

6 urte igaro dira Iñigo hil zutenetik. Epaiketa egingo zela uste zenuten?

Amaia: Bai, abokatuengan konfiantza osoa izan dudalako.

Oier: Hori bai, beste kontu bat da epaile instruktoreak izan duen jarrera, ez baititu poliziaren beste agintari batzuk ikertu nahi. Gainera, fiskala askotan ez zen agertzen galdeketetan eta beste batzuetan defentsako abokatuaren lana egiten zuen.

Eusko Jaurlaritzak ere ez du erraztasunik jarri. Eskatu genion horrelako egoeretan erabiltzen duten protokoloa eta ukatu ziguten. Epaileak eskatu behar izan zuen bigarren aldiz. Aurrekari horiekin guztiekin, ez genuen argi epaiketa egongo zen edo ez. Fiskalak, epaileak eta Jaurlaritzak ez dute inolako interesik erakutsi, hortaz, ezustea izan da.  Are gehiago aintzat hartzen badugu epaileak argi utzi duela Ertzaintzaren portaera guztiz neurrigabea izan zela. Hori oinarri oso sendoa da, nahiz eta agian akusazioa ez den inora helduko, eskarmentua baitugu Euskal Herrian eta badakigu zenbait pertsonari ez zaiela justizia egiten.

Amaia: Argi dago hemen ez dela justiziarik egiten, “Ugarteko” -indarkeria erabiltzeko agindua eman zuen arduraduna- ez baitute epaituko, ezta goian daudenak ere.

“Iñigoren epaiketak balio behar du inpunitatea egon ez dadin eta bere kasua ez errepikatzeko”

Nor epaituko dute eta, garrantzitsua dena ere, nor ez da justiziaren aurrean egongo?

Amaia: Esan bezala, “Ugarteko” ez dute epaituko. Indautxun zeuden ertzainek esan zuten ez zela ezer gertatzen. Beraz, berak ez balu agindu: “entren con todo”, ez litzatekeen ezer gertatuko.

Oier: Gau horretan tiro egin zuten 3 ertzain epaituko dituzte. Horiek aitortu zuten epailearen aurrean. Hala ere, hedabideetan egindako beste elkarrizketa batean adierazi zuten euren kide batzuek ere tiro egin zutela, baina epaileak ez du ikertu nahi izan.

Horrez gain, furgonetetako hiru buruzagiak daude. Horien artean dago “Ugarteko”ri esan ziona ez zegoela arazorik. Guk nahi genuen “Ugarteko” epaitzea, behintzat argitu dezan zergatik eman zuen agindua indarra erabiltzeko. Gure ustez, kalez jantzitako beste ertzain bat zegoen, eta berak jakinarazi zion “Ugarteko”ri indarra baliatu behar zela. Eta hala ez bada, gutxienez, “Ugarteko”k argitu beharko luke zergatik hartu zuen erabaki hori.

Zalantzan jartzen baduzue justizia egingo dela. Zertarako balio dezake epaiketak, zentzu horretan?

Oier: Gure borroka ez da hainbeste zigorra lortzeko, kartzelara ez baitira joango. Gure helburua da erakustea Herriko Taberna hor zegoelako sartu zirela bortizkeria neurririk gabe erabilita.

Amaia: Gurasoek uste dute epaiketaren ostean dolua igaroko dutela. 6 urteren ondoren oraindik ez dute dolua egin, etengabeko borroka batean baitaude sartuta.

“Athleticen babesa ez da nahikoa izan”

Epaiketarekin bukatuko da 6 urteko ibilbidea edo gero helegiteak eta abar etorriko dira? Dolua posible izango da?

Oier: Hori da gure zalantza. Etxean uste dugu epaiketaren ostean, behintzat, etapa bat itxiko dugula. Hori bai, denak absolbitzen badituzte, ez dakigu helegitea jarriko dugun. Hau oso gogorra da familiarentzat.  Ez dakigu dena amaituko den, baina Manu eta Finarentzat -gurasoak- hau guztia sekulako ahalegina da. Ez bakarrik epaiketa, baita elkarrizketak, omenaldiak, lagunekin egotea, gogoratzea...

Amaia: Manuk eta Finak uste dute betebeharra dutela eta leku guztietara joan behar direla. Iñigo aipatzen den edozein ekitaldira joaten dira, bereziki nire ahizpa, Fina. Batzuetan, arrastaka bada ere. Beti esaten dute: “Iñigorengatik egin behar dugu.”  Horrelakoetan oso urduri jartzen dira. Epaiak ez badu inor zigortzen, kolpea oso handia izango da. Manuk ez du itxaropen handirik, baina Finak bai; Finak uste du justizia egingo dela.

Urte hauetan guztietan erakundeekin harremanak gorabeheratsuak izan dira, ezta?

Amaia: Erakundeek ez dute ezer egin, eta egin duten apurra izan da Fina eta Manu atzean egon direlako. Finari heltzen bazitzaion ekitaldi publikoa egongo zela, hara joaten zen Lehendakariari kasua gogorarazteko. Urkulluk beti garbitu ditu eskuak esanda ikerketa zegoela abian.

Oier: Esaterako, Urkulluk izendatu du Ertzaintzaren buruzagi Iñigoren heriotza eragin zuen operatiboaren asmatzailea. Horrez gain, oztopoak jarri dituzte, protokoloak ukatuta. Keinu horietan igarri da ez zutela interes berezirik. Jonan Fernandezek ere esan zien Iñigoren gurasoei beste batzuek ez zekitela nork hil dituen bere familia, jakinda Iñigoren hiltzailea Ertzaintzaren barruan dagoela, eta hori bere eskumena dela.

Amaia: Hemen gauzak nahastu dituzte. Adibidez, Iñigo hil eta gero, denbora gutxi igaro ostean, topo egin nuen Txema Urkijorekin Laudion  (Eusko  Jaurlaritzako Terrorismoaren  Biktimei  Laguntzeko Bulegoko aholkularia zenean) eta galdetu nion ea jakingo genuen zer gertatu zen. Ba berak erantzun zidan Erandion ere ume bat erail zutela eta oraindik familiak ez dakiela nor izan den hiltzailea. Baina horrek zerikusirik du Iñigoren kasuarekin?

Iñigo Cabacasen familia izan da presentzia ezerosoa erakundeentzat?

Amaia: Batzuetan bai. Aintzane Ezenarrorekin, adibidez, izan zuten talka.

Oier: Eta Ertzaintzarentzat ere. Batzuetan gogoratu zaio poliziari zer gertatu zen Iñigorekin eta oso oldarkor agertu da, bai Athleticeko zaleekin, zein bestelako egoeretan. Ertzaintzarentzat inflexio-puntua izan da Iñigoren hilketa, eta maiz euren aldarrikapenetan hitz egiten dute “Cabacas sindromea”ri buruz.

 

“Epaiak ez badu inor zigortzen, kolpea oso handia izango da gurasoentzat”

Iñigoren kasua errepikatu ez dadin neurri gutxi hartu dira. Berez, Brigada Mugikorrak oraindik ere jaurti ditzake pilotak. Uste duzue epaiketaren ostean, tentsioa galtzen denean, posible dela horrelakorik gertatzea berriro?

Oier: Bai, guk borrokatzen dugu horrelako jarrerak desagertu daitezen. Ertzaintza gainerako poliziak bezalakoa da: gobernuaren tresna. Jendea erreprimitzeko balio dute zenbait egoeratan. Guk aldarrikatzen dugu Iñigoren kasua ez errepikatzeko bermeak sortzea eta inpunitaterik ez egotea. Oinarrizko eskubideak ezin dira ukatu, are gutxiago gobernuaren babesarekin.

Amaia: Epaiketak balio dezake inpunitatearen aurkako mezua bidaltzeko zigorrak badaude, baina kontrakoa ere gerta liteke. Mezua izan daiteke Ertzaintza babestua dagoela, nahiz eta norbait hil, beste kasu batzuetan gertatu den moduan.

Oier: Ertzainen aldarrikapenen barruan, badago, dago Eusko Jaurlaritzak nolabait babestu behar dituela, kasu honetan ere. Inpunitatea eskatzen dute.

Erakundeei buruz mintzatu gara, baina zein izan da Athletic Clubaren jarrera?

Amaia: Gurasoentzat klubaren babesa ez da nahikoa izan.

Oier: Athleticek argudiatzen du ez zela San Mamesen gertatu, partidaren ostean izan zela, bazkide ez zela (nahiz eta partida guztietara joaten zen), ezer ez egiteko.

Amaia: Nire aurrean Manuk sekulako eztabaida izan zuen Josu Urrutia presidentearekin, baina, egia esanda, ez dakit zer espero zuten Athletic Clubaren aldetik.

Oier: Oso haserre daude animazio harmailari debekatu diotelako edozein pankarta jartzea, Iñigoren aldekoak barne.

 

“Etxean uste dugu epaiketaren ostean etapa bat itxiko dugula. Hori bai, denak absolbitzen badituzte, ez dakigu helegitea jarriko dugun”

Ordea, jendeak asko babestu du familia.

Amaia: Bai, zaleek, adibidez, proposatu dute Iñigo Cabacas Herri Harmaila izendatzea animazio harmaila, eta horrela deitzen diote, nahiz eta ofiziala ez den, plaka jartzea ez duelako utzi Athleticek.

Oier: Guk nabarmentzen dugu jende orok dakiela zer gertatu zen han, eta pertsona asko zeuden, Laudioko pilo, adibidez. Manu eta Finari jende ugari hurbiltzen zaio babesa adieraztera eta gizarteak aitortzen du zer gertatu zen, baina epaia falta da oraindik,, ziurtatzeko hori basakeria izan zela.

Amaia: Iñigo ez zegoen aparteko ezer egiten, garagardoak hartzen, besterik gabe. Ertzaintzak baliatu zuen borroka baten aitzakia indarkeria erabiltzeko eta Herrikoan sartzeko, baina borrokan zauritu zenak berak deitu zuen esateko beste kale batean zegoela.

Oier: Balizko zauritu bat ateratzeko, zauritu pilo eragin zituzten. Horrek ez dauka justifikaziorik.

Zuhatzan Iñigoren aldeko monolitoa eraiki duzue.

Amaia: Bai, Manuk eta Finak lursaila dute bertan eta han egin egin genuen. Bereziki, lagunek. Iñigo erail eta gero izan zen. Apirilean hil zuten eta irailean bazegoen eraikita. Sekulako lana izan zen.

Oier: Omenaldi anitz egin dira, plakak jarri... Orain epaiketarekin manifestua osatu da eta hainbat pertsonak sinatu dute familia babesteko eta aldarrikatzeko horrelakorik ezin dela errepikatu.

Amaia: Basaurin ere plaza bati jarri diote Iñigo Cabacas izena, bertako auzokideek proposatuta.  Azken 6 urteetan ekintza andana antolatu dira Iñigoren hilketa salatzeko. Partidak, manifestazioak, omenaldiak urtero Kirruli plazan, dokumentala, abestiak... Aldekoa hautatu zutenean Ertzaintzako burua izateko sinadurak jaso ziren.

Eta epaiketara begira zerbait gehiago prestatu duzue?

Oier: Bai, igandean -urriak 14-  gaubela egingo dugu 19:00etatik aurrera 08:00ak arte. 23:00ak arte kultura ekintzak antolatutako ditugu (Aiora Renteriak abestuko du, adibidez) eta epaiketaren egunean 08:00etatik 10:00ak arte elkarretaratzea deitu dugu. Nahi duen orok parte har dezake, azpiegitura guk jarriko dugu. Epaiketaren ostean ikusiko dugu mobilizazio gehiago egingo ditugun, 3 aste iraungo baitu prozedurak.

Elkarrizketa hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


2021-01-18 | ARGIA
Epaitegi Gorenak ez ditu onartu Iñigo Cabacasen senideen eta zigortutako ertzainaren errekurtsoak

Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren epaia berresten du bere erabakiarekin Espainiako Epaitegi Gorenak. Ertzain bakarra izan zen zigortua Iñigo Cabacasen heriotzagatik.


Beltran de Heredia: “Ertzaintzak akatsetatik ikasi eta hobera egin du”

Ertzaintzak “eraldaketa sakona” aurrera eraman ondoren, “hobera” egin duela dio Segurtasun sailburuak. Cabacasen familiak “gezurretan” aritzea leporatu dio.


2018-12-17 | Iñigo Igartua
Cabacas auziko epaiaren “injustizia” salatu dute Bilbon

Cabacas kasuko auziperatuen “inpunitatea hautsi” eta berriz horrelako gertakaririk ez izatea bermatu behar dela azpimarratu dute manifestariek. Justizia egiteko borrokan jarraituko dutela ere adierazi dute.


2018-12-13 | Iñigo Igartua
Paintballeko eskopetak erabiliz Ertzaintzaren komisaldegi bat pintatu du Ernaik Gasteizen

Paintballeko eskopetekin koloredun pilotak tirokatuz Olagibel kaleko Ertzaintzaren komisaldegia margotu du Ernaik, Cabacas auziaren epaia salatzeko.


2018-12-13 | Iñigo Igartua
Iñigo Cabacasen heriotzaren epai “bidegabea” salatzeko protestek ez dute etenik

Cabacas auziko epaia salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon asteazkenean eta igandeko manifestazio handirako deia egin dute. Gasteizen mobilizazioekin jarraituko dute ostegunean.


Cabacasen auziaren epaiari helegitea jarriko dio defentsak

Ostegunean eman zuen epaia Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaiak. Iñigo Cabacasen guraso, senide, lagun eta kasuko abokatuek jakinarazi dute Auzitegi Gorenean helegitea jarriko dutela.


2018-11-29 | ARGIA
Bi urteko kartzela-zigorra ertzain batentzat eta beste bost absolbitu, Iñigo Cabacasen hilketaren kasuan

Iñigo Cabasen heriotzagatik kondenatutako ertzainak ez du kartzelara sartu behar izango, baina lau urteko inhabilitazioa ezarri dio Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaimahaiak.


Iñigo Cabacasen senide eta lagunek epaiketan azpijokoa egon dela salatu dute

Iñigo Cabacasen senide eta lagunek epaiketaren balorazioa egin dute ostiralean Bilboko Kafe Antzokian deitutako prentsaurrekoan. Beraien ahotik kontatu nahi izan diote jendarteari gertatutakoa, baita nola sentitzen diren ere.


2018-11-07 | ARGIA
Cabacasen gurasoak fiskalak ertzainen absoluzioa eskatu ostean: “Umiliatu egin gaituzte”

Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren azken aurreko egunean, behin betiko ondorioak eta eskaerak aurkeztu dituzte alde guztiek. Hasierako eskaerari eutsi dio fiskalak: ez du deliturik ikusten eta absoluzioa eskatu du akusatuentzat. Minduta, haserre, malko artean... [+]


Cabacas auzia: Epaiketa azken txanpan sartuta, eta bertsio kontrajarriak bere horretan

Urriaren 15ean ekin zitzaion Iñigo Cabacasen heriotzaren gaineko epaiketari, eta azaroaren 9an amaituko da. Orain arteko saioetan kontrajarri egin dira ertzainen gehiengoen eta kaleko testiguen bertsioak. Asteartetik aurrera adituek deklaratuko dute.


Eguneraketa berriak daude