Bilboko Udala izan da urteetan segurtasun ezaren eta polizia kopurua handitu beharraren diskurtsoa gehien haizatu duen erakunde publikoetako bat. Luis Jauregialtzo - Foku

2024ko martxoaren 11n - 06:00
Azken eguneraketa: 08:55

Zikindu da aurre-kanpaina. Ertzaintzaren jardun polemikoak hartu du fokua eta, pasa den asteko kronikan iradoki moduan, herritarren eguneroko beste hainbat arazo, norbanakoaren poltsikoari edota osasunari zuzenki loturikoak, alboratu dira beste behin ere. Egia esan, ez da sekuentzia makala izan protesta-istilu-zauritu-atxilotuena. Tolosako Inauterietan Ertzaintzak bi nerabe pilotakadez kolpatu zituenetik, jaurtigaiek eragin dute zauriturik martxoaren 3an Gasteizen, egon da Ertzaintzaren furgonetak zapalduta hanka hautsi duenik ere, eta Donostian, futbolaren testuinguruan, beste bi pertsona larri zauritu dituzte jardunbide berdinek. Eta, Ertzaintzaren konpetentziatik irteten bada ere, ordu gutxiren tartean sei gazte atxilotu dituzte Lapurdin eta 60tik gora Nafarroan. Aspaldi horrelakorik ikusi gabe geunden hain segidan.

Gertakari horien eragin politikoak bi norabide har zitzakeen: eredu poliziaren eztabaida zabaltzea, edo anekdotara jo eta manifestari eta Poliziaren arteko “gatazka” planteatzea. Bigarren hori egin da. Edo bigarren hori egin dute boterean daudenek. Barkamen eske batera gerturatuko litzatekeen jesturik ez dute egin. Areago, iradoki dute pilotakada jasan duenarena dela ardura. Gehien luzitu dena PSE-EEko buru Eneko Andueza izan da: “Niri ez naute inoiz pilota batekin jo, mugimendu horietan ez naizelako egon”. Esatea falta izan zaio suarekin jolasten duenari pasatzen zaizkiola horrelako gauzak, baina ez dago alde handiegirik esandakotik esan ez duenera.

Aktibatu egin da segurtasunaren eta beldurraren makineria. Anduezari “izugarrizko kezka” eragiten diote futbol ekitaldien inguruko istiluek; eta Pradalesek dio “gizartean sobran” daudela kale istiluetan dabiltzan horiek. Aurre-kanpaina hau joan den urteko maiatzeko udal hauteskundeen antza hartzen ari da zentzu horretan, eta agian, afera guzti honetako infiltratua Bilboko alkatea da. Gogoan izango du irakurleak zer nolako turra eman zuen –Tourra gero etorri zen– Juan Mari Aburtok segurtasunaren ulerkera berari bueltaka. Erasoak, labanen erabilera, lapurretak, okupazioak, borrokak... Poliziaren eta kameren presentzia biderkatzeko justifikazioa izan zen, nahiz eta, Mikel Eizagirrek erreportaje honetan azaldu zuen gisan, alderaketak eginda, Hego Euskal Herriko delitu-tasak oso baxuak diren planteatzen ari zen markorako. Jorge Dioni Lópezek La España de las piscinas liburuan dioen moduan, “segurtasuna adiktiboa da; inoiz ez dago kamera –ordezkatu poliziarekin– nahikorik”. Horregatik, ertzainek ez ezik, udaltzain guztiek ere armaturik joan behar dute legeak hala aginduta.

EAJ bere kartak jokatzen eta jokoa banatzen ari da Sabin Etxean. Diskurtso aski ezberdina darabilte Jaurlaritzak eta alderdi jeltzaleak. Ezer galtzeko ez duen Erkorekak badaki zein den bere rola: Villabonako gazteari “borrokan” parte hartzen ari zenaren ardura egotzita Ertzaintzaren bizkarrak babestea, baina era berean barne-ikerketa zabaldu eta Ertzaintzako sektore eskuindarrena haserrearazita diskurtso zentralista markatzea. Alegia, dinbili-danbala dabilela sailburua. Eta bide batez, EH Bilduren “dendaostea” seinalatu du, hor omen dago kale istiluen jatorria. Aldiz, aurkari politikoen siglak ez ditu erabili lehendakarigai jeltzaleak, baina Pradalesek ere “istiluen sortzaileak” jarri ditu jo puntuan, eta kanpainaren markoa ezartzen ahalegindu da boto-emaileei zuzenduta: “Nik behintzat istilu horiek guztiak gaitzesten ditut”. Lerroartean EH Bildu edota “istiluak gaitzesten ez dituztenak” seinalatzeko modua da. Hau da, boto-emaile agurgarri horri zera esatea: zein aldetan zaude?

Hauteskundeak baino egun gutxi lehenago esango digu EiTBk zenbat boto-emaile “zalantzati” dauden. Pradalesen deia horretara bideratuta doa, zuria edo beltza erabakitzera bultzatzera. Baina aurre kanpainari beste hilabete oso bat geratzen zaio, eta itxura du goizegi jarri dutela mahai gainean Ertzaintzaren gaia. Edo agian ez. Hau da, bi aukera: edo 1) udaberriko oporren osterako erdi-ahaztuko zaigu eta pasatuko dugu orria, edo 2) horrela ez izateko, istiluek segida izan beharko dute. Ez dirudi azken hori inori komeniko zaionik, baina nork daki, azken asteotakoen gisako polemikek beste arazo batzuk estaltzeko balio baitute.

Osakidetzaz ez da apenas hitz egin azken bi asteetan, eta nekazaritzaz eta lehen sektoreaz ere ezer gutxi. Katalunian laster indartuko dute hauteskunde makineria, eta horra begira uda ostean-edo jarriko gara gehiago, baina Euskal Erdiko erakundeei komeniko litzaieke hara kuku bat sikiera noizbehinka egitea. Nekazarientzat oinarrizko errenta sortzea proposatu berri dute han, eta eztabaida interesgarria zabaltzen du horrek: ea posible litzatekeen elikaduraren auzia merkatuaren logikatik atera eta dimentsio publikora eramatea. Praktikan ikusiko da... Baina gutxienez zentzuz eztabaida dadila.

[Astelehenero, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak pasa arte, aste politikoaren kronikak argitaratuko ditu ARGIAk]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude